[N]ahiz eta « literatura » deituriko fenomenoa historikoki Europan agertu, halako eta halako unean, honek ez du esan nahi objektu literarioa modu zorrotzean identifika daitekeela. Ez du esan nahi literaturaren esentziarik dagoela. Are kontrakoa ere esan nahi du.
Jacques Derrida, « This Strange Institution Called Literature »
1Arrazoi ugari daude Soinujolearensemea nobela aparta dela baieztatzeko : klasizismoaren linealtasuna eta modernismoaren zatikakotasuna dotorezia handiz bateratzen dituen egitura doi eta sendoa, ahalegin deskribatzaile oro hutsal bihurtzen duen aberastasun tematikoa, zehaztasun txundigarriaz bilbaturiko argumentua edota zertan-datzan-ez-dakigun baina hain Atxagarena den idazkera literario gozagarri hori aipa litezke beste askoren artean. Nobela hau, ordea, hori guztia baino askozaz ere gehiago da. Batetik, Soinujolearen semea egilearen hogeita hamar urtetako ibilbide sortzailearen zinezko summa literaria da, Obabako zikloaren sintesia, azken hitza eta hitz gorena. Gailentasun hau berau arrazoi nahikoa izan beharko litzateke edozein kritikari ezgai sentiarazteko Soinujolearen semea den hori bere osotasunean atzeman eta adierazteko egitasmoaren aurrean. Bestetik, itxura batean hutsala baina aldi berean erabakigarria den moduan esateko, Soinujolearen semea literatura da, eta pentsabide postestrukturalistak erakutsi legez ez dago literatura den hori ezein diskurtso kritiko-analitikoren metodo eta emaitzetara makurtzerik. Literatura, beti ere, hari buruz esan dezakegun guztia baino askozaz ere gehiago da. Iruzkin hau, beraz, umiltasunetik eta ezgaitasun kontzientziatik abiarazi beharko da, Soinujolearen semea den joritasun intelektual eta artistikoa erabat atzeman eta adierazterik ez dagoelako kontzientziatik, alegia : beste gai askoren artean ‘traizioaz’ ari den nobela honetara hurbiltzean, iruzkingilea ere kondenatua dago ‘traduttore, traditore’ esaera italiarrak itzultzaileei egozten dien hutsa errepikatzera.
2Ondorengo orrialdeok burutuko duten ‘traizio’ edo hutsaz haraindi, hemen literatur ikasketak baliotsuak izan daitezkeelako ideiari eutsi nahi zaio. Argi dago literatur teoria eta kritika ez direla gaurdaino gauza izan –eta ez direla gaurgero inoiz ere gauza izango- literaturaren esentzia atzemateko, errusiar formalismoaz geroztik literaturtasuna deitzen dugun hori zedarritzeko, hots, beren asmo nagusia betetzeko. Honek, halere, ez du zertan berekin ekarririk literatur teoria eta kritika bertan behera uzteko deliberoa. Egun, literaturaren esentziaz eta literatur teoria zein kritikaren betebeharrez aritzean, ezinbestekoa da postestrukturalismoak edota dekonstrukzioak auzi honetara ekarri duten ikuspegi berrira jotzea. Errealitatea ez da esentziala : horixe da ‘esentzialki’ postestrukturalismoak edota dekonstrukzioak ekarritako ikuspegia. Errealitate esentzial baten ordez, dekonstrukzioak barne-diferentziez osaturiko errealitate bat azaleratu du, zeinean izaki edo entitateak ‘ixten’ edo determinatzen dituzten mugak ekidinezinak diren ihesbideez ere osaturik dauden, izaki edo entitateen bezain berezkoa eginez beren mugetatik kanpoaldean zein barrualdean dagoena. Horrela, entitateak zehatzezinak dira, erabakiezinak, badirena eta ez direna zorrozki mugatzeko modurik ez dagoelarik.
- 1 - Ikus, kasu, Derek Attridge, ‘Introduction : Derrida and the Questioning of Literature’, in Derek (...)
- 2 - Ibid., 6. or. Mendebaldeko kulturan nagusi ditugun mundu-ikuskera esentzialistek maiz ondorioztat (...)
3Ikuspegi honen ordezkari nagusienetakoa den Jacques Derrida-rentzat literaturak aparteko garrantzia dauka, hain zuzen ere, entitateen mugak zehatzezinak direla erakusteko duen ahalmenagatik. Literaturaren ‘esentzia’, nolabait, inon esentziarik ez dagoela erakusteko duen ahalmena litzateke1. Honek, ezinbestez eta paradoxikoki bada ere, literaturak ere esentziarik ez duelako ondoriora garamatza2. Esentziarik ezean, oso ulertzekoa egiten da literatur teoria zein kritikaren proiektu nagusiak –literaturtasuna zedarritzeko asmoak, alegia- porrot egin izana. Are gehiago, literatur teoria eta kritikak behin eta berriz ‘traizioa’ baino ezin diote egin literaturari : non dago, bestela, ‘leialak’ izateko aukera emango liekeen literaturaren balizko esentzia ?
- 3 - Niall Lucy-k, kasu, hala iradokitzen du : ‘Hitz batean, erabakiezintasun printzipioak are kritiko (...)
4Nahi bada, beraz, literaturaren esentziarik ezak literatur teoria zein kritikaren proiektua ikergairik gabe utzi eta porrot egitera kondenatu du. Alta bada, zergatik ez pentsatu –Derrida-k hain usu darabilen arrazoibide-iraulketa eraginez- ezaugarri hori, literaturaren esentziarik ez hori dela, hain zuzen ere, literatur teoria eta kritika ahalbidetu egiten dituena, beren izateko baldintza ezarri egiten duena ? Hau da, zergatik ez pentsatu literaturak esentziarik ez daukalako preseski direla beharrezkoak literatur ikasketak ? Ez al da orduantxe, hau da, literaturaren esentziaren gaineko galderak –zertan datza literatura ?- erantzun erabakigarririk ez duela dakigunean, inoiz baino premiazkoagoa bihurtzen esperientzia literarioa argitzeko, setiatzeko, ezagutzeko saioa ? Edo erantzunik gabe utziko dugu bestaldetik begiratuta hain arrunta eta egunerokoa den esperientzia hori3 ?
- 4 - Ideia hau, gutxienez, 1982koa da, Jakin aldizkariko ‘Literatura fantastikoa’ izeneko artikulu bat (...)
5Arrazoibide-iraulketa honen ondorioz irekitzen diren bideetako bat esentzietan beharrean diferentzietan pentsatzera garamatza, hots, esentziak galarazten dituzten zehatzezintasun une edota guneak aurkitzera. Hala, literatur teoriak zein kritikak har dezaketen funtziorik nagusienetakoa diskurtso literarioak errealitatearen barne-diferentziak non, noiz eta nola azaleratzen dituen seinalatzean datza. Funtzio hori are garrantzitsuagoa bihurtzen da errealitateari begiratzean esentziak bilatzeko ohitura duen kultura batean, gurean kasu. Atxagari gagozkiola, funtsezkoa da ohartzea zein hurbil dagoen bere mundu-ikuskera zirriborratu dugun antiesentzialismotik. Errealitaterik ez, baizik eta interpretazioak bakarrik daudelako ideia Obabakoak argitaratu baino askoz lehenagotik egon da bere pentsamoldearen erdigunean4. Soinujolearen semea Atxagaren summa literaria izanik, ez da harritzekoa bertan ere, ondoren erakutsiko den bezala, antiesentzialismo horrek narrazioaren une erabakigarriak eta nobela osoaren tonua markatzea.
6Bi artikulutan banaturik argitaratuko den analisi honek, beraz, Soinujolearen semea-k errealitatean atzemandako barne-diferentziak seinalatzea du helburu nagusia. Lehen artikulu honetan, hizpidea gizabanakoa zein nazioaren zehatzezintasuna izango da, hau da, bata zein bestea zehatz-mehatz zer diren aurresateko eta determinatzeko ezinezkotasuna. Ez dago dudarik nobela honen garrantzi kulturala, hein handi batean, Atxagak bertan islaturiko nazio-ikuskerari zor zaiola. Nazioaren barne-diferentzien inguruko ideiek eguneroko praktika politikoan gero eta presentzia handiagoa dutela esan daitekeen arren, argi samar dago gurean oraindik ere nagusi den nazio-ikuskera esentzialista dela. Atxagak dakarren nazio-ikuskera, ordea, diferentziala da oroz gain. Esentziak izaki edo entitate zehazgarri eta aldaezinei dagozkie ; diferentziak, ordea, –edo barne-diferentziak, hobeki esana- izaki edo entitate zehatzezin eta aldakorrei. Azken hauen modukoa da Atxagaren nazioa, nazio esentziala baino errealago eta premiazkoagoa dena, ondorengo orrialdeotan argudiatuko den bezala. Gizabanakoa ere, bestalde, barne-diferentziez osatutzat jo behar da, nazioa bezain zehatzezin eta aldakorra delarik. Honek, besteak beste, gizabanakoak duen nazioarekiko erantzukizuna ere zehatzezina dela esan nahi du, Soinujolearen semea-k islatu bezala. Modu honetara, Atxagaren nobelak zuzenean eragiten du euskal oroimen kolektibo garaikidearen edukirik garrantzitsuenetako batean, nazioarekiko konpromisoaren etika indibidualean, alegia. Atxaga ez dator etika hori erabat ukatzera, bere zehatzezintasuna azpimarratzera baizik. Izan ere, nazioak ezin du gizabanakoa determinatu gurean etika horrek hain usu egin duen bezain modu zurrun, dogmatiko eta absolutuan.
- 5 - Lehen artikulu hau Soinujolearen semea-n gizabanakoari, nazioari eta bion arteko harremanari eman (...)
7Jarraian datorren analisi honek, beraz, ez du inondik ere agortzen Atxagaren nobela bikain honen indar adierazlea, baina ‘traizio’ hau nobelari ahalik eta leialen izateko asmoz eginda dago5.
8‘Zergatik egin nuen bat ETArekin ?’Erabakiaren unea eroaldia da.
Izen propioa marka bat da : edozein unetan nahasketa moduko zerbait gerta liteke, izen propioak nahasketa baitarama bere baitan.
Jacques Derrida, L’oreille de l’autre
91957. urtea, Obabako eskola. Kontakizunak Joseba eta David –soinujolearen semea- aurkezten dizkigu, herriko eta eskolako lagunak, ikasturte-hasierako eszena batean. Berehala, 1999. urtera jauzi egiten dugu. David hil berria da, Kalifornian, bere bizitzako azken hamazazpi urteak osaba Juanen Stoneham arrantxoan igarota. Joseba Stoneham-en hilabete inguruko bisita egiten zegoela gertatu da ezbeharra : David ez da bihotzeko ebakuntza batetik bizirik irten. Hurrengo egunetan, Joseba eta Daviden alarguna Mary Ann-ek hainbat oroitzapen dakartzate gogora. Halako batean, Davidek Soinujolearen semea izenburuaz idatzitako memoriala erakutsi dio Mary Ann-ek Josebari eta Obabako liburutegian uzteko mesedea eskatu. Urtebete geroago, Josebak Kaliforniatik itzuliz geroztik mamituz joandako asmoaren berri eman dio Mary Ann-i : liburu bat egin nahi du Daviden memoriala oinarritzat hartuz. Hortik aurrera badakigu irakurtzen ari garena Josebak egindako berridazketa dela, izen berbera daramana : Soinujolearen semea. Beraz, irakurleak esku artean duen Soinujolearen semea hirukoiztu egiten da puntu honetatik aurrera : lehenik, Bernardo Atxagak sinatzen duen nobela daukagu ; bigarrenik, Daviden memoriala ; azkenik, Josebaren berridazketa.
- 6 - Soinujolearen semea-rekiko erreferentzietan SS laburdura erabiliko da hemendik aurrera. Biografi (...)
- 7 - Philippe Lejeune, Moi aussi (Paris : Seuil, 1986), 14. or. Hemendik aipatua : Robert Smith, Derri (...)
- 8 - Gérard Genette, Figuras III (Bartzelona : Lumen, 1989), 285. or. Jon Kortazar ez da iritzi honeta (...)
- 9 - Honezaz gain, Atxagak David zein Josebarengan islaturiko biografi arrastoak ez dira zertzelada tx (...)
10Nobelaren egitura narratibo aberats eta konplexuaren ernamuina baino ez den arren, hirutasun honek jada bi galdera-multzo planteatzen ditu nobelaren instantzia narratiboen arteko harremanen gainean. Lehenik, izenburuen arteko ispilu-joko moduko honen bitartez, badirudi Atxagak bide ematen diola irakurleari narratzaileen eta egilearen instantziak identifikatzeko, hots, David edota Josebaren historian Atxagarena berarena ikusteko, hirurek idatzi baitute izenburu bereko liburu bana. Gainera, nobelan zehar Atxagak –berariaz, dudarik gabe- bere biografiaren hainbat zertzelada islatu ditu nahiz Davidengan, nahiz Josebarengan, irakurleari goian aipaturiko identifikazioa oraintxe bai, oraintxe ez iradokiz.6 Bada, halere, nobelaren oinarri-oinarrizko ezaugarri bat identifikazio hori airean uzten duena : Atxagak Soinujolearen semea-ren bidez irakurleoi proposatu diguna ez da autobiografi ituna, fikzio ituna baizik. Atxagaren nobelak ez du betetzen, esaterako, genero autobiografikoaren ikerlari nagusienetakoa den Philippe Lejeune-k emandako definizioa : ‘Benetako pertsona batek bere bizitzaz kontatzen duen atzera begirako istorioa, zeinean kontalariak bere bizitza pertsonala eta bere nortasunaren historia azpimarratzen dituen7 : Soinujolearen semea-n, kontalari edo narratzailea ez da Atxaga bera –autobiografiatzat hartzeko beharko lukeen modura-, ezpada fikziozko narratzaile estradiegetikoa lehenik –Joseba- eta fikziozko narratzaile intradiegetikoa bigarrenik –David-. Gérard Genette-k ohartarazten duen bezala, fikzio itunaren barruan gaudelarik narratzaile estradiegetikoa –Joseba- eta benetako egilea –Bernardo Atxaga- ez dira nahastu behar8. Honen harian, kontakizunaren gertakari nagusienak –David eta Josebak ETAn parte hartzearen ingurukoak, bereziki- ez dagozkio Atxagaren biografiari –Atxagaren biografiaz gutxi gorabehera publikoa den ezagutzaren arabera, behintzat-, eta honek ere oztopatu egiten du arestian aipatu identifikazioa9. Edonola ere, badirudi Atxagak bere burua bai kontakizunean agerrarazteko, bai kontakizunetik desagerrarazteko joko moduko horri intentzio osoz ekin diola. Honek, arestian esan bezala, lehen galdera-multzo bat sorrarazten du : zergatik eta zertarako joko hori ? Zenbateraino zaigu zilegi David edota Josebaren pentsamolde eta erabakietan Atxagaren itzala ikustea ? Ba al da nobelan Atxagaren doblerik ? Zenbateraino da Soinujolearen semea nobela autobiografikoa ?
- 10 - Ezaguna denez, Hans Robert Jauss-ek proposaturiko kontzeptu hau bikoitza da : alde batetik, testu (...)
- 11 - Ik. SS, 15. or. Narratzailea benetako pertsona izan dadila eskatzen duen baldintza izan ezik, ira (...)
- 12 - Hala gertatuko da, adibidez, Josebari memorialaren berri eman eta berehala Mary Ann-ek kontatzen (...)
- 13 - Beherago xehetasun handiagoz argudiatuko da Josebaren esku hartzea atzematen ez delako baieztapen (...)
11Bigarrenik, egitura-ernamuin berberak kontakizuna zein irakurlearen harrera erabat baldintzatuko dituen bikoiztasun narratiboa ezartzen du : Daviden memoriala Josebak berridatzita dago. Irakurlearen harrerari dagokionez, garrantzitsua da ohartzea Josebaren berridazketa aipatua izan aurretik ze nolako igurikimen horizontea zabaltzen zaion irakurleari Daviden memorialari buruz10. Nahiz eta Mary Ann-ek Josebari erakustean memorialtzat jo, Davidek idatzitako liburuaren izenburua Soinujolearen semea dela jakin bezain pronto irakurleari zabaldu egiten zaio genero autobiografikoaren gainean dauzkan igurikimenak harrera-prozesura ekartzeko aukera11. Irakurle bakoitzak bere igurikimen propioak izango ditu, nork bere kasa ulertuko du zertan datzan genero autobiografikoa. Hortik aurrera, irakurle bakoitzak testuan barneratu ahala bere igurikimenak egiaztatuta ala ukatuta ikusiko ditu12. Edonola ere, irakurgaia Josebak berridatzitako Daviden memoriala dela jakitean, irakurleak honen antzeko gaztigu bat suma dezake : ‘Jarraian, Daviden memoriala irakurriko duzu, Daviden autobiografia ; kasu eman, baina, zeren eta irakurriko duzuna Josebak apailaturiko bertsioa baita.’ Planteamendu hau gutxienez bitxitzat jotzeko modukoa da, igurikimen kontraesankorrak zabaltzen baititu : alde batetik, Daviden bizitza eta nortasunaren historia, hau da, bere nia dagoen modurik fidagarrienean –bere autobiografiaren bidez- ezagutzeko prestatzen gara ; bestetik, ordea, lehen igurikimen hau zapuztuz, Daviden kontakizuna desitxura dezakeen Josebaren esku hartzea atzemateko ere prestatu behar gara. Hasierako bitxitasun sentsazioa are zinezko txundidura ere bihurtzen da Daviden liburuan aurrera egin ahala, espero izandako Josebaren esku hartzea ez baita inondik ere atzematen : zertara dator, orduan, instantzia narratiboaren dobletasuna13 ? Daviden kontakizunean, hasi eta buka, ez dugu arrazoirik bat ere aurkitzen entzuten ari garena Daviden ahotsa ez dela pentsatzeko : Joseba kontakizunean dago, hor nonbait, baina Daviden presentziak ezabatu egiten du Josebarena. Alabaina, berridazketaren gaineko gaztigua dela-eta, badakigu Daviden ahotsa dagoenik eta garbien entzuten ari garela uste dugun une berean Josebaren ahotsa entzun behar dugula : David kontakizunean dago, hor nonbait, baina Josebaren presentziak ezabatu egiten du Davidena. Planteamendu honek guztiak bigarren galdera-multzo bat sorrarazten du : noren ahotsa da, orduan, hitz egiten diguna ? David eta Josebarena, biena batera ? Nola uler daiteke, baina, autobiografia batean –Davidenean, alegia- bi ahots batera egotea ? Zer gertatzen da orduan subjektu autobiografikoarekin ? Zer helburu bilatu du Atxagak instantzia narratiboaren nahasketa horren bidez ?
- 14 - Mari Jose Olaziregik ere, nobelaren ezaugarri hau azpimarratuz, subjektuaren ezabaketaz hitz egit (...)
- 15 - Atxagak nobelan duen presentzia anbiguoa erabateko identifikazioei ihes egiteko betebehar etiko p (...)
12Edonola ere, badirudi hauteman ditugun bi auziok lotuta daudela. Azken auzi honetan, David eta Joseba dira kontakizunean agertu eta kontakizunetik desagertu egiten zaizkigunak, zergatik oso ondo ez dakigula. Gorago jorratu dugun horretan, Atxaga bera da agertu eta desagertu egiten zaiguna. Beraz, dela egilearen instantzia, dela narratzaileena, badirudi Atxagaren nobelan subjektuaren egonkortasuna –edo, areago, subjektuaren kontzeptua bera ere- kolokan jarria dela : Soinujolearen semea-n subjektua badago eta ez dago, bada eta ez da, aldi berean guztia14.Horrezaz gain, badirudi subjektua kolokan jartzeak proiektu autobiografikoa bera ere kolokan jartzen duela. Hau da, posible al da nork bere buruari bere historia kontatzea ? Posible al da nork bere buruari nor den azaltzea ? Posible al da proiektu autobiografikoa ? Azkenik, badirudi hauteman ditugun bi auziok lotuta baldin badaude emango zaizkien erantzunek ere lotuta egon beharko dutela. Hau da, bataren erantzuna besteari emandako erantzunean bilatuko dugu. Zeinetatik hasi, ordea ? Gogora dezagun Atxagak proposatu diguna ez dela autobiografi ituna, fikzio ituna baizik. Gogora dezagun itunak errespetatuak izateko eginak daudela. Argi dago, beraz. Atxaga benetakoa da, David eta Joseba fikziozkoak, fikzio itunean gaude : Daviden kontakizunaren nondik norakoetan bilatu beharko ditugu planteatu ditugun galdera guztien erantzuna15.
13Daviden kontakizuna Izenak deituriko atalarekin hasten da. Daviden bizitza markatu duten pertsonetako batzuei eginiko eskaintza modukoa da, non pertsona horien gaineko hainbat gogoeta eta pasadizo biltzen diren : osaba Juan, Davidek bere infernurako jaitsiera partikularrean izan zuen gidari jakintsu eta arduratua ; Lubis, Daviden haurtzaro eta nerabezaroko lagunik hurkoena, Daviden gogoan zauri ireki baten modura betirako geratuko zena guardiek erail zutenetik ; Mary Ann, Daviden emaztea eta musa ; Liz eta Sara, Daviden alabak, Daviden oroitzapena gorde dezaketenak... David den hori, hein handi batean, pertsona hauengan dago ; pertsona hauek dira, hein handi batean, David den hori.
- 16 - Mari Jose Olaziregik dioen bezala, ‘Atxagaren unibertso literarioaren giltzarrietako bat muga kon (...)
- 17 - SS, 77-8. orr.
- 18 - Adibidez, Degrela koronelak osaba Juanen zaldirik gogokoenetako bat bere alabarentzat jauntxokeri (...)
14Bigarren atalak –Ikatz-koxkorra izenekoak, alegia- 60ko hamarkadara garamatza eta Daviden haurtzaroaren bukaera eta nerabezaro osoa kontatzen digu. Iniziazio-denbora da Davidentzat, inozentzia pixkanaka galtzeaz batera inguruko errealitatearen kontzientzia hartuz joango baita. Ezagutza prozesu horretan zehar, mundua muga hainbatek zeharkatua dagoela ikasiko du Davidek, bere burua muga bakoitzaren alde batera edo bestera kokatuz doan bitartean, bere nortasuna aurkitzen saiatzen den bitartean16. Hasieran, nekazarien antzinako munduaren eta mundu kaletar modernoagoaren arteko mugaz jabetuko da. Daviden joera naturalak nekazarien mundua hobestera bultzatuko du. Mundu hori desagertzear dagoela konturatuta ere, berak nahiago izango du mundu horri ahalik eta indartsuen eutsiz bizi, bizitzen ari dena amets bat baino ez dela dakien arren17.Ondoren, gerra zibilaren oihartzun gero eta ozenagoek ametsetik esnaraziko dute. Gerra zibilak Obabako komunitatean ezarri zuen barne-mugak zein indartsu dirauen ohartuko da David, lagunen arteko liskarretan, osaba Juanek kontatutako istorioetan eta Teresak erakutsitako aztarnetan egiaztatuko duen bezala. Muga horrek lagunak eta familia osoak banatzen ditu, baita Davidena bera ere. Daviden aitak frankisten alde egin zuen gerran, baina Davidek ez daki zenbateraino inplikatu zen haiek egindako basatikerietan. Davidek bere jatorria ezagutzeko, bere aita nolako gizona den egiaztatu ahal izateko bilaketari ekingo dio. Aitagandik urrundu ahala, osaba Juan eta gerrako galtzaileen aldera lerratuko da pixkanaka. Bere jarrera-finkatze progresiboaren araberako erabakiak hartzen ere hasiko da18. Prozesu neketsu baten bukaeran, Davidek ikasiko du bere aitak, beste bidegabekeria batzuen artean, frankistek Obaban egin zituzten fusilamenduetan parte hartu zuela. Aurkikuntza hori unibertsitatera joateko garaiarekin batera helduko da Daviden nerabezaroari bukaera emanez.
- 19 - Iruain baserriak, kasu, ez du jada David lehen bezainbeste erakartzen ; Davidek ez du jada sentit (...)
15Hurrengo atala –Egur pusketa kiskalia, alegia- istorioan lau urte aurrera jauzi eginda hasten da, 70eko hamarkadan jada. Munduak gutxi gorabehera lau urte lehenagoko muga berberetan dirau, nahiz eta muga horietako batzuk doi bat lausotuak egon19. Halere, muga berriak agertzen hasiko dira. Alde batetik, Daviden gogoa Virginiarengan jarrita dago erabat, nolabaiteko muga ezarriz David eta gainerako guztiaren artean. Bestetik, lagun berriak etorri dira kanpotik Obabara –Agustin, Bikandi, Jagoba eta Isabel-, talde berri bat osatuko dutenak Lubis eta Josebarekin. Badirudi Davidek, behin mundua zer den eta zer eskain diezaiokeen ikusita, bere tokia –beste edozeren gainetik- Virginiaren alboan dagoela erabaki duela. Obabako jaiekin batera, gertakariak arrapaladan etorriko dira bata bestearen atzetik. David Virginiarekin ateratzen hasi den egun berean agintearen aurkako istilu larriak sortu dira herrian, zeinekin, itxura batean, Obabara etorritako lagunek zerikusia daukaten. Hiru egun geroago, Lubis hilik agertuko da errekan, guardiek diotenez istripuz itota. Biharamunean, Joseba larri-ikaretan etorriko zaio Davidi Virginiaren etxera, Lubis guardiek hil zutela eta Agustin eta enparauak ere arriskuan daudela esatera. Osaba Juanen Iruain baserriko gordeleku ezkutuan sartu beharko ditu denak Davidek.
16Azken atalak –Abuztuko egunak deiturikoa, alegia- David hil aurreko azken hilabetera garamatza, 1999. urtera. Joseba Stoneham-en bisitan dagoen bitarteko eguneroko gertakariak Daviden atzera begirako kontakizunarekin tartekatzen dira. Lubisen hilketaren ondoren Daviden bizitzan beste muga bat sortu zela ezagutzen dugu horrela, David eta Joseba ETAn sartzearen ondorioz beraien eta atzean utzitako munduaren artean sortu zen muga, hain zuzen ere. David eta Josebak diktadura bukatuta ETA uzteko hartu zuten erabakiarekin bukatzen da memoriala.
- 20 - Memorialean txertaturik agertzen diren ipuinak Daviden ahotsa desitxuratzen ez duten digresiotzat (...)
17Paragrafootan eskaini den Daviden memorialaren laburpena beharrezkoa zen ondoren datorren argudiaketari testuinguru egokia emateko. Hasteko, azpimarratu beharra dago Daviden kontakizunak seinale erabakigarriak eskaintzen dizkiola irakurleari beronek, behin testu osoa irakurrita, genero autobiografikoaz zituen igurikimenak egiaztatuak ikus ditzan, itxura batean, behintzat. Izan ere, alde batetik, David da –Josebaren berridazketa gorabehera- bere bizitza pertsonaleko gertakariak azpimarratuz lehen pertsonan denbora osoan hitz egiten duena, entzuten den ahotsa Davidena ez dela pentsatzeko arrazoirik bat ere topatu ezin delarik, arestian esan bezala20. Bestetik, Daviden nortasunaren historia da –Lejeune-k eskatu bezala- nabarmendua gertatzen dena bere kontakizunean, zeinaren hainbat eta hainbat pasarte Daviden nortasunaren finkatze-prozesuaren adierazgarritzat jo daitezkeen : hor dauzkagu, adibidez, bizitzan zehar Davidek bere kidekotzat aukeratu dituen pertsonak –bere zerrenda sentimentalak, Atxagaren modura esana- ; hor, mundua zeharkatzen duten mugez jabetu ahala Davidek alde baterantz edo besterantz lerratzeko erakutsi duen joera ; hor, aitaren historian arakatuz Davidek bere jatorria ezagutzeko sentitu duen beharra ; hor, bere kontzientziaren arabera hartutako erabaki larri eta arriskutsuak ; hor, azkenik, Virginia bilatuz lehenbizi, eta Mary Ann aurkituz ondoren, Davidek infernutik ateratzeko maitasunaren alde egindako aukerak. Autobiografia nork bere nortasunaren historia jasotzeko bidetzat ez ezik, nork bere burua ezagutzeko bidetzat ere jotzen duen irakurleak ere genero autobiografikoaz dauzkan igurikimenak egiazta litzake nobelan, horretarako aukera ematen baitu, esaterako, Davidek Mary Ann-i memoriala zergatik idatzi nahi duen azaltzen dioneko pasarteak. Honelaxe dio Davidek, Mary Ann-ekin bizitzan erabakiak hartzeko izaten diren arrazoiei buruz hizketan ari delarik :
- 21 - SS, 53. or. Letra etzana neuk jarria da.
Nik ere hala uste dut, arrazoiak asko izaten direla beti –esan nion-. Horregatik idatzi nahi dut liburua. Kontuak garbitzeko. Badakizu, bizitzan aldaketa bat gertatzen denean, zeremonia behar da. Norbait hiltzen denean ere, ez da sosegurik izaten hileta elizkizuna egin arte. Pentsa ezazu itsasoan ezkutatzen direnen kasuan. Familiakoek asko sufritzen dute gorpua hondartza batean azaltzen den arte. Orduantxe gelditzen dira lasai, lur eman ahal diotenean. Ba, nik ere antzeko zerbait nahi dut. Nire oroimenaren ur ez oso lasaietan dabiltzan kondarrak bildu eta liburu batean gordeta utzi betiko ; errauts-kutxa batean bezala. Orduan geldituko naiz lasai.21
- 22 - Christophe Miething, ‘Le grammaire de l’égo : phénoménologie de la subjectivité et théorie autobi (...)
18Davidek ez du bere baitan oso argi ikusten, ez daki oso ondo zein diren bizitzan hartu dituen erabakien zergatiak, ez dago oso lasai bere buruarekin, hitz batean esanda, ez daki oso ondo nor den. Gabezi horiek konpondu eta oreka-erdigune bat lortu nahi du, bere burua aurkitu. Hala interpreta lezake goiko pasartea Christophe Miething-ek, adibidez, zeinarentzat ‘autobiografiari galdera bakarra axola zaio[n] : nor naiz ni ? [...] Proiektu autobiografikoak Delfoseko orakuluak emandako agindua obeditzen du, hots, gnothi se auton mandatua’22.
- 23 - Ik., esaterako, Wolfgang Iser, ‘El proceso de lectura : enfoque fenomenológico’, itzul. Eugenio C (...)
- 24 - Ibid., 222-3. orr.
19Edonola ere, tankera honetako interpretazio orok testuaren zehaztapen desegokia burutuko luke, ez bailuke kontuan hartuko hemen dagoeneko hainbat aldiz aipatu den bikoiztasun narratiboa. Davidek testuan duen presentzia erabatekoa izan arren eta irakurleak autobiografiez dauzkan igurikimenak testuan gauzaturik ikusteko aukera izan arren, Joseba mamu baten modura dabilkio segika irakurleari, behin eta berriro eraginez goian planteatu ditugun zalantza eta galdera guztiak, funtsean honako honetara biltzen direnak : zer zentzu dauka narratzailearen bikoizketak Soinujolearen semea-n ? Hemen proposatuko den erantzunak Harrera Estetikaren kontzeptu giltzarrietako batean du abiapuntu, Wolgang Iser-ek Roman Ingarden-en ideiak oinarritzat hartuz garaturiko hutsuneen kontzeptuan, hain zuzen ere23. Labur esanda, Iser-en ideia da testu literarioek ezinbestez agertu behar dituztela hutsune semantikoak beren egituraketan, beren berezko izaera baita den-dena ezin kontatu ahal izatea. Hutsune horiek, zenbaitetan, ezustekoak, zalantzak edota igurikimen horizontearen berrantolaketak eragiten dituzte irakurlearengan. Hutsune horiek dira, halaber, testuak izan ditzakeen irakurketa anitzen eragileak, irakurle bakoitzak bere modura bete beharko baititu testuaren zehaztapena lortuko badu24. Soinujolearen semea-n ere bada ezustekoa, zalantza eta igurikimen horizontearen berrantolaketa eragiten dituen hutsune nabarmen bat, nobelaren harrerarako guztiz erabakigarria suertatuko dena, gainera. Izan ere, irakurleak hutsune hori betetzeko aukeratzen duen moduaren arabera nobelaren zehaztapen zeharo ezberdinetara ailegatzen baita.
- 25 - Ikatz-koxkorra-k eta Egur pusketa kixkalia-k hirurehun orrialdetik gora hartzen dute, gutxi gora (...)
20Daviden kontakizunean bada etete-, eraldatze- eta geroratze-une funtsezko bat, irakurleari oharkabean pasa ezin zaion zinezko inarroste narratibo bat, kontakizunaren ordura arteko konfigurazioa goitik behera iraultzen baitu. Une hori Egur pusketa kixkalia eta Abuztuko egunak izeneko atalen arteko trantsizioarena da. Egur pusketa kixkalia-k eta bere aurreko atalak –hots, Ikatz-koxkorra izenekoak- batasun narratibo garbia osatzen dute, zeinean Daviden haurtzaroaren amaiera, nerabezaro osoa eta 1970eko udako gertakari iraultzaileak kontatzen zaizkigun. Luzeran behintzat nobelaren gorputz nagusia den honetara behin analepsi baten bidez sartu ondoren, kontakizunak guztiz modu linealean aurrera egiten du, harik eta 1970eko uda-amaierako gertakari larriak azaldu arte25.Hain luzaroan eutsi zaion analepsi hori eten egiten da Abuztuko egunak-en sartzearekin bat : kontakizunak 1999ko abuztura garamatza berriro, Daviden orainera, alegia ; horrela, kontaketa-ekintzaren denborak eta kontaturiko istorioarenak bat egiten dute. Une honetatik aurrera, Daviden kontakizunak –aurreko gorputz narratibo luzean ez bezala- iraganeko kontuak ez ezik, oraineko gertakariak ere hartzen ditu hizpide : Josebaren bisita, Mary Ann-ekiko elkarrizketak, alabekiko liskartxoak... Horrela, Daviden memorialak –bere itxura eraldatuz- egunkari forma hartzen du. Baina, oroz gain, trantsizio tarte honek eragiten duen efekturik nabarmenena akzio narratiboaren geroratzea da, akzio hori bere intentsitatearen gailurrean zegoen une berean, gainera : Egur pusketa kixkalia David kinka larriko une batean zegoela bukatzen da, Agustin –Triku-, Jagoba –Papi- eta gainerakoen bila abiatzen denean guardien jazarpenetik ihes egiten laguntzera ; Abuztuko egunak-en hasierarekin batera kontakizunak akzioari jarraipen narratiborik eman gabe 1999. urtera jauzi egiten duenean, kinka larriko une haren ondoko gertakari oro elipsi narratibo ia erabateko batean murgiltzen dira, zeinetatik zertzelada txikitan baino ez diren azaleratzen joango. Zertzeladari zertzelada, azkenean David ETAn sartu zela egiaztatzera heltzen gara, baita Triku eta Josebarekin –Etxeberriarekin- batera komando bat osatu zuela ere. Hortik aurrera eta erritmo narratiboa berreskuratu ahala, kontakizunak hiru kide hauek poliziaren eskutan erori arte ETAren barruan egin zuten ibilbidearen berri ematen du.
- 26 - Davidek Papiren taldeari laguntzea erabaki zuenean ez zen ETAn sartzeko erabakia hartzen ari : bi (...)
- 27 - Hans Robert Jauss-ek proposaturiko distantzia estetikoaren kontzeptuak, hain zuzen ere, publikoar (...)
21Inarrosaldi narratibo moduko honetatik igarotzearen ondorioz, aipatu berri dugun elipsia guztiz azpimarraturik geratzen da kontakizunaren puntu honetatik aurrera. Izan ere, elipsiak isilduriko gertakariak ez dira inoiz zeharo argitara ekartzen, bereziki David Papiren taldeari laguntzera joaten denetik bera ere organizatuta egotera heldu bitarteko guztiak. Kontakizunak ez du inoiz argitzen noiz, nola eta zergatik sartu zen David ETAn. Kontakizunak Davidek uneren batean ETAn sartzeko hartu behar izan zuen erabakia ezkutatzen du26. Hauxe da goian seinalaturiko hutsune erabakigarria, galdera honetan jaso daitekeena : zergatik erabaki zuen Davidek ETAn sartzea ? Gogora bedi Davidek, hain zuzen ere, kontuak garbitzeko idatzi duela memoriala, bizitzan hartu dituen erabakien arrazoiak argitzeko alegia, goian transkribatu den pasartean Mary Ann-i adierazi bezala. Beraz, Daviden erabakiaren gaineko azalpenen bat espero duenean preseski, irakurleak ezustean hutsune hau baino ez du topatzen, zeinak zalantza ere eragiten dion : zergatik ez dizkigu Atxagak Daviden erabakiaren nondik norakoak erakutsi ? Honezaz gain, kontakizunaren puntu honetaraino irakurleak nola edo hala bete ahal izan dituen autobiografiaren gaineko igurikimenak –hots, autobiografia nork bere burua azaldu, ulertu edota ezagutzeko bidetzat jotzen duten horiek- ukatuak gertatzen dira hutsune honen agerpenarekin batera. Horrela, distantzia estetiko nabarmena sortzen da testua eta irakurlearen igurikimenen artean, zeina txikitu edo are ezabatu ere egin ahal izango den planteatu berri diren galderei ematen zaien erantzunaren arabera, hau da, hutsunea betetzeko irakurleak egiten dituen aukeren arabera27. Horregatik da hutsune hau guztiz erabakigarria Soinujolearen semea-ren harrerarako.
- 28 - Azalpen hau neketsu bihur dezaketen adierazleak saihestearren –hala nola Davidek Papiren taldeari (...)
- 29 - Berriro ere, honek ez du esan nahi Atxagak bi erabakiok berdindu egiten dituela, baizik eta harre (...)
22ETAn sartzeko erabakia isilduz, kontakizunak beste efektu bat eragiten du, irakurlearen atentzioa Davidek Papiren taldeari laguntzea erabaki zuen unera bideratzea, hain zuzen ere28.Izan ere, bigarren erabakiaz –bigarrena kronologiaren arabera- irakurleak ez daki jatorria edo lehen bultzada lehen erabakian izan zuela baino, hau da, Davidek Papiren taldeari laguntzea erabaki zuen unean hasi zela David organizatuta egotera eramango zuen gertakari ezezagunen segida. Hau da, bi erabakion artean nolabaiteko kausa-efektuzko harremana ezarriz eta metonimikotzat jo genezakeen kontaketa-modu batez baliatuz, ETAn sartzeko erabakiaren ordez –efektua- Papiren taldeari laguntzeko erabakia –kausa- kontatzen digu Atxagak29. Ordezkapen honi begiratuta, badirudi Atxagak lehen erabakiaren nondik norakoak arrastoen modura taxutu nahi izan dituela irakurleak bigarren erabakiari tankera hobeto har diezaion. Edonola ere, bigarren erabakiaren inguruan goian planteaturiko galderek lehen erabakiaren nondik norakoetan baino ez dute erantzunik aurkituko, beste ezein xehetasunik ez baita inon jakitera ematen.
- 30 - SS, 370-3. orr.
- 31 - Ibid., 371. or.
23Lehen erabakiari dagokionez, oroz gain, zirkunstantziak azpimarratu behar dira, erabakia hartzen deneko larrialdi eta eroaldi giro hori, alegia. Berez, erabakirik hartzeko denborarik ez balego bezala gertatzen da guztia : Josebak ikara batean Davidi kontatzen dionez, guardiek hil dute Lubis, atzeman eta torturatu ondoren ; orain, Papi eta bere taldekideen bila ari dira bailara arakatzen ; ihes egitea hil edo biziko kontua da hauentzat, atxilotuak eta torturatuak izan baino nahiago baitute tiroketa batean hil ; Iruaingo gordelekuan ezkutatzea dute irtenbide bakarra ; David da aukera seguruena Iruain bitarteko guardien kontrolak arazorik gabe pasa eta gordelekua non dagoen erakusteko30... Zirkunstantzia hauetan, Davidek ez zeukan aukerarik, ez zeukan erabakitzerik : Josebak jaulki zion bezala, Davidek joan beharra zeukan, bestela denak hilko zituzten-eta31. Hura ez zen egoera patxadaz aztertu ondoren erabaki bat hartzeko unea, zirt edo zart egitekoa baizik. Hala egin ere, Davidek. Beraz, zirkunstantziek ezinbestez bultzatuta hartu zuen Davidek lehen erabaki hura, zirt edo zart egite horri erabakia deitzerik baldin badago, behintzat. Gauzak horrela, eta kontaketa-modu metonimikoa gogoan hartuta, zer adierazi nahi zaio irakurleari lehen erabakiaren nondik norako hauen bidez Davidek ETAn sartzeko uneren batean hartu behar izan zuen beste erabaki horretaz ? Hau bezala, zirkunstantziek ezinbestez bultzatuta hartu behar izan zuela ? Honetan bezala, ez zuela egoera patxadaz aztertu ondoren erabaki lasaiago bat hartzeko betarik izan ? Une honetan bezala, zirt edo zart egin behar izan zuela ETAn sartzerakoan ? Bigarren erabakiaren zirkunstantziak guztiz ezezagunak diren arren, ez dirudi Davidek ETAn sartzekoa bezain erabaki pisua hain berehala, halako larritasun egoera batek bultzatuta edota halako ezinbestekotasunez hartu behar izango zuenik. Hala balitz ere, horrek ez luke argituko zergatik kontatzen diren lehen erabakiaren nondiko norakoak xehetasun osoz eta zergatik isiltzen diren bigarrenarenak erabateko elipsi batean. Bi erabakiok nolabait lotuta dauden arren, ez dira erabaki bera.
- 32 - Euskarazko zirt edo zart egin esamoldea, adibidez, zalantza handiko egoerekin loturik erabili ohi (...)
24Argi dirudiena da nobelaren harrera erabaki-ekintzaren gainean Atxagak taxuturiko gogoetaren baitan dagoela : erabakitzeko aukerarik ematen ez duten egoerak, elipsi batean murgildutako erabakiak, memorial bat idatziz argitu nahi diren erabakiak... Erabaki-ekintzaren nabarmentze hau da, hain zuzen ere, Jacques Derrida-ren pentsamendura jotzera garamatzana puntu honetan, Soinujolearen semea-k eginarazi dizkigun galderei erantzun egokiak aurkitzeko asmoz. Erabaki-ekintzaren inguruko gogoetak Derrida-ren lanaren azken aldiari oinarria eta batasuna eman dio, erabakiezintasunaren nozioaren bidez, hain zuzen ere. Erabakiezintasunaren nozioak erabaki-ekintzaren barne-logikan bertan aurki daitekeen bideraezintasuna adierazten du. Gure eguneroko logikan, erabakia egoera jakin baten aurrean eginiko analisi arrazionalari jarraituz egindako aukeratzat jo ohi da : egoera baldintzatzen duten datuak bildu, analizatu eta aukera bakoitzaren abantailak eta desabantailak kontuan hartzearen baitan egon ohi da erabakitzearen ekintza. Honezaz gain, erabakitzearen ideia aukerarik bat ere egitea zail bihurtzen duten egoerei aplikatu ohi zaie, hau da, zalantzazko egoerei, aukerarik garbiena zein den ikustea hein handi batean eragozten duten egoerei. Zentzu honetan, erabakitzearen ideiak berak nolabaiteko erabakiezintasuna barne hartu ohi du32. Edonola ere, eguneroko logikan erabakitzearen ideia zalantzazko egoera bat gaindituz aukerarik onenera heltzea ahalbidetzen duen arrazoitze-prozesuarekin lotu ohi da. Bestalde, gure kulturaren oinarri funtsezkoenetakoa den subjektu kontziente, arrazoidun eta beregainaren ideia subjektuari egokitu ohi diogun erabakiak hartzeko ahalmenean islatzen da besteak beste, hots, subjektuaren erabakimenean : subjektutasuna, hein handi batean, erabakimenean datza.
- 33 - Frantsesezko jatorrizkoan : ‘[l]a seule décision possible, c’est la décision impossible.’ Ik. Jac (...)
- 34 - Erabakiaren gaineko Derrida-ren ideiak bere obran zehar sakabanaturik samar daude, askotan beste (...)
- 35 - Frantsesezko jatorrizkoan : ‘L’instant de la décision est une folie.’ Ik., adibidez, Jacques Derr (...)
25Derrida-k, berez, ez du erabakia ulertzeko modu ohiko honetan aldaketa sinple bat baino eragiten, baina bere sinpletasunean aldaketa hori txundigarria ere gertatzen da, erabaki-ekintza ulertzeko modu guztiz bestelako batera eramaten baikaitu. Derrida-k dioenez, ‘erabaki posible bakarra, hain zuzen ere, ezinezko erabakia da’33. Zalantza guztiak uxatzen dituen arrazoitze-prozesuaren ondorioz hartzen den erabakia ez da erabakia, hasieran ezagutzen ez zen erantzunera heltzea ahalbidetu duen programa, kalkulu edota erregelaren aplikapen hutsa baizik. Erabakia, hain zuzen ere, arrazoiak programa, kalkulu eta erregela guztiak agortuta ere erantzun garbirik eman ezin izan duenean egin beharreko aukera da. Beraz, erabakia arrazoiaren eremutik haratago dagoen eremuari dagokio, erabakiezintasunaren eremuari alegia. Ikus daitekeenez, erabakiaren barne-logikak berak egiten du erabakia ezinezko : arrazoiak zalantza guztiak uxatuta lorturiko emaitza ez da erabakia, erregela baten ondorio hutsa baizik ; baina arrazoiak zalantzak uxatzen ez baditu, zirt edo zart egite hori ere ez da erabakia, galdua baitu erabakitzearen ideiaren funtsa, hau da, arrazoiaren ondorioa izatea, hain zuzen ere34. Hau guztia Søren Kierkegaard filosofoaren aipu bat eginez laburbildu ohi du Derrida-k, dagoeneko dekonstrukzioaren lelo ezagunenetakoa bihurtu den esaldi honetan : ‘erabakiaren unea eroaldia da’35.
- 36 - Frantsesezko jatorrizkoan : ‘Une théorie du sujet est incapable de rendre compte de la moindre dé (...)
- 37 - Ingelesezko jatorrizkoan : the other’s decision is made in me. Ik. Simon Critchley, ‘The Other’s (...)
- 38 - Beste(a)ren nozio postestrukturalista edo dekonstruktiboak edozein entitateren mugetatik kanpo eg (...)
26Beraz, erabakia arrazoibide ororen eremutik haratago gertatzen da, gertatzen den horri erabakia deitzerik badago, behintzat. Honek, bistan da, arrazoiaren kontzeptu tradizionala ez ezik, subjektuari egokitu ohi zaizkion ahalmenak ere zuzen-zuzenean murrizten ditu, subjektuaren erabakimena, kasu. Erabakimena ez da gehiago subjektuaren baitako ahalmena, erabakia subjektuaren erabakitzeko ahalmenetik haratago gertatzen baita, arrazoiaren kasuan lez : erabakia subjektuaren baitan ez dagoenaren baitakoa da. Beraz, Derrida-k dioen bezala, ‘ez dago subjektuaren ezein teoriarik erabakirik txikiena ere azaltzeko gai izango denik’36.Bestela esanda, subjektuak ezingo du inoiz harturiko erabakia guztiz justifikatu. Hala eta guztiz ere, subjektuarengan gertatzen jarraitzen du erabaki orok, non bestela ? Erabakimena dekonstrukzio-ondoko subjektuaren ahalmena da oraindik ere, subjektu horrek erabakiak hartzen jarraitzen baitu –jarraitu behar baitu-. Hau da, subjektuak harturiko erabakia nolabait berarena da ; baina berarena da bere baitakoa izan gabe, berarena izan gabe, beste(a)rena izanda, alegia. Simon Critchley-k honelaxe laburbiltzen du paradoxa gaindiezin hau : beste(a)ren erabakia niregan hartzen da37. Honek guztiak, jadanik, subjektua bere baitara osoki bil ezin daitekeela erakusten digu, subjektuaren bezain berezkoa dela bere mugetatik kanpoaldean zein barrualdean dagoena –erabakia kanpoaldekoa izanik barrualdekoa da-, subjektua zedarritzen duten mugak zorrozki zehazterik ez dagoela, subjektua ez dela bera bakarrik, beste(a) ere badela38. Honek guztiak, jadanik, errealitatea argi eta garbi zedarrituriko mugetara errenditzerik ez dagoela erakusten digu. Honek guztiak, jadanik, errealitatea zehatzezina, erabakiezina dela erakusten digu.
- 39 - Kontakizunak bigarren erabakiaren arrazoiak ez agertzeak berak arrazoiok lehen erabakiarenak bain (...)
27Soinujolearen semea-ren gaineko analisira itzuliz, gogora dezagun Daviden bigarren erabakia dela –hots, ETAn sartzekoa- irakurleok bete behar dugun kontakizunaren hutsune nagusia. Gorago esan den bezala, ez dirudi David lehen erabakia hartzera behartu zuen ezinbestekotasun berberak bultzatuko zuenik bigarren erabakia hartzera, hau da, ez dirudi Davidek ETAn sartzera derrigor behartuko zuen ezein programa, erregela edo kalkulu onartuko zuenik39. Ikusi dugunez, Derrida-ren analisian programa, erregela edo kalkulu baten ondorioa ez den erabaki oro ezinbestez sartzen da erabakiezintasunaren eremuan. Davidek, beraz, erabakiezintasunaren erdigunean hartu behar izan zuen ETAn sartzeko erabakia. Derrida-ren analisiari jarraituz, Davidek ETAn sartzeko erabakia hartu zuela esan beharrean, hauxe esan beharko genuke : ETAn sartzeko erabakia Davidengan hartu zen. Hauxe izan daiteke Atxagak Daviden bigarren erabakia elipsi batean murgilduz adierazi nahi izan diguna. Hipotesi hau kontakizunean bertan egiaztatu beharko litzateke, lehen erabakiaren nondik norakoetan hain zuzen ere, Atxagak –lehen esan bezala- bigarren erabakiaren unea zuzenean kontatu beharrean, zeharka kontatzea erabaki baitu –metonimikoa deitu dugun kontaketa-modua baliatuz- lehen erabakiaren nondik norakoetan utzitako hainbat arrastoren bidez.
28Hasteko, lehen erabakiaren nondik norakoek Davidek ETAn sartzeko zein ez sartzeko bezain arrazoi hertsakorrak izan zituela iradokitzen dute, hau da, ETAn sartzeko erabakia erabakiezina izan zela, alegia. Alde batetik, David ez zen ETAn ezinbestez sartu, baina ezinbestez abiarazi zuen ETAn sartzera eramango zuen prozesua, ezinbestez hartu behar izan baitzuen Papiren taldeari laguntzeko erabakia. Prozesu hori elipsi batean guztiz ezkutaturik egoteak galarazi egiten du Daviden bigarren erabakia lehen erabakiaren ezinbestekotasun berberaz hartu zela baieztatzeko aukera –irakurleok, besterik gabe, ez dakigu zer gertatu zen- ; baina, lehen erabakiaren ezinbestekotasuna mendratua gertatzen bada ere, aldi berean, eta hain zuzen ere prozesu horretaz beste xehetasunik eskaintzen ez duelako, elipsiak ezinbestekotasun horri neurri batean eutsi eta bigarren erabakiaren unera arte helarazten du : bigarren erabakiaren arrazoiak ia lehenarenak bezain ezinbestekoak izan zirelako ondorioa atera behar dugu irakurleok. Hau da, metonimia narratiboaren bidez, Atxagak, besteak beste, Davidek ETAn sartzeko oso arrazoi hertsakorrak izan zituela iradoki nahi izan du.
- 40 - Ik. SS, 295-373. orr. passim.
- 41 - Ibid., 372. or.
- 42 - Josebak honela argudiatzen du Daviden aurrean : ‘Ondo aterako duk eta hiri ez zaik ezer pasako. B (...)
29Ez hori bakarrik, ordea. Izan ere, bestaldetik Davidek ETAn ez sartzeko ere oso arrazoi hertsakorrak izan zituela ondoriozta baitaiteke kontakizunetik. Lehen erabakiarekin jarraituz, bada erabaki horrek berarekin dakarrena osoki ulertzeko funtsezkoa den elementu bat : Virginia. Berez, Joseba laguntza eske etorri baino dezente lehenago zeukan Davidek bere aukera eginda, Virginiarekin egotea, alegia40. Hala, lehen erabakiaren unean honelaxe esaten dio Davidek Josebari : ‘Honek guztiak ikara ematen zidak [...]. Gainera Virginiarekin egon nahi diat. Hik ezin duk ulertu’41. Hitzotan ikus daitekeenez, Davidek Josebaren eskaera onartuz gero Virginiarekiko harremana arriskuan jarriko duela sumatzen du. Josebak Daviden aurrean argudiatzen duenez une horretan Davidek Virginia gal lezakeenik zertan pentsaturik ez dagoen arren, kontakizunak ezkutatu duen lehen eta bigarren erabakien arteko uneren batean Davidi derrigor egokitu behar izan zaio ETAn sartu edo Virginiarekin geratu erabaki beharra42. Ezkutaturiko erabaki horretan, Davidentzat Virginiarekin geratzeko aukera erabakigarria izan behar izan da, kontakizunak Davidek Virginiari dion maitasuna biziki azpimarratzen baitu. Atxagak, beraz, Davidek ETAn ez sartzeko ere oso arrazoi hertsakorrak izan zituela iradoki nahi izan du.
- 43 - SS, 371. or.
- 44 - Papiren taldekideetako bat Daviden unibertsitateko laguna zen, Agustin –Triku-, alegia. Ikus SS, (...)
- 45 - Ibid.
30Bada Daviden lehen erabakiaren azken ezaugarri bat ETAn sartzeko erabakiaren erabakiezintasuna azpimarratzen duena. Berez, Davidek Papiren taldeari laguntzerakoan ez zuen erabakirik hartu, egin behar zuena besterik ez baitzeukan egiterik : Derrida-ren hitzetan esateko, Davidek aldez aurretik ezarritako programa, erregela edo kalkulu bati jarraitu besterik ez zezakeen egin. Josebak aurkeztu zion programa Davidi, ‘Iruainera joan beharra daukak, David. Bestela denak hilko ditiztek’, jaulki zionean43. Programari zentzua ematen zion erregela aipatu beharrik ere ez zegoen : nork bere lagunei lagundu egin behar die44. Josebak berak egin zuen Daviden zalantza-izpi oro indargabetu zuen kalkulua : ‘Ondo aterako duk eta hiri ez zaik ezer pasako. Behin gordelekuan sartzen dituanean, ni arduratuko nauk’45. Osagarri hauekin guztiekin eraturiko makineriari bere burua errenditzea beste aukerarik ez zeukan Davidek, bere rola bete, automata baten modura. Davidek, beraz, ez zuen erabakirik hartu. Nork hartu zuen erabakia, orduan ? Josebak ? Hala pentsa daiteke eta hala da, hein handi batean, Joseba izan baitzen David makineria hartan inplikatu zuena. Baina Daviden kasurako jarraitu den arrazoibide berbera aplika dakioke Josebaren balizko erabakiari. Izan ere, Josebak makineria topatzerako ere abian zegoen jada beronen prozesua. David eta Josebaren arteko alde bakarra da Josebak makineria bere prozesuaren urrats aurreragoko batean topatu zuela. Hortik aurrera, ordea, Josebak ere ezin zuen makineriari bere burua errenditu besterik egin, bere rola automata baten modura bete, Davidengana jo, alegia. Beraz, Josebak ere ez zuen erabakirik hartu.
31Hori eta horrenbestez, Daviden lehen ‘erabakia’ automatismoaren eremuan kokatzen da, Derrida-k dioen bezala erabakiak ez, baizik eta programa, erregela edota kalkuluen ondorio hutsak direnen eremuan, alegia. Gure hipotesian, bigarren ‘erabakia’, ordea, Derrida-ren ezinezko erabakien eremuan kokatzen da, erabakiezintasunaren eremuan, alegia. Hipotesiaren arabera, beraz, automatismoa ezin daiteke izan Atxagak bigarren ‘erabakiaz’ lehenaren nondik norakoetan utzi digun arrastoetako bat. Zein, orduan ? Automatismoak eta erabakiezintasunak ezaugarri funtsezko bat partekatzen dute, subjektuaren erabakimenaren gainditzea, hain zuzen ere : automatismoan subjektuak ez du erabakitzen, programa, erregela edota kalkulu bat jarraitzen du ; erabakiezintasunean subjektuak ‘erabaki’ egiten du, baina ‘erabakia’ ez dago subjektuaren baitan, ‘erabakiaren’ unea eroaldia baita. Subjektuaren erabakimenaren gainditze hori da, hain zuzen ere, Daviden lehen ‘erabakitik’ bigarrenera Atxagak helarazten duen ezaugarria metonimia narratiboaren bitartez. Labur esanda, Daviden lehen ‘erabakiaren’ automatismoaren bidez, Atxagak hauxe iradoki nahi izan du : Daviden ETAn sartzeko erabakiaren unea eroaldia izan zen.
32Hortaz, Daviden lehen ‘erabakiaren’ nondik norakoek egiaztatu egiten dute ETAn sartzeko ‘erabakia’ erabakiezina izan zelako hipotesia. Erabakiezintasun hori da, azken batean, Atxagak adierazi eta azpimarratu nahi izan duena. Ondorioetara joz, nobelak une honetara arte eragindako galdera, agerturiko hutsune eta planteaturiko paradoxa orori harrera egokiagoa egin dakioke orain, behin Derrida-ren analisia kontuan hartuta, testua eta irakurlearen arteko distantzia estetikoa gainditu eta testuaren zehaztapen osoagoa lortuz. Hasteko, nobelak agertzen duen hutsunerik nagusienari, hau da, Davidek ETAn sartzeko izan zitzakeen arrazoien ingurukoari dagokionez, garrantzitsuena ez da arrazoi horiek zein izan ziren jakitea, erabakia bera erabakiezina izan zela ulertzea baizik. Davidek ETAn sartzea erabaki zuen unean ez zitekeen arrazoi, programa edota kalkulurik bat ere egon erabakia guztiz justifikatuko zuena. Une horretan, hutsune gaindiezina agertu zen Daviden erabakimenaren eta erabakiaren beraren artean : Derrida-ren hitzetan esateko, Daviden erabakiaren unea eroaldia izan zen. Davidek ez dauka, beraz, erabakia guztiz argitzerik, azaltzerik, justifikatzerik : Davidek, nolabait, ezin du bere erabakia kontatu. Horregatik ez da, hain zuzen ere, erabaki hori kontatzen Daviden memorialean, horregatik utzi du Atxagak erabakia elipsi batean murgilduta betiko. Irakurleak hutsunea betetzeko daukan modurik egokiena, beraz, hutsunea betetzerik zergatik ez dagoen ulertzea da.
- 46 - Beherago xehetasun handiagoz azalduko den bezala, bitasun hauxe da arrazoi funtsezkoena nobelaren (...)
- 47 - Zentzu honetan, Robert Smith-ek dioenez, ezinezkoa da jada ongi mugaturiko autobiografia edota on (...)
33Bestalde, erabakiezintasunak subjektuaren berezko barne-diferentziak azaleratzen ditu. Erabaki ezinezkoaren unean, subjektu arrazionalaren mugak ez dira gauza irrazionaltasunaren inbasioa geldiarazteko : arrazionaltasuna irrazionaltasun bihurtzen da, eta alderantziz. Jada ezin da, beraz, mugak non diren zehaztu : subjektua entitate zehatzezina bihurtzen da. Hau da, subjektuaren bezain berezkoa suertatzen da bere mugetatik barnealdera zein kanpoaldera dagoena : David aldi berean bera da eta beste(a) da46. Horrela, proiektu autobiografikoa ulertzeko ohiko modua ez da jada bideragarria, nork bere buruari nor den esateko asmoa ez baita guztiz betegarria. Honek ez du esan nahi autobiografia deitzen jarrai litekeen kontakizun-mota guztiz ezinezko bihurtzen dela : subjektuak esentziarik ez izateak ez dakar berekin subjektuaren erabateko ezabaketa ; egia da ez dagoela modurik subjektua zer den argi eta garbi zedarritzeko, baina subjektuak existitzen jarraitzen du. Esaterako, Daviden memoriala autobiografia bikaintzat jo daiteke, oraindik ere. Goian erakutsi den lez, Soinujolearen semea-k bete-betean jarraitzen ditu genero autobiografikoaren arau eta ezaugarriak, generoaren adierazpen-indar osoa ustiatu eta proiektu autobiografikoaren dudarik gabeko balioa azpimarratuz. Alabaina, Soinujolearen semea-n genero autobiografikoaren adierazpen-indar osoa aktibatzearen helbururik behinena ez da generoa bere gauzapenik gorenera eramatea, generoak bere mugak eta ezintasunak azaleratzen dituen punturaino eramatea baizik : autobiografia –Davidek une batean dioen bezala- kontuak garbitzeko modua da, dudarik gabe, baina ez ditu kontu horiek inoiz guztiz garbituko47. Horixe da nobelak puntu honetan irakurleari planteatzen dion distantzia estetikoa, subjektua eta proiektu autobiografikoa barne-diferentziez osaturik daudela ulertuta gainditu beharko litzatekeena.
- 48 - Beste(a) diogunean ez dugu alter ego edo antzekorik adierazi nahi, subjektuaren mugetatik kanpo e (...)
- 49 - Josebaren berridazketa osagarri funtsezkoa da nobelaren egitura eta irakurlearen harrerarako, ber (...)
34Soinujolearen semea-k agertzen duen bikoiztasun narratiboaren arrazoia ere ia berez azaleratzen da argudiaketaren puntu honetaraino helduta. David aldi berean bera da eta beste(a) da : Daviden memorialak, beraz, berak eta beste(a)k batera idatzita egon beharko luke. Hau da, bikoiztasun narratiboa Daviden barne-diferentziaren ondorio zuzena da. Bestalde, gorago argudiatu denez, Davidek ETAn sartzeko erabakia hartu zuela beharrean, hauxe esan beharko litzateke : ETAn sartzeko beste(a)ren erabakia Davidengan hartu zen. Azken gertakari hau ekarriko zuen prozesua Josebak abiarazi zuen. Beraz, metaforikoki behintzat, Josebarena da Davidengan hartu zen erabakia, Joseba da Daviden beste(a)48. Horregatik txertatu du Atxagak Josebaren berridazketa egiturazko osagarri bezala, memorialak Davidek eta Daviden beste(a)k batera idatzia behar zuelako eta Joseba zelako, hain zuzen ere, Daviden beste(a). Egiturazko osagarri honek, finean, Daviden barne-diferentzian du jatorria eta barne-diferentzia hauxe azpimarratzeko funtzioa du49.
35Azken ohar bat atal honi amaiera jartzeko. Joseba Daviden beste(a) dela esateak ez dakar berekin Josebak eta Davidek elkar osatzen dutelako ideia, bestela esanda, Josebak eta Davidek ez diote elkarri eman bakoitzak ‘gizabanako osoa’ izateko falta zuena. Soinujolearen semea-k, kontrara, gizabanakoa eta osotasuna kontzeptu bateragaitzak direla iradoki nahi du. Beste(a)ren nozio dekonstruktiboa berezkoa zaio gizabanakoari beti, gizabanakoen artean egon daitezkeen kidetasunetatik haratago : gizabanakoak ez du inoiz ere bere beste(a) erabat azpiratzerik, errenditzerik, bereganatzerik izango. Hala egiazta daiteke nobelan ere, ia amaieran dagoen David eta Josebaren arteko elkarrizketa batean, behin Daviden eta Josebaren ahaleginak kontuak garbitzeko bukatutzat jo daitezkeenean. Honelaxe dio Josebak :
Niri ere asko kostatzen zaidak ulertzea [...]. Baina ez Mamousinetik atera eta gero egin nuena, baizik eta Guzziarekin hire bila joan nintzen egunekoa. Zergatik sartu nintzen zulo horretan. Zergatik atera hindudan hi Virginiaren ohetik zulo berera bultzatzeko. Horregatik idatzi behar diat liburua.50
36Josebak aipatzen duen liburuaren amaieran –memorialaren berridazketaren amaieran, alegia- agertzen da adierazpen hau. Amaiera helduta, ahalegin guztiak eginda ere, Josebak –Davidek bezala- ezin du bere burua ulertu, ez guztiz behintzat. Davidek eta Josebak ezingo dute inoiz guztiz justifikatu zergatik sartu ziren ETAn ; Davidek eta Josebak ezingo dute inoiz nor diren guztiz azaldu ; Davidek eta Josebak ez dute inoiz nork bere beste(a) guztiz errenditzerik izango.
37Nazioa traizionatu nazioari leial izateko : nazioaren muga zehatzezinak.
Batzuetan, identitate kultural, identitate nazional edota identitate linguistikoen aldeko borrokak ekimen zintzoak dira. Baina, aldi berean, euren identitatearen alde borrokan ari direnek kontuan hartu behar dute identitatea ez dela gauza baten berberatasuna, edalontzi hau, kasu, mikrofono hau, baizik eta identitatearen baitako diferentzia bat barne hartzen duela.
Jacques Derrida, The Villanova Roundtable
38Erakutsi bezala, Soinujolearen semea-ren lehen bi herenek bikoiztasun bat hartzen dute oinarri estruktural eta helburu narratibotzat, David eta bere beste(a)ren arteko bikoiztasun moduko hori alegia, ETAn sartzeko erabakian azaleratua eta David eta Josebaren arteko bikoiztasun narratiboan metaforikoki islatua. Daviden bikoiztasuna ETAn sartzeko erabakiaren unean azaleratzeak Soinujolearen semea-ren gairik beharbada nagusienak seinalatzen ditu, hots, gizabanakoak duen komunitatea edo nazioarekiko erantzukizuna, komunitatea edo nazioaren zerizana, eta, bistan da, Euskal Herriko gatazka politikoa. Gai hauek garatuz eta David eta Josebaren historiaren ifrentzua eskainiz, nobelaren azken herenak ETAn sartzeko erabakiaren kontrapuntu simetrikoa hartzen du hizpide, hau da, David eta Josebak ETA uzteko harturiko erabakia. Hemen ere, kontakizunak bikoiztasun edo dobletasun bat du ardatz, toles bat, tolestura bat, traizio bat alegia, kasu honetan Josebak buruturiko traizioa eta Josebarengan islaturiko dobletasuna, Josebaren dobletasuna, Joseba eta bere alter ego organizatuaren artekoa, Joseba vs. Etxeberria, alegia.
- 51 - SS, 446. or.
- 52 - ETAko militaristen jarrerari aurre eginez, Josebak uste osoz –ia harrotasunez, esan liteke- hartu (...)
- 53 - Josebarengan bezala, Davidengan ere inbertsio bat gauzatu zen atxiloketa baino lehen. David damu (...)
- 54 - SS, 445. eta 449-50. orr.
39Josebak ez zion inoiz bere traizioaren berri inori eman Hiru aitorpen izeneko testua jendaurrean irakurri arte. Stoneham-en bisitan zegoen bitartean literaturzale-elkarte batek antolaturiko irakurketa publikoan testua ezagutzera eman arte, Davidek berak ere ez zekien deus askorik Josebak hogeita hiru urte lehenago egindakoaz. Bere aitorpenean –Etxeberriaren aitorpena izenekoan, alegia- Josebak zuzen-zuzenean jotzen du harira. ETAn sarturik hainbat denbora eman ondoren, inbertsio bat gertatu zen beragan eta militantziarekin zerikusia zuen guztia arbuiatzen hasi zen : organizazioaren agiriak, lexikoa, diskurtsoa, atentatuak51...1976. urtea zen, ETAren barruan bide militarra eta bide politikoaren defendatzaileen arteko liskarrak hasiak zirenean jada. Militaristek zioten jarrera moderatuaren aldeko guztiak saldukerian ari zirela, traizioan alegia, eta ez zutela halako irtenbiderik onartuko. Josebarentzat, ordea, ETA uztea inork kendu ezin zion eskubidea zen. Hala, bere burua poliziari ematea deliberatu zuen, organizazioari traizio egitea, alegia52. Bere bi komando-kideentzat ere –Agustin/Triku eta David/Ramuntxo, alegia- irtenbiderik onena ETA uztea zela erabakita, Josebak hauei ezer esan gabe hiruron atxiloketa prestatu zuen poliziari abisua emanda. Triku hiltzear egon zen atxiloketaren ondorengo tortura-saioetan. Atxiloketa gertatzerako, Davidek ere bere burua bere aldetik entregatuz ETA uztea erabakita zeukan. Hala, ezusteko atxiloketa aprobetxatuta, bere kontrako akusazio guztiak onartu eta poliziari Iruaingo gordelekuaren berri eman zion53. Hau dela eta, organizazioak erorketaren errudun eta traidoretzat jo zuen David, ostrazismoan eta heriotza-mehatxupean bizitzera kondenatuz Stoneham-era alde egin zuen arte54. Josebari dagokionez, laster sumatu zuen poliziak atxilotu ondoren ematen zion tratu adeitsuaren bidez traidorea nor izan zen argitu egin nahi ziola organizazioari. Azken honek egia behin jakinda jarri ziezaiokeen zigorraren beldur, Josebak bere burua nahita zauritu zuen ziegan. Honela, traizioaren akusazioa ekidin zuen, susmoak Davidenganantz bideratu zirelarik. Finean, atxiloketatik hamalau hilabetera eta Josebak gutxi gorabehera aurreikusi bezala, kalean zeuden hirurak amnistiarekin, organizaziotik kanpo eta bizimodu berri bati ekiteko aukerarekin.
- 55 - Atxagak militaristak deitzen dituenak, bistan da, garai hartan ETAren barruan sorturiko zatiketar (...)
- 56 - SS, 453. or.
- 57 - SS, 451-3. orr. Oroz gain, erorketaren eragilea bera izan zela organizazioari aitortu ez izanak e (...)
40Daviden memorialarekin egin bezala, Josebaren aitorpenaren laburpen hau beharrezkoa zen ondoko argudiaketari testuinguru egokia emateko. Hasteko, Josebaren traizioari buruz hitz egin beharrean, Josebaren traizioei buruz hitz egin behar dela azpimarratu behar da. Izan ere, bi traizio zeharo ezberdin aipatzen dira Josebaren aitorpenean. Alde batetik, ETAko militaristek beren tesien arabera traiziotzat jotzen zutena daukagu : tesi horien arabera, ETA uztea, hots, borroka armatuari ez eustea kontra-iraultzan erortzea zen eta, ondorioz, ETA uztea ETAri traizio egiteaz gain, nazioari, Euskal Herriari ere traizio egitea zen55. Josebak, ordea, ez du onartzen ETA uztea traizioa denik, arestian erakutsi bezala. Ez da ‘traizio’ hori Josebaren aitorpena eragin duena. Bestaldetik, berriz, Josebak traidoretzat jo izan du bere burua poliziarekin tratua egin eta bere aitorpena irakurri bitarteko urte luzeetan. Izan ere, Josebak traizio egin zuen, baina berak traiziotzat onartzen duen bakarra bere lagunei eginikoa da, Trikuri eta Davidi, alegia, eta hauei zuzendu zaie, Davidi bereziki, aitorpena egiterakoan56. Izan ere, Josebaren jokaerak ondorio latzak ekarri zizkien biei : tortura erdiragarriak Trikuri eta denbora luzean traidorearen estigma eraman beharra Davidi57.
- 58 - Daviden erabakien artean eta Josebaren traizioen artean Atxagak ezarritako metonimia narratibo ha (...)
41Atxagak, beraz, hasiera batean ETAri eta nazioari eginiko traizioa zena –ETAren arabera, behintzat- lagunei eginiko traizioa bihurtu du, komunitatea edo nazioaren eremuan kokaturiko arazoa gizabanakoen arteko harremanen eremura eramanez. Halere, horrek ez du esan nahi Atxagak modu horretan lehen traizioaren gaia eta Euskal Herriko gatazka politikoarena jorratzeari muzin egin dionik. Izan ere, ez da ahaztu behar Soinujolearen semea-ren gairik nagusienen artean gizabanakoak duen komunitatea edo nazioarekiko erantzukizuna, komunitatea edo nazioaren zerizana eta Euskal Herriko gatazka politikoa daudela, arestian aipatu bezala. Horrela, Josebak Triku eta Davidi eginiko traizioaren istorioak ez du zentzu narratiborik ezpada ETAri eta nazioari eginiko balizko traizioaren testuinguruaren baitan. Hau da, ETA uztea traiziotzat jo behar ez dela iradoki ondoren ere, Atxagak ‘traizio’ horren gaiari eutsi nahi izan dio, halako moldez, non Josebak bere lagunei eginiko traizioaren istorioak, zeharka bada ere, ETAri eta nazioari eginiko balizko traizioaren gaineko istorioa izaten jarraitzen duen. Azken batean, hemen ere, Daviden erabakien kasuan bezala, metonimia narratibo bat aurkitzen dugu : Josebaren lehen traizioaz, hots, gizabanakoak nazioari eginiko traizioaz hitz egiteko, Atxagak beste traizio bat asmatu du, Josebak bere lagunei egindakoa, alegia58.
- 59 - SS, 447-8. orr.
- 60 - Josebak honelaxe laburbiltzen du Trikuk eta Davidek –Ramuntxok- aurkitu duten bizimodu berria : ‘ (...)
- 61 - Baieztapen honen frogagarria Atxagaren beraren hitzotan aurki daiteke, Buenos Aires-eko Página/12 (...)
42Josebak bere lagunei egindako traiziora jo behar dugu, beraz, aurrera egitekotan. Triku eta Davidi bere asmoa ezkutatu bazien ere, Josebak hiruron hobe beharrez prestatu zuen guztion atxiloketa, hirurok ETAko militantziarekin gogogabetuta zeudela ikusita eta guztiok urte askotako kartzelaldi seguru samar batetik salbatzearren59. Egia da erabaki horrek sufrimendu lazgarriak ekarri zizkiela bai Trikuri, bai Davidi, Josebari berari baino askozaz lazgarriagoak gainera. Alabaina, zenbait urteren buruan, traizioak bere onura erakutsi zuen, ETA garaiz utzi izanari esker, militantziakoa baino askozaz hobeto zegokien bizimodua aurkitu baitzuten guztiek60. ‘Traizio’ hau, beraz, kaltegarria ez ezik, onuragarria ere izan zen traizionatuentzat. Hala, Josebaren ekintza ezin da traiziotzat bakarrik hartu, traizioaren kontrakotzat, hots, zaintzatzat edo leialtasuntzat ere hartu behar da. ‘Traizioa’, beraz, hala deitzen jarraitu nahi bada ere, aukera egokitzat, are aukerarik egokientzat ere jo daiteke une jakin batean. Hauxe da Atxagak istorio honen bidez egin nahi izan duen iradokizuna61. Ez hori bakarrik, ordea, goian aipatu metonimia narratiboa gogoan hartuta, iradokizun honek benetako hizpide Josebak ETAri eta nazioari eginiko ‘traizioa’ duela ondorioztatu behar baita. Hau da, Atxagaren azken buruko iradokizuna honen antzeko baieztapen batera bil daiteke : ETAri eta nazioari ‘traizio’ eginez borroka armatua espainiar trantsizioaren garaian bertan behera uztea aukera onuragarria zen, baita Euskal Herriarentzat ere ; are gehiago, ‘traizio’ hori aukera egoki eta zentzuzkoentzat jo zitekeen, baita Euskal Herriari leial izateko modurik hoberentzat ere.
43Puntu honetan, funtsezkoa da ohartzea Atxagak iradokizun hori egitean ez duela guztiz alboratu nahi izan ETA uztea traizioa zelako ideia. Argi dago Atxagak guztiz bestelako zentzu batekin bereganatu duela ETAko militaristek jaulkiriko salaketa. Hauentzat ETA uztea traizio hutsa zen, traizio garbia, traizio betea, kalterik baino ez zekarren ekintza ; Atxagarentzat, ordea, ETA uztea ekintza onuragarria zen. Zentzu horretan, Atxagak ukatu egiten du ETAko militaristen ustea, honen adierazgarria nobelan Josebak harturiko jarrera delarik. Alabaina, azken buruan ETA uzteari buruzkoa den beste traizio-istorio bat asmatuz, Atxagak eutsi egin dio nolabait ETA uztea traizioa zelako ideiari. Egia da, esan bezala, Atxagak bereganatu eta gero traizioaren ideia guztiz eraldatuta agertzen zaigula, berak aurkezten digun traizioa finean onuragarria suertatzen baita. Baina, aldi berean, traizioa hor dago, traizioaren kaltegarritasuna hor dago, bai Josebak Triku eta Davidi eginiko traizioaren istorioan, baita –metonimia narratiboa dela medio eta oroz gain- ETA uztearen ekintzan ere. Atxagak, dirudienez, intentzio osoz nahastu ditu nazioari leial izatea eta nazioa traizionatzearen kontzeptuak, traizioa eta leialtasunaren arteko mugak zehatzezinak direla iradokiz. Berariazko anbiguotasun hau ez da batere ohikoa eguneroko politikaren jokoan, non, hain zuzen ere, anbiguotasunetik izurritetik bezala ihes egiten den koherentzia eta sinesgarritasun politikoak lortzeko modu bakarra bailitzan, nahiz eta, askotan, ihesaldi horrek ez duen berekin ekartzen dogmatismoa eta monolitismoa baino. Gauzak horrela, eta adiera bakarreko diskurtso politikoen jokoa gaindituz, Soinujolearen semea ETA espainiar trantsizioaren garaian desagertu behar zelako aldarrikapen politiko hutsetik haratago doa, Atxagak, bistan da, aldarrikapen hori ere egin nahi izan duen arren. Azken batean, Atxagak nazioarekiko leialtasuna ulertzeko ohikoa ez bezalako modua iradoki nahi izan du. Are garrantzitsuago, Atxagak nazioaren izaera ulertzeko ohikoa ez bezalako modua iradoki nahi izan du, ondoren argudiatuko den bezala.
- 62 - Ezaguna denez, nazioaren kontzeptu modernoak XVIII. mendeko pentsabidean du jatorria, pentsalari (...)
- 63 - Nazio-kontzeptuaren historiaren gaineko zertzelada hauetarako honako erreferentzia hau erabili da (...)
44XVIII. mendean garatu, indartu eta unibertsal bihurtzeko bidean jarri zenetik, nazioaren kontzeptu modernoa hainbat aldaera teorikotan gauzatuz joan da, zeintzuek, batzuetan, ñabardura esanguratsuak proposatu dituzten esentzialismo-mailari dagokionez62. Hala, funtsean, bi mutur teoriko atzeman daitezke nazio-kontzeptuaren historian zehar63. Batetik, nazioaren funtsa irizpide etnikoetan oinarritu duen ikuspegia dugu, zeinaren arabera nazioa jatorri, hizkuntza eta ohitura-multzo bereko komunitatea den eta nazionalitatea jaiotzetik erabakia dagoen. Bestetik, nazioaren funtsa irizpide hiritarretan oinarritu duen ikuspegia dugu, zeinaren arabera nolabaiteko burujabetza politiko komuna helburu duen edozein giza taldek nazioa osatzen duen eta nazionalitatea gizabanakoaren borondatean datzan. Bi mutur teoriko hauen arteko diferentziak ez dira hutsalak, eman berri diren definizioetan suma daitekeen bezala. Diferentziak gorabehera, bada osagarri komun bat kontzepzio hauei guztiei ezinbestekoa zaiena, tradizioa, alegia : ez dago nazioa irudikatzerik ezaugarri kultural jakin batzuen belaunaldiz belaunaldiko transmisiorik gabe. Oroz gain, nazioa tradizioa da, Ernest Renan filosofo eta idazle frantziarraren hitzotan ikus daitekeen bezala :
- 64 - Ernest Renan, Zer da nazioa ?, itzul. Esteban Antxustegi (1882ko hitzaldia ; Bilbo : Euskal Herri (...)
Nazioa arima bat da, izpirituzko oinarri bat. Bi gauzek, bat eginda azken batean, osatzen dute arima edo oinarrizko izpiritu hau. Bata iraganean dago, bestea orainean. Bata elkarren artean oroimen-sorta aberatsa edukitzean datza ; bestea gaurko baimenean, elkarrekin bizitzeko nahian, zatitu gabe jaso den ondarea iraunarazteko borondatean oinarritzen da.64
- 65 - Atxagaren iradokizuna adieraztean, leialtasuna eta traizioa aipatu dira arestian. Bestalde, Renan (...)
45Renan-entzat, beraz, nazioa tradizioa da. Ez edonolako tradizioa, alabaina, zatitu gabe transmititzen den tradizioa baizik. Ñabardura hau funtsezkoa da, nazioa gorpuzten duen tradizioan azken buruan zatiezina den erdigune bat kokatzen baitu, nazioari bere berezkotasuna ematen dion muin aldaezin eta iraunkor bat, esentzia bat, alegia. Hala, esentzia horrek irizpide garbia ematen du tradizioa eta traizioa zehazki ezberdintzeko : nazioaren esentziari onuragarri zaion jokabide oro tradizioa litzateke ; esentziari kaltegarri zaion jokabide oro, ordea, traizioa. Renan-en nazio-ikuskeratik eratortzen den ondorio hau, beraz, ez dator bat Atxagaren iradokizunarekin, hots, tradizioa eta traizioaren artean zehazki ezberdintzerik ez dagoelako ideiarekin65. Kontua da ideia honen atzean Atxagaren nazio-ikuskera dagoela, Renan-ena ez bezalako nazio-ikuskera antiesentzialista, alegia, ondoren erakutsiko den bezala.
- 66 - Azken paragrafo honen helburua ez zen artean Atxagaren nazio-ikuskera antiesentzialistaren aldeko (...)
46Hasteko, tradizioa eta traizioaren artean zehazki ezberdintzerik ez dagoelako ideiaren arabera, bietako zein lehenetsi erabakitzerakoan nazioa irtenbiderik gabeko sorgin-gurpil batean sartuko litzateke. Izan ere, kaltegarria zaion neurrian traizioa arbuiatu eta tradizioaren onura lehenetsiko balu, nazioak bere buruari kalte ere egingo lioke, traizioak ekar liezaiokeen onuraz gabeturik geratuko bailitzateke ; beraz, nazioak tradizioaren kaltea arbuiatu eta traizioa lehenetsi beharko luke. Baina onuragarria zaion neurrian traizioa lehenetsi eta tradizioaren kaltea arbuiatuko balu, nazioak berdin-berdin egingo lioke kalte bere buruari, traizioak ekarriko liokeen kalteari ateak irekiko bailizkioke ; beraz, nazioak traizioaren kaltea arbuiatu eta tradizioa lehenetsi beharko luke. Ondorioz, ez dago erabakitzerik non jarri behar diren nazioa babestu eta determinatu behar duten mugak : nazioak berezko duenak, bere mugen barrualdeari dagokionak, onuragarria zaion tradizioak alegia, mugetatik kanpo egon beharko luke, kaltegarria ere bazaio-eta ; nazioari berezko ez zaionak, bere mugen kanpoaldeari dagokionak, kaltegarria zaion traizioak alegia, mugetatik barne egon beharko luke, onuragarria ere bazaio-eta. Hitz batean, nazioa determinatzen duten mugak zehatzezinak dira, erabakiezinak. Nazioa ez da bera bakarrik, beste(a) ere bada. Nazioa ez dagokio berberatasunari, barne-diferentziari baizik. Nazioaren izaera ez da esentziala, diferentziala baizik. Nazioaren izaera diferentzial hauxe da, hain zuzen ere, traizioa eta tradizioaren edo leialtasunaren artean argiro ezberdintzea galarazten duena. Izaera horixe da, beraz, Josebaren traizioaren istorioari zentzua ematen diona eta Atxagak istorio horren bidez azpimarratu nahi izan duena66.
47Kulturaren kontzeptua bere adiera zabalean hartuta, hau da, kultura giza talde, nazio edota zibilizazio baten mundu-ikuskera eta jokamoldeen multzotzat hartuta, Soinujolearen semea-k, Atxagaren nazio-ikuskera antiesentzialistaren adierazgarria den heinean, berebiziko garrantzia erdiesten du euskal kulturarentzat, ez gertakari literario bezala soilik, ezpada gertakari kultural bezala ere. Izan ere, Mendebaldeko gainontzeko herrietan bezala, nazioaren ideia euskal kultura edo mundu-ikuskeraren hatsarre funtsezkoenetakoa da. Egun, Mendebalde osoan bezala gurean nagusi den nazio-ikuskerak oinarri esentzialista garbia dauka. Nazio-ikuskera horren arabera, herri bakoitza esentzia-multzo baten jabea den heinean entitate bakar, ezberdin eta burujabea da. Bestalde, gainerako izaki edo entitateena bezala nazioaren lehenbiziko egitasmoa irautea da, hots, nazioa den horri eustea, bere bakartasun, ezberdintasun eta burujabetasuna defenditzea, alegia. Horrenbestez, nazioak mugak behar ditu, nolabaiteko mugarik ezean ez baitago modurik bermatzeko arrotzak nazioa kutsatu, desitxuratu edo are ezabatu ere egingo ez duela. Gauzak horrela, Mendebalde osoan nagusi den nazio-ikuskeraren arabera mugek ahalik eta garbien egon behar dute zedarriturik, mugak zenbat eta garbiagoak, nazioa orduan eta sendoagoa izango baita. Honen guztiaren aurrean, Atxagarena bezalako ikuskera antiesentzialistek aldarrikatzen dutena ez da, zoritxarrez gehienetan ulertzen den bezala, nazioaren ezabaketa, ezta nazioak irauteko behar dituen mugen ezabaketa ere. Ikuskera hauek, funtsean, nazioa determinatzen duten mugak zehatzezinak direla diote. Hau da, nazioak nolabaiteko mugak behar dituela onartzeaz batera, muga horiek non jarri erabakiezina dela aldarrikatzen da. Bestela esanda, nazioak berezkoa du arrotzarekiko irekidura nolabaitekoa, are beharrezkoa ere, halako moldez, non nazioa zer den eta arrotza zer den guztiz ezberdintzea ezinezko bihurtzen den.
48Ikuskera antiesentzialistok aintzat hartzeak Mendebaldeko nazio-kultura goitik behera birdefinitzea ekarriko luke, euskal nazio-kultura barne. Kultura berriak zertara eramango gintuzkeen argiro erakustea, ordea, zaila ez ezik, ezinezkoa ere bada, nazioa zer den ezin determinatzeak nazio-eredu zehatzik gabe uzten baitu egitasmo nazionalista, helburu edo telos konkreturik gabe alegia, nazioaren aldeko lana unean uneko analisi eta erabakietan bakarrik gauza litekeen praktika politiko amaigabea bihurtuko litzatekeelarik. Soinujolearen semea-ri dagokionez ere, kultura berriaren ondoriozko nazio-eredu zehatzak arakatu baino Atxagak nazioaren zehatzezintasunaren ideia azpimarratu nahiago izan duela esan daiteke. Ondorioak beharrean ideia bera azpimarratzea ulertzekoa da oso, nazio-ikuskera esentzialistak gurean egun duen nagusitasun erabatekoaren aurrean zaila baita alternatibarik badagoela iradokitzetik haratago joatea. Zentzu horretan, nazioaren zehatzezintasunaren ideia are gehiago indartzea izan daiteke iruzkin honek, puntu honetara iritsita, har dezakeen biderik egokiena. Horretarako, Atxagaren mundu-ikuskerarekin antzekotasun handia duen Jacques Derrida-ren pentsabidera joko dugu berriro, azken honen zehaztasun eta sendotasun analitikoak Atxagaren ideien bozgorailu bezala baliatzeko asmoz.
- 67 - Puntu honetan, John D. Caputo-k Derrida-ren abegikortasun-nozioaz eginiko iruzkina jarraituko da (...)
- 68 - Derrida-ren analisia hospitalitas (abegikortasun) hitz latindarraren azterketa etimologikoarekin (...)
- 69 - Abegikortasunaren azken asmo hori berritu egiten dugu bisitariari ‘zure etxean zaude’ esaten diog (...)
- 70 - Derrida-k darabilen zentzuan, aporiak zera esan nahi du, pasabide zeharkaezina, hots, kurritu aha (...)
49Derrida-ren nazio-ikuskeraren giltzarrietako bat abegikortasunaren nozioa da67. Bai gizabanakoak, bai nazioak arrotzari harrera on edota ostatu eskaintzea betebeharra dutela abiapuntutzat hartuz, Derrida-k abegikortasunaren barne-logikan bertan aurki daitekeen bideraezintasuna azaleratzen du. Hasteko, abegikor izatea, berez, arrotzari ostatu ematen zaion tokiaren jabearen esku dago soilik, ostalariaren esku, alegia : abegikortasuna ez datza arrotzari besteren jabetzan ostatu eskaintzean, nork bere jabetzan ostatu eskaintzean baizik. Hau da, abegikortasuna ostalariaren jabegotik eratortzen den aukera da. Honezaz gain, ostalariak bere jabegoari eutsiko diolako baldintzapean eman behar dio ostatu arrotzari : hala gertatuko ez balitz, hots, ostalariak bere jabegoari eutsiko ez balio, arrotzari eskainitakoa abegikortasuna bainoago kapitulazioa izango litzateke. Beraz, abegikortasuna nork bere jabetzari eusten dion bitartean arrotzari ostatu ematean datza68. Bestalde, abegikortasunak bilatu behar duen azken helburua arrotza etxean bezala sentiaraztea da, bestela arrotzari eskainitakoa abegi ona bainoago apopilotza-kontratua izango baita69. Baina ostalariak bere jabetzari eusten badio, arrotza ezingo da inoiz etxean bezala sentituko, beti izango baitu gogoan besteren etxean dagoela. Gauzak horrela, abegikortasuna ezinezko bihurtzen da : nork bere jabegoari uko eginez arrotza benetan etxean bezala sentiaraztea ez da abegi ona eskaintzea, kapitulatzea baizik ; nork bere jabegoari eustea ere ez da abegi ona eskaintzea, apopilotza-kontratua baizik. Beraz, bada abegikortasunaren baitan barne-muga gaindiezin bat, pasabide zeharkaezin bat, aporia bat, alegia, abegikortasuna galarazi egiten duena70.
50Ezintasun hau, ordea, ez da berez negatiboa. Izan ere, abegikortasuna porrotera daraman itxituratzat hartu beharrean abegikortasuna gauzatzen hasteko aukera zabaltzen duen irekiduratzat hartu daiteke. Dekonstrukzioan ohi bezala, abegikortasuna, hain zuzen ere, barne-muga gaindiezinak gainditzean edota pasabide zeharkaezinak zeharkatzean datza. Horixe da ostalariak, abegikortasuna proiektu beharrezkoa eta ezinbestekoa den heinean utziezina ere badela gogoan hartuta, egin beharko lukeen ahalegina, ahalegina nola burutu ez dakien arren, emaitza beti ere abegikortasun mendratua izango dela dakien arren. Ostalariak bera eta arrotzaren arteko botere-hierarkia desegiten saiatu behar du, botere-hierarkiari nolabait eutsi beharrean badago ere. Ostalariak bere jabetza arrotzaren esku uzten saiatu behar du, jabetzari nolabait eutsi behar badio ere. Ostalariak abegikortasunetik haratago joaten saiatu behar du, harako biderik ezagutzen ez badu ere. Programa, erregela edota kalkulu oroz gabetuta egonik, ostalariaren erabakiak eroaldi uneak izan behar dira. Ez dago abegikortasunik ostalariaren eroaldi uneak berekin ez dakartzanik. Ez dago abegikortasunik pasabide zeharkaezin honen aporia zeharkatzeko beharrean ez dagoenik. Ez dago abegikortasunik abegikortasunetik haratago joateko beharrean ez dagoenik. Baina abegikortasuna ez da inoiz bere helmugara iristen. Zentzu honetan, ostalariaren abegikortasuna beti da eskasegia. Zentzu honetan, abegikortasuna beti dago gertatzeke. Baina ezinezkotasun hauxe da, hain zuzen ere, ostalariari etengabe gogorarazten diona barne-muga gaindiezinak gainditzeko eta pasabide zeharkaezinak zeharkatzeko duen betebeharra. Ezinezkotasun hauxe da abegikortasunaren egitasmoari irekirik eta bizi-bizirik eustea ahalbidetzen duena. Azken batean, abegikortasunaren ezinezkotasuna bere ahalbide baldintza da -ezintasun baldintza ere izan arren-, hots, abegikortasuna gertagarri bihurtzen duen baldintza –gertaezin ere bihurtu arren-.
- 71 - Komunitate hitzaren jatorri latindarraren azterketa etimologikoak argi erakusten du komunitateare (...)
51Abegikortasunaren analisi honek ondorio zuzenak dakartza komunitate edo nazioaren kontzeptuarentzat. Izan ere, abegikortasuna non bukatu behar den ezin zehazteak nazio bakoitzak beste nazioetatik babesteko behar dituen mugak non ezarri ezin zehaztea dakar berekin71. Muga horiek nazioaren kontzepturako funtsezkoak izateak honako ondorio hauxe dakar berekin : nazioaren funtsa zehatzezina da. Nazioak, beraz, abegikortasunari loturiko aporiaren antzeko bat agertzen du : nazioa abegikorregia bada bere identitatea galduko du ; baina bere identitateari eusten badio, ez da behar beste abegikor izango. Nazioaren aporia bere mugei eusteaz batera muga horiek ireki behar izatean datza, mugak non eta nola jarri behar diren jakiteko programa, erregela edo kalkulu erabakigarririk ez dagoelarik. Ez dago, beraz, naziorik nazioa osatzen duen komunitatearen eroaldi uneak berekin ez dakartzanik. Ez dago naziorik bere aporiaren pasabide zeharkaezina zeharkatzeko beharrean ez dagoenik. Ez dago naziorik naziotasunetik haratago joateko beharrean ez dagoenik.
- 72 - Jacques Derrida, ‘The Villanova Roundtable’, in John D. Caputo, Deconstruction in a Nutshell, ik. (...)
52Laburbilduz, Derrida-k ez du komunitate, nazio edota kultur identitateen ezabaketa aldarrikatzen, baina komunitate, nazio eta kultur identitateak barne-diferentzia batek markaturik egotea nahi du, beste(a)ren aurrean irekita egotea, horixe baita beren berezko izaera. Zentzu honetan, Derrida-k dioen bezala, ‘batasun purua edo aniztasun purua –osotasuna edo batasuna bakarrik dagoenean eta aniztasuna edo zatikakotasuna bakarrik dagoenean- herioren sinonimo dira72.Komunitate, nazio edota kultur identitate baten barne-diferentzia onartzeak, bestalde, haren zehatzezintasuna onartu behar izatea dakar berekin, hau da, komunitatea, nazio edota kultur identitatea argi eta garbi zertan datzan ezin determinatu ahal izatea. Ez dago dudarik kolokan egote hau oso deserosoa gertatu behar dela mundu-ikuskera esentzialisten ziurtasunaren ondoan. Baina kolokan egote hori errealago, arduratsuago eta justuagoa da ziurtasuna baino, errealitatea ez baita esentziala, errealitatea diferentziala baita, errealitatea berez baitago kolokan. Antiesentzialismoa ez da, tamalez ulertu ohi den bezala, ezaxolakeriaren sinonimo. Kontrara, benetako erantzukizunaren, benetako konpromisoaren eragilea da. Erantzukizuna eta konpromisoa ez baitautza aldez aurretiko ezarritako programa, erregela edo kalkulu bati ahalik eta indartsuen eustean. Hori dogmatismoa baino ez da. Benetako erantzukizuna eta konpromisoa aporiaren esperientzian baino ez dira azaleratzen, programa, erregela eta kalkulu orok erantzun erabakigarririk eskaintzen ez digutenean, hain zuzen ere. Nazioaren aporia zeharkatzea da nazioaren arazoari erantzunik egokiena emateko modua, nazioa gehien indar dezakeen, nazioari leialen izan dakiokeen jarrera aurkitzeko bide bakarra. Justizia nazioarentzat, bai. Baina zehatzezina den justizia, beti ere etortzeke dagoen justizia. Ez dago beste biderik. Berez, ez dago biderik. Unean-unean irekitzen joan behar den bidea baino ez dago, programarik gabe, erregelarik gabe, kalkulurik gabe, eroaldiz eroaldi, justizia horizontean.
53Ildo honetatik, Derrida-k dio :
- 73 - Frantsesezko jatorrizkoan : ‘Il y a sans doute ce désir irrépressible qu'une « communauté » se fo (...)
Bada, dudarik gabe, desira menperaezin hau ‘komunitate’ bat osa dadin, baina baita komunitate horrek bere muga ezagut dezan ere –eta bere muga bere irekidura izan dadin : behin komunitateak uste duenean testua ulertu, bildu, interpretatu, gorde duela, orduan, testuak duen zerbaitek, erabat beste den testuaren baitako zerbaitek ihes egiten edo buru egiten dio komunitateari, bestelako komunitate bati dei egiten diolarik, komunitate presente baten oroimenean erabat baitaratua izateari itzuri egiten zaiolarik, beti ere.73
- 74 - Frantsesezko jatorrizkoan : ‘communauté sans communauté’. Ik. Jacques Derrida, Politiques de l’am (...)
- 75 - Josebak eginiko Daviden memorialaren berridazketa bion arteko anaitasuna berretsi eta omentzeko m (...)
- 76 - SS, 382. or.
- 77 - SS, 18-9. orr.
- 78 - Erabaki hau, berez, eroaldi unetzat jo daiteke, Derrida-ren erara : ba al zuen Davidek Mary Ann z (...)
- 79 - SS, 10. or.
- 80 - SS, 151. or.
- 81 - SS, 417. or. Besarkada honen esanahi sinbolikoa bistakoa da : arerio izandakoek beti dute eskura (...)
- 82 - SS, 412-9. orr. Daviden jokaera traiziotzat jo zuena Carlos izan zen, komandoaren burua, alegia. (...)
54Hortaz, ez dago zertan arbuiaturik komunitatearen ideia, baina komunitatea Derrida-k ‘beste komunitate bat’ deitzen duena izan beharko litzateke, ‘kuasi-komunitate ireki bat’, beti ere ‘etortzeke dagoen komunitatea’ dena, edota ‘komunitaterik gabeko komunitatea’74. Komunitatea eta nazioa ulertzeko modu hau da Soinujolearen semea-k gorpuztu mundu-ikuskeraren oinarri funtsezkoenetako bat, nobelaren hainbat motibotan ikus daitekeen bezala. Davidek gehien maite dituen pertsonekin osatu bizi-komunitateak berak ere, Daviden bizitzaren funtsa izan arren, gizakiok gure artean lor dezakegun bizi-batasun estuenaren adibide ederra izan arren, ez du batasun perfektua osatzen, ezin ditu nola edo halako distantzia galgarriak, bereizketa-gune eta barne-diferentzia aztoragarriak ekidin. David eta Josebaren arteko harremanak, kasu, anaitasunaren ideal desiragarria ederki islatzen du, bizi-kidetasunarena, elkarri baldintzarik gabe laguntza eman eta leial izatearena, alegia75. Halere, anaitasun hori ez da guztizko bat-egitea, Davidek, adibidez, ezkutatu egiten baitio Josebari memoriala idazten ari dela, bera nor izan den, bere egia, bere identitatea Josebari azaldu ezingo balio bezala76. David eta Mary Ann-en maitasun istorioak ere, perfektua, ideala iruditu arren, badu guztizko elkar ulertzea, erabateko bat-egitea galarazten duen unerik, bada nobelan Daviden egiak, identitateak Mary Ann-i ere ihes egiten diolako iradokizunik : Mary Ann-ek ez du ulertzen zergatik erabaki zuen Davidek memoriala euskaraz idaztea, jakinda modu horretan Mary Ann-ek ezingo zuela irakurri, ezingo zuela Daviden nortasunaren historiaren berri izan, ezingo zuela David guztiz ezagutu77. Davidek memoriala euskaraz idaztea erabakitzean, hizkuntz komunitatea lehenetsi zuen Mary Ann-ekin osatu maitasun-komunitate txikiago baino estuagoaren aurrean78. Halere, Davidek ez zuen hizkuntz komunitate itxi, elebakar eta monolitikorik nahi, bere buruarentzat idatziriko epitafioa hiru hizkuntzatan –euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez- egoteak adierazten duen bezala79. Bestalde, hizkuntzak ez du gizabanakoen nazio-ideologia zertan determinaturik, Berlinoren anaia Antoniok gerrako frontetik bidaliriko euskarazko gutunean Davidek egiaztatu ahal izan zuenez80. Ideologia-komunitateek ere ez dute zertan muga zeharkaezinetan banaturik egonik : Davidek eta bere aitak, bizitza osoan ideologikoki erabat banaturik egon ondoren, amaren ehorzketan elkarri emandako besarkadak hala iradokitzen du81. Honezaz gain, gizabanakoa den hori ez da kabitzen ideologia-komunitate zurrunek ezarritako arautegien barruan, gizabanakoaren eskubideak ezin dira jarri ideologia-komunitatearen beharren menpean abusuan erori gabe : David traidoretzat jo zuten ETAn bere amaren hiletetara joanez komandoa arriskuan jartzeagatik, baina ikuspegi horrek ez zuen Daviden eskubidea errespetatzen, ikuspegi horrek alienatu egiten zuen David, bitarteko huts, gauzaki bihurtzen zuen82.
55Xehetasun hauek guztiek Soinujolearen semea-k islatzen duen komunitate- eta nazio-ikuskeran dute sorburu eta ikuskera berau azpimarratzeko funtzioa dute. Ikuskera antiesentzialista honek, funtsean, komunitatea eta nazioa entitate zehatzezinak direla aldarrikatzen du, irekidura berezkoa eta ekidinezina duten entitateak direla. Horrela, ikuskera honek salatu egiten ditu komunitatea edo nazioari mugarri zorrotzak jartzen dizkien ikuskera oro, ikuspegi zurrunak, irrealak, desegokiak eta totalitarioak baino ez baitira. Nazioak ez dauka esentziarik. Zentzu horretan, ez dago argi eta garbi jakiterik nazioari leial izateko modurik egokiena zein den. ‘Traizio’ batzuk –Josebak eginikoa barne- nazioa zaintzeko, nazioari leial izateko modua izan daitezke. Nazioak arrotza behar du, eta behar horrek ezinezko egiten du nazioa babesteko neurriak nolakoak eta zenbaterainokoak izan behar diren jakitea. Beraz, nazioa eredu zehatz, ongi mugaturiko eta behin betiko batean gorpuztea proposatzen duten ikuskera oro traizioa egiten ari zaio nazioari. Nazioak ezin du telos-ik izan, nazioaren helburua eta azken gauzapena ezin da aldez aurretik definituriko programa, erregela edo kalkulu baten baitan egon. Ez dago biderik unean-unean erabaki erabakiezinak hartzen joatea baino. Bide horixe da Josebak ETA uzteko erabakia hartuz, ETAri ‘traizio’ eginez hartu zuena, nazioa ahultzea beharrean nazioa sendotzea zuena helburu. Ez da zaila imajinatzen ETArik gabeko Euskal Herria sendoagoa izan litekeela hainbat eta hainbat alderditan, gizarte- elkarbizitzak, euskarak berak, aldarrikapen politiko nazionalistek -are independentistek ere- edota Euskal Herriaren kanpo irudiak, besteak beste, baldintza hobeak aurki litzaketela sendotzeko, garatzeko, aurrera egiteko. Ez dago, jakina, hala gertatuko litzatekeela ziurtatzerik, bide horretarako ere ez baitago ez programa, ez erregela, ez kalkulu erabakigarri eta berme-emailerik. Horixe da, halere, herri honetako jende gehienak aspaldian egin nahi izan duen apustua. Horixe Atxagak egitea iradoki diguna ere. Euskal Herri/Hiriaren hobe beharrez.