1Liburu honetan argitaratzen ditugun euskarazko dokumentuak Julien Sacazek bildu zituen duela mende bat baino gehiago eta Tolosako Bibliotekan utzi zituen, noizbait beste norbaitek argitaratuko zituelako menturan. Beraz, euskarazko testu interesgarri horiek gaur gure eskutan izatea Julien Sacaze eruditoari zor diogu, nahiz Euskal Herrian oso ezaguna ez den.
2Azken urte hauetan egin ditugun lanen ondorioa da dokumentu hauen argitaratzea. Alabaina, badu mende laurden bat Euskararen Herri Hizkeren Atlasgintzan lanean ari garela Euskaltzaindiaren kondu : lantoki edo beharleku hori dela medio, zazpi liburuki atera dira, eta beste bost bederen sortzekoak dira (Euskaltzaindia, 2010a, 2010b, 2011, 2012, 2013, 2014,2016). Hats handiko lan horrek Euskal Herri osoa hartzen baldin badu ere, erran nahi baita eremuaren aldetik 145 herritako mintzatzeko manera biltzen dituela mugaz haraindian eta honaindian, eta iturrien aldetik bere datuak jendeen ahotik izaten baldin baditu eta ez idatzirik emanik, Julien Sacazek, bere eran eta bere denboran bildu zuena ez dezakegu ahatik gutiets. Osterantzean, iduritzen zaigu idatzizko testu hori balio handikoa dela, Iparraldeko mintzairen ezagutzeko guziz aberatsa. Hori erakutsi zuten Bourciez irakasleak bildu dokumentuek, gauza bera erakutsiko bide dute Julien Sacazek bildu dokumentuek.
3Bi dokumento horiek baliatu nahi izan ditugu ; beraz, eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasaz kanpo eta haren osagarri gisa, Bourciezen eta Sacazeren dokumentuen prestatzen ibili gara. Lehenik, Jacques Allières gure maisuaren ildoaren ondotik, Bordeleko Bibliotekan lo zegoen Bourciez fondoa erabili dugu eta hiru liburutan argitaratu (Aurrekoetxea & Videgain 2004, Aurrekoetxea, Videgain & Iglesias 2007, 2008). Dokumentu horiek 1895koak ziren. Bainan Julien Sacazek beste horrenbeste egin zuen zortzi urte lehenago eta bere inkesta handiaren bilduma 1887ean Tolosako herri-bibliotekan utzi zuen. Altxor handia da, dudarik gabe.
4Sacazeren bizitzari buruz Florence Galli-Dupuis-ek egin duen artikulua baliatzen dugu ondoko lerroetan (Galli-Dupuis, http://www.garae.fr).
5Saint-Gaudens-en sortu zen Julien-Etienne-Léopold Sacaze 1847ko iraileko 24an. Goizik hil zen, 1889ko azaroaren 20an, 42 urte zituelarik. Zalu ibili zen bere bizian, gauza anitz eginez eta bultzatuz bere ofizioan nola gustukoak zituen jakitate-alorretan.
6Familiaz Luchon inguruan erroak bazituen, Castillon-de-Larboust herrian. Ikasle ona izanik, 16 urterekin batxilergoa bazuen iraganik eta Zuzenbidea ikasten hasi zen Tolosako Unibersitatean. Abokat gisa goizik hasi zen lanean bere sorterrian 1872an. 1877an Gabrielle Sapène anderearekin ezkondu zen. Emaztearen familia Luchonekoa zen eta ontsa aberatsa : ofizioz kanpoko ikerketa zientifikoan denbora ematea errazago izan zitzaion Julien Sacazeri. Eta ez zuen denbora hori galdu.
7Bere ofizioan karguak goizik hartu baldin bazituen ere, lagunek izendatu baitzuten abokaten “bâtonnier”, hiru alorretan egin zuen lan bestalde Julien Sacazek, bere ofiziotik kanpo : arkeologian, epigrafian eta hizkuntzalaritzan. 1889an tanpez hil zen lan franko bastan utzirik baina beste lan anitz jadanik zohiturik emanak.
8Epigrafian eta hizkuntzalaritzan lan egin aitzin, arkeologia izan zen Julien Sacazek landu zuen lehen alorra. Indusketa franko egin zituen Edouard Piette arkeologoarekin eta gauza interesgarriak deskubritu zituzten, hala nola harrespil batzuk Espiauko mendian, bere askaziko Castillon-de-Larboust inguruan, edo eta Lannemezaneko ordokian tumuli batzuk eta Garin herrian galo erromatar hilerria, besteak beste.
9Arkeologian erauntsirik, epigrafia ere landu zuen gehiago, 1880an Italian bere emaztearekin egin zuen bidaiaren ondotik. Ordukotz, epigrafia zientzia berria zen. Lehenik han-hemenka harrietan grabatuak ziren testuak irakurri eta argitaratu zituen, hala nola L‘épigraphie de Luchon eta Les anciens dieux des Pyrénées. Ikertu zituen harri eta testu guzien bilduma ez zuen argitaraturik ikusi, ezen bera hil ondotik argitaratu baitzen Les inscriptions antiques des Pyrénées, 1892an ; Lebègue irakasleak antolatu zuen liburuaren arkitektura, Sacazeren norabideak jarraikiz. Gaur ere, Luchaireren lanekin batera, eta Joakin Gorrotxategik egin dituen lanen aintzindari eta ezin utzizko erreferentzia da liburu hori.
10Egungo egunean patrimonio immateriala aipatzen da. Ez zen horrela deitzen Julien Sacazeren garaian baina berak hizkuntzak eta herri-jakintza ez zituen baztertu : horren lekuko da gure argitalpena. Ondotikako lanik egiteko astirik ez zuen izan Sacazek eta harritzeko da ikustea zenbat lan egin zuen bizitza laburra izanik ere.
11Abokat eta ikerlari izateaz gain, bultzatzaile izan zen kultur alorrean Julien Sacaze. Revue du Comminges deitu agerkaria berak sortu zuen 1884an Saint-Gaudens-en. 1887an, parte hartu zuen Tolosako nazioarteko erakusketan, Pirinio inguruetako hizkuntzen tokia berak segurtatuz. Tolosan ere, 1888an, Association Pyrénéenne sortu zuen, Armand de Quatrefages eruditoa lehendakari zela, eta bera zuzendari. Batasun berri honen organo gisa sortu zuen La Revue des Pyrénées et de la France méridionale deitu hiruhilabetekaria. Lan monografiko batean ikertu behar liteke garai hartan nola hasten diren Okzitaniako eta Piriniotako intelektual batzuk beren eskakizunak adierazten.
12Epigrafiari lotu zitzaiolarik hizkuntzalaritza ere ikertu behar izan zuen Sacazek. Gure garaian, dudarik gabe, J. Gorrotxategik eramaten dituen lanei esker (Gorrotxategi, 1984, 2008), askoz hobeki ezagutzen ditugu Akitaniako lurretan euskarak zituen ezaugarriak. Baina zedarri ona da Sacazeren liburua (Sacaze 1892). Euskara bera ez baldin bazen ere Julien Sacazeren arrangura nagusia, eta euskara ez baldin bazekien ere, bildu eta iruzkindu testuetan euskararen pizua agertu zitzaion. Adibide gisa aipa genezake Harbelex hitzaren kasua. Hitz hori behin baino gehiagotan deskubritzu zuen harrietan idatzirik. Lehen lana izan zuen harrietan grabatua zegoena irakurtzea –laburdurak barne- eta gero itzultzea.
1. Sacaze 1892 : 258
13Horra harri honetan irakur ditekeen testua : Baeserte deo, Harbelex Harsi F(ilius), V(otum), S(olvis), L(ibens), M(erito)
14Euskarazko itzulpen gisa hauxe proposatzen dugu : « Eta Baeserte jainkoari, Harbelex Harsus-en semeak, zuzen den eskerronez, boto bat kunplitu zaiolako ».
2. Sacaze 1982 : 431
15Beste harri batean, Aherbelste hitza berriz ageri da : aher hitzak ‘bouc’, ‘aker’ erran nahi lukeela eta belste hitzak ‘noir’, ‘beltz’ adierazten duela dio Julien Sacazek, aitzineko lanak bere eginez. Alabaina, Luchairen eta Desjardins-en ondotik aher hitzak badu ‘indubitablement une physionomie ibéro-euskarienne’. Gehitzen du, bestalde, Aherbelste izan behar dela ibar edo mendi pertsonifikatu baten izena.
16Beude adibide labur hauek Julien Sacazeren zorroztasunaren lekuko eta aipa dezagun argitaratzen dugun liburu honen oinarria den inkesta handia.
17Lekuko hizkuntzen lekukotasunen biltzeko Julien Sacazek egin zuen inkesta handia. Estakuru edo aitzakia gisa, Okzitaniako Tolosan egin behar zen Erakusketa Nazional handia baliatu zuen Julien Sacazek bertako hizkuntzen hobeki ezagutarazteko. Erakusketa honek sail anitz bazeukan, baina bereziki laborantza, industria eta arteak. Sacazek sustaturik, erabaki zuten antolatzaileek beste sail berezi bat irekia izanen zela Pirinioak gaitzat harturik. Sail horrentzat Julien Sacazek Enquête de linguistique et de toponymie des Pyrénées, erran nahi baita Pirinioetako hizkuntza eta toponimiazko inkesta deitu beharleku handi baten muntatzea bere gain hartu zuela. Erakusketa Tolosan ireki zen 1887ko maiatzeko 15etik urriko 15a arte. Han Sacazeren lanari nolako tokia eman zioten ez dugu barnatu baina badakigu ekai anitz bildu zuela horretarako.
18Bourciez Unibertsitateko irakaslea baino goiztiarrago izan zen Julien Sacaze. 1895koa da Bourciezek bildu fondoa, eta 8 urtez lehenagokoa Sacazerena, 1887koa baita. Sacaze molde horretako inkesta handi baten asmoa izan zuena lehena izan zen gure lurraldeetan bederen. Bera herriz herriz ibili gabe, -lan ezinegina baitzen muga onez egitekotan- pentsatu zuen herri bakoitzetik testu bat edo biga eginaraztea herriko errientari. Orduan herri bakoitzak bazuen bere eskola bere errientarekin (iduriz ez zen oraindik errientsarik). Bertako mintzairen lekukotasuna biltzeko, denbora hartako errienten laguntza eskatzea asmatu zuen eta bilketaren antolaketa bere gain hartu. Bestela erranez, frantsesa hedatzeko eta indartzeko ordainduak ziren gobernamenduko mutilak erabili zituen Sacazek lekuan lekuko mintzairaz lekukotasuna igor ziezaioten.
19Julien Sacazek igorri zuen gutunaren testua ondoko orrialdeetan ematen dugu. Gutuna Frantses estatuko zortzi departamenduko errient guziei igorri zien. Ondoko departamenduak izan ziren hunkituak : parentesien artean hiri zenbaiten izenak gehitzen ditugu ustez irakurlea lagunduko duten : Pyrénées-Orientales (Perpinyà), Aude (Carcassonne), Ariège (Foix), Haute- Garonne (Tolosa, Saint-Gaudens, Luchon), Gers (Auch), Hautes-Pyrénées (Tarbes, Lourdes), Basses-Pyrénées (gaurko Pyrénées-Atlantiques departamenduaren orduko izena) eta Landes departamenduak (Akize). Ikusten den bezala, eremu zabala zen, bi itsasoak hunkitzen dituena Kataluniatik Euskal Herriraino eta Pirinio mendilerroa iparraldetik bederen osoki hartzen duena.
20Errient bakoitzari bi lan mota egitea proposatu zion Sacazek : lehenik bi testuren itzultzea herriko mintzairara eta gero toponimiari buruzko herriko izenak ematea (eta ahalaz mapa bat obratzea). Itzultzeko bi testuak horiek ziren, frantsesez emanak : lehenak « La légende de Barbazan » zuen titulua eta besteak « La légende de Tantugou ». Toponimiaren aldetik, herri bakoitzeko leku izenak bildu behar zituen errientak, lekuko mintzairan emanik eta toponimo bakoitza nolabait frantsesera itzuliz, hots gehienetan hitzaren motibazioaren arabera. Azkenik errientak herriko mapa egin behar zuen.
21Harrigarri baldin bada ere, errient gehien-gehienek lana kunplitu zuten. Aski bertute eta larderia izan zuen Sacazek errienten baitan kasik zilorik gabeko bilketa erdiesteko. Ondorioz, 14500 orrialdetako dokumentu lodia bildu zuen. Errientek igorri bertsio guziak ordenatu zituen departamenduka, arrondizamenduka, kantonamenduka eta herrika. 1887ko azaroaren 3an Tolosako Herri-bibliotekan utzi zituen bertsio guziak, 35 liburuki marduletan bildurik. Geroztik han dago inkesta horrek eskaintzen duen altxorra eta han dugu ustiatu.
22Dokumentua Tolosan kontsultatu dugu, eskuizkribuen fondoan, 1110-1144 kodepean. Osoki mikrofilmatua izan da eta mikrofilmekin lan egin dugu. Baina ezin irakurrizkoak ziren orrialdeak baitzeuden, eskuizkribuak berak ere zuzenki erabiltzeko zortea izan dugu herri batzuetako testuak kopiatzeko Tolosan berean : konfidantza erakutsi diguten Tolosako Bibliotekako arduradunei eskerrak bihurtzen dizkiegu, bereziki kontserbatzaile buru den Jocelyne Deschaux andereari.
23Pariseko Artxibo Nazionaleko Zentro historikoak (CHAN) Sacazeren fondoaren kopia badauka, eta 289 MI 1-27 kodepean dago. Baina haren beharrik ez dugu izan, Tolosatik atera gabe burutu baitugu lana.
24Horra zer dioen katalogoaren fitxategiak Tolosako Bibliotekan : 1110-1144. Sacaze (Julien), Recueil de linguistique et de toponymie des Pyrénées, 1887. Au t.I, f°1, note ms. : “Ce recueil a été déposé à la bibliothèque par M. J. Sacaze, le promoteur et le directeur de l’œuvre. Elle comprend 34 volumes ; 1 vol. complémentaire. Le 3 novembre 1887.” Cartes en couleur et en noir.
25Beste liburukiak Okzitania eta Katalunia hunkitzen baldin badute osoki, euskarazko dokumentuak lehenbiziko bi liburukietan daude bildurik. Baina beste euskarazko testu bat, herri berezi baten izena ekartzen ez duena, Zuberoan bildua izan da eta 1144. dokumentua da. Patalagoity (Zuberoko deitura, itxura guzien arabera) deitutako norbaitek firmatzen du eta beste testuekin batera bertsio hori ere argitaratzen dugu.
26Horra Sacaze funtsa nola antolatua den bere 35 liburukietan (frantsesez dator fitxategi guzia).
1110. T.I Département des Basses-Pyrénées, arrt. de Bayonne, 50ff. 1111. T.II Basses-Pyrénées, arrt. de Mauléon, 452ff.
1112. T. III Basses-Pyrénées, arrt. d’Oloron, 346ff. 1113. T. IV Basses-Pyrénées, arrt. d’Orthez, 589ff.
1114. T. V Basses-Pyrénées, arrt. de Pau (section I), 458ff. 1115. T. VI Basses-Pyrénées, arrt. de Pau (section II), 318ff. 1116. T. VII Département des Landes, arrt. de Dax, 471ff. 1117. T. VIII Landes, arrt. de Saint-Sever, 458ff.
1118. T. IX Landes, arrt. de Mont-de-Marsan, 516ff.
1119. T. X Hautes-Pyrénées, arrt. de Tarbes (section I), 406ff. 1120. T. XI Hautes-Pyrénées, arrt. de Tarbes (section II), 398ff. 1121. T. XII Hautes-Pyrénées, arrt. d’Argelès, 381ff.
1122. T. XIII Hautes-Pyrénées, arrt. de Bagnères-de-Bigorre (section I), 465ff. 1123. T. XIV Hautes-Pyrénées, arrt. de Bagnères-de-Bigorre (section II), 432ff. 1124. T. XV Gers, arrt. de Condom, 347ff.
1125. T. XVI Gers, arrt. de Lectoure, 325ff. 1126. T. XVII Gers, arrt. de Mirande, 610ff. 1127. T. XVIII Gers, arrt. d’Auch, 362ff.
1128. T. XIX Gers, arrt. de Lombez, 292ff.
1129. T. XX Haute-Garonne, arrt. de Saint-Gaudens (section I), 472ff. 1130. T. XXI Haute-Garonne, arrt. de Saint-Gaudens (section II), 491ff. 1131. T. XXII Haute-Garonne, arrt. de Muret, 531ff.
1132. T. XXIII Haute-Garonne, arrt. de Toulouse, 548ff.
1133. T. XXIV Haute-Garonne, arrt. de Villefranche-de-Lauragais, 384ff. 1134. T. XXV Ariège, arrt. de Saint-Girons, 485ff.
1135. T. XXVI Ariège, arrt. de Foix, 561ff. Falta dira Luzenac (f° 177), Pech (f° 178), Celles (f° 232), Alliat (f° 431) et Goulier-Olbier (f°528) deitu herriei dagozkien notiziak.
1136. T. XXVII Ariège, arrt. de Pamiers, 475ff. Madière (f° 300) herriari dagokion notizia falta da.
1137. T. XXVIII Aude, arrt. de Limoux, 658ff. 1138. T. XXIX Aude, arrt. de Castelnaudary, 303ff.
1139. T. XXX Aude, arrt. de Carcassonne, 586ff.
1140. T. XXXI Aude, arrt. de Narbonne, 292ff. Albas (f° 31), Jonquières (f° 57), Cornilhac (f° 150), Montseret (f° 187), Bages (f° 205) deitu herriei dagozkien notiziak falta dira.
1141. T. XXXII Pyrénées-Orientales, arrt. de Perpignan, 375ff. 1142. T. XXXIII Pyrénées-Orientales, arrt. de Prades, 439ff.
1143. T. XXXIV Pyrénées-Orientales, arrt. de Ceret, 205ff.
1144. T. XXXV Volume complémentaire renfermant les notices suivantes, 184ff :
Ariège : Foix, La Bastide-de-Serou, Lavelanet, Loubières, Pamiers, Uchentein. Aude : Axat, Castelnaudary, Jonquières, Montseret, Rabanet, Rennes-les-Bains. Aveyron : Rieupeyroux, Villefranche-de-Rouergue.
Garonne (Haute) : Aigrefeuille, Aspet, Cazaux-de-Larboust, Cier-de-Rivière, Cierp, Labarthe-Inard, Lasserre, Montesquieu-Volvestre, Muret, Portet d’Aspet, Roquefort, Saint-Gaudens, Saint-Plancard, Saleich, Saux-Pomarède, Toulouse.
Gers : Castelnau-sur-l’Auvignon, Cazaubon, Condom.
Landes : Saint-Sever.
Pyrénées (Basses-) : Arette, Conchez, Lescar, Monmour, Orthez, Salies-de-Béarn, Soule (pays de) [hemen dago Patalagoity deituak eman bertsioa, gorago aipatzen dena].
Pyrénées (Hautes-) : La Barthe-de-Neste, Tarbes, Tibiran-Jaunac.
Pyrénées-Orientales : Perpignan.
Tarn-et-Garonne : Montauban, Parisot.
F° 183 : carte des idiomes pyrénéens d’après Luchaire.
27Bourciez erakasleak Haur prodigoaren parabola hautatu baldin bazuen ere (Ebanjeliotik hartu bertsio aldatua), errientek itzul zezaten, Sacazek haren aitzinetik beste molde batez jokatu zuen. Lotura egin zuen nolabait epigrafiari esker ezagutzen zuenaren eta herri-jakintzari esker ezagutzen zuenaren artean.
28Berak errientei igorritako bi testuak bi narrazio dira. Batak kondatzen du nola laku handi bat formatu zen Barbazan inguruan, herriko jende soraioak gaztigatzeko. Besteak Tantugu gizaki mitologikoa aipatzen du.
29Lehenbiziko testua luzeagoa da bigarrena baino. Ipuin bat edo leienda edo mito bat kondatzen du. Herri batean bi bidaiari ilunabarrean gertatzen dira. Ostatu nahi lukete. Lekuko aberatsetan inork ez ditu lagundu nahi. Azkenean herri bazterrean bizi diren bi agure zaharrek duten guzia eskaintzen diete gaua beren etxean iragan dezaten. Orduan bi bidaiariak nor diren agertzen da : Jesu Kristo eta Petiri. Jesu Kristok aterpetu dituen jende onak eskertzen ditu eta herriko aberatsak madarikatzen. Bi bidaiariak desagertzen dira. Biharamunean agureak herrira badoaz eta herria desagertu dela ikusten dute : hura zen tokian, laku bat baizik ez dago. Lekua Barbazan aldean dago.
30Gure ustez, Sacazek berridatzi zuen ezagutzen zuen ipuina, fenomeno linguistiko batzuk hautatuz, itzulpenaren aldetik nola tratatuak izanen diren ikertzeko asmoz. Guk mapak eginen ditugu bigarren eta hirugarren liburukietan testuak eskaintzen dituen objetu linguistiko horien arabera. Baina testuaren mamia Sacazek ez zuen guziz asmatu. Mito horrek erro luzeak ditu denboraren barna eta eremuaren arabera Pirinioetan ongi finkatua dela badakigu.
31Diakroniaren arabera, testuan irakurleak ezagutuko du Virgilio idazleak kontatu zuen Philemon eta Baucis agure zaharren mitoa. Jesu Kristo eta Petiri gabe, Zeus eta Hermes jainkoak agertzen zaizkie laguntza beharretan. Jainkoek bi zaharrak salbatzen dituzte mendira igorriz eta bizi ziren herriko jende berekoiak itoak gertatzen dira dilubio baten bitartez. Ikusten den bezala, gaztiguaren motiboa garbia da. Karitatearen kontra jokatzeak gaztigua dakar.
32Euskal Herrian ere ezaguna da egite handiko historioa Biarritzen. Gaur erdaraz “La Négresse” (euskaraz Harausta/Harrausta dauka izena) deitu auzoan badago laku bat arrazoi bertsuaz sortua izan omen zena. Karitateaz gain, jainkoekilako errespetu falta gaztigatua da, hala nola sakreka, erran nahi baita jainkoen kontra mintzatzen den gizakia gaztigatua da. Guhauk ere, tesia-lanetan edo Euskararen Herri Hizkeren Atlasean ondoko narrazio-mota bildu dugu Urdiñarben, han baitago Estaintzia deitu laku ttipi bat. Claude Dendaletxek frantsesez eman zuen jadanik mito horren berri (Dendaletche 1970). Guk euskaraz ematen dugun bertsioaren arabera bazegoen Etxekortia olan artzain bat oso gogorra auzoentzat eta beti sakreka ari zena. Ola desagertu zen eta haren ordez laku bat sortu -gaztigu gisa Sacazeren testuan bezala-. Urte oroz ekaineko 24an entzuten omen dira artzaina sakreka, bere hora txanpaz eta bere ardiak marrakaz. Bestalde, laku horrek ez omen du zolarik. Horra testu zati bat :
33Lekukoak : Bai hurpilat galdü zen behi bat eta gio arra-elkhi zen hur axalilat eta khanpoat atheatü.
34Inkestaegileak : Eta arramaiatzian zer da entzuten dena ?
35Lekukoak : Eta zera, han olha bat suntsitü zela, hori düzü lejanda, [ekaineko 24ean], han artzañ hua, artzañhoa zanpaz, artzaña hüxtüz eta ardiak marrakaz entzüten zirela, elhia badüzü. Nik ez dit entzün, ihue eztit ezagützen entzün dianik, hala elhia düzü, lejanda.
36Inkestaegileak : Eta puniturik hola ?
37Lekukoak : Bai eta nik entzün düdana izan direla horren iseazalik eta eztakit zumat ehün metrako hariak eta plomü bat phüntan ezariik, eta bethi behiti thiatzen ziela, etziela bazterrik atzaman, zolarik atzaman, gio hala denetz (Videgain 1989 : 673) ?
38Urleku arriskutsuak badaudela beste narrazio batzuetan bildu genuen Oztibarre inguruan. Adibidez, Ibarlan Laminosine lekua famatua da, alde batetik Nafarroatik jin gari ahotza (gari-bihi inguruan den geruza mehea) aurtikitzen baitu bere sasoian eta merkatutik landa etorritako gizon mozkorrak irensten baititu. Bunuzen eta Larzabalen artean Osin Makhur deitu ziloan ere gizonak eta idiak galdu dira ; Gameren ere, Iroiko putzuan (Videgain, 1989 : 678-684).
39Sacazek Barbazaneko historioa ezagutzen bide zuen jadanik Du Mège arkeologoak 1860an publikatu zuelakotz antz handiko narrazioa. P. Saintyves etnografoak mota honetako narrazioen aurkezpena egin zuen, zeinetan behin eta berriz agertzen baita gaztiguaren kontzeptua : urak berak, eta bereziki lakuak gizonkiak gaztigatzeko ahala erakusten dute, uholdea, idortea edo euritea ekarriz. Ondorioz, laku bat agertzen ahal da, edo eta desagertzen, nola den. Adibidez, Lheou edo Lhèu herrixkan, Bagnères-de-Bigorre inguruan Jainkoak Lheou deitu lakua sortzen du, hango unaia eskertzen duela eta beste auzo tzarrak itotzen dituela (Cordier 1867 : 22-23 in Saintyves 1935 : 40). Lourdes herri famatuan ipuin bertsua bildu zuen Cordier-ek eta han gauaz entzuten omen ziren urperatu izan zen lehengo denboretako Lourdeseko elizaren ezkilak (Cordier 1867 : 3 in Saintyves 1935 : 33-34). Artousten ere bildua izan da historio bera (Laborde 1860). Euskal Herrian ere Saintyves ethnografoen arabera oso ezaguna zen historioa bainan ematen duen R.C. Jouveren bertsioa ez da lokalizatua (R.C. Jouve 1901 : 103-105 in Saintyves 1935 : 48-49).
40Datu horiek aski dira Sacazeren hautua haztatzeko. Itzuli beharra zen lehenbiziko testua errientei eta herriko jendeei ez zitzaiela guziz arrotz izanen pentsa zezakeen.
41Bigarren testuaz den bezainbatean, epigrafiari esker bazekien Silva(no) deitu Jainkoa Pirinioetan bazegoela eta etnologiari esker bazekien Tantugou deitutako pertsonaia Pirinioetan ezagutzen zela. Bi pertsonaiek ororen buru izate berdintsua osatzen zutela pentsatzen zuen.
3. Silva izena erakusten duen harria (Sacaze 1892 : 195)
42Alabaina horra zer ekartzen duen Inscriptions antiques des Pyrénées liburuan, 125. kapituluan. Epigrafiaren aldetik Silva(no) jainkoa aipatzen duen testu baten marrazkia ematen du liburuan. Harri baten gainean egina da marrazkia eta harria Saint-Bertrand de Comminges inguruan atzeman bide izan zen aldare baten goiko partean (Agos bilduman, Sacaze, 1892 : 195- 196). Sacazek eranskin bat ematen du liburuan, erranez Silvain jainkoa mendietan, Pirinioetan edireiten dela. Cerquanden arabera, Taraxis jainko galikoa pertsonaia bera da. Aragoin Silvan pertsonaia ere ezaguna da, egite handikoa dena. Pirinioetako “Tantugou” jainkoaren tokia hartu bide zuen Silvanus jainkoak. Aitzinatean Virgilioren lumatik ezaguna da Senex Silvanus, etorki pelagikoa omen zena eta babeslekutzat oihana zeukana. Jainko basa eta ohil omen zen, Horridi dumeta Silvani, Horazioren hitzetan, mugak zaintzen omen zituen baina jende pobreak babesten ere zituen. Jainko handitzat (Sanctissimus, Augustus, Lar agrestis custos tutelaris, coelestis) nahi zuten hartu haren jarraikitzale anitzek. Sacazeren arabera, Silvanus ez zen sekula jainko handi izan, lurrean egon behar baitzen zeruko kortean sartzeko eskubiderik gabe. Baina bigarren mailako Silvanus bezalako jainkoen alderako kultoak luzaz iraun omen zuen laborarien artean eta Sacazek pentsatu izan zuen mitologiazko jende horren inguruan testu bat egitea eta errientei itzularaztea. Eta hortik dator gure bigarren testua.
43Erran gabe doa ikerketa antropologiko batek erraz erakuts lezakeela Tantugou pertsonaia ez dela guztiz arrotz Irati inguruan dabilen Basajaunarekin. Sacazeren testuan Tantugou ez da gaiztoa, uztak zaintzen ditu eta ohoinak baizik ez dira haren beldur. Aldiz, azken erranaldian aipatzen da haurren zentzatzeko haren izena aipatzen dutela aitamek. Eta beste bertsio batzuetan (Basajaunaren ipuinetan ere) badakigu Tantugou haurjale eta jendejale bilakatu dela.
44Julien Sacazek Tantugouri buruz egin inkesta batez artikulu bat idatzi zuen Revue du Comminges agerkarian 1887an. Dioenaren arabera, Jurvielleko Sahous deitu andere batek Tantugou ikusi omen zuen hiru egunez Trésesehouesko oihanean eta harekin mintzatu omen zen. Gouaux herrian, erran zioten Sansuc deitu artzain bat lokartu zela ardien ondoan eta iratzartzearekin Tantugou ikusi zuela ihes egiten oihanera buruz. Gure liburuan irakurleak ikusiko du gauza bera aipatzen duela errientek itzuli behar zuten testuan.
4. Barbazaneko lakua
45Bi testuak itzuli zituzten errientak ez ziren hizkuntzetan ez linguistikan adituak. Ez eta ere lagundu zituzketen herritarrek. Halere, balio handiko dokumentuak direla pentsatzen dugu, nahiz alderdi ahulak badituztela onartzekoa den.
46Dokumentu horien puntu ahulak ezagunak dira. Bourciez erakasleak bildu zituen dokumentuetan deitoratu genituenak (Aurrekoetxea & Videgain 2004) hemen ere ageri dira. Baina gure ustez dokumentuei baliorik ez diote osoki kentzen ahulezia horiek.
47Bi testuak itzulpenak dira, lehena nola bigarrena. Gorago erran bezala, Bourciez dokumentuetan, ebanjeliotik hartutako haur prodigoaren parabolaren testu ondua behar zuten errientek itzuli. Sacazeren kasuan, zerbait gaizki egin duten jendeen gaztigu gisa desagertzen eta galtzen den lekuaren mitoaren bertsioa itzuli behar zuten lehenik eta Tantugou, Pirinioetako pertsonaia mitologikoari buruzko testua itzuli behar zuten ere. Itzultzeak berak nolako artefaktoak ekartzen dituen ezaguna da. Baina ezaguna da ere itzulpenaren bitartez erdietsi testuetan oinarrituz dialektologiazko lan andana bat egin dela. Mugak ekartzen ditu itzulpen izateak baina baliogaberik testuak direla ez daiteke erran.
48Errient anitzek postuan zeuden herriko mintzaira ez zuten ezagutzen. Edo euskaldun izanik, askotan beste nonbaiteko euskara zuten sort-hizkuntza, ez postan zireneko herrikoa hain zuzen, edo eta erdaldunak izanik, frankotan Biarnoko okzitaniera ezagutzen zuten. Uste izateko da frantsesa baizik ez zekitenak ere bazirela errienten artean. Herriko euskaldunen laguntza nolabait baliatu zuten beren lana bururatzeko. Kasu batzuetan, itzulpenaren egitera lagundu zituzten herritarren izenak ematen dituzte errientek beren dokumentuan. Egia da aldiz Sacazeri igortzen zioten lana errientek berek noraino kontrolatzen zuten ez dakigula. Baina beti ere berek firmatzen dute igorritako bertsioa.
49Herriko mintzairaren miraila ez izateko arriskua badago testu guzietan. Erran nahi baita errient batek bere lana egiten ahal zuela bere herriko euskara sakatuz edo eta beste errient baten lana kopiatuz axolarik gabe. Bourciez dokumentuetan, konparazione, ikusi genuen Bunuzeko errientak berak egin itzulpena eman ziola Hoztako errientari. Sacazeren dokumentuetan ez dugu oraino halakorik atzeman.
50Baliatzen ditugun bertsioak testu idatziak dira, erran nahi baita ez direla ahoz bilduak izan. Grafia oso nahasia da eta orduko garaian zaila zen transkripzio fonetikoa baliatzea. Egia da alfabeto fonetiko onik ez zegoela orduko bere eskutan. Ez zuen ezagutzen ahal 1887an hain zuzen Revue des patois gallo-romans agerkarian Rousselot apaizak publikatu zuen alfabetoa. Baina alfabetoaren beharra ikusi zuen Sacazek.
51Askotan errientek erabiltzen zuten euskarazko ortografian frantsesezko grafiak eragin handia bazuela nabari da. Bainan, Iparraldean bederen, euskal literaturan ari ziren idazleek menpekotasun hartatik ez ziren libratzen. Egia da ere prosodia ez daitekeela ikertu idatzitako testuan. Hala eta guztiz ere, sistemaren soinuen inbentarioa egiten ahal da guti edo aski : adibidez, [y] bokal hertsia askotan non dagoen ikus daiteke baina ez zubereraz erabiltzen diren txistukari ozenak (gaurko ortografiak ere ez ditu kontuan hartzen). Guri da ikustea zenbateraino fidagarri diren testu hauek.
52Aitzitik, abantailak ere badauzka Sacaze fondoak. Lehenik sarea oso tinko eta usu da ; herri bakoitzetik bertsio bat bildua izanik gutitan agertzen da datu linguistiko “bitxi” edo sinesgaitza. Egia erran, Sacazek berak bazekien bildu zuen lana ez zela notarik ez orbainik gabekoa. Horrela mintzo zen bere lanaz : par sa nature même, et surtout à cause du grand nombre de collaborateurs appelés de toutes parts et sans préparation à y concourir, ce vaste recueil est loin d’être parfait ; mais il rendra sûrement des services aux linguistes, aux ethnographes, aux géographes qui le consulteront.
53Hots horrela dio : bere izakeraren berarengatik eta oroz gainetik formakuntza bihirik gabe eta nontiknahi ari izan diren lankideen kopuru handiarengatik, bilduma zabal hori ez da berregina, urrundik ere : baina segurki, kontsultatuko duten hizkuntzalariek, etnografoek eta geografoek lagungarri izanen dute (Revue des Pyrénées, 1889 : 400). Eta hala dela uste dugu.
54Urrunago horrela dio : Ce recueil manuscrit, conservé dans la Bibliothèque publique de la ville de Toulouse, forme trente-cinq volumes in-4°. Il a été composé, en 1887, par MM. les instituteurs et par quelques collaborateurs bénévoles, à l’Exposition internationale de Toulouse. Nous en avons extrait les spécimens que nous publions aujourd’hui, et, s’il y a lieu, nous continuerons de puiser à cette source, avec réserve, d’ailleurs. La partie relative à la toponymie de chacune des communes des départements pyrénéens contient souvent des indications précieuses ; nous en ferons notre profit. Quant aux traductions, il en est plusieurs de bonnes, plusieurs aussi de médiocres. Il existe, dans les idiomes du Midi, une infinité de sons que le français ne possède pas, et, pour rendre ces sons, on n’a pas établi un système unique de transcription. En tenant compte des nombreuses difficultés d’une telle œuvre, exécutée en un mois, sous notre seule direction, dans trois mille quatre cent cinquante communes, le travail paraît assez satisfaisant ; son utilité deviendra de plus en plus grande, Nous en avons extrait les spécimens que nous publions aujourd’hui, et, s’il y a lieu, nous continuerons de puiser à cette source, avec réserve, d’ailleurs., au fur et à mesure que nos vieux idiomes, battus en brèche par la langue française, iront s’altèrant et se perdant, et que les noms de lieux se corrompront eux-mêmes au point de ne plus avoir leur signification première (...) ».
55Bilduma hartatik espezimen batzu idoki ditugu, gaur argitaratu ditugunak eta beharrez iturri hartatik edanez jarraituko dugu, baina kasu eginez. Pirenioetako herri bakoitzari buruzko toponimiari dagokion parteak informazio preziatua ematen du eta hartaz probetxu aterako dugu. Itzulpenez den bezenbatean, badaude onak direnak, badira ere entrebalekoak direnak. Hegoaldeko [Frantses estatuko hegoaldeaz ari da] hizkeretan badago soinu andana bat frantsesez ezagutzen ez direnak eta soinu berri horien berri emateko transkribapen sistema bakarra ez da egina izan. Ohartzen bagara trabak eta oztopoak zein diren halako lan baten egiteko ilabete batez, guk bakarrik zuzendua delarik, hiru mila ta larrehun berrogoi herritan, obra aski atsegingarri da. Haren balioa handituz joanen da, gure mintzaira zaharrak, frantses hizkuntzak buru egin eta, bestelakotuz eta galduz joanen diren heinean, eta leku-izenak hirotuko eta ustelduko diren heinean, non eta beren lehenbiziko errannahia ez baitute engoitik izanen.
56Beraz, Sacaze ez zen oso baikor Pirinioetako hizkuntzen geroari buruz eta bere lana salbamendu operazio gisa ikusten zuen. Euskararen kasuan bestalde, berak ez nehork ere ez zezakeen asma euskarak izanen zuen aldaketa bikoitza, bata erdaren indartzea eta bestea, euskara batuaren hedapena.
57Okzitaniako Tolosa hiriko liburutegian aurkitzen da eskuizkribua. Eskuizkribu hau bi euskarritan gordetzen da : jatorrizko eskuizkribua (paperean) eta mikrofitxetan. Edozein ikertzailek bezala lehen hurbilketan material mikrofitxatua izan genuen eskura ; hala bideratzen dute langile prestuek hurbiltzen den ikertzailea. Mikrofitxetako material guztia paperetara pasatu zen lehenik. Lehen kopia honetan sortu ziren jada lehen arazoak : mikrofitxa askotako informazioa ez zen irakurgarri. Harreman desberdinen bidez arazoari irtenbide egokia aurkitu zitzaion eta azkenean lortu zen testu guztiak modu irakurgarrian eskuratzea.
58Behin dokumentu guztiak eskuetan, testuok makinatzeari ekin zitzaion. Lan nekagarria, luzea, baina ezinbestekoa ondorengo urratsak eman ahal izateko. Behar zuen denbora eman zitzaion lanari, lehenik testuak joz, ondoren zuzenketak eta berzuzenketak eginez, ohiko moldean, harik eta testu zuzenduak dokumentu digitalera irauli arte.
59Hurrengo urratsa testutik corpus egituratu batera pasatzea izan zen. Horretarako tresna berezia sortzea deliberatu genuen. Bagenuen esperientzia Bourciez corpusa sortzean bildua eta urrats hau egiteko bide zuzenago eta ziurragoa lortu nahiz, erabaki genuen tresna berri bat sortzea. Tresna hau “CorpusLem” (Aurrekoetxea 2011) izenarekin sortu genuen (http:// aholab.ehu.es/CorpusLem/login.html). Edonorentzat erabilgarri ezarri den tresna honen bidez herrietako bi ipuinetako hitzak isolatu (hitzak banatzeko edo bi hitz lotzeko aukerak ere ematen ditu tresnak) eta alfabetikoki ezartzea lortzen da. Ondoren ikertzaileak badu hitzak zuzentzeko edo aldatzeko aukera, hitzen lemak ezartzeko eta programa informatikoetan diren lanabesak erabiltzeko (3. ir.). Corpuslem-en output-a testuetako hiztegia da, baina formatoari dagokionez, datu-base baten egituran biltzen du ikertzaileak. Hiztegi horren egituraketa ikertzaileak erabakitzen du, aukeran duelarik lemen araberako eraketa. Hitzekin egin bezala, aditzekin ere berdintsu joka lezake eta adiztegia eskuratuko du aditz guztiak bereizi ondoren.
5. CorpusLem-eko lan-pantaila
60CorpusLem tresnak testu zaharretan agertzen diren hitz mozketak molde berrietan ezartzeko edo molde berrien irizpideekin “irakurtzeko” baliabideak ezartzeko malgutasuna erakusten du. Halarik, lau barne-erregela multzo biltzen ditu :
a) Baliokidea deitu araua : molde ortografiko desberdinez idatzita dauden hitzak kidetzat har ditzan balio du arau honek. Adibidez, “harazi$” (hots “harazi” formarekin hasten diren hitz guztiak “arazi” formarekin hasten direnekin bildu behar ditu. Honelako 56 arau bildu dira proiektu honetan. Ikertzaileak behar dituen beste arau eman diezazkioke tresnari (ikus 4. ir.).
b) Bukaera araua (ikus 2. irud) : Sacaze testuetan hitzen eta atzizkien arteko lotura ez da testu modernoetan bezala gauzatzen maiz. Batzuetan atzizkitzat ditugunak eta beraz egun hitzari lotuta idazten ditugunak testu hauetan ez dira beti hala idazten. Hori dela eta sortu da arau bilduma hau ; bere bidez bereiz idatzita agertzen diren atzizkiak aurrean duten hitzari lotuta daudela ulertu behar du sistemak. Honelako 23 arau ezarri dira Sacaze testuetarako.
c) Bildu araua : badira bereiz idazten diren baina batasun bat duten esamoldeak eta bestealde bereiz idaz daitezkeen hitz elkartuak. Horietako pare bat aipatzearren : badugu batetik ‘harik eta’ esamoldea testuan gehienetan agnic eta bezala agertzen dena. Arau hau gabe tresnak bi hitz bezala hartuko lituzke ; hori gerta ez dadin sortu da arau hau. Beste kasu bat aipatzearren ‘aitaso-amaso’ hitz elkartuaren eta antzekoen kasua dugu ; testuetan beste grafia batzuen artean aitasso eta amassouak bereiz idatzita ere agertzen dira. Horrelakoetan “aitasso- amassouak” dela ulertu behar du tresnak eta hori dela eta sortu da araua. Mota honetako 26 arau erabili dira ikerketa honetan.
6. CorpusLem-en barne-erregelak
d) Banatu araua : gaurko ohitura grafikoetan bananduta idazten diren baina testuotan lotuta agertzen diren hitzak behar bezala ulertzeko eta aztertzeko sortu dira arau hauek. Honelako kasuen artean dago nahisan, hots ‘nahi izan’ : tresnak hitz hau “nahi izan” bezala aztertzeko ezarri da araua. Banatzeko 17 arau erabili dira lan honetan.
61Horrela aztertua izan den testuaren hitzak eta gailu gramatikalak (adizkiak) modu egoki batean bilduak izan dira eta errazago bihurtzen du ondorengo lana.
62Hitzen aldaerak elkarrekin bildu izan ondoren aldaera horien arteko lema eraiki da. Lema izanen da lexikoi edo hiztegiaren sarrera. Kasu honetan ez garenez lan lexikografikoa hutsean ari aldaera geolinguistikoak biltzen dituzten testuen azterketan baizik, lemak sortzean kontuan izan da azken hau.
63Ikerketa-lanen azken urratsa lema bakoitzari dagokion frantses ordaina ezartzea izan da. Kasu honetan frantses hitza aukeratzean jatorrizko testua izan da gida : han agertzen diren hitzei eman zaie lehentasuna. Baina, edonola ere, badira jatorrizko testuko hitzekin ordezkatze-zailtasunak ere.
64Gaur eskaintzen dugun liburuak ez du Sacazeren dokumentua agortzen. Euskarazko testuetan agertzen diren objetu linguistikoak mapen bitartez ezarriko ditugu publikoaren eskutan ahal bezain laster.