Navigation – Plan du site

AccueilNuméros19Articles - ArtikuluakLexikoa sortzeko bideak Igorreko ...

Articles - Artikuluak

Lexikoa sortzeko bideak Igorreko hizkeran

Aitor Iglesias Chaves
p. 325-338

Résumé

Lan honen helburua Igorreko hizkerak lexikoa sortzeko dauzkan bideak aztertzea da. Ahozko corpus batetik abiatuta mailegutza, elkarketa eta eratorpena analizatzen dira. Euskara estandarrean onartu ez, baina ahozko jardunean erabiltzen diren berben kopurua emateaz gain, kategorien analisien eta jasaten dituzten aldaketa fonetikoen berri ere ematen da. Halaber, hizkera honetan gauzatzen diren elkarketak aztertzen dira. Eta azkenik, eratorpena egiteko moduak : atzizkiak, artizkiak eta aurrizkiak.

Haut de page

Entrées d’index

Thèmes :

linguistique
Haut de page

Texte intégral

1. Sarrera

1Artikulu honetan Igorreko hizkerak lexikoa sortzeko duen bideaz jardungo dugu : mailegutzaz, elkarketaz eta eratorpenaz. Mailegutza euskara estandarraren ikuspuntutik aztertuko dugu zehaztuz zer nolako hitzak erabiltzen diren ahozko hizkeran, estandarrean erabiltzen ez direnak. Halaber, hizkera honetan zer elkarketa eta eratorpen mota gauzatzen diren ikusiko ditugu.

2Lana lau zatitan banatuta aurkezten dugu. Sarreraren ostean corpusa eta metodologia aurkeztuko ditugu, hirugarren atalean datuen analisia, laugarrenean ondorioak, eta azkenik, bibliografia.

2. Corpusa eta metodologia

3Azterketa honetan gure tesia (Iglesias, 2014) egiteko sortu dugun corpus bera erabili dugu. Gure corpusaren oinarria elkarrizketa libreak izan dira, hauek bat-batekoak izan dira eta erregistro informal batean lortuak. Elkarrizketetan, batez ere, gizakiaren bizimoduaren gaineko informazioa ematen duten testuak jorratu ditugu (Gaminde, 2001). Audioetan jasotako corpus zati handi batekin transkripzioak egin ditugu, guztira 176 orrialde eta 66041 hitz dituen Openoffice writer dokumentu bat sortu dugu. Transkripzio guztietan agertzen den lexikoa Simple Concordance Program 4.09 programarekin zerrendatu dugu. Zerrenda hau zutabe bitan aurkezten da (Iglesias, 2014 : 419-445) : lehenengoan Igorren batutako ahozko formaren transkripzioa, Aurrekoetxeak (1997) eman zituen transkripzio-arauei jarraituz, agertzen da eta bigarrenean, aldiz, forma estandarra izango dugu. Horrela, 3092 sarrera dauzkan lexikoia aurkezten da.

4Corpus honekin Igorreko hizkeran lexikoa sortzeko hiru bide aztertu ditugu : mailegutza, elkarketa eta eratorpena.

  • 1 On-line dauden hiztegiak erabili ditut. Bilaketak 2014ko irailean egin dira.
  • 2 Miren Azkarate, “Flexioa eta hitz eraketa”, Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.es/seg

5Mailegutza zentzu hertsi batean baino ez dugu aztertuko. Artikulu honetan corpusean jasotako eta euskara estandarreko euskal hiztegietan agertzen ez diren maileguak izango ditugu aztergai. Horretarako, euskara estandarrean gehien erabiltzen diren bi hiztegiak1 erabili ditugu : 5000 adorez hiztegia eta Elhuyar Hiztegia. Hauetan agertzen ez diren hitzez arituko gara. Morfologiari dagokionez, hitzen barneko egitura aztertuko dugu. Honetarako hiru bide bereizten dira : elkarketa (konposizioa ere deitua), eratorpena (deribazioa ere deitua), eta jokadura (flexioa ere deitua). Artikulu honetan elkarketa eta eratorpenari buruz arituko gara ; hau da, morfologia lexikoari buruz. Morfologia lexikoak hitz berriak nola sortzen diren aztertzen du, eta flexio-morfologiak, aldiz, hitz baten aldaera desberdinak. Esan bezala, morfologia lexikoak hitzak nola sortzen diren aztertzen du, hitz eratorriak (morfema beregain bati erator-hizki bat erantsirik sortzen ditugunak) eta hitz elkartuak (bi morfema beregain elkartuaz sortzen direnak) ditu aztergai (Azkarate2). Horregatik, erator-hizkiak eta flexiohizkiak bereizi behar ditugu, azken hauek azterketa honetatik kanpo utziz.

3. Datuen analisia

3.1. Mailegutza

  • 3 Igorren jasotako corpus osoa aurki dezakegu hiztegi honetan.

6Dialektologia lanetan gutxitan aztertu da mailegutza. Herri hizkeren azterketan ohikoa da hiztegitxo bat aurkitzea liburuaren amaieran (Ormaetxea, 2006 ; Makazaga, 2009…). Bestalde, hiztegitxo hauetaz gain, hainbat lan topa ditzakegu herri edo eskualde batzuen hiztegiekin (Kamino & Salaberri, 2007 ; Gilisasti, 2003 ; Basauri & Sarasua, 2003 ; Elexpuru, 2005, Ibarra, 2007...) eta geurera etorrita, Arratiako berbategia daukagu (Larrea & Rekalde, 20103).

7Gure azterketan ahozko hizkera eta estandarraren artean mailegutzan dauden ezberdintasunak aurkeztu nahi ditugu. Horretarako, gure corpusa, Elhuyar eta Adorez 5000 hiztegiekin alderatu dugu. Aldaera fonetikoak alde batera utzita, gure corpusean jasotako 3092 hitzetatik 377 ez dira aipatutako hiztegietan agertzen. Honek esan nahi du Igorreko ahozko hizkeran erabiltzen diren hitzen %12,22 ez dagoela onartuta euskara estandarrean. Kopuru nahiko handia da kontuan hartuta hiztegi hauek, batez ere Adorez 5000k, hainbat sarrera dauzkatela euskarazko beste forma bat hobesteko : tio, tia, beterinario, enfermera, entrebista, inmortal, labadora, moskito, tortola, txintxe... Hauek, esate baterako, ez daude %12,22 honen barruan.

8Euskara estandarrean aurkitzen ez diren berba hauek kategoriaren arabera sailkatzen baditugu honako ehunekoetan dauzkagu :

Izenak

 %65,7

Adjektiboak

 %15,60

Aditzak

 %13,22

Adberbioak

 %2,64

Interjekzioak

 %2,11

Juntagailuak

 %0,52

Esapideak

 %0,52

Aditz lokuzioak

 %0,26

1. grafikoa : estandarrean aurkitzen ez diren hitzak zenbaki osoetan

9Kopuruek argi erakusten dutenez, izen eta adjektiboak dira gehien erabiltzen diren maileguak, ostean aditzak eta, azkenik, beste kategoria guztiak diferentzia handiz. Dena den, ez gara kopuruetan lotu behar, hauek analizatu behar dira irudi okerrik ez emateko. Honelako neurketak aspaldikoak dira hizkuntzalaritzan (Whitney, 1881 ; Haugen, 1953 ; Singh, 1982 ; Muysken, 1981…), eta hauek hierarkia ezberdinak eman dituzte, beraz, ezinezkoa da hierarkia zehaztea bakarrik zenbaketa baten bitartez. Zenbaketa maileguen arrazoiaren hipotesia izan behar da (Appel & Muysken, 1987 :256)

(1)

“For all these reasons it is not possible to establish hierarchies of borrowing simply by counting elements in a corpus or, worse yet, a dictionary (as we suspect many researchers have done). It is better to think of them as hypotheses that can help us understand the process of lexical borrowing rather than as clear empirical results.” (Appel & Muysken, 1987 : 171)

10Appel & Muyskek (1987) aipatzen duten moduan, adjektiboak, izenak eta aditzak errazago mailegatzen dira artikuluak, izenordainak eta lokailuak baino, izan ere, lehenengoek kultura edukiekin lotura handiagoa dute.

(2)

“What could be the basis for these hypotheses, or, alternatively : how can we explain hierarchies of borrowing, like the ones given above ? The most important explanation of course lies in the reasons for borrowing, of which the most important one is to extend the referential function of a language, as was noted in the previous section. Since reference is established primarily through nouns, these are the elements borrowed most easily. More generally, content words (adjectives, nouns, verbs) will be borrowed more easily than function words (articles, pronouns, conjunctions) since the former have a clear link to cultural content and the latter do not.” (Appel & Muysken, 1987 :171)

11Jatorrizko hizkuntzari dagokionez, esan behar da, 378 hitz hauek guztiak gaztelaniatik hartutako maileguak direla nahiz eta batzuetan, bere jatorrian beste hizkuntza batean izan. Ez dugu gehiago sakonduko jatorriaren auzian lan honen asmoa ez baita analisi diakroniko bat egitea eta zehaztea hitz hauek gaztelaniatik, erromantzetik edo latinetik mailegatu diren ; sinkroniaz ari bagara, aipatu behar da hitz hauek guztiak gaurko gaztelaniaz erabiltzen direla.

12Honen harira, azpimarratu behar da gaztelaniak erakusten duen genero bereizketa mantentzen dela mailegatzean. Horrela, soltera, alta, estupenda, sensilla, pendeja, baja, maestrillo... moduko hitzetan generoa ere mailegatzen da.

13Hauek dira aipatutako maileguek jasan dituzten bilakaera fonetikoak :

  • 1) Orokorrean gaztelaniazko z > s bihurtzen da : kosine, kosinera, afisiño, eletrisiste, sierbo, bautisu, sensilla... baina batzuetan salbuespenak batu izan ditugu : bazio, dizienbre, kreziente eta prezisamente ; [ۏ] ahoskatuta.

  • 2) Amaierako -ion > -iño : afisiño, elesiño, eskursiño, esplosiño, estensiño.

  • 3) Orokorrean amaierako -on > -oi : folmoi, moskoi, gabiloi, pitxoi, salmoi, sinturoi, arkoi. Baina adibide pare baten ez : bakon eta borron.

  • 4) -kC- / -pC- > -C- : elesiño, eletrisiste, setienbre, pratikante...

  • 5) -xC- > -sC- : esplosiño, eskursiño, estensiño...

  • 6) [ x]-ren ahoskera mantentzen da : maja, maju, jarra, joder, junio, jureu, jilgero...

  • 7) Ez dago despalatalizaziorik, ñ eta ll mantentzen dira : koño, trilladora, orkille, martillo, peña, seña, amarillo...

  • 8) Orokorrean f-a mantentzen da : fogoneru, figureu, fleko, flojo... Baina adibide bakar baten p agertzen zaigu : polmoi ; eta baita f- aldaerarekin : folmoi.

  • 9) Hasierako dardarkariari batzuetan ez zaio bokal epentetikorik txertatzen : radio, rapido, rastrillo, rodapies, rodillo, rutinario... eta beste batzuetan bai : errabañu, erranure, errebolbidu, erredondo, errefujio, errekorridu...

  • 10) Erdal partizipioa -ado > -eu : abanseu, engantxeu, erremangeu, jureu, lutxeu, mostreu, ubikeu...

  • 11) Batzuetan amaierako -o > -u bihurtzen da : adornu, atrasu, bautisu, berdaderu, errabañu, errekorridu, gondoleru, kuartillu, letxeru... Baina beste batzuetan ez : amarillo, anillo, atraso, errefujio, grumo, kalbo, fielato, estorbo, korto, koño, kuartillo, letxero...

  • 12) Beheko bokalaren asimilazioa a > e / i, u ___ batzuetan betetzen da : barberie, eletrisiste, errerie, sestille, sortije, kanpanille, kosine, kutxille, mandibule, marike... eta beste batzuetan ez : sensilla, agila, barilla, media, medida, semilla, sidra, trilladora...

14Adibideetan ikusten den legez, arau batzuk ehuneko ehunean betetzen diren arren (10, 2, 4, 5, 6, 7), beste batzuk, ordea, hautazkoak dira mailegu hauetan (1, 3, 9, 11, 12). Beraz, arau batzuk indartsuagoak dira eta errazago aplikatzen dira beste batzuk baino.

3.2. Elkarketa

15Elkarketari buruz egindako lanetan bereziki aipatzekoak dira Azkue (1923), Villasante (1974), Azkarate (1987 eta 1990), Azkarate eta Altuna (2001), Euskaltzaindia (1987a, 1987b, 1991, 1992, 1993 eta 2014) eta Martínez (2003), besteak beste. Dialektologiari dagokionez, esan behar da atal hau oso gutxitan izan dela jorratua ; Ormaetxea (2006) da bakarrenetakoa eta beste lan batzuetan gainetik aztertua (Makazaga, 2009, Erdozia, 2001) baino ez zaigu agertzen.

16Gure azterketarako Euskaltzaindiak (1987a) ematen duen sailkapena erabili dugu, Igorreko hizkeran zein izen elkartu, izenondo elkartu, aditz elkartu eta adberbio elkartu eratzen diren sailkatuz.

17Hitz elkartuak bi morfema askez osatuak daude : bi morfema horiek lotzen direnean, beste izen bat, beste izenondo bat edo aditz elkartu bat sortzen da.

3.2.1. Izen elkartuak

18Izen elkartuak multzo bitan sailkatuko ditugu : izen elkartu arruntak eta izen elkartu bereziak.

3.2.1.1. Izen elkartu arruntak

19Izen elkartu arruntak lau motatakoak izan daitezke EGLU-Ien (394 or.) arabera. Hizkera honetan aldiz, hiru mota baino ez daude ; aditzoinaz edota izenkiaz osaturiko izen elkarturik ez dago.

  • a) Bi izen bakunez osaturiko izen elkartuak : ardi-errebañue, esne-beye, abarka-kordelak, gari-urune, nebarrebak, artotxorie, basotxarrie, basobeye...

    • 4 Billaroztarrei esateko erabiltzen den izena.
    • 5 Igorreztarrei esateko erabiltzen den izena.

    b) Izena + izenondoaz osaturiko izen elkartuak : aitebitxi, amabitxi, udebarrie, gabonak, fraka-suriek4, lur-arine5, mutilsarra, neskasarra

    • 6 Adibide hau baino ez dut batu : luse-sabala gure bosu yakin.

    c) Izenondo + izenondoz osaturiko izen elkartuak : luse-sabal.6

3.2.1.2. Izen elkartu bereziak

20Izen elkartu bereziak lau motatakoak izan daitezke :

  • a) Izen berezi + izen arrunt : Jose-arraño, Tomas-busterri, Juan-txistu...

    • 7 Gehienetan, zentzu peioratiboa daukanez, Juan izena ipini dut benetako izenaren ordez.

    b) Izen berezi + izenondo7 : Juan-makurre, Juan-moskor, Juan-potolo, Juan-txikerra...

  • c) Izen arrunt + izen berezi : osaba Lusiano, ixiko Mari, amama Isabel, aitite Jesus...

  • d) Izen berezi + izen berezi : Urkusu-Garakoi, Gesala-Baseuntz...

3.2.2. Izenondo elkartuak

21Izenondo elkartuak mota bikoak izan daitezke hizkera honetan :

  • a) Izen + izenondo : buruandie, belarrimotza, ankabiorra, begilusea...

  • b) Izenondo + izenondo : suri-gorriek, suri-baltza...

22EGLU-Ien (402 or.) berriz, hizkera honetan gauzatzen ez diren beste izenondo elkartu bi agertzen dira : aditzoin + izenondo eta aditzoin + garri.

3.2.3. Aditz elkartuak

23Honela dakar EGLU I-k 403. orrialdean :

(3)

“Bi motatakoak ditugu hauek. Alde batetik etsi edo eritzi (gaur egungo euskaran iharturik geratu dira, neurri handi batean) hartzen dutenak osagaitzat eta, bestetik, izen+aditz-ez osaturikoak :

a) alferretsi, alfer eritzi, onetsi, oneritzi, gaitzetsi, gaitzeritzi, goretsi, gutietsi, miretsi ...

b) odolustu, itxuraldatu, antzaldatu, esku-etendu, bihotz aldatu, gurutziltzatu, indar behartu, eraberritu, gainbegiratu (ez dira asko euskaraz)...”

24Igorreko hizkeran ez dugu antzeko adibiderik topatu. Beraz, esan dezakegu ez dagoela aditz elkarturik.

3.3. Eratorpena

25Euskarako eratorbideaz egin diren lanen artean bereziki aipatzekoak dira Ühlenbeck (1909), Azkue (1923), Villasante (1974), Lafitte (1944), de Rijk (1991), Mitxelena (1986) eta Eguzkitza (1997), besteak beste. Lan hauetaz gain, hainbat autorek atzizki batzuei buruzko artikuluak ere idatzi dituzte. Adibidez, Artiagoitiak (1995 eta 2002) -garri eta -(t)ar atzizkiei buruz, Makazagak (1999) -kiko-ri buruz, Fernández et al.-k (2010) –le/-tzaile-ri buruz, Azkarate & Altunak (1992) -ko eta -dun-ari buruz, Oyharçabalek (2003) -kor-ri buruz, Saizarrek (2004) -ari-ri buruz…

26Dialektologian eratorpena elkarketa baino gehiago landu da. Egile askok atzizkien zerrendak eta sailkapenak ematen dituzte (Erdozia, 2001 ; Montoya, 2002 ; Epelde, 2004 ; Makazaga, 2009 ; Ormaetxea, 2006…) ; beste batzuek ostera, atzizki bakar batzuei buruzko azterketak (Apalauza, 2010), eta liburuoetakoez gain, artikuluren bat edo beste ere aurki dezakegu (Salaberri & Kamino, 2001) herri hizkeretako hitz eratorpenari buruz. Euskara eratorpena egiteko aurrizki, artizki eta atzizkiez baliatzen da.

3.3.1. Aurrizkiak

27Azkuek (1923), Villasantek (1974) eta Amurizak (1974) ohartu zuten moduan, oso gutxi dira euskaran erabiltzen diren euskal jatorrizko aurrizkiak. “Son escasos los de nuestra lengua, y es posible que antiguamente no tuviese ninguno” (Azkue 1923 : 42).

28Igorreko hizkeran euskal jatorrizko aurrizki bi baino ez dugu topatu ber- eta es-. Ber- atzizkiak izena du oinarri eta « bigarren aldiz lortzen dena » da adiera orokorra. Zenbakietan baino ez dugu topatu : berreun, berrogei...

29Es- atzizkiak « ukapena/eza » adierazten du. Topatu den adibide bakarrean izen batekin erabiltzen da : eseseun.

30Adibideetan ikusten denez, aurrizki hauek, gutxi izateaz gain, ihartuta daude, eta gaur egungo hizkeran ez dira emankorrak.

31Erdal aurrizkien gainean esan behar da erdal hitza bere osotasunean mailegatzen dela eta hortaz, hauek ezin ditugu atzizkitzat hartu, lexikalizatutako hitzak dira. Hona hemen jasotako hainbat adibide :

  • Des- : desangreu, desaparesidu, desorienteu, despatxeu, deskanseu…

  • Ante- : anteoju, antioju…

  • In: inkreible, inmortal…

  • Pos- : posgerra…

  • Re- : errebajeu, errebolbidu, errepaseu…

  • Sub- : subterraneo

32Des- eta re- aurrizkien gainean, Irigoyenek (1979 : 245) esaten du euskarak aurrizki greko-latino hauek hartu dituela bere sistemaren barruan dauden elementuak gehituz, hibridoak sortuz. Gure adibideen artean berriz, ez dugu horrelako adibiderik jaso ; re- atzizkiak bere egokitzapen fonetikoa hartu du, erre-, baina besterik ez. Pérez Gaztelurentzat (2009), erdal aurrizkiari eutsita bide bi daude erdal aurrizkiak mailegatzeko : erdal hitza mailegatzea eta hibrido bat sortzea : erdal aurrizkia + euskal oinarria. Gure kasuan lehenengo aukera da gertatzen dena.

33Adibide hauek guztiak aztertuta, esan dezakegu Igorreko hizkerako hitz-eratorpenean ez dela aurrizkirik erabiltzen. Aurki ditzakegun aurrizkiak ihartuak daude edo erdal hitza lexikalizatuta mailegatzen da ; beraz, ez dira emankorrak.

3.3.2. Artizkiak

  • 8 Batuaz eragin.

34Hizkera honetako hitz-eratorpenean ez dago artizkirik. Egia da hizkera honetan -ra- artizkia topatzen dugula : erakutzi, erabili, irakatzi, erein8, irebasi..., baina Villasantek (1974) esan zuen moduan, ihartuta dago eta ez da emankorra.

35(5) “Por la misma razón de que se trata de un infijo fósil, que ya no es productivo, no parece procedente recurrir a él para formaciones nuevas.” (Villasante, 1974 : 56)

3.3.3. Atzizkiak

36Atzizkien sailkapena egiteko kategoria aldaketari erreparatuko diogu. Kategoria jakin bateko erro bati atzizkia eransteak beste kategoriako hitza sor dezake. Horrela, aurkezten dugun atzizkien sailkapena sortzen duten hitz berriaren araberakoa da : izenak, izenondoak, aditzak eta aditzondoak. Azkenik, hitzaren kategoria aldatzen ez dituen atzizkiak aurkeztuko ditugu : handigarriak eta txikigarriak. Euskarari buruzko dialektologia lanetan Makazaga (2009) da honelako sailkapena egin duen lehenengoa.

37Gure corpusean, batzuetan, eratorpen-morfema batzuen adibide ugari jaso ditugu eta beste batzuetan, aldiz, oso adibide gutxi. Horrek erakusten du eratorpen-morfemen maiztasuna, eta hori islatu nahi dugu adibide kopuruan. Beraz, honen arabera ere multzokatzea erabaki dugu.

38Izen-sortzaileak

39Atzizki izen-sortzaileak sortzen duten hitzaren arabera sailkatzen dira, eta horrela hainbat hitz berri ditugu :

  • 9 Askotan mugagabean azkeneko -e galtzen da : astokeri, lelokeri...
  • 10 Gehienetan mailegatuta agertzen zaigu, hitza bere osotasunean mailegatzen da, horregatik jartzen du (...)

Izen abstraktuen sortzaileak
Emankorrak
-(k)erie9 : astokerie, tontakerie, sorakerie, txarrikerie, lelokerie...
-(t)asun : gogortasun, errestasun, argitasun, maitasun, gorritasun, gastetasun...
Ez emankorrak
-arie : altuarie, lusarie, lodiarie, sabalerie...
-dade10 : bakardade, abilidade, edade, kalamidade, umedade, komodidade... -kun(d)e : berbaikune, begikune, esakune...

Egile izenen sortzaileak :
Emankorrak
-(l)ari : bersolari, errementari, albokari, txistulari, kasari, pelotari, gudari...
-(tzai)le : galtzaile, erosle, saltzaile, garbitzaile...
-dun : ardaudun, ogidun, esnedun...
Ez emankorrak
-gin : argin, ikesgin, beargin...
-gile : yoskile... -ko : eskeko...

“Multzoa” adierako izenen sortzaileak
Emankorrak
-kada : sakukada, burdikada, basukada, eskukada...
-tza : bedartza, edurtze, leitze, koipetza, kakatza, uretza...
Ez emankorrak
-(t)erie : gasterie, saborrerie...
-di : pagadi, pinudi, belardi...

“Tresna” edo “baliabide” adierako izenen sortzaileak
Ez emankorrak
-garri : aspigarri...

“Objektua/produktua/kolpea” adierako izenen sortzaileak
Emankorrak
-(k)ada : sartada, ostikada, purruskada, adarkada, atxurkada...
-ko : musturreko, eperdiko, biotzeko, buruko...
Ez emankorrak
-kizun : ospakisun...
-ki : txarriki, odolki, olloki, barruki
-(k)ari : afarie, baskarie...

“Lekua” adierako izenen sortzaileak
Ez emankorrak
-tegi : ollategi, Txitxotegi, Iparrategi, Amant(eg)i...
-ti / -di / -dui : lastati, Malladui, Emaldi...

“Garaia” adierako izenen sortzaileak
Ez emankorrak
-te : legorte, sikite...

Aditzoinari erantsiz, “ekintza-ondorioa” adierako izenen sortzaileak
Emankorrak
-(k)era : ibilkera, yaskera, orraskera, esakera...
Ez emankorrak
-men : parkamen...
-tza : bisitza, yayotza, eskontza...
-tura : oiture...
-(k)eta : lapurreta, erosketa...

40Izenondo-sortzaileak

Mota honetako atzizki bat izen bati erantsiz gero, izenondoak sortzen dira. Normalean oinarria izen konkretua edo aditza izaten da. Gehienak oso emankorrak dira.

“Ugaritasun/maiztasuna” adierakoak
-tzu : koipetzu, aldapatzu...
-ti : lotzati, bildurti, eskerti, txiseti, loti, gusurti...

“Jatorrizkoak” adierakoak
-(s)tar : dimostar, iorrestar, seberiostar, billarostar, basauritar, kanpostar...

“Joera-zaletasuna” adierakoak
-bera : ospera...
-(k)or : lotsor, biskor...

“Gaitasuna” adierakoak
-garri : baragarri, askengarri, negargarri, lotzagarri, mingarri, estugarri...

“Jabegoa” adierakoak
-dun : bixerdun, euskaldun, erdaldun...

41Aditz-sortzaileak

Mota honetako atzizkia erantsiz, emaitzazko hitz eratorria aditz bilakatzen da. Normalean, oinarria izen edo izenondoa izaten da. Aditz berriak sortzeko oso gutxi dira eskura ditugun atzizkiak, -tu eta -ratu, baina oso emankorrak.
-tu : aberastu, alkartu, gorritu, suritu, soratu, anditu, atxurtu, baltzitu, begitu...
-ratu : oiratu, atzeratu, eurreratu, alboratu…

42Aditzondo-sortzaileak

Mota honetako atzizki bat erantsiz, emaitzazko hitza aditzondo bilakatuko da. Aditzsortzaileetan bezala, oso atzizki gutxi dira aditzondo-sortzaileak.
Aditzondo eratorriak hitz bati aditzondo-atzizki bat erantziz eratzen dira eta gehienak oso emankorrak dira. Atzizki hauek -to / -do, -ka, -(r)ik, -ta, -ro eta -lan dira.

-to / -do
Atzizki honek oso erabilera mugatua dauka.
polito, ederto, ondo, txarto, egundo...

-ka
Atzizki honek normalean ekintza errepikakorrak adierazten du.
bueltaka, protestaka, barreka, saltoka, sarataka, apurke-apurke, geike, aginke...

-(r)ik
Atzizki hau normalean adjektibo eta aditzekin erabiltzen da.
arpelik, osorik, bisirik, posik, gaixorik, beterik, sutonik, bakarrik, ortosik, sabalik...

-ta
Atzizki hau aditzekin erabiltzen da.
ikusite, kantzeute, esanda, apurtute, egosite, entzunde...

-ro
Atzizki honek oso erabilera mugatua dauka. barriro, astiro...

-lan
Erakusleetatik eratorritako aditzondoekin erabiltzen da.
olan, alan...

43Txikigarriak eta handigarriak

Sail honetako atzizkiek txikitasun edo handitasun adiera eransten diote, hau da, ñabardura semantikoa bakarrik eransten diote hitz berriari, ez diote kategoria aldatzen.

Izenari eta izenondoari eransten zaizkion txikigarriak
-anda : ollanda...
-illo : moskorrillo...
-nga : putanga, soranga...
-ño : andereño...
-tilla : neskatilla, eskutilla...
-txi : neskatxi, kortatxi, lastatxi...
-txu : amatxu, positxu, aitetxu, gastetxu, txarritxu, anditxu, apurtxu, neskatxitxu...
-ska : suriska, gorriske...

Izenari eransten zaizkion handigarriak
-kaso : adarkaso, askorakaso...
-sar : katusar, txakursar, beisar, eskusar...

Hauetatik guztietatik, esan daiteke -txu dela emankorra den atzizki bakarra.

4. Ondorioak

44Artikulu honetan lexikoa sortzeko bideak aztertu ditugu. Mailegutza eta morfologia lexikoari buruz jardun dugu. Honetan hitz-elkarketa eta hitz-eratorpena izan dugu aztergai. Laburbilduz hauek dira Igorreko hizkerak dauzkan bideak lexikoa sortzeko :

45Mailegutza

Igorreko ahozko hizkeran estandarrean onartuta ez dauden hitzen kopurua %12,22koa da. Hauetan gehien agertzen diren kategoriak izenak eta adjektiboak dira, ostean aditzak, eta azkenik beste kategoriak.

Gaztelaniatik mailegatutako hitz hauetan generoa mantentzen da eta bilakaera fonetiko batzuk jasaten dituzte, nahiz eta denak ez bete ehuneko ehunean ; batzuk hautazkoak dira.

46Elkarketa

Elkarketaren bidez izen elkartuak eta izenondo elkartuak sor daitezke, aditz elkarturik ordea, ez. Izen elkartuen artean mota bi bereiz ditzakegu, izen elkartu arruntak eta izen elkartu bereziak. Izenondo elkartuak modu bitan sor daitezke, izen + izenondo, edo izenondo + izenondo.

47Eratorpena

Eratorpenean hiru erator-hizki bereizi ohi dira : aurrizkiak, artizkiak eta atzizkiak. Villasantek (1974) argi utzi zuen bezala, euskaraz -ra- artizkia ihartuta dago eta ez da emankorra, aspaldi utzi zion lexiko berria sortzeari. Aurrizkien gainean antzera gertatzen da hizkera honetan. Bi baino ez ditugu, des- eta es-, eta biak ez dira batere emankorrak. Gainera, mailegatzen direnean, erdal hitza oso-osorik mailegatzen da eta ez aurrizkia, ez da hibridorik sortzen. Atzizkiekin berriz, bestelako egoera daukagu. Atzizki ugari daukagu lexiko berria sortzeko. Lan honetan aurkeztu dugun sailkapena sortzen duten hitz berriaren araberakoa izan da : izenak, izenondoak, aditzak, aditzondoak eta azkenik kategoria aldatzen ez duten atzizkiak : txikigarriak eta handigarriak. Dena den, atzizki guztiek ez dute emankortasun bera. Gure adibideetan erakutsi dugun moduan, atzizki batzuk ia ihartuta daude.

Haut de page

Bibliographie

Beraz, hizkera honek lexiko berria sortzeko dauzkan baliabideak, mailegatzeaz gain, elkarketa eta eratorpena dira. Elkarketan izen elkartuak eta izenondo elkartuak sortuz, eta eratorpenean atzizkien bidez lexiko berria sortuz.

Aipatutako bibliografía eta webguneak

Amuriza, Xabier. 1974. Euskal Aurrizkiak. Euskera 19. 9-104.

Apalauza, Amaia. 2010. Nafarroako ipar-mendebaldeko hizkeren egitura geolinguistikoa. Doktoretza-tesia. UPV-EHU.

Appel, R. & Muysken, P. 1987. Language Contact and Bilingualism. London : Edward Arnold.

Artiagoitia, Xabier. 1995. ‘Garri’ atzizkiaren izaera bikoitzaz : zergatik den maitagarria bezain mingarria. ASJU 29 II-III. 355-406.

________. 2002. -(t)ar atzizkidun hitzen jokabide sintaktikoaren inguruan. FLV 91. 443-462.

Aurrekoetxea, Gotzon. 1997. Ahozko testuak transkribatzeko irizpideak. Uztaro 23. 87-94.

Azkarate, Miren. 1987. Hitz konposatuak euskaraz. Doktoretza-tesia. UPV-EHU.

________. 1990. Hitz elkartuak euskaraz. Donostia : Deustuko Unibertsitatea.

Azkarate, M. & Atuna, P. 2001. Euskal morfologiaren historia. Donostia : Elkarlanean.

Azkue, Resurrección Mª. 1923. Morfologia vasca. Bilbo : Euskaltzaindia.

de Rijk, Rudolf P. G. 1981. Euskal morfologiaren zenbait gorabehera. In Euskal Linguistika eta Literatura : Bide berriak. Bilbo : Deustuko Unibertsitatea. 83-101.

________.1991. Deux suffixes capricieux : -PEN et -MEN. In Memoriœ L. Mitxelena Magistri Sacrum, Pars Altera. ASJUren gehigarriak XIV-2. 709-755.

Basauri, Serafin & Sarasua, Asier. 2003. Eibarko hiztegi etnografikoa. Eibar : Eibarko Udala.

Eguzkitza, Andolin, 1997. Kasuak eta postposizioak : deklinabidea eta postposiziobidea. Hizpide 40. 39-52.

Elexpuru, Juan Martin. 2005. Bergara aldeko hiztegia. Bergara : Bergarako Udala.

Epelde, Irantzu. 2004. Larresoroko euskara. Doktoretza-tesia. UPV-EHU.

Erdozia, Jose Luis. 2001. Sakana erdialdeko euskara. Doktoretza-tesia. UPV-EHU.

Euskaltzaindia. 1985. Euskal Gramatika Lehen Urratsak I. Iruñea : Euskaltzaindia.

________. 1987a. Euskal Gramatika Lehen Urratsak I : (Eranskina). Bilbo : Euskaltzaindia.

________. 1987b. Hitz-Elkarketa/1. Bilbo : Euskaltzaindia.

________. 1991. Hitz-Elkarketa/3. Bilbo : Euskaltzaindia.

________. 1992. Hitz-Elkarketa/4. Bilbo : Euskaltzaindia.

________. 1993. Hitz Elkartuen Osaera eta Idazkera. Bilbo : Euskaltzaindia.

________. 2014. Hitz-Elkarketa/2. Bilbo : Euskaltzaindia.

Fernández, F., Oihartzabal, B. eta Sarasola, I. 2010. -le/-tzaile inflexiozko atzizkiaz. ASJU 44-2. 457-510.

Gaminde, Iñaki. 2001. Ahozko ereduak Gelaratzeko eta Lantzeko Teknika Batzuen Inguruan. In Euskalkia eta Hezkuntza. Bilbo : Mendebalde Kultura Alkartea. 45-60.

Gilisasti, Iñaki. 2003. Urduliz aldeko berba lapikokoa. Uribe Kostako Mankomunitatea.

Hauner, Einar. 1950. The analysis of linguistic borrowing. Language 26. 210-232.

Ibarra, Orrega. 2007. Erroibarko eta Esteribarko hiztegia. Iruñea : Nafarroako Gobernua & Euskaltzaindia.

Iglesias, Aitor. 2014. Igorreko hizkeraren azterketa dialektologikoa. Doktoretza-tesia. UPV-EHU.

Irigoyen, Alfonso. 1979. Crítica sobre prefijación y sufijación en lengua vasca. FLV 32. 243258.

Kamino, P. & Salaberri, P. 2007. Luzaideko euskararen hiztegia. Iruñea : Nafarroako Gobernua & Euskaltzaindia.

Lafitte, Pierre. 1944. Grammaire basque. Dialecte navarro-labourdin littéraire. Baiona : Le Livre.

Makazaga, Jesus Mari. 1999. -kiko atzizki konposatuaz. In J. C. Odriozola (arg.) Zenbait gai euskara teknikoaren inguruan. Bilbo : Euskal Herriko Unibertsitatearen Argitalpen Zerbitzua. 15-53.

________. 2009. Elgoibarko hizkera. Doktoretza-tesia. UPV-EHU.

Martínez, Mikel. 2003. Hitz-konposaketa euskaraz eta aitzin-euskaraz. ASJU XXXVII-I. 1-16.

Mitxelena, Koldo. 1986. Eratorbidea eta deklinabidea. Euskera XXXI. 535-541.

Montoya, Estibalitz. 2004. Urdazubi eta Zugarramurdiko euskara. Nafarroako Gobernua.

Ormaetxea, José Luis. 2006. Aramaioko euskara (Azterketa dialektologikoa). Bilbo : Doktorego Tesiak Saila. EHU.

Oyharçabal, Beñat. 2003. kor atzizkiaz. In Piarres Lafitteren jaiotzaren mendeurrena dela-eta (1901-1985). Bilbo : Euskaltzaindia. Iker 14. 357-383.

Pérez Gaztelu, Elixabete. 2009. Erdal aurrizkien irtenbideak “Zehazki” hiztegian (eta II). ASJU 43 I-II. 721-743.

Saizar, Mirari. 2004. -ari euskal atzizkiaren azterketa morfologikoa. Sancho el Sabio : 20. 101124.

Salaberri, P. & Kamino, P. 2001. Hitz eratorriak Luzaideko hizkeran. FLV 86. 67-86.

Singh, R. 1982. On some ‘redundant compounds’ in Modern Hindi. Lingua 56. 345-351.

Ühlenbeck, Christian Cornelius. 1909. Suffixes du basque servant a la dérivation des mots. RIEV 3-1.1-16.

Villasante, Luis. 1974. Palabras vascas compuestas y derivadas. Oñati : Editorial Franciscana Aranzazu.

Whitney, William D. 1881. On mixture in language. Transactions of the American Philosophical Association 12. 1-26.

Webguneak : Adorez 5000 Hiztegia

http://www.azkuefundazioa.org/# !/baliabideak/Diccionarios/5000-hiztegia/ Elhuyar Hiztegia

http://www.euskara.euskadi.net/r59-15172x/eu/hizt_el/index.asp Sareko Euskal Gramatika (SEG) http://www.ehu.es/seg

Haut de page

Notes

1 On-line dauden hiztegiak erabili ditut. Bilaketak 2014ko irailean egin dira.

2 Miren Azkarate, “Flexioa eta hitz eraketa”, Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.es/seg

3 Igorren jasotako corpus osoa aurki dezakegu hiztegi honetan.

4 Billaroztarrei esateko erabiltzen den izena.

5 Igorreztarrei esateko erabiltzen den izena.

6 Adibide hau baino ez dut batu : luse-sabala gure bosu yakin.

7 Gehienetan, zentzu peioratiboa daukanez, Juan izena ipini dut benetako izenaren ordez.

8 Batuaz eragin.

9 Askotan mugagabean azkeneko -e galtzen da : astokeri, lelokeri...

10 Gehienetan mailegatuta agertzen zaigu, hitza bere osotasunean mailegatzen da, horregatik jartzen dugu ez emankorren artean.

Haut de page

Pour citer cet article

Référence papier

Aitor Iglesias Chaves, « Lexikoa sortzeko bideak Igorreko hizkeran »Lapurdum, 19 | 2016, 325-338.

Référence électronique

Aitor Iglesias Chaves, « Lexikoa sortzeko bideak Igorreko hizkeran »Lapurdum [En ligne], 19 | 2016, mis en ligne le 01 janvier 2021, consulté le 28 novembre 2023. URL : http://journals.openedition.org/lapurdum/3408 ; DOI : https://doi.org/10.4000/lapurdum.3408

Haut de page

Auteur

Aitor Iglesias Chaves

Eudia Ikerketa Taldea (UPV-EHU)
aitor.iglesias@ehu.es

Articles du même auteur

Haut de page

Droits d’auteur

CC-BY-NC-ND-4.0

Le texte seul est utilisable sous licence CC BY-NC-ND 4.0. Les autres éléments (illustrations, fichiers annexes importés) sont « Tous droits réservés », sauf mention contraire.

Haut de page
Rechercher dans OpenEdition Search

Vous allez être redirigé vers OpenEdition Search