Navigation – Plan du site

AccueilNuméros17Articles - ArtikuluakHutsune bizkarroiak eta sasi-A’-k...

Articles - Artikuluak

Hutsune bizkarroiak eta sasi-A’-kateak

Maia Duguine
p. 55-74

Entrées d’index

Thèmes :

linguistique

Mots-clés :

basque (langue), syntaxe
Haut de page

Texte intégral

1. Sarrera

1Gehienetan arrunt bereizirik aztertzen diren bi espresio isil, argumentu isilak eta nz-mugimenduaren aztarnak (hots, kopia isilduak), modu bateratuan aztertzearen alde egiten dut lan honetan. Horretarako, bi kategoria hauen ezaugarriak batzen dituen fenomenoa aztertzen dut : hutsune bizkarroiak.

2Hutsune bizkarroien ezaugarri sintaktikoetatik hasirik, eta euskararen ikuspegitik begiraturik, kategoria isil hau berez izenordaina den baina nz-kopia moduan ezabatzen den osagai sintaktikoa dela proposatzen dut. Hau da, eratorpena argumentu soil izaerarekin hasten du, baina FFn kopia ezabaketarako baldintzak betetzen dituenez, hala bailitzan ezabatzen da. Horrek esplikatzen du zergatik batzen dituen izenordainen eta aldagaien ezaugarriak.

3Analisi honetan, izenordainak argumentu gisa ala nz-kopia gisa isil daitezen, ’berdintasun’ baldintza bakarraren mende dira. Horrek argumentu isiltze eta nz-mugimendu fenomenoaren elkargune bat existitzen dela erakusten duen heinean, funtsean fenomeno bakarraren bi aurpegi besterik ez direla iradokitzen dut.

4Bigarren atalak artikuluaren oinarrizko problematika azaltzen du : argumentu isilak eta nz-mugimendua Forma Fonetikoko (FF) isiltze batean oinarritzen baldin badira, orduan biak modu bateratuan aztertzea – funtsean, fenomeno bakarrera murriztea – desiragarria da kontzeptualki, eta izaera hibridoa duten hutsune bizkarroiek lagundu gaitzakete bide horretan. Hirugarren atalak hutsune bizkarroien fenomenoa aurkezten du xeheki : ezaugarri nagusiak eta literaturan proposatu izan diren azterbideak. Laugarren atalak, ondotik, euskararen ikuspegitik behatzen dio fenomeno sintaktiko honi : kategoria isil hau ikusezina dela erakutsiko dut, hizkuntza honetan argumentu isilek duten hedadura dela-eta. Bosgarren atalean, azkenik, lortu emaitzetatik abiaturik, hutsune bizkarroien analisi berri baten oinarriak garatzen ditut, A’-kateetan FFko ezabaketarako baldintza (disjuntibo) bat baino gehiago badela proposatuz. Horrek argumentu isilen eta nz-aztarnen analisi bateratuaren alde egiten duela erakusten dut. Seigarren atalak lanaren ondorioak laburbiltzen ditu.

2. Isiltasunaren eratorpena

5Nz-mugimendua eta pro-drop bakoitza bere aldetik aztertu dira azken hogei urteetan (baina ikus Chomskyren (1982) kategoria isilen zehazte funtzionalaren teoria). Chomskyren (1981, 1982) kategoria isilen tipologia laukoitza (bakoitza [+/- anaforiko] eta [+/-izenordain] tasun bitarrekin definitzen zuena) aspaldian utzia izan da alde batera, eta kategoria bakoitza modu beregainean ikertzen da orain literaturan. DS- eta nz-aztarnak mugimenduak utzitako kopia gisara aztertzen dira (ikus besteak beste Chomsky 1995, Nunes 2004), bai eta PRO ere azterbide batzuetan (Hornstein 1999). Beste analisi batzuetan PRO espresio isila dela aintzat hartzen da, baina banaketa sintaktikoa beste espresio isilez erabat bereizia duela onartzen da (Landau 1999, San Martin 2004). Gisa berean, proren izaerari buruzko hainbat hipotesi daude, baina hauetan guztietan fenomeno beregaina dela aintzat hartzen da (Barbosa 1995, Alexiadou & Anagnostopoulou 1998, Holmberg 2005, Neeleman & Szendrői 2007, etab.).

6Nz-aztarnei eta argumentu isilei dagokienez, berrikitan eremu bakoitzean garatu diren analisiek, hala ere, zenbait konbergentzia puntu dituzte. Nz-mugimendua, Kopiatze + Bat egite + Ezabatze eragiketa multzoan definitzen da (cf. Chomsky 1995, Nunes 2004). (1)ekoaren gisako egituretan, nz-sintagma osagarri posizioan sortzen da. Sistema konputazionalak nz-sintagmaren kopia bat egiten du eta C-ren espezifikatzailean txertatzen (aditzaren mugimendua ez dut adierazten). Ondotik, Forma Fonetikoan (FF), jatorrizko kopia ezabatzen da.

(1)

Zer bisitatu dute ikastolako gazteek zer ?

7Ezabaketa, euskaraz bederen, beharrezkoa da : nz-sintagmaren jatorrizko kopia fonologikoki gauzatuz gero, esaldia ez da gramatikala :

(2)

*Zer bisitatu dute ikastolako gazteek zer ?

  • 2  Gehiago izan litezke (A-mugimendua dela-eta, etab.), baina hau ez da garrantzizkoa interesatzen ga (...)

8Nunesek (2004) ezabaketaren beharra honela azaltzen du. Linearizazio eragiketak egitura sintaktikoak lerrokatutako osagai kate batean moldatzen ditu, Kaynen (1994) Egokitasun Linealaren Axiomaren arabera. Erran nahi baita, hitzen hurrenkera linealak egituraren harreman hierarkikoak islatuko ditu, hierarkian gorago dena (o-komando posizioan dena) hitz katean lehenago gauzatuz. Nz-egituretan, osagai beraren bi kopia daude.2 Honek linearizazio eragiketari arazoa sortzen dio, egituran bi kopien artean diren elementuak osagai hau baino gorago eta beherago baitira aldi berean. Hots, beren horretan, nz-mugimenduko egiturak ezin linearizatuak dira. Linearizatu ahal izateko, mugimenduaren kopia bakarra egon behar da eratorpenean ; kopien Ezabatze eragiketak segurtatzen du hori. Lehenik, bi kopien artean katea sortzen da (Kate Eraketa eragiketaren bitartez), eta Ezabatze eragiketak kate hori murrizten du, bi kopietako bat ezabatuz. Mugimenduaren kopia bakarra gelditzen denez, ez da linearizaziorako paradoxarik sortzen.

9Alda gaitezen orain argumentu isilen gaira. Aitzineko hainbat lanetan, argumentu isilak –modu deskriptiboan pro izendatu ohi direnak– eliditutako DSak direla argudiatu dut (Duguine 2008, 2010, 2013, 2014), japoniera edo koreerarentzat proposatu izan diren azterbideak (Oku 1998, Kim 1999, Saito 2007, Takahashi 2008) euskara eta gaztelaniaren gisako hizkuntzetara hedatuz. Beste elipsia eragiketak bezala (AS-elipsia, sluicing-a, etab.), DS-elipsia FFn gertatzen da, osagai sintaktiko konplexuak ezabatuz (Merchant 2001). Bestalde, DS-elipsia baldintzatua da (murriztapen sintaktiko, morfologiko eta semantikoen mende da) ; besteak beste, diskurtso mailako aitzindari bat behar du, eta kasua ezartzen dion buruaren eta bere j-tasunek balore berak ukan behar dituzte (Duguine 2013, 2014). Hizkuntza bakoitzak dituen bestelako ezaugarri gramatikal independenteek baldintza hauenganako eragin handia izan dezakete. Honen ondorioz, hizkuntzaz hizkuntza argumentu isiltze patroi desberdinak gertatzen dira. Adibidez, euskaraz subjektu eta objektuak isildu badaitezke ere, ingelesaren ezaugarri morfosintaktikoak direla-eta, argumentuen isiltzea ezinezkoa da.

10Azterbide honetan argumentu isilek ondoko eratorpena dute, beraz. Argumentu isila eratorpenaren hasieran eragiketa sintaktikoen bidez osatzen den DSa da. Perpausaren konputazio sintaktikoan parte hartzen du, tasun formalek eskatzen dituzten eragiketetan parte hartuz (theta-errol ezartze, komunztadura, kasu-ezarketa, etab.). Konputazio sintaktikoa burututakoan, osagai sintaktiko osatua FFra bidaltzen denean, DSak isila izateko baldintza guztiak betetzen baldin baditu, orduan elipsiaren bitartez isiltzen ahalko da.

11Nz-mugimendua eta argumentu isilak fenomeno bereiziak direla kontsideratzen bada ere, zenbait puntutan parekoak dira. Alde batetik, isildutako osagai sintaktikoak ditugu bi kasuetan. Bestetik, isiltasuna ez dute berezkoa : hau FFn deribatzen da. Eta azkenik, isiltzearen arrazoia erredundantzian oinarritzen da : berdina edo baliokidea den beste osagai bat (aitzindari bat) dutelako isiltzen dira. Konbergentzia horrek, hein batean bederen fenomeno bat eta bakarra direla iradokitzen du. Zehazkiago, bi bide desberdinetatik lor daitekeen isiltze operazio bakarra dagoela dirudi.

12Ideia horren funtsaren aztertzeko, hutsune bizkarroien fenomenoa paregabea da : argumentu isilen ezaugarri batzuk eta nz-mugimenduaren beste batzuk biltzen ditu, kategoria isil ’hibrido’ bat sortuz. Aipatu bi fenomeno hauek maila batean bat bera direlako hipotesiak hibridoen existentzia litekeena egiten du, teorikoki. Hutsune bizkarroien azterketaren bitartez beraz, hipotesi honen funtsa ikertzeko parada paregabea dugu.

13Bide horretan, hutsune bizkarroien fenomenoa aurkezten dut ondoko atalean, honen ezaugarri nagusiak zerrendatuz.

3. Hutsune bizkarroiak : ezaugarriak

14’Hutsune bizkarroi’ terminoak (parasitic gap ingelesez) ondoko ingelesezko adibidean beha daitekeen fenomeno sintaktikoa izendatzen du (Ross (1967) izan zen fenomenoa identifikatu zuen lehena).

(3)

Which articles did you file _ [without reading _] ?

15(3)n, bi argumentu posizio hutsak dira –file aditzaren objektua perpaus nagusian, eta read aditzaren objektua mendeko adjunktu perpausean– eta badirudi biek which articles nz-sintagma dutela aitzindari.

16Nz-sintagma jakin baten mugimendua gune bakar batetik gerta daitekeela aitzinatzen duen teoria orok (ikus Chomsky 1981), (3)n nz-sintagma hutsune bakar batetik mugitu dela aintzat hartu beharko du, bigarren hutsunea independenteki azalduz (baina ikus Williams (1990)). Rossen (1967) lanaz geroztik, badakigu adjunktuak mugimendurako irlak direla, ez dutelako ateraketa baimentzen. Ezinezkoa da beraz which articles nz-sintagma read aditzaren objektu posiziotik atera izana. Hortaz, jatorria file aditzaren objektu posizioa duela ondorioztatu behar da. (4a)-(4b) adibideek analisi honen aldeko ebidentzia ematen dute. Alde batetik, adjunktuko hutsunea erreferentzia ezberdina duen DS batek bete dezake (4a), nz-mugimendua perpaus nagusian gertatzen dela argi utziz, eta beste aldetik, perpaus nagusiko objektu posizioa betez gero, emaitza ez da gramatikala (4b) : honek erakusten du adjunktua ez dela mugimenduaren jatorria.

(4)

a. Which articles did you file e without reading the book ?

b. *Which articles did you file the book without reading e ?

  • 3  Aztarna eta hutsune bizkarroi terminoak eta t eta pg sinboloak modu deskriptiboan erabiltzen ditut

17Laburbilduz, (3)ko perpaus nagusiko hutsunea nz-sintagmaren A’-mugimenduak utzitako aztarna da (t) eta adjunktu perpausekoa, oraindik definitu ez duguna, hutsune bizkarroia (pg) :3

(5)

Which articles did you file t [without reading pg] ?

18Ohar bat : (5)ekoak bezalako adjuntu egiturak ez dira hutsune bizkarroien agertoki bakarrak : subjektu konplexuetan ere baimenduak dira :

(6)

Which boy did [Mary’s talking to pg] bother most t ?

19Hutsune bizkarroien ezaugarri bereizgarri nagusiak aurkezten ditut jarraian. Hauetarik anitz Engdahlek (1983) identifikatu zituen ; egile honen lanarekin batean, Culicoverren (2001) bilduma artikulua erabili dut ezaugarri nagusien zerrenda osatzeko.

20Aitzindariaren A’-mugimendua

Hutsune bizkarroiak ez dira baimenduak perpaus nagusian ez baldin bada A’-mugimendurik. Horrela, A-mugimenduak berak ez du hutsune bizkarroia baimentzen :

(7)

*Mary tried to leave [without John’s hearing pg].(Engdahl 1983 :13)

21Ezaugarri honek ematen dio izena hutsune bizkarroiari : perpaus nagusiko A’-mugimendu baten presentziaren bitartez baizik ez da existitzen.

22Bestalde, (6)ko adibidean hutsune bizkarroia galderazko nz-mugimenduarekin lotua bada ere, beste motako A’-mugimenduek ere baimendu ditzakete, hala nola erlatibizazioak (ikus (8) eta (9)), topikalizazioak (10) eta tough-movement egiturak (11).

(8)

The report which I filed t [without reading pg].    (Lasnik & Uriagereka 1988)

(9)

Here is the paper that John read t [before filing pg].    (Engdahl 1983 :13)

(10)

Fred, I talked to t [in order to impress pg]   (Nissenbaum 2000 :32)

(11)

Mary is easy to talk to t [without offending pg]   (Nissenbaum 2000 :32)

23Gauzak ahal bezain sinple mantentzeko, nz-mugimenduko adibideak erabiltzen segituko dut lan honetan.

24Ageriko A’-mugimenduaren baldintza

Nz-anitzen kasuan, in-situ gelditzen den nz-sintagmak ezin du hutsune bizkarroirik baimendu :

(12)

*I forget who filed which articles [without reading pg].

25Hau da, hutsune bizkarroiek perpaus nagusian A’-mugimendua gerta dadin behar dute.

26Anti-o-komando baldintza

Perpaus nagusiko nz-mugimenduak beste baldintza bat ere bete behar du hutsune bizkarroia baimendua izan dadin : nz-sintagmaren aztarnak ezin du azken hau o-komandatu (Taraldsen 1981, Chomsky 1982, Engdahl 1983). Horrela, perpaus nagusiko subjektuaren nz-mugimenduak ez du hutsune bizkarroirik baimentzen (subjektua adjunktua baino gorago txertatzen dela aintzat harturik) :

(13)

*Which articles t got filed by John [without him reading pg] ?

27Haatik, menderatua den subjektu baten nz-mugimenduarekin hutsune bizkarroiak posible dira :

(14)

Which Caesar did Brutus imply t was no good [while ostensibly praising pg] ?

28Irla efektuak

Hutsune bizkarroiak, tipikoki ateraketarako irlak diren egituretan gauzatzen dira –adjunktu edo subjektu konplexuetan–, baina gramatikalak dira. Haatik, egitura hauek beste irla batean menderatzerakoan, irla efektuak azaleratzen dira (Kayne 1983).

(15)

*the books you should read t [before [talking about pg] becomes difficult]. (Kayne 1983 : 166)

29Horrela, (15)eko adibidean, hutsune bizkarroia daraman adjuntu perpausa subjektu irla batean menderatua da, gramatikala ez den egitura sortuz.

30Gurutzatze sendoa

Hutsune bizkarroiek gurutzatze sendo efektuak sortzen dituzte :

(16)

*[Whosei mother] j did we talk to tj [after hei saw pgj] ?

31(16)n ikus daitekeenez, izenordain erreferentziakide batek ezin dezake hutsune bizkarroia o-komandatu.

32Gurutzatze ahulena

Baina bestalde, hutsune bizkarroiek ez dute gurutzatze ahul efekturik sortzen (Lasnik & Stowell 1991). Hutsune bizkarroiarekin erreferentziakidea den eta o-komandatzen ez duen izenordain batek ez du perpausaren gramatikaltasunarenganako eraginik :

(17)

Whoi did you stay with ti [before [hisi wife] had spoken to pgi] ?

33Efektu hau (edo hobeki erranik, hemen ikusten den efekturik eza) gurutzatze ahulena izendatzen dute Lasnik eta Stowellek (1991). Hutsune bizkarroieko egiturak bestelako A’-mugimendudun egituretatik bereizten ditu ezaugarri honek, hauek irla efektuak eta gurutzatze sendo efektuak eragiten dituzten bezala, gurutzatze ahul efektuak ere eragiten baitituzte :

(18)

*Whoi does [hisi mother] love ti ?

34Hutsune bizkarroiek ez dituzte beraz aldagaien ezaugarri guztiak.

35Hutsunearen kategoria

Cinquek (1990) erakusten duenez, hutsune bizkarroia, bai eta perpaus nagusian duen aitzindaria ere, DSak (hura NP-z mintzo da) izan behar dira (ikus ere Postal (1998) itxurazko kontradibide batzuen eztabaidarako). Cinquek italierazko adibideak erabiltzen ditu ; Hornstein eta Nunesek (2002) eskaintzen dituzten ingelesezko adibideak ematen ditut hemen :

(19)

*How did Deborah cook the pork t [after cooking the chicken pg] ?

(20)

*[How sick] did John look t [without actually feeling pg] ?

(21)

*This is a topic [about which] you should think t [before talking pg] ?

(22)

*[How many weeks] did he spend t in Berlin [without wanting to spend pg in London] ?

36(19) adibidean nz-sintagma adberbio sintagma da, (20)n adjektibo sintagma, (21)en preposizio sintagma eta (22)n erreferentziarik gabeko determinatzaile sintagma. Kasu hauek guztietan, ez da hutsune bizkarroirik baimentzen.

37Laburbilduz : Nz-mugimendua eta argumentu isilen artean

  • 4  Orokorpen gehienek mugak dituztela erakutsia izan da literaturan (sintesi baterako, ikus Culicover (...)

Hutsune bizkarroien ezaugarri nagusiak ondokoak direla ikusi dugu :4

(23)

a. Aitzindaria A’-posizioan dute.

b. Aitzindariaren mugimendua agerikoa da.

c. Bi hutsuneak ez dira o-komando harremanean.

d. Irla efektuak eta gurutzatze sendo efektuak eragiten dituzte.

e. Ez dute gurutzatze ahul efekturik sortzen.

f. DS kategoriakoak dira.

38Hutsune bizkarroien teoria orok, honenbestez, ezaugarri multzo hau azaltzea du helburu.

  • 5  Bestelako analisiak ere garatu dira. Adibidez, Lasnik & Stowellek (1991) hutsune bizkarroiak epite (...)

39Zer dira beraz hutsune bizkarroiak ? Kategoria isilen ikuspegi tradizionalean, oinarrizko lau kategoria isil daude : PRO, pro, DS-aztarnak eta nz-aztarnak (Chomsky 1982, Chomsky & Lasnik 1993). Hutsune bizkarroien kasuan, hipotesi minimoa, gramatika sinpleen mantentzen duena, aztertu izan da askotan literaturan ; hala nola, ez dela kategoria isil beregain bat, eta beste kategoria isil baten azpimultzoa dela. Baina zein kategoria ; PRO, pro, DS-aztarna ala nz-aztarna ? Zenbait lanetan, pro analisia dei dezakeguna garatu izan da, hutsune bizkarroiak berez pro motakoak direla proposatuz (ikus Browning 1987, Cinque 1990, Fiengo & May 1994). Hipotesi honek (23f) ezaugarria azalduko luke zuzenean : hutsune bizkarroiak DStara mugatuak dira pro bera D kategoriakoa delako. Gurutzatze ahul efekturik eza ere argumentu isilen izaerarekin bat dator. Haatik, (23d)ko ezaugarriak, gorako aipatu bezala, nz-aztarnenak dira, aldagai izaera adierazten duten heinean. Pro analisia garatu duten autoreek beraz, aldagai izaera hori nolabait deribatutakoa dela proposatu izan dute. Adibidez, Cinquek (1990) operatzaile batek A’-posizio batetik pro uztartzen duela proposatzen du. Beste zenbait autorek kontrako bidea igarotzen dute : hutsune bizkarroiak izatez nz-aztarnak direla proposatuz, argumentu isilekiko antzekotasunak bestela azaltzen direla argudiatzen dute (aztarna-analisia ; ikus Chomsky 1986, Frampton 1990, Nunes 2004).5

40Hutsune bizkarroiek izaera konplexua eta hibridoa dute beraz, argumentu isilen eta aldagaien artekoa. Analisiek ere hori azalarazten dute : izaera kontrajarria duten bi kategoria isiletako batetik abiatu, eta independenteki bestearen ezaugarri batzuk azaltzen ahalegintzen dira. 2. atalean garatu dugun ikuspegitik so eginik, hau guztia ohargarria da, eta iradoki dugun hipotesiak –hala nola, hein batean argumentu isilak eta nz-aztarnak fenomeno bat bera direla– funts sendoa ukan lezakeela iradokitzen du.

41Ondoko atalak hutsune bizkarroiek argumentu isilekin duten parekidetasuna azpimarratzen du : (23)ko ezaugarri zerrenda hutsune bizkarroien presentziaren identifikatzeko test gisara erabiliz, euskararen kasua aztertzen dut, hutsune bizkarroien ordez argumentu isilen ezaugarri guztiak dituzten espresio isilak ditugula ondorioztatuz. Hau da, hutsune bizkarroirik ez da, eta prok distribuzio hedatua du.

4. Euskara eta hutsune bizkarroiak

  • 6  Euskarazko hutsune bizkarroi egituretako espresio isila zein motakoa den erabaki arte, ’__’ sinbol (...)

42Ingelesezko hutsune bizkarroieko egitura estandarrak euskarara itzultzerakoan, esaldi gramatikalak lortzen ditugu. Ingelesez bezalako interpretazioa dute gainera, (24)ko adjuntu egituran eta (25)eko subjektu egituran ikus daitekeenez :6

(24)

a. Which paper did you file t [without reading pg] ?

b. Zein artikulu apaleratu duzu t [ _ irakurri gabe] ?

(25)

a. Which boy did [Mary’s talking to pg] bother most t ?

b. Zein mutil gogaitu du gehienik [Mirenek __ ikusteak] t ?

43Baina hutsune bizkarroiak ote dira (24b) eta (25b)ko kategoria isilak ? Galdera honi erantzuteko, aitzineko partean zerrendatu ezaugarriak diagnosi gisa erabiltzen ditut : konfigurazio hauetako kategoria isilek ingelesezkoek bezalako ezaugarriak baldin badituzte, orduan euskaraz hutsune bizkarroiak daudela ondorioztatuko dugu.

44A’-mugimendu beharrik ez

Hutsune bizkarroia bizkarroi egiten duena perpaus nagusian A’-mugimendu baten beharra dela ikusi dugu 3. atalean. Ondoko esaldiek argiki erakusten dute mota horretako baldintzarik ez dela euskarazko hutsune bizkarroi egituretan, perpaus nagusian A’-mugimendurik gertatu gabe ere gramatikalak direlako.

(26)

Artikulua lau aldiz irakurri dut [__ klasean aurkeztu aurretik].

(27)

[Mirenek __ ez eskertzeak] Jon haserretu du.

45(26)n, adjunktuko espresio isilaren aitzindaria artikulua izan daiteke, hau A-posizioan gelditurik ere, eta berdin (27)ko subjektu barneko espresio isilaren kasuan Jon aitzindariarekin.

46Anti-o-komando efekturik ez

47(28)ko adibideak erakusten duenez, perpaus nagusiko nz-sintagmaren aztarnak hutsune bizkarroi egiturako espresio isila o-komandatzen badu ere (hemen subjektu posiziotik), emaitza gramatikala da.

(28)

Zein irakaslek kanporatu zaitu t [zuk __ mehatxatu ondotik] ?

48Adjunktu hutsune bizkarroi egitura deitu duguna dugu hemen ; diagnosia ezin dugu subjektu egituretan aplikatu, kasu hauetan ateratzea subjektutik beretik egiten baita.

49Irla efekturik ez

50Hutsune bizkarroi egitura irla batean txertatzeak, esaldi luzeak eta prozesatzeko zailak sortzen baditu ere, ez du agramatikaltasun efekturik sortzen, ez adjunktu egituraren kasuan ((a) adibideak), ez subjektu egituraren kasuan ere ((b) adibideak) :

  • 7  Argudiatu izan da subjektuetiko ateraketa posible dela kasu batzuetan (Stepanov 2001). Haatik, erg (...)
  • 8  Ene informatzaileei (33b) ez zaie (33a) bezain ona iduritzen. Baliteke subjektu menderaketaren err (...)

(29)

Nz-irla

a. Zein gizon elkarrizketatu zuen Jonek[zuri [zein lanbide motak __ interesatzen zuen] galdetu baino lehen] ?

b. Zein mutil aspertu du [Jonek [zein lanbide motak __ interesatzen zuen] galdegiteak] ?

(30)

Adjunktu irla

a. Zein gizon elkarrizketatu zuen Jonek[[ __ eskertu gabe] alde egin aurretik] ?

b. Zein mutil aspertu du [Miren [__ eskertu gabe] joateak] ?

(31)

DS konplexu irla (erlatibozko perpausa)

a. Zein gizon elkarrizketatu zuen Jonek[normalean [__ galdekatzen duen] kazetaria etorri aitzin] ?

b. Zein mutil aspertu du [normalean [__ galdekatzen duen] kazetaria ez etortzeak] ?

(32)

DS konplexu irla (izenaren osagarria)

a. Zein gizon elkarrizketatu zuen Jonek[[ __ eskertzeko] aukera ona ukan gabe] ?

b. Zein kirolari aspertu du [[kazetariak __ eskertzeko] astirik ez hartzeak] ?

(33)

Subjektu irla7

a. Zein liburu bildu du Jonek [[__ irakurtzeak] Miren aspertu aurretik] ?

b. ?Zein mutil aspertu du [[kazetariak __ ez eskertzeak] arazoak sortu izanak] ?8

51Ohar bat egin behar dut segitu aitzin. Gure emaitzak García Mayo (1993) eta Elordietarenekiko (2000) kontrajarriak dira. Hizkuntzalari hauek euskaraz hutsune bizkarroiak daudela proposatzen dute, irla efektuak sortzen dituztela iradokitzen duten ebidentzian oinarriturik. García Mayok (1993 : 145), gaztelaniazko eta ingelesezko hutsune bizkarroiei buruz egiten duen lanean, euskarazko datu batzuk aipatzen ditu zeharka, eta hauen artean ondoko adibidea ematen du, agramatikaltzat jotzen duena (erlatibozko DS konplexu irla) :

(34)

*Zer artikulu gorde zenituen [[ikasleen buruan __ irakurtzeko] ideia sartu gabe] ?

52Bestalde, Elordietak (2000 : 68 ; (28) adibidea) (35)eko adibidea ematen du, euskaraz irla efektuen menpe diren hutsune bizkarroiak badirela erakusteko.

(35)

 ? ?*Nori idatzi zenion [[__ gomendatu zizun] gizonarekin hitz egin ondoren] ?

53Bi adibide hauetan osagai isila DS konplexu batean da, eta gorago eman adibideetan hutsune bizkarroi egituretan DS-konplexu irla efekturik ez duten adibideak eskaini ditut. Xehetasunetan sartu gabe, iradoki nahi nuke (34) eta (35)ekoa irla efektua ez den zerbait dela, esaldien prozesamenduari lotua segurenik, gorago azpimarratu moduan (ikus ere 7. oin-oharra). Horrela, (34)ko adibidearen kasuan, arazoa hein batean pragmatikoa dela dirudi, eta gertakari sinpleagoa deskribatzen duen perpaus batekin onargarria bilakatzen da :

(36)

Zein artikulu gorde zenuen [[ikasleei __ irakurtzeko] aholkua eman gabe] ?

54Bestalde, (35) erdibiko esaldia (garden path) dela ematen du : nz-sintagmarekin erreferentziakidea litzatekeen kategoria isila ergatibo, absolutibo ala datibo (euskalki batzuetan) gisa interpretatua izan daiteke, esaldiari esanahia esleitzeko lana konplikatzen duena.

55Gurutzatze sendo efekturik ez

Euskarazko hutsune bizkarroi egituren baliokideak ez du gurutzatze sendo efekturik sortzen :

(37)

[Noreni ama]j ikusi duzu [beraki __j ikusi aitzin] ?

(38)

[Noreni ama]j aspertu du [beraki __j ikusteak] ?

56Hots, adibide hauek erakusten dutenez, izenordain erreferentziakide batek espresio isila o-komandatzen badu ere, emaitza gramatikala da, bai adjunktu egituretan bai subjektu egituretan.

57Gurutzatze ahul efekturik ez

Aztertzen dugun egituran, euskaraz, ingelesez bezala (ikus 3. atala), ez da gurutzatze ahul efekturik :

(39)

Nori topatu duzu ti [berei emazteak __i deitu aurretik] ?

(40)

Nori aspertu du [berei emazteak __i deitzeak] ?

58Adjunktuko hutsunea objektu posizioan da, subjektu konplexuan (o-komandatzen ez duen) izenordain erreferentziakide bat badu, baina esaldiak gramatikala izaten segitzen du.

59Espresio isila DS kategoriakoa izan beharra

Hutsune bizkarroi egituretako espresio isilen kategoria DStara mugatua da : adberbio sintagmak (41), adjektibo sintagmak (42), adposizio sintagmak (43) eta erreferentziarik gabeko DSak (44) ezinezkoak dira konfigurazio honetan :

(41)

*Nola prestatu duzu ahatea t [oilaskoa e prestatu ondoren] ?

(42)

*[Zein eri] iduri zuen Jonek t [e sentitu gabe] ?

(43)

*Nortaz gogoratzen zara t [e maitemindua izan gabe] ?

(44)

*[Zenbat aste] pasa ditu Jonek Berlinen t [Londresen e pasatu nahi izan gabe] ?

60Hutsune bizkarroi egituretako espresio isilak, hortaz, erreferentziadun DSak izan behar dira halabeharrez.

61Ondorioak : hutsune bizkarroirik ez, proren hegemonia

Azpiko taulak emaitza lortu berriak biltzen ditu, eta hutsune bizkarroien berezko ezaugarriekin (hots, ingelesezko adibideetan oinarriturik 3. atalean aurkeztutakoekin) parekatzen :

(45)

1. taula. Euskarazko hutsune bizkarroi egituretako espresio isilen ezaugarriak, hutsune bizkarroien (pg) ezaugarriekin parekaturik.

Irla efektua

Gurutzatze sendoa

Gurutzatze ahula

Anti-o-komandoa

A’-mug. beharra

Kategoria mugatua (DS)

Euskara

pg

62Oro har, euskarako adjunktu perpausetako eta subjektu konplexuetako hutsuneek ez dituzte ingelesezko hutsune bizkarroien ezaugarriak. Partekatzen dituzten ezaugarri bakarrak gurutzatze ahulenaren efektua eta kategoria murriztapena dira.

63Zer ondorioztatu behar dugu honetatik ? Euskaraz hutsune bizkarroiak daude ala ez ? Erantzuna ezezkoa dela argudiatu nahi nuke. Hipotesi honen aldeko argudio nagusia (45)eko taulak berak ematen digu : espresio isil hauen ezaugarriak ez dira oro har hutsune bizkarroienak. Baina beste arrazoi bat bada ere : espresio isil hauek hutsune bizkarroi gisara aztertzeari bestelako analisi bat nagusitzen zaio, hala nola, pro motako argumentu isilak direlako hipotesia. Ikus dezagun zergatik den hori. (45)en bildutako datuak norabide interesgarri batean doaz : hutsune bizkarroi egituretako espresio isilek inolako aldagai izaerarik ez dutela iradokitzen dute. Honela, irla efekturik eta gurutzatze sendo efekturik ez sortzeak aldagaiak ez direla erakusten du, eta anti-o-komando baldintzarik eta A’-mugimendu beharrik ez izateak perpaus nagusiko A’-mugimenduarekiko konexiorik ez dela iradokitzen dute, hots, espresio hauek ez direla goiko A’-mugimenduarekiko ’bizkarroiak’. Bestalde, ez dute gurutzatze ahul efekturik ere sortzen, eta DS kategoriara mugatuak dira. Kategoria isilen multzora jotzen badugu (Chomsky & Lasnik 1993), hautagai garden bat aurkituko dugu ezaugarri guzti horiek betetzen dituena : pro. Argumentu isilek, eta beren ageriko baliokideek –izenordainek–, aldagaien jokabiderik ez dutela, gurutzatze efekturik sortzen ez dutela eta D kategoriakoak direla arrunt zabaldutako hipotesia da. Hau da, hutsune bizkarroietako egituretako espresio isila pro dela postulatuz, euskarazko hutsune bizkarroi egituretako espresio isilen ezaugarri guztiak azaltzen ditugu.

64Ohar gainera pro motako argumentu isilak independenteki existitzen direla euskaraz. Zehazkiago, objektuak –hutsune bizkarroiek tipikoki duten funtzio gramatikala– isildu daitezke hizkuntza honetan, bai perpaus jokatuetan (46), bai eta perpaus jokatugabeetan ere (47).

(46)

Jonek liburua/pro irakurri du.

(47)

Nahi duzu [Jonek liburua/pro irakurtzea] ?

65Horrela, hutsune bizkarroi egituretako espresio isilak pro motakoak direla proposatuz, hizkuntza honetako kategoria isilen kopurua handitzea ekiditen dugu. Euskararen gramatikak espresio isil hauen berri emateko aukera modu oso naturalean eskaintzen du beraz.

  • 9  Beste pro-drop hizkuntza batzuk ere aztertuak izan dira hutsune bizkarroiak, hala nola Italiera (C (...)

66Laburbilduz, hutsune bizkarroi egituretan behatu ditugun espresio isilek ez dituzte oro har hutsune bizkarroien ezaugarriak, baina bai bestelako kategoria isil batenak, hala nola pro.9 Hau da, espresio hauen jokabide orotarikoa azaldu dezakegu pro motakoak direlako postulatua onartzen badugu, bestalde ere kontzeptualki ekonomikoa dena.

  • 10  Hipotesi hau enpirikoki frogatzeko, pro baimentzen ez duten egitura sintaktikoak aztertu beharko l (...)

67Bide bat irekirik gelditzen da hala ere, aipatu behar dena. Baliteke hutsune bizkarroiak existitzea euskaraz, baina beren efektuak ’ikusezinak’ izatea, pro motako espresioak egitura berberetan baimenduak direlako. Aukera teoriko hori erabat baztertzea zaila bada ere, argudio orokor bat eman nahi nuke horren kontra : euskaraz hutsune bizkarroirik ez dela aintzat hartuz, gramatika sinpleagoa eta ekonomikoagoa lortzen dugu, abantaila kontzeptuala dena.10

68Honenbestez, hauek guztiak kontuan harturik, proren azterbidea nagusitzen dela ondorioztatuko dut. Hau da beraz ’hutsune bizkarroi konfigurazioa’ izendatu dugun horretan duguna euskaraz :

(48)

[Zein artikulu]i bildu duzu ti[ proi irakurri gabe] ?

  • 11  Takahashi (2006) ondorio berera heltzen da Japonierazko kategoria isilei dagokienez.

69Euskaraz ez da hutsune bizkarroirik, baina bai argumentu isilen baimentze biziki zabala.11

70Azken ohar batekin bururatu nahi nuke atal hau. 2. atalean, argumentu isilen (hots, proren) analisi zehatz bat ontzat hartzen dudala erran dut, espresio isil hauek eliditutako DSak direlako hipotesia. Hutsune bizkarroietako espresio isilak proren multzoan sartzeak, hauek ere eliditutako DStzat ditugula inplikatzen du. Ondorio hau inportantea da, eta horren aldeko ebidentzia independentea aurkeztu nahi nuke.

71Kennedyk (1997) hutsune bizkarroien bazterreko efektu bat aztertzen du : elipsiarekiko elkarreragina. Argi dugu orain (benetako) hutsune bizkarroiek irla efektuak erakusten dituztela (ikus 3. atala). Ohargarria da beraz, hutsune bizkarroia barne duen AS elidituek ez baitute horrelako efekturik sortzen. Konparatu (49), hutsune bizkarroia duena, eta (50), hutsune bizkarroia barruan lukeen ASa eliditua duena :

(49)

*Which article did you read t after Jim asked [who would be willing to summarize pg] ?

(50)

Which article did you read t after Jim asked [who would be willing to _______ ] ?

72Bi adibideetan, who nz-sintagmak irla sortzen du. Horren ondorioz hutsune bizkarroia daraman esaldia agramatikala da, baina AS elipsia daramana ez da hala. Honela bada, Kennedyk proposatzen du (50)ko ASrekin ezabatzen den objektua ez dela hutsune bizkarroia (agramatikaltasuna sortu beharko lukeena), baizik eta izenordaina. Hau da, (50) beheko (51) esaldi gramatikalaren baliokidea da, non AS ezabatua baiten.

(51)

Which article did you read t after Jim asked [who would be willing to read it ] ?

73(50) eta (51)ko esaldien arteko parekotasun honek beste bat ekartzen digu gogora : ikusi dugunez, euskaraz, kasu honekin paraleloak diren irlen barruan agertzen diren argumentu isilek ez dute irla efekturik sortzen :

(52)

Zein artikulu apaleratu duzu t [nork __ irakurri nahi zuen] galdetu ondoren ?

74Beraz, alde batetik (50)ko egitura gramatikala da, izenordaina daraman ingelesezko (51)koa bezala : honek iradokitzen du (52)ko argumentu isila izenordaina izan daitekeela. Beste aldetik, (52) gramatikala da, (50) bezala : honek iradokitzen du (52)n, (50)en bezala, elipsiaren bitartez ezabatutako osagaia dugula, ingelesaren kasuak erakusten digunez elipsia irla baten barnean gerta daitekeelako.

  • 12  Emaitza honek, berriz, argumentu isilen eta hutsune bizkarroien arteko parekotasuna ikusirik, argu (...)

75Bi emaitza hauek bat egiten baldin baditugu, egitura hauetako argumentu isilak eliditutako izenordainak direlako proposamenaren aldeko ebidentzia lortzen dugu.12

5. Hutsune bizkarroien analisi berri baterantz

762. atalean eraman dugun gogoeta ondoko ondoriora heldu da : nz-aztarnen eta argumentu isilen arteko zenbait konbergentzia puntu daude, eta horrek sakoneko maila morfo-fonologiko batean fenomeno bakarra osatzen dutela iradokitzen du. Ondorio hau formalki zehaztu dezagun. Litekeena da ezabatze eragiketa bakarra izatea FFn, osagai sintaktikoak gauzatze fonologikorik gabe uzten dituena. Eragiketa hau baldintzatua da, baina mota desberdineko bi baldintzak (gutienez) posible egiten dute : edo argumentu isila izateko baldintzak betetzen dira, edo nz-mugimendu batek utzitako kopia da.

77Itzul gaitezen orain hutsune bizkarroietara. 4. ataleko ikerketak erakutsi digu euskaraz ez dela hutsune bizkarroirik, eta ingelesez hauek posible egiten dituen konfigurazioa dena, argumentu isilen konfigurazio naturala dela euskaraz.

78Ingelesez, euskaraz ez bezala, objektuak ezin dira isildu. Hots, ezin dira eliditu :

(53)

a. John helped Mary.

b. *John helped pro.

79Horrek erakusten du ingelesez objektuek ez dituztela elipsirako baldintzak betetzen. Euskaraz ez bezala, beraz, ingelesez objektuek DS-elipsiarako baldintza baten bat urratzen dute (ikus Duguine (2014) proposamen baterako).

  • 13  Subjektu egituretan ezin daiteke ageriko objekturik izan hutsune bizkarroiaren tokian:
    (i) a. Which (...)

80Objektuak ezin badira eliditu (53)koaren gisako egituretan, ezin izanen dira eliditu hutsune bizkarroi egituretan ere. Honenbestez, ez dugu printzipioz arrazoirik pro hutsak direla pentsatzeko. Hala ere, prok bezala, hutsune bizkarroiek izenordainen ezaugarriak dituzte. Partikularki, D kategoriara mugatuak dira ((23f) ezaugarria). Gainera, anitzetan ageriko izenordain batek ordeztu ditzake (ikus ere (51) adibidea) :13

(54)

a. What kind of food do you cook t [before you eat pg] ?

b. What kind of food do you cook t [before you eat it] ?

  • 14  Culicoverrek (2001: 29-32) analisi honen alde eman diren bestelako argudio sendo zenbait biltzen d (...)

81Datu hauek Cinque (1990) eta besteen pro-analisiaren bidea hartzea zentzuduna dela iradokitzen dute : nahiz ez diren euskarazko argumentu isilak bezalako baldintzen menpe, hutsune bizkarroiak pro motakoak dira.14

82Baina zeintzuk dira (54b)n izenordainaren isiltzea ahalbidetzen duten ezaugarriak ? Nz-mugimenduan kopia ezabaketa gertatzen delako hipotesitik abiaturik, hutsune bizkarroiak nz-kopia gisa, sasi-A’-kate batean parte hartzeagatik, ezabatzen diren izenordainak direla proposatu nahi nuke. Hau da : eratorpen sintaktikoan argumentu soilak izanik ere, FFn nz-kopien ezaugarriak betetzen dituztelako isiltzen dira hutsune bizkarroiak.

83Azter dezagun pausoka ingelesezko hutsune bizkarroi baten eratorpena litzatekeena –(54a)koa, demagun– azterbide honetan. Eratorpen sintaktikoa bururatzean izenordain bat dago osagarri posizioan ((54b), funtsean). Erran bezala, ingelesaren gramatikan izenordain hori ezin da argumentu isil gisa ezabatu (euskaraz hala litzateke, elipsirako baldintza guztiak betez gero). Haatik, nz-kopia gisa ezabatua izateko baldintzak betetzen dituela postulatu genezake. Nunesek (2004) garatzen duen nz-mugimenduaren analisian oinarrituko dut hipotesia (ikus ere 2. atala). Analisi honetan, kopia ezabaketa nz-kateetan oinarritzen da : Kopiatze + Bat Egite eragiketetatik landa, bi kopiak kate batean biltzen dituen Kate Eraketa operazio bat gertatzen da, eta Ezabaketa honi aplikatzen zaio. Horrela, nz-kopien ezabaketarako baldintzak, hein handi batean, kate eraketarako baldintzak dira.

84Bi osagairen arteko katea sortzeko, ondoko baldintzak bete behar dira :

  • 15  Conditions on Form Chain (Nunes 2004: 91):
    “Two constituents α and β can form the nontrivial chain (...)

(55)

Kate Eraketarako baldintzak (Nunes (2004 : 91) ; egokitua)15

α eta β osagaiek CH = (α, β) katea osatu dezakete baldin eta :

a. α eta β ez badira desberdinak ;

b. α-k β o-komandatzen badu ;

c. α-k Bat Egin duen buruarekin F tasun baten erkaketa gertatzen bada ;

d. ez bada γ osagairik zeina α-tik β baino hurbilago den eta F-ren gisako tasuna duen.

  • 16  Hona arte, hutsune bizkarroien analisia Nunesena (2004) bezalakoa da, honek perpaus nagusiko nz-si (...)

85(54a) hartzen badugu berriz ere, perpaus nagusian what kind of food nz-sintagmaren bi kopia ditugu, bat Espez-C-n eta bestea argumentu gunean. (55)eko baldintza guztiak betetzen dituzte ; honenbestez, kate bat osatu dezakete.16 (ikus Nunesen (2004) azalpen xeheagoa).

86Baina bigarren kate bat ere eratzen dela proposatzen ari naiz hemen, hutsune bizkarroia izanen den izenordaina eta Espez-C-ko nz-sintagmaren artean. Azken hiru baldintzak argiki betetzen dituzte bi osagai hauek. Perpaus nagusiko nz-sintagmak, C buruaren espezifikatzaile posizioan izanik, adjuntu barneko objektua o-komandatzen du. C-rekin nz-tasuna erkatzen du, eta ez dago bien artean nz-tasuna lukeen osagairik (ikus ere Nunes (2004)).

  • 17  “[T]wo lexical items l and l’ selected from a numeration should be marked as distinct for the comp (...)

87Lehen baldintzaren kasua konplexuagoa da hemen, ’desberdintasun’ terminoaren definizioa zehaztea eskatzen baitu. Nunesek (2004 : 22-23), Chomskyri (1995 : 227) jarraiki, nozio hau kopiatze eragiketarekin lotzen du hertsiki : bi osagai sintaktikok Numerazioako item (edo item multzo) bat bera izan behar dute jatorri, desberdinak ez direla kontsideratzeko.17 Eta bi osagai sintaktiko numerazioko item (edo item multzo) bakarretik eratortzeko modu bakarra, kopiatzea da. Bultzatzen ari naizen analisian, hutsune bizkarroiak ez dira nz-sintagmaren kopiak, baizik eta item lexiko (multzo) independenteak. Hortaz, ’desberdintasun’ kontzeptua desberdinki formulatu behar dugu. Hau elipsia eta kopia-ezabaketaren arteko zubia eraikitzen segituz egitea proposatzen dut jarraian. ’Berdina’ izateko modu desberdinak daudela proposatuko dut.

  • 18  Eztabaida dago ea isomorfia sintaktikoa ala (morfo)sintaktikoa izan behar den (ikus adibidez Merch (...)

88Chomskyk (1995 : 227) eta Nunesek (2004 : 165) berek aitortzen dute goiko definizioak Barnekotasunaren Baldintza (Inclusiveness Condition) urratzen duela, kopiatze eragiketak ezin baitu marka berririk utzi kopiatutako elementuetan. Chomsky eta Nunesen definizioa baztertuz, ’(des)berdintasun’ nozioa isomorfia hutsean oinarritu liteke : tasun eta ezaugarri ber-berak dituzten osagaiak ’berdinak’ dira. Hots bi kopiek kate bat osatu dezakete isomorfikoak direlako. Definizio honen alderdi positiboa, elipsirako baldintzekin duen parekotasuna da. Elipsian ere berdintasuna horrela definitzen da : (56)ko ingelesezko adibidean, juntatutako lehen eta bigarren perpauseko ASk isomorfikoak dira, eta hortaz, bigarrena eliditu daiteke (makoen artean) :18

(56)

Mary drank a beer and Jane did <drink a beer>, too.

89Baina isomorfia ez da ’berdintasun’ baldintza betetzeko modu bakarra elipsian. Izan ere, nozio hau konplexua eta anitza da. Har dezagun (57) adibidez :

(57)

Mary saw herself and Jane did <AS >, too.

  • 19  Beste irakurketari (Janek bere burua ikusi du) zabarra deritzo. Ez dut aipatzen, ez baitio deus ek (...)

90(57)k irakurketa bat baino gehiago ditu, eta hauetatik bat Janek Mary ikusi zuen da (irakurketa zurruna).19 Irakurketa hau ez da lortzen ezabatutako osagaia eta aitzindaria isomorfikoa izanik, kasu honetan Uztardura Teoriako A baldintzaren urraketa bat genukeelako (bihurkaria eremu lokaletik kanpo uztartua) :

(58)

*Maryi saw herselfi and Jane did <see herselfi>, too.

91Aipatu irakurketa lortzeko, izenordain edo izen berezi bat postulatu behar dugu ezabatutako ASren barnean (ikus, besteak beste, Fiengo & May 1994, Fox 2000). Honek juntatutako lehen perpauseko objektuak bezalako erreferentzia du :

(59)

Maryi saw herselfi and Jane did <see heri/Maryi>, too.

  • 20  Erreferentzia eta erreferentziakidetasun nozioak zentzu orokorrean hartu behar dira hemen : hersel (...)

92Hots, formalki isomorfikoak ez diren osagai sintaktikoak ezabatu daitezke. Aitzindariak bezalako erreferentzia ukaitearekin ere ’berdintasun’ baldintza betetzen da.20 Gisa berean, argumentu isilak DS-elipsiaren ondorio direla argudiatzerakoan, aitzineko zenbait lanetan erakutsi dut hauek ere berdintasun baldintza anitz berean oinarritzen direla (Duguine 2013, 2014).

93Orain, elipsian bezala, nz-dependentzietan ere ’berdintasuna’ bai isomorfian bai erreferentziakidetasunean oinarritu daitekeela proposatu nahi nuke. Horretarako, (55)en erabiltzen den ’(des)berdintasun’ nozioa ondoko erara zehaztuko dugu :

(60)

α eta β osagaiak berdinak dira baldin eta :

a. isomorfikoak badira, edo

b. erreferentzia balio bera badute.

  • 21  Berriz ere, erreferentziaren kontzeptua hemen adierazitakoa bai konplexuagoa da, hutsune bizkarroi (...)

94Hutsune bizkarroi egituretan bigarren baldintza da betetzen dena. Perpaus nagusiko nz-sintagmak indibiduo bat aurresuposatzen du, eta mendeko perpauseko objektu izenordainak indibiduo horri egiten dio erreferentzia.21 ’Berdinak’ izanik, (55)eko baldintza guztiak betetzen dituzte, eta kate bat osatu ahal izanen dute. Ondotik, Ezabaketa eragiketaren bitartez katearen beheko osagaia ezabatu ahal izanen da ; hots, terminologia estandarrean, izenordaina hutsune bizkarroi bilakatuko da.

95Laburbilduz, hutsune bizkarroien izaera bikoitza azaltzen duen hipotesi bat proposatu dut. Izenordainen ezaugarrietako batzuk dituzte eratorpenean izenordain moduan sartzen direlako, eta aldagaien ezaugarrietako batzuk dituzte aldagai moduan isiltzen direlako, nz-sintagma batekin (sasi)-A’-kate bat sortuz. Zehaztu beharreko zenbait puntu ditu oraino analisiak. Adibidez, hutsune bizkarroien izaera modu aski abstraktuan aipatu dut hemen ; argitzekoa da oraino nola azaltzen den zehazki hutsune bizkarroien (23)ko ezaugarri zerrenda. Gisa berean, hemen ingelesezko hutsune bizkarroiak kasu paradigmatiko gisa erabili baditut ere, jakina da beste hizkuntzetan ezaugarri edo distribuzio desberdinak izan ditzaketela (ikus adibidez Culicover (2001) artikulu bilduma). Hauek hemen proposatu modeloan nola txertatzen diren ikusi beharko da beraz etorkizunean.

96Ohar labur bat egin nahi nuke bururatzeko. Proposamenak zerikusi handia du literaturan aurretik proposatu izan diren azterbide batzuekin, eta partikularki Cinquerenaren (1990) gisakoekin, zeinetan hutsune bizkarroiak A’-uztartuak diren proak direlako ideia garatzen den. Zentzu horretan, lan honek egiten duen ekarpen nagusia kontzeptuala da, eragiketa edo operatzaile berezirik postulatu gabe, hutsune bizkarroien existentzia eta izaera eratorpenaren emaitza natural moduan ikusten baitu. Horrela, hutsune bizkarroien ezaugarri idiosinkratiko nahasiak eratorpen sintaktiko jakin batzuen emaitzak besterik ez dira. Gainera, hutsune bizkarroien fenomenoaz harago, kategoria isilen arteko ezberdintasunak txikitzen dira, eta argumentu isilak eta nz-mugimendua batzen. Gauzak horrela, arrunt sinpletua den isiltasunaren gramatika batean txertatzen da hutsune bizkarroien fenomenoa.

6. Ondorioa

97Argumentu isil eta A’-aztarnei buruzko lan berriek, modu independentean, eite handiko analisiak garatuz, konbergentzia puntu batzuk erakusten dituzte. Hauek abiapuntu, hein batean mota bereko fenomenoak direlako hipotesia aztertu dut lan honetan, hots, mota bereko murriztapenek baldintzatutako FFko ezabaketaren ondorioak direlako hipotesia. Horretarako, ’tartekoa’ dirudien hutsune bizkarroien fenomenoa aztertu dut, argumentu isilen eta A’-aztarnen ezaugarriak biltzen dituen kategoria isil honek aipatu hipotesiaren aztertzeko lehengai hobezina eskaintzen duelako.

98Hutsune bizkarroiak perpaus nagusiko Espez,C-ko nz-sintagmarekin A’-kate bat osaturik ezabatzen diren izenordainak direla proposatu dut. Honek izenordainak (gutienez) bi eratara isil daitezkeela erran nahi du : edo argumentu isil gisa, edo sasi-A’-kopia gisa. Gainera, bi kasuetan ezabaketa baldintzatzen duen ’berdintasun’ murriztapena bat bakarra da : ezabaketaren xede den osagaiak aitzindari bat du (diskurtso mailako aitzindari bat, argumentu isilen kasuan, eta nz-sintagma bat, aztarnen kasuan), eta xedea eta aitzindaria ’berdinak’ izan behar dira, ’berdintasunaren’ definizioa (55)koa izanik.

99Hemen aurkeztutakoa hutsune bizkarroien analisi orokor bateranzko lehen pausua besterik ez da, eta lan anitz egin behar da oraino. Hala ere, bere horretan 2. atalean egin gogoeta bide onean dela iradokitzen du. Proposatu dudan analisian, FFko ezabaketa eragiketa beraren emaitza dira argumentu isilak eta A’-aztarnak, eta gainera (55) argumentu isiletara eta hutsune bizkarroietara ez ezik, A’-aztarnetara ere hedatzen da. Hau da, funtsean hein handi batean argumentu isilak eta aztarnak fenomeno bakarrera murriztu daitezkeela dirudi.

Haut de page

Bibliographie

Alexiadou, Artemis & Elena Anagnostopoulou. 1998. Parametrizing AGR: word order, verb-movement and EPP checking. Natural Language and Linguistic Theory 16. 491-539.

Assman, Anke. 2012. Deriving parasitic gaps by fission and fusion. Proceedings of ConSOLE XIX, 49-75.

Barbosa, Pilar. 1995. Null subjects. Doktorego tesia, MIT.

Browning, Marguerite. 1987. Null operator constructions. Doktorego tesia, MIT.

Chomsky, Noam & Howard Lasnik. 1993. The theory of principles and parameters. In J. Jacobs et al. (arg.), Syntax : An International Handbook of Contemporary Research, vol. 1, 506-569. Berlin : Walter de Gruyter.

Chomsky, Noam. 1981. Lectures on Government and Binding. Dordrecht : Foris.

Chomsky, Noam. 1982. Some concepts and consequences of the theory of Government and Binding. Cambridge, Mass. : MIT Press.

Chomsky, Noam. 1986. Barriers. Cambridge, Mass. : MIT Press.

Chomsky, Noam. 1995. The Minimalist Program. Cambridge, Mass. : MIT Press.

Chung, Sandra. 2013. Syntactic identity in Sluicing: how much and why. Linguistic Inquiry 44. 1-44.

Cinque, Guglielmo. 1990. Types of A’-dependencies. Cambridge, Mass. : MIT Press.

Culicover, Peter & Paul Postal. 2001. Parasitic gaps. Cambridge, Mass. : MIT Press.

Culicover, Peter W. 2001. Parasitic gaps : a history. In Peter Culicover & Paul Postal (arg.), Parasitic gaps, 3-68. Cambridge, Mass. : MIT Press.

Duguine, Maia. 2005. Nz-mugimenduak eta hutsune sintaktikoen zilegiztatzea : ‘hutsune bizkarroi egiturak’ euskaraz. DEAko tesina, Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU.

Duguine, Maia. 2008. Silent arguments without pro: the case of Basque. In T. Biberauer (arg.), The limits of syntactic variation, 311-329. Amsterdam: J. Benjamins.

Duguine, Maia. 2010. Argumentu isilak eta hizkuntz aldakortasuna. Bilbao: Udako Euskal Unibertsitatea.

Duguine, Maia. 2013. Null arguments and cross-linguistic variation : a minimalist analysis of pro-drop. Doktorego tesia, Université de Nantes & Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU.

Duguine, Maia. 2014. Argument ellipsis : a unitary approach to pro-drop. The Linguistic Review 31(3-4). 515-550.

Elordieta, Arantzazu. 2000. Verb movement and constituent permutation in Basque, Doktorego tesia, HIL/Leiden University, LOT Dissertation Series.

Engdahl, Elisabet. 1983. Parasitic gaps. Linguistics and Philosophy 6. 5-34.

Fiengo, Robert & Robert May. 1994. Indices and Identity. Cambridge, Mass. : MIT Press.

Fox, Danny. 2000. Economy and semantic interpretation. Cambridge, Mass. : MIT Press.

Frampton, John. 1990. Parasitic gaps and the theory of wh-chains. Linguistic Inquiry 21. 49-77.

García Mayo, María del Pilar. 1993. On certain null operator constructions in English and Spanish. Doktorego tesia, U. Iowa.

Holmberg, Anders. 2005. Is there a little pro? Evidence from Finnish. Linguistic Inquiry 36. 533-564.

Hornstein, Norbert & Jairo Nunes. 2002. On asymmetries between parasitic gap end across-the-board constructions. Syntax 5(1). 26-54.

Hornstein, Norbert. 1999. Movement and control. Linguistic Inquiry 30. 69-96.

Kayne, Richard. 1983. Connectedness. Linguistic Inquiry 14. 223-250.

Kayne, Richard. 1994. The Antisymmetry of Syntax. Cambridge, Mass.: MIT Press.

Kennedy, Christopher. 1997. VP-deletion and nonparasitic gaps. Linguistic Inquiry 28. 697- 707.

Kim, Soowon. 1999. Sloppy/strict identity, empty objects, and NP ellipsis. Journal of East Asian Linguistics 8. 255-284.

Landa, Alazne. 1995. Conditions on null objects in Basque Spanish and their relation to leísmo and clitic doubling. Doktorego tesia, USC.

Landau, Idan. 1999. Elements of control. Doktorego tesia, MIT.

Lasnik, Howard & Juan Uriagereka. 1988. A Course in GB Syntax. Cambridge, Mass. : MIT Press.

Lasnik, Howard & Tim Stowell. 1991. Weakest Crossover. Linguistic Inquiry 22. 647-686.

Merchant, Jason. 2001. The Syntax of Silence. Oxford : Oxford University Press.

Munn, Alan. 2001. Explaining parasitic gap restrictions. In Peter W. Culicover and Paul M. Postal (arg.), Parasitic gaps, 369-392. Cambridge, Mass.: MIT Press.

Neeleman, Ad & Kriszta Szendrői. 2007. Radical pro-drop and the morphology of pronouns. LinguisticInquiry 38. 671-714.

Nissenbaum, Jonathan W. 2000. Investigations of covert phrase movement. Doktorego tesia, MIT.

Nunes, Jairo. 2004. Linearization of chains and sideward movement. Cambridge, Mass. : MIT Press.

Oku, Satoshi. 1998. A theory of selection and reconstruction in the Minimalist perspective. Doktorego tesia, University of Connecticut.

Ross, John Robert. 1967. Constraints on variables in syntax.Doktorego tesia, MIT.

Saito, Mamoru. 2007. Notes on East Asian argument ellipsis. Language research 43. 203-227.

San Martin, Itziar. 2004. On subordination and the distribution of PRO. Doktorego tesia, University of Maryland.

Stepanov, Arthur. 2001. Cyclic domains in syntactic theory. Doktorego tesia, University of Connecticut.

Takahashi, Daiko. 2006. Apparent parasitic gaps and null arguments in Japanese. Journal of East Asian Linguistics 15. 1-35.

Takahashi, Daiko. 2008. Noun phrase ellipsis. In Shigeru Miyagawa & Mamoru Saito (arg.), The Oxford Handbook of Japanese linguistics, 394-422. Oxford: Oxford University Press.

Taraldsen, Tarald. 1981. The theoretical interpretation of a class of marked extractions. In Adriana Belleti, Luciana Brandi & Luigi Rizzi (arg.), Theory of markedness in generative grammar, 475-516. Pisa :Scuola Normale Superiore.

Williams, Edwin. 1990. The ATB theory of parasitic gaps. The Linguistic Review 6. 265-279.

Haut de page

Notes

1  Artikulu honetako 3. eta 4. atalak ene DEAko tesinatik hartuak eta egokituak dira (Duguine 2005). Myriam Uribe-Etxebarria ene zuzendaria eskertu nahi nuke tesina haren prestaketan eskaini laguntzagatik. Lan hau Eusko Jaurlaritzako HUIS Doktoretza-ondoko Hobekuntza Programako laguntzari eta ondoko proiektuei esker eraman ahal izan da : IT769-13 (Eusko Jaurlaritza), UFI 11/14 HiTeDI (UPV/EHU), FFI2011-29218 (Ministerio de Ciencia e Innovación), La phrase dans la langue basque et les langues voisines : une approche comparative (GECT Eurorégion Aquitaine-Euskadi).

2  Gehiago izan litezke (A-mugimendua dela-eta, etab.), baina hau ez da garrantzizkoa interesatzen gaituenarentzat. Eztabaida sinple mantentzeko, A’- eta A-posizioetako kopiak aipatuko ditut bakarrik.

3  Aztarna eta hutsune bizkarroi terminoak eta t eta pg sinboloak modu deskriptiboan erabiltzen ditut.

4  Orokorpen gehienek mugak dituztela erakutsia izan da literaturan (sintesi baterako, ikus Culicover (2001)). Guretzat (23)ko ezaugarri multzoa aski izanen da, xehetasunetan sartu gabe, fenomenoa euskaraz aztertzeko tresna eskaintzen duen heinean.

5  Bestelako analisiak ere garatu dira. Adibidez, Lasnik & Stowellek (1991) hutsune bizkarroiak epiteto isilak direla argudiatzen dute. Berrikiago, Assmanek (2012) hutsune bizkarroia eta perpaus nagusiko aztarna ’fisio morfologikoak’ ondorioztatutako osagai bakarraren bi parteak direla proposatzen du (Morfologia Banatuko modeloan, atal morfologikoa konputazio sintaktikoaren aitzinetik kokaturik).

6  Euskarazko hutsune bizkarroi egituretako espresio isila zein motakoa den erabaki arte, ’__’ sinboloarekin adieraziko dut. Bestalde, egitura bera, ingelesez hutsune bizkarroiak baimentzen dituenez, “hutsune bizkarroi egitura” izendatuko dut, euskaraz ere egiazki hala ote den definitu arte.

7  Argudiatu izan da subjektuetiko ateraketa posible dela kasu batzuetan (Stepanov 2001). Haatik, ergatiboak diren eta nominalizazio batetik eraikiak diren (33)koen gisakoak irlak dira euskaraz :
(i) *Zer haserretzen zaitu [zure alabak ikasteak] ?

8  Ene informatzaileei (33b) ez zaie (33a) bezain ona iduritzen. Baliteke subjektu menderaketaren errepikapenak edo ergatibo kopuru handiak ondorioztatzen duten prozesamendu arazoa izatea.

9  Beste pro-drop hizkuntza batzuk ere aztertuak izan dira hutsune bizkarroiak, hala nola Italiera (Cinque 1990), katalana (García Mayo 1993) eta gaztelania (García Mayo 1993, Landa 1995). Euskararen kasuan ez bezala, benetako hutsune bizkarroiak direla argudiatu izan da kasu hauetan. Hizkuntza hauen azterketa etorkizunerako langai uzten dut.

10  Hipotesi hau enpirikoki frogatzeko, pro baimentzen ez duten egitura sintaktikoak aztertu beharko lirateke. Juan Uriagerekak (k.p.) kontrol egitura hauetarik bat dela iradokitzen du. Hil-en gisako aditz batek, erabilera iragankorrean, eta kontrol egitura batean sartzen delarik, gauzatutako osagarri baten beharra duela dirudi : zenbait hiztunen arabera (i) ez da (ii) bezain onargarria.
(i) Jon [PRO alkatea/bera hiltzen] saiatu da.
(ii)??Jon [PRO pro hiltzen] saiatu da.
Baliteke ezintasun hori egiturazkoa izatea, hau da, kontrol egiturek ageriko objektuak eskatzea. Honek iragarpen indartsu bat luke : pro onartzen ez duen egitura hau ‘hutsune bizkarroidun konfigurazio’ batean sartzeak euskaraz hutsune bizkarroirik ba ote den erakutsiko liguke. Egitura hauek gramatikalak dira, hiztunek izenordain lexiko baten erabilera nahiago badute ere :
(iii) [Zein langile] i abisatu zenuen t i [nagusia [__ i/berai kanporatzen] saiatu aitzin] ?
Hala ere, hutsunea ez da bizkarroia, ez baita bortxaz perpaus nagusiko nz-sintagmarekin erreferentziakidea. Gainera, osagarria isila izan daiteke perpaus nagusian A’-mugimendurik izan gabe :
(iv) [Nire lankidea]i abisatu nuen [nagusia [__ i kanporatzen] saiatu aitzin].
Kontrol egitura honek ez du beraz euskaraz hutsune bizkarroiak identifikatzeko aukerarik eskaintzen : hauek ere pro motako osagarri isilak baimentzen dituztela ondorioztatu behar dugu.

11  Takahashi (2006) ondorio berera heltzen da Japonierazko kategoria isilei dagokienez.

12  Emaitza honek, berriz, argumentu isilen eta hutsune bizkarroien arteko parekotasuna ikusirik, argumentu isilak oro har eliditutako DSak direlako hipotesia indartzen du.

13  Subjektu egituretan ezin daiteke ageriko objekturik izan hutsune bizkarroiaren tokian:
(i) a. Which boy [did [Mary’s talking to pg] bother most t]?
b.??Which boy [did [Mary’s talking to him] bother most t]?
Engdahlek (1983) argudiatzen duenez, subjektu egituretan izenordain lexikoak gurutzatze efektu bat sortzen du, berez gramatikala litzatekeen esaldia agramatikala bihurtuz. Hutsune bizkarroia izenordaina delako hipotesiarekin, hala ere, (i)n berean gurutzatze efektua sortzea espero genezake. Baina beste azalpen bat ere eman diezaiokegu kontraste honi. Ezaguna da pro-drop hizkuntza zenbaitetan uztartutako aldagaiak diren izenordainak isilak izan behar direla (Montalbetti 1984). Baliteke, hortaz, murriztapen honek sortzea (ia) eta (ib)ren arteko diferentzia.

14  Culicoverrek (2001: 29-32) analisi honen alde eman diren bestelako argudio sendo zenbait biltzen ditu.

15  Conditions on Form Chain (Nunes 2004: 91):
“Two constituents α and β can form the nontrivial chain CH= (α, β) if
a.  α is non-distinct from β;
b.  α c-commands β;
c. there is at least one feature F of α such that F enters into a checking relation with a sublabel of the head of the projection with which α merges and for any such feature F of α, the corresponding feature F of β is accessible to the computational system; and
d. there is no constituent γ such that γ has a feature F’ that is of the same type as the feature F of α, and γ is closer to α than β is.”

16  Hona arte, hutsune bizkarroien analisia Nunesena (2004) bezalakoa da, honek perpaus nagusiko nz-sintagmarekin kate bat osatzen dela argudiatzen baitu. Bi analisien arteko desberdintasuna honetan datza : Nunesek hutsune bizkarroia nz-sintagmaren kopia da, eta ez izenordain soila. Hots, Nunesen proposamena aztarna-analisian oinarritzen de. Bestalde, interesgarria izanik ere, eztabaidagarria den sideward movement eragiketa sintaktikoan oinarritzen da. Nunesen analisiaren eztabaida kritikoa etorkizunerako langai utziko dut, garatzen ari naizen analisiaren aldeko argudiaketara mugatuz oraingoz.

17  “[T]wo lexical items l and l’ selected from a numeration should be marked as distinct for the computational system if they are accessed by distinct applications of Select” (Nunes 2004: 22-23).

18  Eztabaida dago ea isomorfia sintaktikoa ala (morfo)sintaktikoa izan behar den (ikus adibidez Merchant 2001, Chung 2013). Hemen proposatutako kopia ezabaketa modeloa eztabaida honetan nola kokatuko litzatekeen etorkizunean aztertuko dut.

19  Beste irakurketari (Janek bere burua ikusi du) zabarra deritzo. Ez dut aipatzen, ez baitio deus ekartzeko hemen interesatzen gaituenari. Ikus Fiengo & May (1994) eta Fox-ek (2000) ematen duten azalpena.

20  Erreferentzia eta erreferentziakidetasun nozioak zentzu orokorrean hartu behar dira hemen : herself bezalakoanaforek ez dute berezko erreferentziarako gaitasunik, baina deribazio jakin batean erreferentzia balio bat ukan dezakete.

21  Berriz ere, erreferentziaren kontzeptua hemen adierazitakoa bai konplexuagoa da, hutsune bizkarroiek irakurketa funtzionala ukan dezaketelako (Munn 2001). Xehetasun hauek argitzea etorkizunerako langai uzten dut.

Haut de page

Pour citer cet article

Référence papier

Maia Duguine, « Hutsune bizkarroiak eta sasi-A’-kateak »Lapurdum, 17 | 2013, 55-74.

Référence électronique

Maia Duguine, « Hutsune bizkarroiak eta sasi-A’-kateak »Lapurdum [En ligne], 17 | 2013, mis en ligne le 15 novembre 2015, consulté le 04 novembre 2024. URL : http://journals.openedition.org/lapurdum/2411 ; DOI : https://doi.org/10.4000/lapurdum.2411

Haut de page

Auteur

Maia Duguine

University of Cambridge & Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU
maia.duguine@ehu.es

Articles du même auteur

Haut de page

Droits d’auteur

CC-BY-NC-ND-4.0

Le texte seul est utilisable sous licence CC BY-NC-ND 4.0. Les autres éléments (illustrations, fichiers annexes importés) sont « Tous droits réservés », sauf mention contraire.

Haut de page
Rechercher dans OpenEdition Search

Vous allez être redirigé vers OpenEdition Search