1Jakina denez, iparraldeko euskarak /ph th kh/ herskari ahoskabe hasperendunak ditu (edo, hobe esan, ipar-ekialdekoak, kostatarrak galdu baititu). Hizkuntzalari batzuek zalantzan jarri dute soinu hauen estatus fonemikoa, beraien banaketa oso aldakorra delako (adib. khorpitz ~ korphitz). Hala ere, Lafonek (1958) frogatu zuen zubereran behintzat ahoskabe hasperendunak eta hasperengabeak fonema desberdinak direla. Nahiz eta hizkeren artean desadostasunak aurkitu, hizkera jakin batean, hitz jakin bat beti modu berean ahoskatzen da : hasperendunarekin ala hasperengabearekin.
« Dans un mot donne, une occlusive sourde est toujours prononcee de la meme façon : non-aspiree dans tel mot, aspiree dans tel autre.... Le p de iphar 'nord', le t de urthe 'annee', le k de ekhárri 'apporte' sont toujours aspires, tandis que le p de ttípi 'petit', le t de árte 'intervalle' et le k de jákin 'su' ne le sont jamais. Le k de lékhü 'lieu, endroit' (de latin locum) est aspire ; celui de jókü 'jeu' (de lat. iocum) ne l'est pas. » (Lafon 1958 : 90).
2Badira, izan ere, pare minimo batzuk, nahiz eta ez asko : merkatu 'merkeagotu' vs. merkhatu 'azoka'.
3Munduko beste hizkuntza batzuek badute ahostun / ahoskabe hasperengabe / ahoskabe hasperendun (edo b/p/ph, laburtuz) bereizkuntza hirukoitza, baina Europan euskara da kasu ezagun bakarra (aitzineko grezieraz ere ematen zen). Arrazoi honegatik fenomeno interesgarria da eta aztertzea merezi du. Guk dakigunez, orain arte, inork ez du aztertu bereizketa hau nola gauzatzen den zubereraz. Lan honen helburua b/p/ph bereizkuntza hirukoitza fonetikoki nola gauzatzen den aztertzea da.
4Artikulu garrantzitsu batean, Lisker & Abramson-ek (1964) erakutsi zuten ahoskabe/ahostun edo-ta hasperengabe/hasperendun bereizkuntzan ezaugarri fonetiko nagusia ahotsaren hasieragunea edo, ingelesez, voice onset time (VOT) bezala ezagutzen dena dela. Ordutik hona, beste ikerketa lan askotan VOTaren garrantzia frogatu da (Flege 1982, Keating 1984, beste askoren artean).
5Herskari bat ahoskatzeakoan, bi fase ditugu : hersketa eta leherketa (horregatik herskari eta leherkari izenak). Herskariaren ondoren bokal bat badaukagu, ahots-korden dardar periodikoa hiru momentu desberdinetan has daiteke :
61) Ahots-korden dardara kontsonantearen leherketa baino lehen hasten bada, herskari ahostun bat izango dugu, [ba da ga].
72) Ahots-korden dardara leherketarekin batera edo apur bat beranduago hasten bada, herskari ahoskabe hasperengabea izango dugu, [pa ta ka].
83) Azkenik, ahots-korden dardara leherketa baino beranduxeago has daiteke. Hirugarren kasu honetan leherketaren eta uhin periodikoaren hasieraren artean hasperenketa izango dugu ondorioz eta gauzatzen den herskaria ahoskabea eta hasperenduna izango da, [pha tha kha].
9VOT delakoaren arabera, ahotsaren dardara leherketa baino lehen hasten bada (1 kasua), VOT negatiboa izango dugu. Beste bi kasuetan, hurrenez hurren, VOT positibo laburra (2), eta VOT positibo luzea (3), izango ditugu.
10Hizkuntza batzuetan, hala nola thailandieraz, hiru kategoria fonetiko hauek fonema desberdinak ematen dituzte. Thailandieraz [d] herskari ahostuna (VOT negatiboa duena), [t] herskari ahoskabe hasperengabea (VOT positibo laburra) eta [th] herskari ahoskabe hasperenduna (VOT positibo luzea) hiru fonema desberdin dira.
11Beste hizkuntza askotan, aldiz, hauetariko bi kategoria bakarrik bereizten dira. Hizkuntza erromanikoetan eta gaurregungo euskalki gehienetan ahostunak eta ahoskabe hasperengabeak ditugu (1 eta 2 klaseak). Lehen irudian gaztelaniazko cota/gota pare minimoa erakusten da. Ikus dezakegunez, gota-ren lehen kontsonateak VOT negatiboa duen bitartean, cota-ren lehen kontsonanteak VOT positibo laburra erakusten du. Hizkuntza honetan ez dugu VOT positibo luzeko herskaririk (ikus Wiliams 1976, adibidez).
1. Irudia.
12Ingelesez edo alemanez ere bi kategoria bakarrik bereizten dira baina gauzak zeharo desberdinak dira fonetikaren aldetik. Nahiz eta hizkuntza hauetan fonologikoki antzeko bereizketa bitarra izan, gauzatze fonetikoa nahikoa bestelakoa da. Bigarren irudian ingelezko coat/goat parea erakusten da (hiztuna amerikarra da). Lehen eta bigarren irudiak erkatzen ditugunean, gaztelaniaren hasierako /k-/ eta ingelesaren /g-/ soinua antzekoak direla ikusten dugu : biek VOT positibo laburra dute (goat eta cota konpara itzazue). Hau da, ingelesezko adibide honetan, /g-/ hasierako herskaria ahoskabea da fonetikoki. Adibide hau ez da bitxia. Guztiz alderantziz, ingelesez /b d g/ soinuak gehienetan ahoskabeak dira hasiera absolutuan, hau da, [p t k]. Dena den, hiztun batzuek ahostunak bezala ahoskatzen dituzte. Lehen eta bigarren kategoria fonetikoak neutralduta daude ingelesez. Hitz hasieran VOT negatiboko eta VOT positibo laburreko herskariak alofonoak dira hizkuntza honetan (Lisker & Abramson 1964, Flege 1982). Bestaldetik, /p t k/ kontsonante ahoskabeek VOT positibo luzea dute, hasperendunak dira, [ph th kh], bigarren irudiko coat adibidean ikusten den bezala. Beraz, gaztelaniaz 1. eta 2. tipoak kontraste fonemikoan dauden bitartean, ingelesez 1. eta 2. tipoak fonema ahostunen alofonoak dira hasiera absolutuan eta 3. tipoko kontsonanteekin kontrastatzen dira.
2. Irudia :
13Esan duguna hasierako gunean dauden herskariei dagokie. Beste ingurune batzuetan kontraste fonologikoa beste ezaugarri fonetiko batzuen bidez gauzatzen da.
14Hemen aurkezten ditugun datuak jaso ahal izateko lau lekukoren laguntza izan dugu. Lekuko guztiak gizonezkoak izan dira eta 60 urte ingurukoak. Euren jatorriei dagokienez, Gamere, Ürrüxtoi, Eskiula eta Barkoxekoak izan dira ; ondoko mapa honetan herrion kokaera ikus daiteke :
15Galdekizuna prestatzeko Larrasquet-en (1939) hiztegia erabili genuen, bertan hasierako gunean herskari hasperendunarekin agertzen diren hitz guztien zerrenda bat osatuz. Azentudun azentugabe aldagaia ekiditeko, neurtuko genuen soinua silaba azentudunekoa izatea erabaki genuen. Horretarako hasierako zerrenda hartatik silaba bi baino gehiagoko hitzak baztertu genituen, hala nola azentua bigarren silaban daukatenak ere. Bestalde, beronek inplikatzen du hitza mugagabe erara emateko ere eskatu dugula. Horrela bada “berde”, “borda”, “bago”, “beltz” eta “gor” moduko hitzak baino ez ditugu erabili. Erabilitako zerrenda osoa lehen eranskinean ikus daiteke.
16Datuak jasotzeko metodologiari dagokionez, behin galdekizuna edukiz gero lekukoei frantzesez eskatzen genizkien hitzak eurek euskaraz emateko ; grabazioak lekukoen ingurugiroan egin ziren. Datu guztiak DAT eta MiniDisc sistema digitalen bidez jasoak izan dira, beti ere kanpo mikrofono bat erabiliz. Behin datuak jasota, PC ordenagailu baten sartu eta Inmaculada Hernaezek garatutako “Ahotsa” aztergailuaren bidez neurtu genituen.
17Neurriak egiterakoan VOTa neurtu dugu. Nola leherketa barra sarritan argi ez den agertzen, ahostunen kasuan bereziki, halatan deliberatu genuen dardar periodikoa hasten denetik bokalaren formakinak egonkor bihurtzen direnerainoko zatia neurtzea. Ahoskabeen kasuan modu berean egin genituen neurketa guztiak.
18Soinu bakoitzerako adibide baten ahots-uhina eta espektrograma ematen ditugu bigarren eranskinean, lan honetako bukaeran.
19Esperimentuaren emaitzak aurkezteko lehendabizi eurok herriz herri nola gauzatu diren ikusiko dugu, herri bakoitzerako hiztun bakarra dugularik. Emaitza guztiak milisegundotan adierazirik emango ditugu.
Gamere (denetara 64)
Gamere
Eskiula (denetara 86)
Eskiula
Barkoxe (denetara 79)
Barkoxe
Ürrüxtoi (denetara 73)
Ürrüxtoi
20Emaitzak orotara ikusirik honako taula hau osa dezakegu :
21Sailka hartzen baditugu, ahostunen kasuan honako grafika hau osa dezakegu :
Ahostunak
22Ondoko grafikan, berriz, ahoskabe hasperendunak eta hasperengabeak batera ikus daitezke :
Ahoskabeak
23Ahostunen emaitzak bazter utzita, aurreko ataleko taulen azterketatik atera dezakegun ondoriorik nabarmenena hasperendunen VOTa kasu guztietan hasperengabeena baino aisa luzeagoa izatea da. Proportzioak honako hauek dira : ph %33, th %35 eta kh %33.
24Lisker & Abramson-ek bereizkuntza hirukoitza duten bi hizkuntza aztertu zituzten, ekialdeko armeniera eta thailandiera. Hizkuntza hauen emaitzak eta guk lortu ditugunak oso antzekoak dira. Ondoko taulan batezbestekoak erkatzen ditugu hiru hizkuntzetan (thailandierak ez dauka /g/ fonemarik). Konparaketarako Lisker & Abramsonek Puerto Rico-ko gaztelaniaz aurkitu zituzten VOT datuak ere ematen ditugu :
25Diferentziarik nabarmenena /p/ eta /t/ fonemetan aurkitzen da. Hauek zubereraz beste hizkuntzetan baino VOT luzeagoa dute. Bestela, lau hizkuntzen emaitzak nahikoa antzekoak dira.
26Ahoskabeen kasuan, bai hasperendunetan bai hasperengabeetan, zenbat eta atzerago ebaki orduan eta VOTa luzeagoa dela ere atera dezakegun beste ondorio bat da. Jarraian ematen ditugun grafiketan desberdintasun hori argi ikus daiteke :
Hasperengabeak
Hasperendunak
27Ondorioz, zubererak hiru herskari mota ditu. VOT-aren bidez argi eta garbi bereizten dira hirurak. Bereizkuntza oposaketa hirukoitza duten beste hizkuntza batzuetan bezain garbia da.
28Lana amaitu baino lehen hurrengo lanetarako proposamen batzuk egitea gelditzen zaigu. Batetik ineteresgarri ikusten dugu bokalen arteko herskariak aztertzea eta zubereraren gainerako barietateetan antzeko azterketa batzuk egitea, izan ere, hemen aukeratu ditugun herriak eskualde batekoak dira. Bestetik, gainerako euskalkien, lapurtera eta behe nafarrera, egoerak aztertzeari ere interesgarri deritzogu.