Jean-Martin Hiribarren, Iruñeko bestak 1845
Texte intégral
- 1 Pierre Lafitte, « Jean-Martin Hiribarren (1810-1866) », Euskal Herria (I 789-1850). Actes ducolloq (...)
1Agosti Chaho, Jean Duvoisin, Maurice Harriet, Joanes Oxalde, Emmanuel Inchauspe, Jean-Martin Hiribarren.... Hona 1810etik 15erako epean Euskal Herriko Iparraldean jaiotako euskaltzale ospetsuen zenbait izen. Lore-xorta ederra benetan ! Euskal hizkuntza eta literaturaren pizkun-dean zuzi distiratsu eta itzalezinak, Pierre Lafittek1 ongiaski azpimarratzen digun arabera.
2Azkainen sortua genuen Hiribarren, etorki nobleko familia batean, Etcheberria baitan, hain zuzen. Bere amona Juana Dutari, Dominike de Hiribarrenen emaztea, Baztango Dutari Azpilikuetarren leinu famatutik zetorren. Honetakoak izan ziren, ere, besteak beste, San Frantzisko Xabier eta Martin Azpilikueta ‘doctor navarrus’ ospetsuak.
3Hona bere aitaren heriotze biharamunean besteren artean idatzi zuen bertso xorta gorabehera zenbait aipatuz :
- 2 Patri Urkizu, « Euskal idazleen bertsoak bigarren Errepublikaren gainean (1848-1851) », « La révol (...)
Guziek bazakiten zenbat zen zuzena,
Hauzi guzietan zen lekhuko emana,
Frantziako aferak nahasi zirenian
Ihesari eman zen denbora zuenian.
Aita amak ziozten gathibo egorri,
Frantziarat norapeit bihotz zilhagarri,
Berak jo zuen urrun Madrilgo alderat,
Gorthian gora zituan ahaiden arterat,
Haren aitatxia aiphatu Duthary,
Espainiako gorthian lehen aitzindari2.
4Hamalau urte zituela joan zen apaiz ikasketak Baionako seminarioan burutzera eta bertan apeztu zen 1833. ekainaren batean, hogeita hiru urte zituelarik. Denboraldi bat Urruñan eman ondoren Goyetche erretoraren laguntzaile, Bardozera iragan zen apez-laguntzaile gisara, eta apez nagusi bilakatu Borda 1839an hil zenean, bertako arimen gidaritza 1865. urterarte hartuz. Nekaturik, Baionako ohorezko kalonje izendatu zuten, baina berehala kota gaitzak jota hurrengo urtean hil zen.
- 3 Ariel aldizkaria. Baiona, n° 53, 54, 55, 56, 57, 59, 60, 61 ; 1845-X-5, 12, 19, 26-, XI-2, 16, 23, (...)
- 4 Montebideoko berriac. Bayonne, Foré et Lasserre, 1853. Patri Urkizu (ed., 1991), Lapurdi, Baxanaba (...)
- 5 Eskaldunac, Iberia, Cantabria, Eskal-herriac, Eskal-Herri bakhotcha eta hari darraicona. Foré eta (...)
5Langile amorratu eta apala, bere eleizkizunek eta gazteendako ardurak uzten zizkioten uneak oro idazten murgildurik igarotzen zituen, eta bizi zelarik argia ikusi zuten poemen artean hauexek dauzkagu : Iruñeco bestak3 (1845) ; Montebideoco berriac4 (1853) ; Eskaldunac5... (1853).
6Montebideoco berriac maiatzean plazaratu zen. Poemak 223 lauko ditu, hamahiru silaba duelarik bertsolerro bakoitzak eta binaka errimak bildurik. Euskal Herriko odoluste izugarri haren aurka jasotako ahotsa izan zen, eta irailean Abbadiak antolatu lore Jokoetan ere gaia beraxe izan zen.
- 6 Andima lbiñagabeitia, « Hiribarren'en « Eskaldunac » (1853-1953) », Gernika, n’22, Paris, 1953, 14 (...)
7Eskaldunac, abenduan argitaratua, oraindik askoz ere luzeagoa da, bost mila bertsolerro inguru baitu, Euskal Herrietako historia egiten du bertan hala nola bertan sorturiko hainbat eta hainbat pertsonaia garrantziz-koeren bizitza zertzeladak ematen. Hona zioena Andima Ibiñagabeitiak6 obra honetaz :
...olerkari baino neurtizlariago ageri zaigu Hiribarren. Alare ba ditu bere bertsu aldietan poeta garaienak ere onartuko lituken ahapaldiak. Arrigarria benetan apaiz onez euskera nola menderatu eta erabiltzen zuen ikustea, txoriari tzinta bezin errex ta aisa ateratzen zaizkio bertsuak luma-muturretik.
- 7 Escaraz. eguia. Baionan, E. Lassserre, 1858.
8Ez da bere balioetarik tipiena ere Orixeri bere Euskaldunak sortzea pentsarazi izana. Hitz-lauz ere argitaratu zuen beste lan bat Eskaraz Eguia7 7(1858) duena titulutzat, erlijio ezberdinei buruzko historia, eta noski, knstau katolikoaren apologia dena.
- 8 Xipri Arbelbide (ed., 1991), « 891 an Eskaldun Gerla », Memoriae L. Mitxelena magistri sacrum, ASJ (...)
- 9 Eskuzkribua. 1 856. 231 fols. Ms, 217, Euskaltzaindia, Azkue Biblioteka. R. M. Pagola etab. (ed.), (...)
- 10 Eskuzkribua, Piarres Andiazabalen fondoan.
- 11 Eskuzkribua, Baionako Euskal Erakustegiko Liburutegia. Ms. 129.
- 12 Eskuzkribua, Piarres Andiazabalen fondoan.
9Utzi zituen, ordea, lan mordoxka argitaragabe, hauetarik batzuk geroa-go argitaratu direnak eta beste batzuk oraindik argitaragabe dirautenak, hala nola : 891an eskaldun gerla8 ; Napoleon lehena9, Laborarien erran zaharrak10, Laborariak11 (argitaragabea, mila bostehun bertsolerro inguru-koa) ; Hiztegia12 (argitaragabea).
10Ez bakarrik euskaraz, frantsesez ere asko idatzi zuen, hala Ariel bere lagun Chahok zuzentzen zuen aldizkari errepublikanoan, nola Journal du peuple, Le Messager de Bayonne eta Le Courrier de Bayonne gazetetan. Uneak bultzaturik idatzi zituen ere bertso iraultzaileak, hala nola 1848ko otsailaren 25ean honela hasten direnak :
- 13 n. 2(129-132).
Jo du, jo noizbeit orenak
Justizia dakhartenak,
Orai bada Eskaldunak,
Porroska zuen burdinak.
Errege da populua,
Altxa dezake burua,
Hanbat mendez lehertua,
Ager bedi zutitua13.
11Egun honetan, igande goiza zen, Chaho, Stein eta Villa Baionako Comite Republicain Central delakoaren partaideek, jende xehea eta argin-beltz talde ugaria atzetik zutela Harisperi bisita egin zioten, eta eskatu jaialdi bat antola zezan herria eta troparekin anaitasunean ospatzeko II. Errepublikaren sorrera. Harispek ordenak espero zituela erantzun zien, baina, noski, populua ez zegoen zain egoteko. Harispe utzi, eta Udaletxerantz abia-tu zen. Hemen zeudenek eskaerak onartuz Garde Nationale-erako eta Udala berritzeko hauteskundeak prestatu zituzten. Askatasunaren zuhaitza plaza erdian jaso zuten eta okasio honekin Hiribarrenek bandera errepublikanoa bedeinkatu zuen, ondoren frantsesez solas eder batez mintzatu zelarik aska-tasuna (Libertatea zein eder den !-errepikatuz euskaraz-), berdintasuna eta anaitasuna goraipatuz. Lafittek zati bat ematen digularik honako hitzak eransten dizkio, je me demande si le discours de Hiribarren n'est pas un chef-d'oeuvre de ce genre bâtard, alegia, jenero bastart honetan maisu lantzat jo daitekeela. Baina, gauza jakina den bezala, zirkunstantziazko literatura hori ugaria da herrialde guztietako literaturetan.
IRUÑEKO BESTAK 1845
12Hiribarren berak dioenez, lapurteraz idatzitako poema txiki bat da « Petit poème sur les fêtes de Pampelune 1845. En dialecte labourdin le plus pur ». Baditu, ordea, poematxo honek ehun eta hogeitamar zortziko, beraz, 1362 bertsolerro, aitzakitzat harturik Chahok, Nemours-eko duke eta dukesa, Aumale-ko dukeak eta beste konpainia eder batek (tartean bera) 1845 urteko irailean Iruñeara egin zuten bidaia eta hemen dastatu zituzten bestak.
- 14 Le Pharedes Pyrénées, zb. 729,1845.VIII.13 ; zb. 732,1845. VIII.20.
- 15 Idem. zb. 740. 1845.IX.7 ; Le Courrier de la Gironde, 1845.IX.8
- 16 Id., zb. 744. 1845. IX. 17.
13Dukeen Euskal Herrirako bisitak utzi zizkigum hainbat bertso eta kanta nola Bizente Etxegaraik14 eskaini ziena Donostiatik igarotzean, edota Tolosatik15, edota Hazparneko Larralde Bordaxurik16 kantatuak. Baina ez ziren iristen Hiribarrenen tamainara, noski, zeinen obraren zati bat Chahok argitaratu zuen, pentsatzen baitzuen edizio elebiduna, euskara-frantsesa, egitea, asmo huts gelditu zena, ordea, Lafittek dioskun legez.
14Azkaindarrak atharraztarraren aipamenarekin hasten digu poema Ariel-en, kortesiazko deikia, noski, baina poema berridatzi zuenean, urteak igaro eta, zati hau aldatu egin zuen, beste zenbait orraztu eta zuzenduz. Beraz azken idaz-kera moldatu dugu gure ediziorako. Bidaiariak, muga pasa ondoren Urdazubi, Arizkun, Elizondo, Moringo Zubia, Belate, Ultzama eta azkenean Iruñeara iritsiko dira erregina Isabel Ilarekin eta honen gortearekin elkartzeko.
15Hau bere ama Kristina eta ahizpa Luisa Femandarekin Donostiatik zetorren, hemen mainu batzuk hartu eta hiriak harrera benetan ederra eskaini ondoren. Boulevard-eko Txakur-Txulo zeritzaion ostatuan egonak ziren eta musika jaialdi bat oparitu zion hiriak Luisa Fernandari, Bizente Etxegaraik, okasio guztietarako prest zegoen donostiar poetak asmatu zortzikoak kantatu zizkiotelarik. Hauetariko bigarrenak honela zioen :
- 18 Memorias de Joaquin Ignacio Mencos, Conde de Guendulain, 1799-1882. Instituciόn Príncipe de Viana, (...)
16Hemendik Iruñeara joan ziren eta Joakin Ignazio Menkos, Guendulaingo kontearen etxean hartu zuten ostatu. Eta bertan biltzen ziren Frantziako printzeekin, egun batean hirurogeita hamar gonbitatuei platera ugari eta onaskoak eta dantza eder bat eskaini zitzaielarik18.
17Poemak ez dion arren, printze frantsesek Ezpeletako Kontearen jaure-gian hartu zuten ostatu, bertan banketeen ondoren serenatak, gau-dantza eta gau-argiak dastatu zituztelarik. Erregina Isabelek Frantziako printzeak erre-galatu nahi zituen, eta honetarako momentuan zen toreatzailerik famatuenari eskatu zion torea zezan Iruñean. Gonbitea Ministro de Instruccion y de Hacienda zenak berak egin zion, eta Madridetik pasatzerakoan Montes bere koadrilarekin jai eder bat ere eskaini zitzaion.
18Frantziako eta Espainiako korteak Iruñean, iraun zuten bitartean, hau jendez beterik zegoen, ezen topaketa ilustrearen aitzakiaz iragarritako ikus-kizunek Pirineoetako mainutegietarik ur-hartzaile anitz erakarri baitzuten.
19Poemak bederatzi atal ditu : Bidaia (1-12) ; Argiak (13-21) ; Zezenetako tokia (22-62) ; Zezenak (63-125) ; Zaldi Lasterketak (126-140) ; Zuziak (141-148), Zuziazko Tiruak (149-155) ; Pasaiuak (156- 162) ; eta Harmada (163-170).
- 19 Francisco Montes « Paquiro » (1805-1851). Chiclanan jaioa, igeltzero lanetan peoitzan hasia, baina (...)
20Zatirik nagusienak, beraz, zezen plazako giroak eta zezenek hartzen dute (22b.-125b.), bertan kantatzen direlarik garaiko toreadore famatuenaren, Francisco Montesen19 azaina bildurgarriak, eta zeinen irudia honelaxe ematen digun euskal poetak :
Hasia ilia urdintzen
Baina ez zangua pisatzen,
Bezti galtza labur ferdez,
Sedazko gairik senduenez,
Aztalak xuri zirikuz,
Oinetan zapatak larruz,
Hark duen maipolisa,
Izan behar da belusa,
Errexago da ikustia
Ezen ez haren pintatzia.
21Lehen korridan zazpi zezenek jokatu zuten. Montesek lehen estokadaz etzanarazi zuen lehenbiziko arerioa. Bigarrenean, nola ez baitzen oso oldarkor, jendetza zakurrak ! zakurrak ! oihuka hasi zen, Santerak azkenean lau estokadaz hil zuelarik. Hirugarren zezena Chiclanakoak guztiz dotore eta ederki akabatu zuen txaloen artean. Laugarrenean zaldia lurrean sabela hau-tsirik, lehen estokadaz bota zuen Montesek. Bostgarrenean berriro zaldiak lurrean etzanik tripak kanpoan, eta banderilak ezarri zituenean usoak atera ziren txorimalotik zezenak hau adarkatu zuenean, eta bigarren aldian sartzerakoan hil zuen Montesek. Seigarrenak berriro pikadoreak bota zituen, berriro Santera zezenzalearen kontra madarikazioak entzun zirelarik. Zazpigarrena eta azkena irinez betea atera zen, eta hamabi mutil errotariek, - galtza txuri, alkandora txuri eta zapia buruan loturik -, hamar mila liberaren ordainez saiatu ziren zezena botatzen, halere eskerrak azkenean toreatzailea atera zela, ezen batzuek gaizki zauriturik bukatu baitzuten.
22Korrida arratsaldeko hiruretan bukatu zen, eta bostetan berriro itzuli ziren printzeak atseden zertxobait hartu ondoren. Zaldun mordo bat atera zen beren zaldi dotoretan Luis XV eta Felipe IV. garaiko jantziez, eta bukatuta-koan antzezkizuna erregina Isabel Ilak parte hartzaileen artean dominak hedatu zituen. Besta hau zazpiretan amaitu zen.
23Bigarren korrida irailaren zazpian ospatu zen. Erregina ordubiak pasata iritsi zen, idazkariak zilarrezko platera batean eskaini zizkion giltzak alkateari, eta honek erreginari, zeinak halaberetsu eskuinean eserita zegoen Nemourseko dukesari, beronek plazara jaurti zezan. Zeremoni hau eginda-koan korrida hasi zen.
24Lehen zezenak zaldien artean triskantza izugarria egin zuen. Montes, dirudienez, ez zegoen forman eta hiltzera sartu zenean jendetza aspertu egin zuen eta txistuak entzun behar izan zituen. Beste zezenak aski oldarkor izan ziren eta txaloak errezibitu zituen. Bostgarrenari hiru gizonek zaintzen zituzten bost zakurtzar bota zizkioten, eta zakurrek zezena kozkatzen zuten bitartean, ezpata sartu zioten. Zakur hauek Jose Joakin Arrese Tolosarrak era-manak ziren bi mila eta zortzirehun errealen truke. Ikuskizun krudel eta odoltsu hau, ordea, ez zen izan ikuslegoaren gustokoa.
- 20 Iñaki Azkune, Zezenak Euskal Herrian, gure baitan dituzlen erro luze-ezkutuak. UEU, Bilbo, 1989,34 (...)
25Ekintza hau Iñaki Azkunek20 beste era honetan biltzen eta itzultzen digu, El Heraldo Madrid-etik harturik :
Lehen hiru zakurrek ez zuten horzka egiterik lortu. Gero zeze-nari bota zizkioten beste biak, hain txikiak zirenez gero, ez ziren zaun-ka egitera ere ausartu. Joaldunak atera eta orduerdia baino gehiago behar izan zuten zezena plazatik eramateko. Errotariek zezen hura eskatu zieten orduan agintariei biharamunean lantzaz hiltzeko. 24 errotarik beren haga punta zorrotzak lerrokaturik ipintzen zizkioten zezenari, eta zezenak hirutan hautsi zien lerroa, mutik-gazteak lurrera bota eta zapalduz.
26Printze eta Printzesa frantsesek Montes zezenlariari eta bere pikatzaile Joakin Coyto, alias Charpari diamantezko eraztun bat eta esmeraldez hornitu orratz bat oparitu zieten.
27Dena den, ez zuen utzi gure poemagilea ikuskizun krudel honek oso kontent eta honako bertsoa ere idatzi zuen : ni banintz erregetarik/ez liteke zezenarik. [124 b.]
- 21 Baleztena, « Iruñerias. Las banderillas de Fuego », Diario de Navarra, 1950-111-25, in J. M. Iriba (...)
28Baleztenak21 topaketa hauek komentatzerakoan honako iruzkin mal-tzurra eransten du :
Egiaz, Nemours-eko dukesa ederrak zezenari ezarri zizkioten suzko banderilak Frantziako Printzeen bidaia Nafarroarekin eta Probintziekin Foruen arazoa konpontzea eta Isabel Ilaren ezkontza Carlos VIa, Montemolingo dukearekin, zeinen alde hainbeste lan egin zuten Balmes filosofo ospetsuak eta La Esperanza gazetak, helburu zuela uste zutenek hartu zituzten.
29Poema euskaldunei eskaini lauko batez amaitzen da :
30Irailaren 8an goizeko zortzietan irten ziren printze frantsesak hiritik, hiru mila liberako oparia eman zietelarik bertako benefizentziazko etxeei.
Eskalduna Pirenetan
Ez da izitu gerletan,
Aitak ehortzi tokian
Izanen bethi agian !
- 22 Anton Abbadiaren koplarien guduak. Bertso eta aire zenbaiten bilduma Patxi Urkizuren edizioa.Eusko (...)
31Aski. Amai dezadan aurkezpentxo hau esanez Hiribarren zezen-korri-detan oso aditua ez bazen ere bertsogile aparte zela, erritmoaren zentzu berezi eta nabarmenaren jabe, garaikideen artean poeta handitzat kontsidera-tua, baina halere bertsolariengandik aski hurbil dagoena, batipat hiperbato-nak eta elipsiak baztertzen dituenean. Hau dela eta Lafitterentzat gertuago legoke koplariengandik olerkariengandik baino, eta bere burua epikotzat jotzen eta halakoxe nahi bazuen ere, ezin uka daiteke anitzetan moldatzen dituen bertsoak errexegiak ez direnik. Bere benetazko izpiritu zorrotz eta luma landua, ordea, ziri bertsotan, giza kritikazkoetan hala nola deskripzioe-tan, goi mailako eta arnas handiko ageri zaigularik. 22
Notes
1 Pierre Lafitte, « Jean-Martin Hiribarren (1810-1866) », Euskal Herria (I 789-1850). Actes ducolloque international d'Etudes Basques (Bordeaux 3-5 mai 1973), Société des Amis du Musée Basque. Bayonne, 1978, 181-191.
2 Patri Urkizu, « Euskal idazleen bertsoak bigarren Errepublikaren gainean (1848-1851) », « La révolution française dans l'histoire et la littérature basques du XlXe siecle ». Sous la direction de Jean-Baptiste Orpustan, Izpegi, Baigorri, 1994, 121-147.
3 Ariel aldizkaria. Baiona, n° 53, 54, 55, 56, 57, 59, 60, 61 ; 1845-X-5, 12, 19, 26-, XI-2, 16, 23, 30. Bukatugabea.
4 Montebideoko berriac. Bayonne, Foré et Lasserre, 1853. Patri Urkizu (ed., 1991), Lapurdi, Baxanabarre era Zuberoako Bertso eta Kantak. II, 1545-1900, 543-5 84.
5 Eskaldunac, Iberia, Cantabria, Eskal-herriac, Eskal-Herri bakhotcha eta hari darraicona. Foré eta Laserre imprimerian. Baionan, 1853. Fac-simil, Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco, Zarautz, 1971.
6 Andima lbiñagabeitia, « Hiribarren'en « Eskaldunac » (1853-1953) », Gernika, n’22, Paris, 1953, 143.
7 Escaraz. eguia. Baionan, E. Lassserre, 1858.
8 Xipri Arbelbide (ed., 1991), « 891 an Eskaldun Gerla », Memoriae L. Mitxelena magistri sacrum, ASJU, Donostia, 485-503.
9 Eskuzkribua. 1 856. 231 fols. Ms, 217, Euskaltzaindia, Azkue Biblioteka. R. M. Pagola etab. (ed.), 1994, « Napoleon lehena ». Bonapaarte Ondareko eskuizkriboak. Lapurtera I, 41-183.
10 Eskuzkribua, Piarres Andiazabalen fondoan.
11 Eskuzkribua, Baionako Euskal Erakustegiko Liburutegia. Ms. 129.
12 Eskuzkribua, Piarres Andiazabalen fondoan.
13 n. 2(129-132).
14 Le Pharedes Pyrénées, zb. 729,1845.VIII.13 ; zb. 732,1845. VIII.20.
15 Idem. zb. 740. 1845.IX.7 ; Le Courrier de la Gironde, 1845.IX.8
16 Id., zb. 744. 1845. IX. 17.
17 Jose Vicente de Echegaray, Festara (Bere bertso guzien bilduma). A. Zavalaren edizioa. Auspoa. 35-36. Donostia, 1964.
18 Memorias de Joaquin Ignacio Mencos, Conde de Guendulain, 1799-1882. Instituciόn Príncipe de Viana, 1952,194.
19 Francisco Montes « Paquiro » (1805-1851). Chiclanan jaioa, igeltzero lanetan peoitzan hasia, baina txikitandik zezenetako grinaz amorratua, pala ezpataz trukatu zuen. Jadanik 1830.ean Sevillan toreatu zuen, eta bertako zezenlarien arte eta ofizioaz jabetu. Madriden 1831.ean presentatu zen Juan Jimenez « El Morenillo » eta Manuel Romerorekin. « Garrocha »z jauzi ederrak egiten zekien, eta kaparekin xit abila izaki Espainiako lehen ezpata izatera iritsi zen. Euskal Herrian maiz ibilia. bertako koadrilak lagun zituela. Komisio batek eskatu zion Louis-Philippe, Frantziako erregearen semeentzat, Aumale eta Nemourseko dukeentzat toreatu zezan. Hasieran ezezkoa eman bazuen ere, erreginaren nahia zela adierazi ziotenean, baiezkoa eman zuen. El Fandango egunkariak honela des-kribatu zuen « Korrida » : Don Francisco Montes estuvo admirable en las corridas de Pamphma. Y si es cierto lo que hemos oido decir a personas fidedignas, de que en consecuencia de su arrojo y habi-lidad se le ha nombrado conde de Chiclana, tiene mucho mejor ganado su título que otras excelen-cias de escotillón (Jose María Cosso, Los Toros, T. III. Espasa, Madrid 1980, 632).
20 Iñaki Azkune, Zezenak Euskal Herrian, gure baitan dituzlen erro luze-ezkutuak. UEU, Bilbo, 1989,349.
21 Baleztena, « Iruñerias. Las banderillas de Fuego », Diario de Navarra, 1950-111-25, in J. M. Iribarren, Pamplona y lo.s viajeros de otros siglos. Pamplona, Principe de Viana, 1952, 170.
22 Anton Abbadiaren koplarien guduak. Bertso eta aire zenbaiten bilduma Patxi Urkizuren edizioa.Eusko Ikaskuntza-Euskaltzaindia, Donostia 1997, 89-91, 96-98, 119, 130, 156-157, 181, 182, 192,193, 197, 203, 204.
Haut de pagePour citer cet article
Référence papier
Patri Urkizu, « Jean-Martin Hiribarren, Iruñeko bestak 1845 », Lapurdum, 6 | 2001, 319-351.
Référence électronique
Patri Urkizu, « Jean-Martin Hiribarren, Iruñeko bestak 1845 », Lapurdum [En ligne], 6 | 2001, mis en ligne le 01 juin 2009, consulté le 04 octobre 2024. URL : http://journals.openedition.org/lapurdum/1236 ; DOI : https://doi.org/10.4000/lapurdum.1236
Haut de pageDroits d’auteur
Le texte seul est utilisable sous licence CC BY-NC-ND 4.0. Les autres éléments (illustrations, fichiers annexes importés) sont « Tous droits réservés », sauf mention contraire.
Haut de page