Navegación – Mapa del sitio

InicioNuméros17In memoriamJean Haritschelhar gogoan

In memoriam

Jean Haritschelhar gogoan

Bernard Oyharçabal
p. 255-259

Texto completo

1Jean Haritschelhar 2013ko irailaren lehenean itzali zitzaigun. Berehala Euskal Herri guzian entzun ziren haren omenezko solasak, eta mundu bat ere bildu zen ehorzketen egunean Baigorrin. Dolu eguna izan zen euskararen adiskide guzientzat, unibertsitateko euskal estudioetako irakasle eta ikertzaileentzat ere bai.

2J. Haritschelharren joatearekin, zerbitzari leial eta jarraikia galdu dute euskal ikasketek, bereziki mugaz alde honetakoek, eta ororen gainetik, Lapurdum aldizkaria argitaratzen duten bi egiturek, erran nahi baitu IKERek eta Euskal Estudioetako Unibertsitate-arteko Departamenduak. Ezen, zorretan ziren hauek J. Haritschelharren aldera, zordun gelditzen zaizkio oraino, hura izan baitzen duela hogeita hamar bat urte pasa, unibertsitate mailako euskal estudioak Baionan sorrarazi zituena, eta lehen bultzada eman ziena.

3Baigorrin, 1923ko maiatzaren 13an, sorturik, hango herriko eskolan egin zituen lehen mailako ikasketak, segur-segura, handik hurbil Urdozen errientsa izana zen amatxik bide horri zuzen jarraiki zekion begia atxikirik. Gero, hamabi urterekin edo, bigarren mailako eskolabideari jarraikitzeko, Landesetara joan behar izan zuen, hurbilenik zuen Baionako ikastetxean ez baitzitekeen barnetegian egon. Akizen, alabaina, aitaren aldetikako askazi urrunak bazituen eskola denboretan aterbe ematen ahal ziotenak, eta han ibili zen ondoko urteetan, opor denboretan Euskal Herrira itzuliz. Geroxeago, batxilergoa eskuraturik Tolosan ere egon zen, eta ondotik Saint Cloud-ko irakasle goi-eskolan sartu, gisa horretan erdietsi baitzuen, 1952an, espainolezko agregazioa.

4Garai haietan, euskal estudioak arras egoera txarrean ziren. Hegoaldean, gerlak, suntsiturik, osoki deseginik, utzi zituen ; Iparraldean berriz, erakunde publikoetarik kanpo bizi ziren, ahal bezala, ezin akituzkoak iduri zuten Barandiaran edo Lafitte bezalako elizgizon guti batzuen lan tematsuari esker.Nahiz,urrunagoko behereetan, leihoxka bat irekiarazi zuen René Lafonek 1948an Bordeleko unibertsitatean, euskararen katedra bat sortuz, ez du iduri J. Haritschelhar gazteak, orduan, eta gerla ondoko hamarraldian euskal ikasketetan zituen iker-asmoak. Gustavo Bequerrez egin zuen espainolezko lizentziatura eskuratzeko egin behar zen ikerlana, eta, berak gero kontatuko zuen bezala, osoki analfabetoa zen orduan euskaran.

  • 1  « Deux chansons perdues d’Etchahun-Barkoche », Gure Herria, 1960, 2-8. « Etchahunen mandoa : ichto (...)

51953an hartu zuen Agenen bere lehen irakasle postua, eta handik zenbait urteren buruan aldarazi zituen gauzak. Alabaina, 1950 urteetako hondar urteetan R. Lafonekin harremanetan jarri ondoan, erabaki zuen euskal ikasketeten bidetik abiatzea, sail horretako doktoregoa prestatuz. Laster CNRSen hiru urteko detaxamendua erdietsi zuen (1959-1961) eta ondotik Bordeleko Unibertsitatean espainolezko irakasle postu bat ere izan zuen (1962). 1960koak dira euskal estudioetan egin zituen lehen artikuluak,1 baina erran daiteke 1962an izan zela harentzat garrantzi bereziko urtea. Urte hartan, alabaina, unibertsitateko ateaz landa, beste biga ireki zitzaizkion. Alde batetik, Baionako Euskal Erakustokiko zuzendari izendatua izan zen, eta bestetik, euskaltzain ere hautetsi zuten. Ondoko hamarkadetan bi erakunde horietan izan zituen anitz moldez bultzatu eta sustatu zituen euskal estudioak, bereziki Euskaltzaindian. Nahiz 1962an, Lafittek bere gramatikaren argitalpen zuzenduan salatzen zuen bezala, hila edo hil hurrana iduri zuen euskararen akademiak garai hartan, badakigu zer garrantzia izan zuen ondoko urteetan euskararen bilakabidean, eta Haritschelharren beraren ibilbidean ere.

  • 2  Le poète souletin Pierre Topet-Etchahun (1786-1862). Contribution à l’étude de la poésie populaire (...)
  • 3 L’oeuvre poétique de Pierre Topet-Etchahun, Euskera, 14-15 libk., Euskaltzaindia, Bilbo, 1969-1970, (...)

6Dudarik batere gabe J. Haritschelharrek egin ikerlanik ezagunena eta eragin handiena izan zuena, haren doktore tesia izan zen. Garai hartan, holako lanak unibertsitateko irakasleek adin betean edo gordinean bururatzen zituzten, hamar edo dozena bat urte prestatzen iragan ondoan, batzuetan gehiago ere. Haritschelharrek ere hala egin zuen, eta 1969an aurkeztu zituen bere bi tesi lanak : alde batetik, idazlan nagusia, hartan Etxhahunen bizia eta koplak aztertu baitzituen,2 eta, beste aldetik, idazlan osagarria, honetan Etxhahunen koplen edizio kritikoa eta itzulpena eskaintzen baitzituen.3 Lan sakona, ereduzkoa ere alderdi anitzetarik, gaur egun ere ezin baztertukoa dena XIX. mendeko koplagintza herrikoia ikertu nahi duenarentzat.

  • 4 Aktak Euskal Herria (1789-1850) : actes du colloque international d'études basques, Bordeaux, 3-5 m (...)

71969an Bordeleko unibertsitateko euskal katedra hartu ondoan, hasi zen euskal estudioei unibertsitatean ikusgarritasun zerbait ematen, ordu arte unibertsitateko plazara agertzeko zailtasunak izan baitzituzten gai hauek. Gisa horretan antolatu zuen 1973an Bordelen nazioarteko biltzar bat,4 eta Baionan berean ere, Erakustokiko zuzendari karguaz baliatuz, euskal munduan oihartzun handiak izan zituzten euskal asteak sortu zituen. Hauetarik jalgiko zen gero, orain Udako Euskal Unibertsitatea deitzen dena.

8J. Haritschelharrek argi zuen euskara eskoletako ateetan joka ari zen garai berri haietan, irakasleak euskara gaietan formatu behar zirela, eta horretarako euskal ikasketak Baionan egituratu behar zirela. 1970 hamarkada bururapenean ikusi zuen horretako parada. 1979an hasi zen, beraz, Baionan, lehenbiziko unibertsitate irakaskintza antolatzen, nazio mailako ezagupenik gabe, baina Bordele 3ko unibertsitateak eman gerizaren pean halere, antolamendua osoki bere gain harturik, eta horretarako euskalgintzako borondate oneko unibertsitariak elkarte batean bildurik. Handik hamar bat urteren buruan, J. Haritschelharrek irakaskintza 1986an utzia izanik, Frantziak eskualdeetako hizkuntzak unibertsitatean irakastea onartu zuenean eta, ondorioz, euskal estudioetako lehen eta bigarren unibertsitate-zikloak ireki zirenean, diploma eta antolamendu berriak izanagatik, jarraikian bezala egin ahal ziren gauzak.

9Gauza bera erran daiteke Baionan 1983an, CNRSenganik onespena erdietsirik, sortu zuen euskal gaietako ikerketa taldeaz. Ondoko urteetan, emeki-emeki azkartu zen ikergunea, ikertzaileak bilduz, biltzarrak antolatuz, eta Lapurdum aldizkari hau ere sortuz. Azkenean, Haritschelharren ondotik buru izan zen J-B. Orpustan unibertsitatetik erretiratu zenean, eta orduan A. Arcocha-Scarcia izanik Bordele 3ko euskal ikasketetako arduraduna, eta X. Videgain UPPAkoa, IKER taldea sortuko zen UMR gisa. Badakite kide guziek nola atxikia zen J. Haritschelhar ikerketa egitura honi. R. Etxepare IKEReko zuzendaria lekuko da, azken urtea arte laboratorioko biltzar nagusi guzietan parte hartu izan duela, plazerez eta jakin-minez ikertzaile gazteek egiten zituzten lanen berri hartzen zuela orduan. Lapurdumen azken aleetan ere irakur daitezke haren azken ikerlanak, B. Etxepareren olerkiak aztertzen zituztenak.

10Unibertsitatean, eta Euskaltzaindian eta Baionako erakustokian egin lanengatik, Euskal Herriko Unibertsitateak Honoris Causa doktore egin zuen 1988an, eta Madrileko UNED delakoak ere bai 2010ean. Ordea, zordun gelditzen direnak ez dira erakundeak eta egiturak bakarrik, baina halaber haren zuzendaritzapean lan egin dutenak ere, eta bereziki euskal ikasketak orain bezala antolatuak ez ziren garaietan doktore tesia harekin egin zutenak, edo, bestela ere euskararen edo euskal kulturaren alde ari izanez haren aholkuak eta laguntza behartu izan zitzaizkienak. Orok bazekiten begitarte eginen ziela beti, eta aholku zuhur eta gogoan hartzekoak emanen ere.

  • 5  Hommage au professeur Jean Haritschelhar, Lapurdum IV, 1999ko urrian.

11Lapurdum aldizkariak omenezko liburukia eskaini baitzion 1999an,5 hogeita bost urte geroago haren hilberria ematen dugularik, dakartzagun hona, haren ondoan lan egin dugunen guzien izenean, orduan J-B. Orpustanek ondu zituen esker onezko bi laurkunak :

Norbaitek noizpait norbaiti
Eskaintzea bere lanen,
Jauna, zuzen baldin bazen,
Guk egitea zen zuri.

Nork ikertu, nork ikasi,
Hemen izenpetzen duten
Ainitzek zor zautzuten
Zurekin baitziren hasi.

Inicio de página

Notas

1  « Deux chansons perdues d’Etchahun-Barkoche », Gure Herria, 1960, 2-8. « Etchahunen mandoa : ichtorio zahar bat jauntzi berrietan », Gure Herria, 1960, 221-224. « Etchahun et Chamisso », Boletín de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País, XVI, 1960, 71-83. Ikus, halaber, Gure Herria, 1962, 99-113.

2  Le poète souletin Pierre Topet-Etchahun (1786-1862). Contribution à l’étude de la poésie populaire basque du XIXe siècle, Société des Amis du Musée Basque, 1969, 583 (+XVI) orr.

3 L’oeuvre poétique de Pierre Topet-Etchahun, Euskera, 14-15 libk., Euskaltzaindia, Bilbo, 1969-1970, 710 orr.

4 Aktak Euskal Herria (1789-1850) : actes du colloque international d'études basques, Bordeaux, 3-5 mai 1973, Société des Amis du Musée Basque, Baiona, 1978

5  Hommage au professeur Jean Haritschelhar, Lapurdum IV, 1999ko urrian.

Inicio de página

Para citar este artículo

Referencia en papel

Bernard Oyharçabal, «Jean Haritschelhar gogoan»Lapurdum, 17 | 2013, 255-259.

Referencia electrónica

Bernard Oyharçabal, «Jean Haritschelhar gogoan»Lapurdum [En línea], 17 | 2013, Publicado el 15 noviembre 2015, consultado el 16 abril 2024. URL: http://journals.openedition.org/lapurdum/2467; DOI: https://doi.org/10.4000/lapurdum.2467

Inicio de página

Autor

Bernard Oyharçabal

CNRS IKER (UMR5478)
b.oyharcabal@orange.fr

Artículos del mismo autor

Inicio de página

Derechos de autor

CC-BY-NC-ND-4.0

Únicamente el texto se puede utilizar bajo licencia CC BY-NC-ND 4.0. Salvo indicación contraria, los demás elementos (ilustraciones, archivos adicionales importados) son "Todos los derechos reservados".

Inicio de página
Buscar en OpenEdition Search

Se le redirigirá a OpenEdition Search