Skip to navigation – Site map

HomeNuméros13Aldaketak eta aldaerak Etxahun-en...

Aldaketak eta aldaerak Etxahun-en “Mündian malerusik” olerkian

Jean Haritschelhar
p. 201-209

Abstracts

That article presents three texts of the same poem written by Pierre Topet-Etxahun. The first belongs to the assizes case file as a proof of the responsibility of the poet (1827) ; the second (1833) is taken on by Etxahun himself ; the third dated from 1842 shows how that poem turned out in the first step of the popular transmission we know. The different variants between the three texts make the trama of that study.

Top of page

Full text

1Polizia filma dirudi. 1827ko maiatzaren lehenean, gauaz, gizon bat dator Oloroeko feriatik. Tiro bat : zubi ttipi batean datza gizona, gogorki zauritua. Biharamunean, aho batez, Barkoxtarrek diote tirokatzailea Etxahun dela eta bere emaztearen amorantea hil nahiz, erraturik bertze bat kolpatu duela. Hain zuzen, denbora berean Etxahun etxetik kanpo ihesi dabila Zuberoko mendietan. Larrañeko olhalte batean dago bertze artzain batzuekin urriaren 25etik 30eraino eta han huntzen du kantu bat, bertso batean diolarik :

Ene izterbeguia bahin emaztia
Herresteraci gabe nic nian flakia ;
Bestec ereman deric hic behar colpia
Bena cubera diroc orano hartcia.

2Kantu hori badabila ahoz aho, kopiak ere eta egun batez horietarik bat justiziaren eskuetara doa. Hil nahiaren frogatzat hartzen dituzte koplaren azken bi neurtitzak eta Etxahun jujatua izanen da Paueko asisetan, 1828ko abuztuko 18an hasten dela auzia, bi egun oso iraunez. Auziaren paperetan datza “Desertüko ihizik” deritzan kantua. Kopia izanikan ere, “ne varietur” bat dauka idatzirik, Etxahunen, Deffis jujearen eta Behasque idazkariaren sinadurekin, horrek adierazten duela Etxahunek aitortzen duela bertsoak bereak direla. Hauxe da lehen eskuizkribua.

3Bigarrena Baionako euskal erakustokian dago Peria andereak eman dituen Etxahunen paperen artean. Etxahunek berak idatzia, « Legouvé Pariseco liburu eguile handi bat hunat yin beharra atço, cembait bersu harendaco » diolarik 1833ko urrian eman zizkiolarik Clerisse Erregeren prokuradoreari (MS 64-9).

4Hirugarrena hatzeman dut Mauleko Pierre de Souhy jaunaren liburutegian Histoire du poète basque Etchahun de Barcus par Jean-Baptiste Chaho, traduit en basque souletin par Jean-Pierre Chaho, Paris, 1842, eskuizkribuaren barnean. Ez da bertze biak bezala Etxahunek idatzia edo onartua, bainan interesgarria da ahozko transmisioaren lehenbiziko lekukotasuna izan daitekelakotz.

5Hiru dokumentuak publikatu ditut ene bigarren tesian : L’oeuvre poétique de Pierre Topet-Etxahun (Texte—Traduction—Variantes—Notes), Bilbao, 1970, Etxahunen kantuen edizio kritikoan.

61827ko eskuizkribuak 17 bertso dauzka orrialde baten alde batean eta bertze aldean bi bertso berri, bat osoa “Mündian malerusik” hitzekin hasten dena, bertze bat biziki gaizki irakurtzen dena eta bertze batzu kantuan agertzen direnen kopia hutsak.

71833ko eskuizkribuak 19 bertso dauzka, lehenak baino bi kopla gehiagorekin beraz, Etxahunek anartean eginak.

81842koak, aldiz, 16 bertso bakarrik biltzen ditu.

9Bi aldatze mota aztertuko ditut. Lehenik bertsoen aldaketak, nola emendatu den 1833ko kantua, nola laburtu den 1842koa, 1827koarekin konparatuz. Bigarren aldatze mota neurtiz bakoitzean datza, ikusiz zein hitz edo esaera aldatua den, aldaera horiek zer garrantzia daukaten, zer adierazten duten.

 Aldaketak

1827-1833

10Konparaketak erakusten duen bezala lehenbiziko hamabi bertsoak agertzen dira lerrokada berean bat bertzearen ondotik. Aldiz, 1827ko hamahirugarren bertsoa desagertu da 1833koan. Hauxe derasa :

Ene aita fidela aurhidic hareki,
Aberastu cirie ene malurreti,
Procesac eman eta defautac eraiki
Arrusas etchaltiac ciec ere ebatsi.

11Zertako ote Etxahunek baztertzen du bertso hau ? Badakigu ama zenduz gero, auzitan zagola aita eta haurrideekin. 1827ko kantuan zorrozki jokatzen da etsai gisa hartzen dituen guziekin : emaztea (3. bertsoan), “jabe puissantac” (4.an), emaztearen amorantea (6. eta 7.ean), Harichabalet apeza, emaztearen osaba (12.ean), aita eta haurrideak (13.ean). Baliatzen dituen hitzak estrofa honetan hitz bortitzak dira, hala nola “aberastu”, erakutsiz daukaten diru gosea eta bereziki azken neurtitzean “arrusas” eta “ebaxi” hitzak, adieraziz maltzurrak eta ohoinak direla.

12Erromara joan baino aitzin idazten duelarik “Bi berset dolorusik” deritzan kantorea seinalatzen du lehenbiziko ahapaldian badoala “oroz arnegatürik”. Gehiago dena, 13. ahapaldian, hain zuzen, berrikitan hil baitzaio aita, bere herra zuzentzen dio familiari aita ez duela aipatzen, aldiz küñat eta haurrideak.

Pharkatzen dit etsaier eni sofri-erazler,
Hala nula beiteie Jinkuak egin berer,
Bena eztit pharkatüren eniak dütiener,
Nun eta eztütien errendatzen ene haurrer,
Berset horrez mintzo niz küñat eta aurhider.

13Pentsa daiteke, orduan, Erromako beilak aldatu zizkiola zituen sendimenduak eta haren bizia azterturik, argi dago harremanetan sartu dela bere familiarekin (küñat eta haurrideekin) eta ararteko batzuen bitartez 1832ko irailean eta urrian sinatzen dituzte behar diren dokumentuak notarioaren aitzinean. Dirudienez, bakea nagusitu da. Froga gisa, Jean anaiaren baserrian sortzen delarik azken haurra Dominique, hala deitua Herriko etxeko paperetan, bataiatua da 1833ko urriaren 3an Pierre izenarekin, Pierre Topet-Etxahun olerkaria “egüzaita” delakotz. Aise da ulertzea zertako baztertu duen 13. ahapaldia.

14Horien ordez sartzen du bertze hau :

Besten penitenciac deitatçu eraguin,
Oguendunak etchen, ni aldis gastelin,
Nic deus nutinen jaten, lotcen ene ohin,
Ene desohoratcen, trankilitatin.

15Erakutsiz zer bizia zeraman emazteak bere amorantearekin, lohitzen zutela logela eta etxaldea. Beraz, bazterturik familiaren kontra zituen arrengurak, gogoan atxikitzen du emazteak bere amorantearekin eskaini dioten desohorea. Ez dezake barka. Gogoan dauka ere nola Paueko asisetan Heguiaphal presentatu zen jujeen aitzinean lekuko bezala eta nola oldartu zen haren kontra. Paueko “Mémorial Béarnais” deritzan kasetak agertu zen artikuluan hona zer dion kasetariak :

16« Au seul nom d’Héguiaphal qui comparaissait comme témoin un tressaillement a paru s’emparer d’Etchahon et sa physionomie a pris une expression extraordinaire : “scélérat”, s’est-il écrié, ne pouvant plus se contenir, “tu es la cause de ma perte et celle de ma famille ; tu as profité de la faiblesse de ma femme, tu couchais dans mes linceuls et moi j’étais gisant sur la paille des cachots où vous vouliez me faire périr ; tu buvais de mon vin et tu mangeais mes jambons, tandis que je n’avais que de l’eau que j’arrosais de mes larmes ; tu n’es cependant pas satisfait encore. Scélérat, tu devrais être à ma place” ».

17Ahapaldian biltzen ditu Pauen erran zituenak eta garai berean ari baita bere bizitzearen kantorearen idazten gai berak agertzen ditu bai 26. ahapaldian :

Eta ene aiçouac emastiren ohin

18bai eta ere 29.ean :

Exayac enen jaten ni aldiz ihessi.

19Bi berset gehiago sortuko ditu Etxahunek 1833an. Lehenak hauxe dio :

Justicia çuere justociradePussantac çaitçu chahu, goithiac coupable,Çoure jujamentiac, halako diradeNihau etchekinaiçu, Borogaçale.

20Bertso horretan, umore beltzez apaindurik, justiziaren kontra agertzen du bere herra. Anartean idatzi du 1831an “Bi berset dolorusik” deitzen den kantua eta ere bere “Bizitzearen khantoria” aipatzen dituela familiarekin ukan dituen auziak, amak utzitako parteak eta egüzaitarenak. Horiek guziak biltzen ditu bertso honetan erakutsiz nola jokatzen den justizia, beti “puissanten” alde.

21Bigarrenean aipatuko ditu bere haurrak, bihotzen hunkitzeko egina dudarik gabe :

Adio ene haurrac gacho oguen gabicCien aita etamac malerous eçaricEsticiela segui amaren exemplicCien prudentcietas, imita Jesus Christ.

22Bertso hau “Bi berset dolorus”-ik dator, kantu horretan Erromara abian delarik agurtzen dituela lehenik emaztea :

Adio ene lagüna urthuki nündüzüna

23gero Barkoxtarrak :

Adio Barkoxtarrak, zahar eta gaztiak

24eta azkenik haurrak 22. eta azken bertsoan :

Ene haurrak adio, seme alhabak oro,
Josafateko sorhun arrakuntra artino !
Ükhen izozie bethi Jesüsi amodio
Heben ükhena gatik aphür bat eskarnio
Han sendotüren dira zien zauriak oro.

25Argi eta garbi dago aipatu nahi duela bere haurren zorte tristea, pentsatuz behar bada ere hunkituko dituela olerkia irakurtzen dutenak eta zerbait laguntza lort dezakeela. Berak aitortzen du hobendun direla senar-emazteak, bereziki emaztea, etsenplu txarra emanik, hori baita emaiten dion azken putarra.

26Orotara 1833ko kantua 1827ko kantuaren ildotik doa. Bertsoetan bat gutiago eta hiru gehiago. Akomeatu da familiarekin eta, beraz, kentzen du haien kontrako bertsoa. Aldiz, bertze hiruetan justiziaren kontra doa, emaztearen eta amorantearen aurka bortizki eta haurren zortea aipatuz emaztea du bereziki jorratzen.

27Nahiz sei urte iragan diren Etxahunek daukan herra bere etsaien kontra ez da batere aldatu. Sekulan baino gehiago salatzen ditu emaztea, ixterbegia, Musde Harichabalet, emaztearekin bat egin duten guziak justizia barne, hauxe baita aldaketa nagusia 1827ko eta 1833ko kantuen artean.

1827-1833 / 1842

281827 eta 1833ko kantuak Etxahunek sortua du lehena eta aldatu bigarrena. Jaun eta jabe zen. 1842koarekin bertze garai batera goaz. Kantariek bereganatu dituzte kantuak eta badakigu belaunalditik belaunaldira iragaiten direla edo kahierren bitartez edo ahotik beharrira. Chaho anaiei esker badakigu Etxahunen kantuaren aldaketa 1842koa dela eta, beraz, kantariei zor zaien lehenbiziko aldaketarik bat. Hortakotz badauka bere interesa.

29Ez da dudarik kantariak entzun dituela bai 1827ko kantua eta bai 1833koa. Adibidez, lehenbiziko bertsoa 1827tik dator, idatzia baitzen orrialdearen infrentzuan, jadanik aipatu dudan bezala. Hona zer zion :

Mundin hanits malerus arauz baciraye
Bena ez ni beçaignic ihour behinere ;
Ene fons propiaren içan nahis jabe,
Tristia eçari niz ihon lurric gabe.

30Nahiz ez den agertzen 1833ko kantuan, nehork ez dezake uka jendeen artean zabilala lehen bertso gisa eta ez bakarrik 1842an bainan ere geroago Orbiscay eta Sebastien Eppherre-n kahierretan, Larrasquet-ek azken hau segituko duela publikatuko duelarik Etxahunen obra 1946an agertu zen liburuan (Le poète Pierre Topet dit Etchahun (1786-1862) et ses oeuvres, Bayonne, Eskualzaleen Biltzarra).

31Bigarren ahapaldi bat 1827tik dator, hain zuzen 1833an Etxahunek kendu zuena, aita eta haurridei kontrakoa. Horrek adierazten du ez dela ahanzkorra jendea, Barkoxtarrek badakitela nola jokatu den bere familiarekin.

Ene aita fidela aurhidic hareki,
Aberastu cirie ene malurreti,
Procesac eman eta defautac eraiki,
Arrusas etçaltiac ciec ere ebaxi.

32Bere aldaerekin agertuko da, beraz, ahapaldi hau 1842an eta geroztik ere. Debaldetan arizana zen kentzen 1833an gure Etxahun.

33Bertze bi berset datoz 1833tik. Lehena da Etxahunek aipatzen duelarik nola bazabilan emaztea bere amorantearekin olerkaria preso zelarik.

Besten penitenciac deitaçu eraguin
Oguendunak etchen ni aldis gastelin
Nic deus nutinen jaten, lotcen ene ohin
Ene desohouratcen, trankilitatin.

34Ez du kantariak ahanzten Etxahunen oihu ikaragarria.

35Ez du ere ahantziko haurrei buruz eginikako bertsoa, hau hunkigarria baita eta aldaera batzuekin sartuko da 1842ko kantuan.

Adio ene haurrac gacho oguen gabic
Cien aita etamac, malerous eçaric
Esticiela segui amaren exemplic
Cien prudencietças imita Jesus Christ.

36Hartzen balinbaditugu 1827an eta 1833an agertzen diren ahapaldiak ohartzen gara 21 ahapaldi direla orotara, orduko kantariek entzuten edo erabiltzen ahal zituztenak. Bainan 16 bakarrik gelditzen dira 1842ko kantuan, bost baztertuak izan direlarik. Zein eta zertako ?

37Bada 1827an eta 1833an senar-emaztearen arteko elkarrizketa. Bi aldiz Etxahun mintzo zaio emazteari eta erasiatzen du :

Ene espos maitia eta flakia
Hamar ourthez deitaçu eman burian min

38Emazteak erantzuten zion aitortuz egin zuen hutsa :

Ene espous maitia eguin deiçut falta,
Aguri da fruitia ecin dirot ukha ;
Bena çuc baçunu ukhen pacencia
Hori çatian aisa sendo cedin gaitça

39Bigarren erasiari oharrarazten zuela ez zitzaiola laguntzarik eman preso zelarik, emazteak ihardesten zuen osaba jauna zela egiazko hobenduna.

Hamar ourthez duçula dioçu sofritu,
Ene osaba jauna causa içan duçu ;
Nitan içan espalis gin dena aguertu
Behar beitçunuki(a)n gastelin finitu.

40Bi ihardespen horiek desagertzen dira 1842an. Zer adierazten dute baztertze horiek ? Ez dute onartzen emaztearen aitortza. Alabaina, Etxahunen kezka nagusia da emazteak sortu azken semea amorantearen obra dela. Hori errepikatzen du “Bizitziaren khantorian“ :

Coumplitu nutianin hogueita hamecac
Emastic eguin ceitan jaunareki bastart.

41Egia ote ? Dirudienez, ez du kantariak onartzen, pentsatzen baitu Etxahunek berak sortu duela elkarrizketa eta bere abantailetan zirela emaztearen aitormenak. Argi dago ahapaldiak kenduz emaztearen alde agertzen dela delako kenketa.

42Hain zuzen baztertua da ere hirugarren ahapaldi bat, hau ere, orokorki, emazteen kontra idatzia.

Emasten dohagna bethi virginaJiten espaçaicie uzta ereigna ;Enian ichoussiric haren echospenaSonya ez ereitia datila hobena.

43Emazteak orokorki, Etxahunena bereziki eta olerkari laborariak ereitearen irudiarekin apaindua. Gordinegia behar bada ?

44Bertze bi bertso baztertuak dira 1842ko idazkian. Lehena 1833an gehitua zagon justiziaren kontrako ahapaldia, hain zuzen Etxahunek ezarria familiaren kontrakoa kendu zuelakotz. Hori berriz hartuz gero iduri luke ez dela beharrezkoa bertzea.

45Justicia çu ere justo cirade

Pussantac çaitçu chahu githiac coupable
Çoure jujamentiac, halako dirade
Nihau etcheki naiçu, Borogaçale.

46Zer pentsa ? Gehiegikeria dela kantariarentzat hain bortizki jokatzea justiziaren kontra ?

47Desagertzen den azken ahapaldia hauxe da :

Hanits minçatu nuçu enetsaien contre
Nahi bada gueçurra ez erran batere
Bena ene oguenac badutut nik ere
Gincoua dakhigula guertha pharcaçale.

48Ez da errex ulertzea zertako kendua izan den ahapaldia, Etxahunek aitortzen duelarik bera ere hobendun dela eta ez bertzeak bakarrik eta galdegiten duela Jainkoaren barkamendua. Ez zaio egoki kantariari Etxahunen irudi hori agertzea. Nahiago du Etxahun bat herraz betea, gogorki ari dena bere etsai guzien kontra, emaztea, amorantea, osaba jauna, familia. Haurrak bakarrik salbatuak dira ez baitute hobenik. Emaztea ere muturik dago senarraren aitzinean. Hau da gizon bat osoa, ñabardurarik gabekoa bere sendimenduetan, bere herra oihukatzen duena bortizki, osoki. Ez da Etxahun 1842an 1827ko eta 1833ko itxura berekoa.

 Aldaerak

1827-1833

49Ez ditu bakarrik aldaketak egin Etxahunek berriz idatzi zuelarik 1833an 1827an sortu zuen kantua, berset bat kenduz eta hiru gehituz. Bertsoetan ere egin ditu aldaerak, hitzak aldatuz eta horrek ere bere balioa dauka.

50Ez ditut kontutan hartzen aldaera batzu, deus guti aldatzen dutenak edo ezer ez. Adibidez, bigarren ahapaldian idazten duelarik « sordeisago » 1827an eta « gaiskigo » 1833an. Biak sinonimoak dira ; lehena biarnesetik dator, bigarrena euskalduna. Gauza bera 8. ahapaldian « coki » 1827an eta « liverti » 1833ren artean. Sinonimotzat har daitezke ; 10. bertsoan « egoneraci » 1827an eta « etcheki » 1833an. Bada adibide gehiago, bainan horretan uzten ditut.

51Beste aldaera batzu interesgarriak dira ; konpara ditzagun lehen ahapaldian agertzen diren lehen bi neurtitzak :

Desertuco ihicic genten beldurrez
Precocionatzen dira ebiltera gordez
(1827)

Desertuco ihicic Badabilça gordez
Guiçonen arracontric galditçan beldurrez.
(1833)

52Beldurrez / gordez hala bukatzen dira neurtitzak bainan beldurra doa lehenean 1827an, bigarren neurtitzean 1833an. Oroit gaiten ihesi bazabilala Etxahun, mendiz mendi, olhaltez olhalte, 1827an beldurrez arrasta dezaten jandarmek. Ez da harritzekoa, beraz, sendimendu hori ager dadin lehenbiziko neurtitzean, gordetzeko beharra, aldiz, bigarrenean. 1833an sei urte iragan dira ; beldurra joan zaio Etxahuni. Berriz idazten duelarik ahapaldia gordetzearen beharrari emaiten dio lehentasuna.

53Bigarren bertsoan erakusten du bere kexua aitortzen duelarik bere jeloskeria :

Ni ere impatient guerthaturic guero.

541833an ahantzia du delako “impatient” hori eta aldatzen du neurtitza :

nahi gabes içan laidouen sorhayo

55erakutsiz ez dituela laidoak ahantziak, egin dioten desohorea gogoan daukala beti. Sendi daiteke zer den 1833an Etxahunen psikologia.

Ene espous maitia eguin deiçut falta,
Aguri da frutia ecin dirot ukha ;
Bena çuc baçunu ukhen paciencia
Hori çatian aisa sendo ceitin gaitça.
(1827)

56Emazteak aitortzen du osoki bere hutsa, bainan aipatzen dio pazientziaren falta eta, beraz, senarrak ere baduela ogenaren parte bat eta senda zitekeela zauria. Umilki jokatzen da emaztea, deitoratzen duela gertatu dena.

571833an bertzerik da :

ene espus khechia nic eguin oguenez
hori duçu çauria estaitiana hers
herrez da sendotcia ahastera ustea
eta nabastarrien, algarri pharçatcez.

58Lehenik ez du aipatzen « espus maitia », bainan « espus khechia » ; joan zaio umiltasuna eta ez dirudi bere hutsaren aitortzera doala. Aipatzen du « çauria » eta denbora berean sendatzeko bidea : aski du ahaztea, hori baita erremediorik hoberena eta gero adierazten du nabastarrietan biek direla hobendun eta elgarri barkatuz segi zezakeetela. Emazte harro bat agertzen zaigu, beldurrik gabekoa, umiltasunetik urrun.

59Bide beretik doa bigarren erantzunaren aldaera emazteak ukatzen duelarik sofrikarioen kausa izan dela.

Hamar ourthes estuçu nigatia sofritu.

60konparatuz « duçula dioçu sofritu » esaldiarekin.

61Gogoan atxikiz nolakoak izan diren 1827 eta 1833. arteko aldaketak, denak emaztearen eta bere amorantearen kontra, aldaerek ere, aztertu dugun bezala segitzen dute bide bera, erakutsiz emazte harro eta mendekari baten aurpegia. Sei urteren buruan ez du batere emaztearen itxura hobetzen ; gero eta herratsuago agertzen da olerkaria.

1827-1833 / 1842

62Zer aldaera mota ekarriko du kantariak ? Zer atxikiko du ? Zer eta nola aldatuko ?

63Badakigu kantariak ezagutzen zituela, bai 1827ko kantua, bai 1833koa. Aldaketez gain aztertzekoak dira aldaerak.

64Lehen ahapaldian badira interes gutikoak behinere/beharrere, tristia/gachoua, bainan hirugarren neurtitzean « Ene fons propiaren » ordez kantariak aipatzen du « emaztea ». Ahantzi duke kantariak 1827an bere funtsez kezkatua zela Etxahun, aita eta familiarekin zituen auziez eta horri emaiten ziola lehentasuna. Hamabost urteren buruan emazteak dauka lehentasuna.

651833ko aldaerari jarraikiko zaio kantaria eta interesgarria da ikustea nola aldatu den ahapaldiaren laugarren neurtitza :

Ni ere impatient guerthaturic guero    (1827)Nahi gabes içan laidouen sorhayo     (1833)Nahi gabes içan adarren sorhayo       (1842)

66Kantariak emaztea duelarik gogoan lehen ahapaldian bezala, hemen baliatuko du hitz gordinagoa. Etxahunek adierazten zuena « laidouen » hitzarekin, kantariak, aldiz, ez dio holako ñabardurarik onartzen.

67Emaztearen alderako aldaera bat badago bosgarren ahapaldian. Etxahunek, bai 1827an eta bai 1833an idatzi zuen frango mespretxurekin :

Eçagutu nianin cer nian erosi

68Kantariak zuzentzen du « cer »-en ordez idatziz « nour ». Harentzat emaztea presuna bat da eta ez erosten den edozein gauza. Emazteak berreskuratzen du bere nortasuna.

69Bereganatzen duelarik kantariak Etxahunek kendu zuen ahapaldia 1833an :

Ene aita fidela aurhidia hareki

70ez da ohartzen Etxahunek omore beltzez apaindu zuela ahapaldia, « fidela » hitzak, hain zuzen aurkako hitza adierazten zuela. « Fidela »-ren ordez emaiten du « crudela », bainan ahapaldiak galtzen du zaukan ironia. Bertze aldaerak ez dira garrantzi berekoak.

711833tik datorren ahapaldia emaztea eta amorantearen kontrakoa bukatu zuen Etxahunek idatziz :

ene desohouratcen tranquilitatin

72azpimarratuz bikotearen ezazolkeria. Kantariak, aldiz, osoki aldatzen du neurtitza :

Oray aldiz nabilaçu guciarekin

73Ez da dudarik ahultzen duela ahapaldiaren indarra eta Etxahunen oihu bortitza.

74Azken oharra, hau ere 1833tik datorren ahapaldiari buruz. Haurrak aipatzen zituen Etxahunek eta, jadanik idatzi dudan bezala, senarrak bota zion azken putarra emazteari :

Esticiela segui amaren exemplic

75Kantariak ez du onartzen esaldia eta « amaren » ordez « hayen » jartzen du, emanez senar-emazte bakoitzari bere hobendun partea.

76Aldaerak doaz aldaketen hildotik. Emaztearen alde agertzen da kantaria emaztearen kontrako ahapaldiak kenduz, atxikiz halere Etxahunek bere herra azaltzen zituenak, orotara hamasei baitira. Iduri luke aldaerekin bi joka molde badirela. Bat emaztearen alde nour/zer edo hayen/amaren, presuna gisa hartuz edo azpimarratuz etsenplu emaile biak direla eta ez bakarrik emaztea. Bertze joka moldea iduri luke Etxahunen kontrakoa dela gordinkiago ari baita adarrak aipatuz, berak ere haurrei eman diela etsenplu txarra eta ez bakarrik emazteak.

77Oroit gaiten 1842an gaudela, Etxahun, emaztea, haurrak bizi direla, kantariak badakiela nola bizi diren eta ez duela onartzen osoki Etxahunek berak idatzi zuena. Nahiz uzten dion Etxahuni etsaien kontra dituen sendimenduak, eztitzen du, aldiz, emaztearen itxura.

78Oihu ikaragarri bat da 1827ko idazkia, bortitzagoa oraindik 1833koa emaztea gaizki jalgitzen baita hortarik. 1842an, denak kontutan hartuz, eztitzera doa giroa, ez bereziki Etxahunentzat, bainan bai haren emaztearentzat. Beste itxura bat dauka Engraxi Pelentok.

Top of page

References

Bibliographical reference

Jean Haritschelhar, “Aldaketak eta aldaerak Etxahun-en “Mündian malerusik” olerkian”Lapurdum, 13 | 2009, 201-209.

Electronic reference

Jean Haritschelhar, “Aldaketak eta aldaerak Etxahun-en “Mündian malerusik” olerkian”Lapurdum [Online], 13 | 2009, Online since 15 April 2013, connection on 29 March 2024. URL: http://journals.openedition.org/lapurdum/2080; DOI: https://doi.org/10.4000/lapurdum.2080

Top of page

About the author

Jean Haritschelhar

Michel de Montaigne Unibertsitatea - Bordeaux 3
baionaordez@euskaltzaindia.net

By this author

Top of page

Copyright

CC-BY-NC-ND-4.0

The text only may be used under licence CC BY-NC-ND 4.0. All other elements (illustrations, imported files) are “All rights reserved”, unless otherwise stated.

Top of page
Search OpenEdition Search

You will be redirected to OpenEdition Search