- 1 Lan honek Gradu Amaiera Lan batean du oinarri. Eskerrak eman nahi dizkiot Beatriz Fernández nire zu (...)
1Lan honen helburu nagusia da espazio harremanak adierazten dituzten euskarazko leku adposizioak aztertzea. Euskal gramatiketan postposizioez hitz egin bada ere, adposizioez arituko naiz, deiturak gainerako hizkuntzetako preposizioak, zirkunposizioak eta anbiposizioak ere barne hartzen baititu.
- 2 Lan honetan honako laburdura hauek agertuko dira: abl = ablatiboa, adl = adlatiboa, ak= akusatiboa, (...)
2Hasieran, lehendabiziko hurbilketa bat egingo dut adposizio kategoriara (2.1.), eta jarraian, adposizio kategoriaren inguruko berariazko ikerketak landuko ditut. Lehenik eta behin, Talmyren (2000) Irudia eta Eremua bereizteko azterbidea (2.2) landuko dut. Bigarrenik erakutsiko dudanez, Svenoniusek (2004) P2 edo adposizio kategoria buru sintaktiko gehiagotan deskonposatzen du (2.3.), Bidea (ing. Path) eta Lekua (ing. Place) bereiziz. Analisi honetan, Ardatz Zatiak gaineratzen ditu (ing. Axial Parts) egileak. Bestetik, Pantchevaren (2011), Bide Sintagmaren deskonposaketaren hipotesia azalduko dut (2.4.), munduko hizkuntzetan leku adposizioak zenbait buru sintaktikotan bereizten direla argudiatzen baitu. Adposizioak hierarkia honen arabera egituratzen dira, hots, Lekua < Helburua < Jatorria < Bidea < (Eskala). Jarraian, Hualde (2003) (3.1.) eta de Rijken (1990, 2008) (3.2.) gramatiketako ekarpenak jasoko ditut, eta bereziki, nazioarteko proposamenak euskarara ekarri dituen Etxeparek (2013) egiten duen oinarrizko hiru adposizioen egituraketa hierarkikoa (3.3.) landuko dut, baita Berrok (2015) kokapen aditzez eta adposizioez (3.4.) eginiko azterketa ere. Izan ere, Pantchevaren (2011) analisian EskalaS deritzana, gure hurbiltze adlatiboarekin (-rantz) zerikusia duena, kokapen aditzekin bateraezina dela erakutsi baitu Berrok.
3Ondoren, 4. atalean, Pantchevaren (2011) analisian oinarrituz, euskarazko leku adposizioen hierarkiaren analisia egingo dut. Hipotesi hau euskararen zenbait adposiziotara zabaltzeko saioa egingo dut, hots, hurbiltze adlatibora (-rantz), muga adlatibora (-raino) (4.1) eta mendebaldeko lekukotasunetan ageri den ablatiboaren (-rean) eta prosekutiboaren (-ti) arteko oposaketa historikora (4.2), hain zuzen. Gogoeta diakroniko labur baten ostean (4.3.), analisi hau euskarazko aldakortasun dialektala azaltzeko ere lagungarria dela erakutsiko dut (4.4.). Bukatzeko, ondorio nagusiak bilduko ditut (5.).
4Jarraian, euskarazko leku adposizioen analisia egiteko baliatuko ditudan ikerketak aztertuko ditut. Horretarako, adposizio labelpean aurki daitezken azpimultzoak zehaztu ostean (2.1), Talmyren (2000) Irudiaren eta Eremuaren arteko aurkakotasunaren hipotesia hartuko dut nire hipotesiaren abiapuntutzat (2.2.). Ondoren, Svenoniusek (2004, 2007) P kategoriaren barruan bereizten dituen buru sintaktikoak aztertuko ditut (2.3.). Amaitzeko, Pantchevaren (2011) Bide Sintagmaren deskonposaketaren hipotesia aztertuko dut (2.4.). Lan honetan, leku adposizioak hierarkia jakin bati jarraituz egituratzen direla proposatzen du, eta proposamen honetan oinarrituko naiz euskal leku adposizioen hierarkia aztertzeko.
5Aztergai ditugun hizkuntzen ezaugarri tipologikoen arabera, preposiziodun eta postposiziodun hizkuntzak bereizi ohi dira deskribapen klasikoetan. Esate baterako, euskara hizkuntza buru-azkena (OA) izaki, euskal postposizioez hitz egin ohi da. Hala ere, lan honetan, adposizio hitza hobetsiko dut postposizioaren kaltetan. Izan ere, adposizio labelpean askotariko motak bereizten dira, hala nola, preposizioak, postposizioak, anbiposizioak eta zirkunposizioak.
6Jarraian, Deaconek (2014) horren ezagunak ez diren zirkunposizioak (1a) eta anbiposizioak (1b, 1c) definitzeko baliatzen dituen adibideak jasotzen ditut. Zirkunposizioak, preposizio batez eta postposizio batez daude osatuak eta biak batera erabiltzean esanahi berri bat hartzen dute. Nederlanderaz, adibidez, emankorrak dira (Koopman 2000: 4). Anbiposizioak, berriz, hitz hurrenkeran murriztapenak dituzten ingelesa bezalako hizkuntzetan, preposizio zein postposizio gisa joka dezaketen adposizioak dira (Liber,t 2008: 143–144).
(1)
|
a. op iemand af komen
|
|
lok norbait abl. Etorri
|
|
‘norbaitenganantz etorri.’ (Koopman, 2000: 4)
|
|
b. He walked through the forest
|
|
3.sg ibili.irgn.perf zehar det baso
|
|
‘Basoan zehar ibili zen.’ (Libert, 2008: 144)
|
|
c. She sat the whole night through
|
|
3.sg eseri.irgn.perf det oso gau zehar
|
|
‘Gau osoan zehar eseri zen.’ (Libert, 2008: 144)
|
7Adposizo kategoriaren inguruko behaketak baliatu zituen Talmyk Irudia eta Eremua definitzerakoan. Talmyren (2000) hitzetan, elementuak bi funtzio kognitibo nagusitan sailka daitezke hizkuntzan, hots, Irudia (ing. Figure) ainguraketa behar duen elementua, eta Eremua (ing. Ground) ainguraketa ahalbidetzen duen elementua, (2a) eta (2b) adibideetan erakutsiko dudanez:
(2)
|
a. The pen lay on the table.
|
|
b. The pen fell off the table. (Talmy, 2000: 311)
|
8Jo dezagun (2) adibideetara. Ainguraketa kontzeptuak honetan datza: table ‘mahai’ Eremua da, Irudiak (pen ‘bolaluma’) jasaten duen gertaerak espazioan kokatzen dituen elementua. Irudiak entitate aldakorrak dira, euren bidea eta kokapena ere aldakorrak diren bezala. Eremua, bestalde, erreferentziazko entitatea da, aditzera ematen den Irudiaren bideak eta kokapenak ezaugarritzen dituena. Irudia Eremuan ainguratzen da, beraz. Hortaz, Eremuaren eta Irudiaren arteko asimetria Eremuari atxikitzen zaizkion modifikatzaileen bidez adierazten da, oro har, adposizoen bidez (Talmy, 2000: 312).
9Talmyk (2000) Irudiaren eta Eremuaren ezaugarriak zehazten ditu. Irudiak ez du kokapena adierazteko ezaugarririk; perpauseko osagai garrantzitsuena, txikia, mugikorra eta geometrikoki bakuna izan ohi da. Bestalde, ez da horren hautemangarria eta Eremuaren menpe dago. Eremua, berriz, kokapen erreferentzia duen elementua da; perpausean ez du Irudiak beste garrantzirik; Irudia baino handiagoa, egonkorragoa, hautemangarriagoa eta geometrikoki konplexuagoa izan ohi da, eta ez dago Irudiaren menpe (Talmy, 2000: 315–316).
(3)
|
a. The bike is near the house.
|
|
det bizikleta (I) izan/egon gertu det etxe (E)
|
|
‘Bizikleta etxetik gertu dago.’
|
|
b. ?The house is near the bike.
|
|
det etxe (I) izan/egon gertu det bizikleta (E)
|
|
‘Etxea bizikletatik gertu dago.’
|
(4)
|
a. John is near Harry.
|
|
John (I) izan/egon gertu Harry (E)
|
|
‘John Harryrengandik gertu dago.
|
|
b. Harry is near John.
|
|
Harry (I) izan/egon gertu John (E)
|
|
‘Harry Johnengandik gertu dago.’ (Talmy, 2000: 314–315)
|
10(3b) adibidean ikus daitekeenez, elementu txikiena, bike ‘bizikleta’, erreferentzia puntutzat hartzen denean, hau da, Eremu funtzioa esleitzen zaionean, hiztunari perpausa badaezpadakoa egiten zaio, erreferentzia puntutzat tamaina handiagoko elementu egonkorra house ‘etxea’ erabiltzea espero baitu. Agerian jartzen da, horrela, perpauseko elementuen tamainaren eta erreferentzia geografikoa adierazteko gaitasunaren arteko korrelazioa. Horrez gain, Irudiak eta Eremuak ezaugarri bertsuak dituztenean (4a,4b), kasu honetan biak bizidunak dira, bakoitzari dagokion funtzioa hitz hurrenkerak berak zehaztuko du (Talmy, 2000: 315).
11Talmyk (2000) Irudiak eta Eremuak hainbat hizkuntzatan duten jokabidea aztertu ostean, bien arteko aldea honela trinkotzen du: Irudia bakarrik ageri den aldagaia da, eta Eremuaren menpe dago. Eremua, berriz, ez dago ezein aldagairen menpe, askea da. Horrez gain, gainerako modifikatzaileak Eremuan kokatu ohi dira (Talmy, 2000: 320). Hortaz, Eremuak Irudiak baino konplexutasun handiagoa izango du, modifikatzaileak bertan ageri baitira.
12Euskaraz ere, (3a) adibidearen itzulpeneko ‘Bizikleta etxetik gertu dago’ perpausean ikus daitekeen bezala, Eremua da perpauseko elementu egonkorrena eta honi eransten zaizkio adposizioak.
- 3 Nahuatlera, Uto-Azterkar familiako hizkuntza da eta Mexikon hitz egiten da nagusiki (WALS, <https:/ (...)
13Svenoniusek (2004) dioenez, perpauseko elementuen arteko espazio harremanak kasu eta denborarik gabeko hitzen bidez adierazi ohi dira. Hitz hauei gramatikalariek preposizio eta postposizio (adposizioak) deritzete. Egitura aldetik, adposizio kategoria aditz kategoriaren antzekoa da, baina ez du denbora adierarik. Izenak, aditzak eta adberbioak hizkuntza guztietan ageri diren kategoria unibertsalak izan arren, adposizioa ezin da kategoria unibertsaltzat hartu, adposiziorik gabeko hizkuntzak baitaude, nahuatlera klasikoa3 esate baterako. Honez gain, adposizioek kategoria lexiko edo funtzionala osatzen duten zehaztea ere zaila izan daiteke. Esaterako, ingelesez preposizio ugari egoteaz gain, esanahi ugari izan ditzakete, hortaz, adposizioek kategoria lexikoa osatuko lukete ingelesez. Hala ere, adposizioek kategoria funtzionala osatu ohi dute hizkuntza gehienetan (Svenonius, 2004: 2).
14Ingelesezko adposizioek kategoria beregaina osatzen dute. Izan ere, dart ‘jauzi’ (5a,5b) bezalako aditzek, edota right ‘zuzen’ (5c,5d) modifikatzaileak, preposizioak behar dituzte.
(5)
|
a. The bird darted into traffic.
|
|
det txori jaurti.irgn barne trafiko.
|
|
‘Txoria trafikora jaurti zen.’
|
|
b. *The cat darted quickly.
|
|
det katu jaurti.irgn azkar
|
|
‘Katua azkar jaurti zen.’
|
|
c. Right back to England.
|
|
zuzen atze p.adl. Ingalaterra.
|
|
‘Ingalaterrara itzuli/atzera egin’
|
|
d. *Right quickly
|
|
zuzen azkar
|
|
‘Zuzen azkar’. (Svenonius, 2004: 6)
|
15Hala ere, ingelesezko preposizioak gainerako kategoria lexikoetatik bereizten dira. Aditzek denbora eta aspektua morfologikoki adierazten dute, ez ordea preposizioek (*over-ing, *over-ed); eta izenek plural komunztadura adierazten badute ere, preposizioek ez dute horretarako baliabiderik (*into-s) (Svenonius, 2004: 6).
- 4 Ipar samiera, familia Uralikoko hizkuntza da eta Norvegia, Suedia eta Finlandian hitz egiten da (WA (...)
16Batzuetan, zaila izan daiteke espazio harremanak adierazten dituzten hitzen kategoria zehaztea. Esate baterako, Txineraz preposizio gisa identifikatzen diren hitzak, aditzak dira jatorrian. Ipar samiera4 bezalako hizkuntzetan, adposizioek, izenetan edo izenei dagozkien lekuzko kasuetan dute jatorria (Svenonius, 2004: 5).
17Bestalde, sail-aditzak (ing. serial verbs) darabiltzan txineraz, ez da denbora adierazten eta aditz zenbaitek aditz edo adposizio balioa izan dezakete. Hala ere, Li eta Thompsonek (1981), txineraz P kategoria badagoela argudiatu zuten eta kategoria hau, coverb, hots, koaditza izendatu zuten. Aditz batzuek, dào ‘joan’, ‘iritsi’ kasu, bietara joka dezakete; -le aspektu markatzailearekin agertuz gero, aditz balioa dute (6a) eta bakarrik agertuz gero, preposizio balioa (16b). Horrez gain, chúle ‘salbu’ bezalako preposizioek aspektu morfema iharturik mantendu duten arren, ez dute balio perfektiborik (Li eta Thompson 1981: 362).
(6)
|
a. Wǒmen dào le Xiānggǎng.
|
|
Gu iritsi perf Hong Kong
|
|
‘Gu Hong Kongera iritsi ginen’
|
|
b. Tā dào Lúndūn qù le
|
|
3.sg p.adl. Londres joan perf
|
|
‘Hura Londresera joan zen.’ (Li & Thompson, 1981 apud Svenonius, 2004: 8)
|
18Multzo honetan, ohiko espazio harremanak (gain, azpi, albo, etab.) adierazten dituzten preposizioak falta dira. Horretarako, DS ostean adierazten diren postposizioak darabiltza txinerak, lǐtou ‘non’ kasu (7a). Hala ere, preposizioek baino ez dute aditzari atxikitzeko gaitasuna (7b).
(7)
|
a. Wǒ bǎ qiānbǐ chā zài píngzi lǐtou.
|
|
Ni ba arkatz sartu p.lok ontzi p.lok
|
|
‘Nik arkatzak ontzian sartu ditut.’
|
|
b. Li Si ba zhei-ben shu fang-zai-le zhouzi-shang
|
|
Li Si ba det liburu j arri-p.lok-perf mahaigain
|
|
‘Li Sik liburua mahai gainean jarri zuen.’ (Svenonius, 2004: 9)
|
19Ikus daitekeenez, txinerazko postposizioek (lǐtou) hurrenkera zurrunagoa dute preposizioek (zài) baino.
20Talmyren (2000) ildotik, Svenoniusek Irudiaren eta Eremuaren arteko harreman asimetrikoa duten elementu gisa definitzen ditu adposizioak: Irudia kontzeptu mugikorra da, Eremua, berriz, erreferentzia puntu egonkorra da, Irudiaren ibilbidea zehazten laguntzen duena. P kategoriaren barne argumentua Eremua da unibertsalki eta kanpo argumentua Irudia. Beste hitz batzuetan esanda, Eremua da beti P kategoriaren osagarria, eta Irudia aditzaren osagarria (Svenonius, 2004: 1,15).
(8)
|
a. Max stuck his finger in his nose.
|
|
Max sartu bere behatz p.lok bere sudur
|
|
‘Maxek bere behatza sudurrean sartu zuen.’
|
|
b. ?Max stuck his nose around his finger.
|
|
Max sartu bere sudur inguru.lok bere behatz
|
|
‘Maxek bere sudurra behatzaren inguruan sartu zuen.’
|
|
c. The cat darted out.
|
|
det katu jaurti.irgn kanpo
|
|
‘Katuak alde egin zuen.’ (Svenonius, 2004: 16–19)
|
21(8a) adibidean ikus daitekeenez, Irudia, his finger, aditzaren osagarria da, eta Eremua, his nouse, preposizioaren osagarria. Honen aldean, (8b) adibidean, aditzaren osagarria erreferentzia puntu egonkorra da, his nose eta preposizioaren osagarria elementu mugikorra, his finger. Hortaz, perpausa gramatikala baldin bada ere, ez da perpauseko espazio harremanak adierazteko gai (Svenonius, 2004: 16).
22Bestetik, P kategoriako hitz batzuek, (8c) esaterako, ez dute osagarririk. Hauei partikula deritze eta ezin dira adposiziotzat hartu. Hortaz, ingelesezko partikulak Eremurik gabeko preposizio iragangaitzak lirateke (Svenonius, 2004: 19).
- 5 Finlandiera, familia Uralikoko hizkuntza da eta Finlandia eta Norvegia iparraldean hitz egiten da ( (...)
23Adibide bakan batzuetan, perpausean Eremu mugikorra (ing. Ground in motion) egon daiteke. Esaterako, finlandierazko5 postposizio batzuek (9a) Eremuaren mugimendua adierazten dute.
(9)
|
a. Buick on Volvon edellä
|
|
Buick izan/egon Volvo.gen p.aurre
|
|
‘Buick autoa Volvoarekiko aurrez aurre ari da gidatzen.’
|
|
b. Buick on Volvon edessä
|
|
Buick izan/egon Volvo.gen p.aurre.lok
|
|
‘Buick autoa Volvoaren aurrean dago.’ (Nikanne, 2003, apud Svenonius, 2003)
|
24Dirudienez, finlandieraz, Eremuaren mugimendua adierazten duten postposizioak, (9a)ko edellä adibidez, eta postposizio neutroak bereizten dira, hots, Eremua egonkorra denean erabiltzen direnak, (9b)ko edessä adibidez. Izatez, postposizio hauek Eremuaren tasunak aurresuposatzen dituzte, hau da, mugitzeko gai izatea, ez ezinbestean mugitzea (Svenonius, 2003: 32).
25Svenoniusek (2007b) P kategoria deskonposatzeko proposamen berri bat egin zuen. P kategorian bereizten dituen lehen eta bigarren buru sintaktikoek espazio harremanak adierazten dituzte, hots, mugimenduaren noranzkoa, Bideak (ing. Path) eta kokapena, Lekuak (ing. Place) (Jackendoff, 1983). Aldi berean, Lekua bi buru sintaktikotan deskonposatzen du, Lekua eta Ardatz Zatia (ing. Axial Part) bereiziz. Azkenik, kasuaren buru sintaktikoa legoke, DSren osagarri. Adibide gisa, hizkuntza buru-lehen bateko, ingelesezko from in front of the house (10) P Sintagmaren egitura aurkezten du.
26Adibide honetan ageri den Ardatz Zatiari, front, de Rijkek (1990) kokapen izen (ing. locational noun) deritza – ikus 3.1. atala –. Honek ez du esan nahi ezinbestean buru sintaktiko guztiak beti islatzen direnik. Esaterako, from the house (11) PSren egitura ez da horren konplexua.
27Aipaturiko Ardatz Zatiek, hizkuntza askok espazio harremanak adierazteko darabiltzaten hitzak barne hartzen dituzte. Hizkuntza askotan, erlaziozko hitzak edo Ardatz Zatiak lexikoki gauzatzen dira, lekuzko adposizio edo atzizki batekin konbinatuz. Lekuaren eta Ardatz Zatiaren buru sintaktikoak lexikoki gauzatzen dituen hizkuntzetako bat japoniera da (Svenonius, 2007b: 7–8).
(12)
|
a.Taro-ga isu-ni suwatta
|
|
Taro-nom aulki-lok eseri.irgn
|
|
‘Taro aulkian eseri zen.’
|
|
b. Mary-ga Taro-no mae-ni suwatteiru
|
|
Mary-nom Taro-gen aurre-lok eseri.imp
|
|
‘Mary Taroren aurrean eserita dago.’ (Takamine 2006, apud Svenonius, 2007b: 8)
|
28Ikus daitekeen bezala, japonierazko -ni postposizio lokatiboaren osagarria izen bat izan daiteke, isu + -ni (12a) eta baita Ardatz Zati bat ere, mae + -ni ‘aurre + -an’ (12b). Bi kasu hauetan, -ni postposizioa Lekuari dagokion buru sintaktikoan gauzatuko litzateke, baina Ardatz Zatiari dagokion buru sintaktikoa hutsik legoke (12a) adibidean (Svenonius, 2007b: 8).
29Baliabide hau darabilten hizkuntza gehienek, gorputz ataletan oinarrituz sortu ohi dituzte Ardatz Zatiak. Esaterako, tzeltaleraz6 jol-ol hitzak ‘buru’ esan nahi du eta s-jol Ardatz Zatiak ‘gainean’. Bestetik, pertsierazko sær ‘buru’ eta posht ‘bizkar’ hitzek ‘gainean’ eta ‘atzean’ Ardatz Zatiak adierazten dituzte (Svenonius, 2007a: 6, 8).
30Pantchevak (2011), mugimenduaren noranzkotasuna munduko hizkuntzetan zehar nola gauzatzen den azaldu du eta horretarako analisi morfosintaktiko bat egin du. Dioenez, nolabaiteko mugimendu edo noranzkotasuna adierazten duten egitura sintaktikoetan, bi buru sintaktiko bereiz daitezke. Bi buru sintaktiko hauek, bi objekturi egiten diete erreferentzia, hots, objektu egonkor bati eta objektu horrekiko mugitzen den objektu dinamikoari. Jackendoffen (1983) eta Svenoniusen (2007) terminologian oinarrituz, kokapena adierazten duen buru sintaktiko egonkorrari LekuS deritza (ing. Place Phrase), bestetik, buru sintaktiko dinamikoari BideS (ing. Path Phrase). Hipotesi honen aldeko argudio gisa dio hizkuntza askotan noranzkotasuna adierazten duten egiturak bi elementu beregainez daudela osaturik. Elementu bakoitza, BideSko buru sintaktiko bati dagokio, ingelesezko in+to>into, esate baterako (Pantcheva, 2011: 1–2). Egile honek ikusi duenez, egitura sintaktikoak uste baino askoz aberatsagoak dira, eta hortaz BideS buru sintaktiko gehiagotan deskonposa daitekeela ondorioztatu du.
- 7 Artiagoitiak (2000) honela itzultzen du Uniformetasunaren Baldintza: aurkakorik izan ezean, hizkunt (...)
31Nire hipotesi teorikoaren bigarren oinarria, Pantchevaren (2011) Bide Sintagmaren deskonposaketa hipotesia da. Honen arabera, BideS barruan deskonposa daitezkeen buru sintaktikoak hierarkikoki antolatzen direla ematen du aditzera, ondoko egitura zehaztuz: Lekua < Helburua < Jatorria < Bidea < (Eskala). Chomskyren Uniformetasunaren Baldintzan7 oinarrituz, hierarkia sintaktiko hau unibertsala dela defendatzen du. Izan ere, Bide Sintagmaren egitura sintaktikoak, Helburu Sintagmaren egitura barne hartzen du, baita Bidea eta Helburua adierazteko markatzaile morfologikorik gabeko hizkuntzetan ere (Pantcheva, 2011: xiv).
32Hierarkia honetako buru sintaktikoak gauzatu ahal izateko, buru horietako bakoitzaren gauzapen sintaktikoa adposizio zehatz batekin lotuta egon behar da. Oinarrizko adposizioa lokatiboa da, Leku burua eta gainerakoak [Leku] tasunaren gainean egituratzen dira. Pantchevak (2011) hierarkia hau erakusteko, eslovakierazko Helburu Sintagmen eta Bide Sintagmen arteko aldaketa morfosintaktikoak hartzen ditu aintzat. Eslovakieraz, po preposizioa ‘Helburu’ funtzioa duen Preposizio Sintagma bati (14b) gaineratuz eratzen dira Bide Sintagmak (Pantcheva, 2011: 52):
(14)
|
a. Slamu dal pod stôl.
|
|
lasto jarri azpi.lok mahai.ak.ø
|
|
‘Lastoa mahai gainean jarri zuen.’
|
|
b. Na Forum Romanum vstupujeme po-pod oblúk Tita.
|
|
lok Forum Romanum.ak sartu.1pl.irgn po-azpi.lok arku.ak.ø Tito.gen
|
|
‘Titoren arkuan zehar Foru Erromatarrera sartu ginen.’ (Pantcheva, 2000: 52)
|
33Eslovakierazko adibideetan ikusten denez, Bide Sintagma Helburu Sintagmaren gainean eratzen da. Pantchevaren (2011) hipotesiaren arabera, hain zuzen ere, Helburu Sintagma oinarri hartuta sortzen baitira Jatorri Sintagma eta Bide Sintagma (Pantcheva, 2011: 52).
- 8 Avarera, Kaukaso ipar-ekialdeko Nagh-Daghestan familiakoa hizkuntza da eta Dagestan eskualdean (Err (...)
34Euskaraz ez dago Bide Sintagmaren burua lexikalizatu dezakeen postposizio emankorrik. Hala ere, Euskara Arkaikotik eta Euskara Modernora bitarteko mendebaldeko lekukotasunetan, ablatiboa ‘nondik’ (-(r)ik, -rean, -reanik sg./ -tarik, -tarean, -tareanik pl. eta mgg.) eta prosekutiboa ‘non zehar’ (-ti sg./ -tati pl. eta mgg.) bereizten ziren (Mounole eta Lakarra 2018: 425–426) –ikus 4.2. atala–. Jatorri Sintagmaren eta Bide Sintagmaren arteko harreman hierarkikoa adierazteko, avarerazko8 adibideak baliatzen ditu. Pantchevak Blakeren (1994) datuak baliatuz. Avareraz, ablatibozko formari (Jatorri S), -n esleituz sortzen da perlatiboa deritzan kasua (Bide S). Perlatiboak zehar adierazten du besteren artean. Ondoko taulan ikusten denez, ablatiboak bi morfema izan ditzake, -ssa eta -a; perlatibozko forma, bi morfema horien araberakoa izango da: -ssa > -ssa-n edo -a > -a-n (Pantcheva, 2011: 52–53).
|
Leku S
|
Helburu S
|
Jatorri S
|
Bide S
|
‘gainean’
|
-da
|
-d-e
|
-da-ssa
|
-da-ssa-n
|
‘X-n’
|
-q
|
-q-e
|
-q-a
|
-q-a-n
|
‘azpian’
|
-λ’
|
-λ’-e
|
-λ’ -a
|
-λ’-a -n
|
1. taula (Blake, 1994 apud Pantcheva, 2011: 53)
35Datu hauetatik abiatuz, Bide Sintagma osatzen duten buru sintaktikoen ezaugarri batzuk zehazten ditu egileak. Ezaugarri iragankorrak zehazten duenez, Ak morfologikoki B barne hartzen badu, eta Bk morfologikoki C barne hartzen badu, Ak C barne hartuko du. Avareraz, perlatiboa (JatorriS), ablatiboaren gainean eratzen da, eta ablatiboa, lokatiboaren gainean eratzen da (LekuS); hortaz, perlatiboa lokatiboaren gainean sortzen da (Pantcheva 2011: 54).
36Esan dudan bezala, buru sintaktikoak gauzatu daitezen, adposizio zehatz batekin egon behar dute lotuta. Hala ere, badira buru sintaktiko bat baino gehiago adieraz ditzaketen adposizioak. Esate baterako, euskarazko adlatiboak Leku eta Helburu buruak lexikalizatzen ditu –ikus 3.3. atala–.
37Laburbilduz, Bide Sintagmaren barruan deskonposa daitezkeen buru sintaktikoak bata bestearen gainean hierarkikoki sortu ohi dira, gero eta konplexuago eginez. Horrez gain, adposizioen eta perpauseko aditzen esanahi semantikoaren konbinaketak murriztapenak eragin ditzake buru sintaktikoak gauzatzerakoan.
38Ikusi dugunez, euskaraz ohiko -ra adlatiboaz gain, -raino muga adlatiboa eta -rantz hurbiltze adlatiboa ere bereizten dira. Nola azaltzen ditu adposizio hauek Bide Sintagmaren deskonposaketaren hipotesiak? Hori argitzeko, Pantchevak (2011) honelako adposizioetarako proposatzen duen analisia aurkeztuko dut jarraian. Egileak dioenez, up to bezalako ingelesezko muga egiturek, Helburu Sintagma mota jakin bat baitute jatorrian (Pantcheva, 2011: 59).
- 9 Vepsiera uraldar familiako hizkuntza da, adar balto-finikokoa eta Karelia eta Ingria eskualdeetan ( (...)
39Euskarazko adposizioen antolamenduari erreparatzean, euskaraz muga adlatibo deiturarekin ezagutzen ditugun adposizioen antzeko jokabidea antzeman du vepsieraz, bi hizkuntzetan Mugatutako Helburu Sintagmak (ing. Terminative Path) deritzen egiturak aurkitu baititu. Mugatutako Helburu Sintagma egiturak muga adposizio batek adierazten du, morfema “mugatzaileak” alegia. Euskaraz, Helburu funtzioa duen adlatiboa, -ra, eta -ino, hots, morfema mugatzailea lotzen dira, -raino (15b) egitura mugatzailea sortuz. Bestetik, vepsieraz9 ilatiboa ‘barnera’, -ha, eta -sei morfema mugatzailea elkartzen dira, -hasei sortuz (16b). Morfema mugatzaile hau identifikatzeak, Bide Sintagmaren hierarkian buru sintaktiko berri bat islatzea dakar, Muga Sintagma (ing. Bound), hain zuzen (Pantcheva, 2011: 60).
(15)
|
a. etxe-ra b. etxe-raino
|
|
etxe-ADL etxe-TERM (Ibarretxe-Antuñano, 2004 apud Pantcheva, 2011: 60)
|
(16)
|
a. mec-ha b. mec-hasei
|
|
baso-ADL baso-TERM
|
|
‘Basora’ ‘Basoraino’ (Zajtseva, 1981 apud Pantcheva, 2011: 60)
|
40Vepsieraz, hasei egitura lexikalizatu (17) egin da, adposizio aske gisa identifikatuz (Pantcheva, 2011: 60):
41Muga Sintagma, Helburu Sintagmaren gainean islatzen denez, Jatorri Sintagmen gainean islatu ahal izatea espero da (Pantcheva, 2011: 61).
42Laburbilduz, gramatika teorikoan adposizioak aztertzeko bi proposamen nagusi ikusi ditugu, batetik Talmy-Svenoniusena eta bestetik, Panchetvarena. Adposizioek, bi funtzio kognitiboren arteko asimetria azaleratzen dute; Irudiaren (DS mugikorra) eta Eremuaren (DS egonkorra) artekoa. Adposizioek Eremua dute osagarritzat (Talmy 2000; Svenonius 2004). Horrez gain, adposizioak buru sintaktiko gehiagotan deskonposa daitezke, eta zenbaitetan, Ardatz Zatiak tartekatzen dira Eremuaren eta adposizioen artean. Ardatz Zatiak espazio harremanak adierazten dituzten izenak dira (Svenonius 2007b). Gainera, buru sintaktiko ugaritan dekonposa daitezkeen leku adposizioak hierarkikoki antolatzen dira (Pantcheva, 2011). Ondoren ikusiko dugunez, proposamen hauek oihartzuna izan dute euskal gramatikan.
43Atal honetan, adposizioen, eta zehazki, leku adposizioen azterketa euskarara ekarri duten lanak ditut aztergai. Horretarako, gramatika klasikoetan egin diren proposamenak aipatuko ditut lehendabizi, nire analisirako esanguratsuenak diren ekarpenak aztertuz, hau da, Hualde (2003) (3.1.) eta de Rijken (1990, 2008) (3.2.). Izan ere, lan hauetan kokapen izenak (ing. locational nouns) aipatzen dira lehenengoz, ondorengo lanetan Ardatz Zatiak deritzenak. Jarraian, Etxeparek (2013) oinarrizkotzat dituen hiru adposizioak zein diren azalduko dut (3.3.). Honen ondotik, Berrok (2015) kokapen aditzez eta adposizioez esandakoa aztertuko dut (3.4.), Pantchevaren (2011) analisian oinarrituz, EskalaS euskarara ekartzen baitu. Lan hauetan oinarrituko naiz buru sintaktikoen deskonposaketa analisia gainerako leku adposizioetara hedatzeko, hurbiltze adlatibora eta muga adlatibora hain zuzen.
44Euskararen eta inguruko hizkuntzen tipologien artean alde nabarmenak dauden moduan, hizkuntzen gramatika kategoriak zehazterakoan ere, alde nabarmenak daude. Auzo hizkuntzetako gramatiketan erabiltzen diren irizpideak ez dira beti bateragarriak; hori dela eta, euskal gramatika klasikoetan askotariko deitura eta deskribapenak aurkitzen ditugu adposizioei dagokienez.
- 10 Deklinabide eta deklinabide atzizki hitzak testura dakartzat,Villasantek (1978) berak darabiltzalak (...)
45Esate baterako, Laffitek (1944) hitz aldakorrak (fr. mots variables) eta hitz aldagaitzak (fr. mots invariables) bereizten ditu. Postposizioak, adlatiboa (-ra, -rat) eta inesiboa (-an), kasu, hitz aldagaitzen sailean bilduz (Lafitte, 1944: 151–152). Villasantek (1978) berriz, frantses eta gaztelerazko preposizioen aldean, euskarak gauza bera adierazteko bi baliabide dituela dio: batetik postposizioak, -alde, azpi, gain, (…) eta bestetik deklinabide atzizkiak, -(e)an, -tik, (…).10 (Villasante, 1978: 52). Bestalde, EGLU-I-ean aditzera ematen denez, perpauseko sintagmen arteko erlazio gramatikalak adierazten dituzten forma askeak dira postposizioak, alde, arte (…). Hauen aldean, kasu markak, hots, -tik, -ra, -raino, sintagmari loturik ageri dira. Postposizioek, forma askeak direnez, izen gisa joka dezakete, esaterako, atze, aurre, azpi, gain, aitzin, gibel, (…) (EGLU-I, 1991: 300–303).
46Beste alde batetik, Hualdek (2003a) izen-inflexioaren paradigma (ing. nominal inflection) eta posptosizioak bereizten ditu. Postposizioen artean, kokapen izenak (ing. locational nouns) eta postposizio aldagaitzak (ing. invariable postpositions) bereizten ditu. Izen-inflexioaren paradigman, batetik izen erroak (ing. stem) eta bestetik inflexiozko atzizkiak (ing. inflectional suffix) bereiz daitezke. Inflexioaren paradigman, absolutiboaz, ergatiboaz, datiboaz eta genitiboaz gain, beste hamaika atzizki jasotzen ditu, esate baterako, (-an), ablatiboa (-tik), adlatiboa (-ra), direkzionala (-rantz), erlazionala (-ko) eta terminatiboa (-raino) edota partitiboa (-rik) – de Rijkek (1972) determinatzaile gisa sailkatzen duena –. Hauetako batzuen gainean, lekuzko bizidunentzako sail berezia (ing. animate local case endings) eratzen dela dio: lokatiboa (-gan), ablatiboa (-gandik), adlatiboa (-gana), direkzionala (-ganant) eta terminatiboa (-ganaino) (Hualde, 2003a: 172–176).
47Postposizioen sailean, kokapen izenak edozein leku-atzizkirekin konbinaturik ager daitezke. Euren aurreko izena, genitiboan edo kasu markarik gabe adieraz daiteke. Kokapen izenak genituzke albo, alde, aitzin, arte, aurre, atze, azpi, behe, gain, gibel eta ondo (Hualde, 2003b: 187).
(18)
|
a. Zubi(aren) aurretik / aurrean / aurrera. (Hualde, 2003b: 187)
|
48Bestetik, postposizio aldagaitzak izen bati atxikitzen zaizkio eta aurretik ageri den izenaren kasu-marka zehazten dute (Hualde, 2003b: 188). Adibidez:
(19)
|
a. -Ø: lan eske. b. partitiboa edo-Ø: diru(rik) gabe
|
|
c. datiboa: zuri esker d.genitiboa: etsaien kontra.
|
|
e. instrumentala: lekuz kanpo f. lokatiboa: munduan zehar
|
|
g. absolutiboa edo genitiboa: gizona(ren)gaitik (jatorriz gai+tik)
|
|
(Hualde, 2003b: 188–190)
|
49Laburbilduz, Hualderen sailkapena morfemen izaeraren araberakoa da; izen erroei atxikitzen zaizkien morfemak izen-inflexio labelpean sailkatzen ditu. Bestalde, morfema beregainak postposizio deiturapean sailkatzen ditu, postposizio aldagaitzak eta kokapen izenak, bereiziz.
50De Rijkek (1990) ere aztertu zituen euskarak perpauseko elementuen arteko espazio harremanak adierazteko dituen baliabideak. Baliabide horietako bat leku izenak (ing. location nouns) edo kokapen izenak erabiltzean datza. Euskaraz, espazio harremanak adierazteko duen beste baliabidea, izen-inflexioa da (de Rijk, 1990: 4).
51Euskarazko kokapen izenak, ingelesez kokapena adierazten duten back, bottom, front, rear, side, top izenak bezalakoak dira. Bestetik, ingelesak kokapena adierazteko above, before, between, on, over, bezalako preposizioak baditu ere, euskaraz ez dago horrelakorik. Erreferentzia puntua, izen-inflexioaren edo postposizioen bidez adierazi beharrean, kokapen izenez adierazten da. Gainera, kokapen izen gehienen osagarria genitiboaz markatutako izen sintagma izan ohi da: IS osagarriaren egitura sintaktikoa, bestelako egitura genitiboetan aurkitzen dugun egitura bera da (de Rijk, 2008: 69).
(20)
|
a. Baserriaren atea. (determinatzaile sintagmaren osagarri)
|
|
b. Baserriaren atzetik. (kokapen izenaren osagarri)
|
52Jo dezagun (20) adibideetara. Lehendabiziko adibidean (20a), baserriaren izen sintagma genitiboa, atea Determinatzaile Sintagmaren osagarria da. Bigarren adibidean (20b), berriz, baserriaren Determinatzaile Sintagma genitiboa, atze(tik) kokapen izenaren, kasu honetan Postposizio Sintagmaren, osagarria da.
- 11 Mitxelenaren (FHV) ustez, jatorrian, aur ‘aurreko alde’ eta atz ‘aztarna’ (‘hatz’ behar bada) hitza (...)
53Kokapen izenen artean, espazio erlazioen arteko aurkakotasuna adierazten dutenak eta bestelakoak bereizten ditu de Rijkek (1990, 2008). Espazio aurkakotasuna adierazten duten kokapen izenen adibide prototipikoa aurre ‘before’ eta atze11 ‘behind’ bikotea da –(21a) eta (21b)–. Horrez gain, aurreren osagarria biziduna bada, kokapen izenak subjektua eta osagarria espazio berean daudela adierazten du (21c). Bestalde, erreferentzia espazialaz gain, erreferentzia tenporala (21d) ere adieraz dezakete. Aurkakotasun honek aldakortasun dialektala du: batetik, ekialde zabalean aitzin ‘aurre’ eta gibel (21e) ‘atze’ erabiltzen dira, eta bestetik, mendebaldean, oste ‘atze’ (de Rijk, 1990: 4–9).
(21)
|
a. Etxe aurrean. b. Mendi atzean.
|
|
c. Guraso(en) aurrean. d. Afalaurrean.
|
|
e. Etxe(aren) gibelean. (de Rijk, 1990: 5–9)
|
- 12 Adiera bera dute alde eta saihets hitzek ere; hauek ere gorputz atalak dituzte oinarri (de Rijk, 19 (...)
54Bestetik, badira espazio aurkakotasunak adierazten ez dituzten kokapen izenak ere, aldamen, alde12, arte, bazter, bizkar, erdi, kontra, ondo eta erdi esate baterako. Ikus daitekeenez, kokapen izenen sailean badira oinarrian gorputz atalak dituzten formak; de Rijk-ek (1990) multzo hau zabaltzen du eskuin, esker eta buruk kokapen izen balioa dutela argudiatuz (de Rijk, 1990: 17).
55Laburbilduz, de Rijkek (1990) eta Hualdek (2003) zehazten dutenez, bada kokapena edo erreferentzia puntua adierazteko, izen-inflexioaren edo postposizioen ordezko baliabide bat, kokapen izenak erabiltzea. Ikus daitekeenez, kokapen izenak, izen kategorian sailkatzen dira. Ondorengo analisietan, kokapen izenei Ardatz Zatiak (ing. Axial Parts) deritze. Nire analisian azalduko dudanez, – ikus 4. atala –, Ardatz Zatiak leku adposizioen osagarri izan daitezke.
56Etxeparek (2013) euskal leku adposizioak ditu aztergai. Bere ustez, adposizio kategoria zabala izateaz gain, asimetrikoa ere bada eta asimetria honen atzean dagoen eragilea adposizioen funtzioa da. Besteen artean gailentzen diren oinarrizko hiru adposizio nabarmentzen ditu: lokatiboa (ing. locative), hots, inesiboa; bidea (ing. path), adlatiboa alegia, eta iturburua (ing. source), hots, ablatiboa. Oinarrizko hiru adposizio hauen lexikalizazioak garapen graduala dauka. Lokatiboak Leku burua lexikalizatzen du, adlatiboak Leku eta Bide buruak lexikalizatzen ditu aldi berean, eta ablatiboak Leku, Bide eta Jatorri buruak lexikalizatzen ditu. Hortaz, adposizioak antolaketa hierarkikoa duten egitura konplexuak dira (Etxepare, 2013: 71). Etxeparek (2013) darabilen BideS (ing. Place Phrase) terminoaren aldean, Pantchevak (2011) darabilen HelburuS (ing. Goal Phrase) darabilt aurrerantzean adlatiboa adierazteko.
57Euskaraz proposatu izan da leku adposizioetan, -n lokatibozko atzizkiaz gain, determinatzailea, hots, -a- ageri dela, eta adlatibozko eta ablatibozko adposizio egituretan berriz, -ra eta -tik soilik.
(22)
|
a. mendi-a-n b. mendi-(*a)-ra c.mendi-(*a)-tik (Etxepare, 2013: 42)
|
58Honek arazo bat sortzen du: zergatik desagertzen da determinatzailea Helburu burua lexikalizatzean? Etxeparek (2013) dioenez, (23a) adibideko -a- ez da mendi-a DSan ageri den determinatzailea. Horren aldeko ebidentzia gisa kontsonantez amaitzen diren oinarriei gaineratzen zaien bokal epentetikoa aipatzen du, lurr-e-an adibidez (Etxepare, 2013: 44).
- 13 Gramatika historikoan C erabiltzen da kontsonante adierazteko.
59Horrez gain, -a- honen jatorria azal dezaketen bi hipotesi aipatzen ditu. Jacobsenen (1977) ustez, oinarriaren eta lokatiboaren artean -Ca-13 morfema bat legoke, gerora de Rijkek (1981) bizidunetan ageri den -ga morfemarekin lotu daitekeena. Bestalde, Lakarrak (2005) adierazi duenez, -ga eta -k ergatiboa alomorfoak lirateke. Izen bizidunen kasuan, Aitorr-en-ga-n adibidez, kontsonanteak bere horretan iraun du, genitibozko -en- morfema kontsonantez amaitzen baita. Izen bizigabeetan genitibozko morfema gauzatzen ez denez, kontsonantea galdu egin da bokalartean:
(23)
|
a. Aitorr-en-ga-n b. itsaso-a-n (Etxepare, 2013: 46)
|
60Bestetik, Manterolak (2009) lekuzko erakusleen paradigma zaharrarekin lotzen du -a-ren jatorria. Lekuzko erakuslearen, han, hasierako hasperentasunak bokal epentetikoa agertzea eragingo zuen:
(24)
|
lur + han → *lur-e-han → lur-e-an (Etxepare, 2013: 46)
|
61Alabaina, bilakabide hori ez da absolutiboan aurkitzen duguna, ez baitugu *lurrea esaten, lurra baizik. Manterolak (2009) adierazten duenez, erakusletik determinatzailerako gramatikalizazio bideak ez ziren euskararen historiako garai berean gertatu lokatiboan eta absolutiboan (Etxepare, 2013: 47).
62Hala ere, determinatzaileak hedadura murritzagoa duen zubererazko eta behe-nafarrerazko (25a) eta (25b) adibideek, lokatibo hutsaren gainean eraturiko adposizio egiturak zilegi direla erakusten dute. Hortaz, -a- + -n analisia ere egin daitekeela argudiatzen du Etxeparek. Kasu honetan, determinatzaileak bereizketa semantiko bat ahalbidetzen du; (25a) adibidean norbere etxeari egiten zaio erreferentzia, (25b) adibidean, berriz, beste baten etxeari:
(25)
|
a. Etxe-n da. b. Etxe-a-n da.
|
|
etxe-LOK izan etxe-DET-LOK izan (Etxepare, 2013: 48)
|
63Bestalde, Svenoniusen (2007) ildotik, Ardatz Zatiak ere aintzat hartzen ditu Etxeparek. Euskarazko Ardatz Zatiak leku izenak dira, eta Leku burua lexikalizatzen duen adposizio batek hautatzen ditu. Euskarazko leku izenek hainbat murriztapen dituzte, hori dela eta, goi eta behe bezalakoek, ezin dezakete DS ireki baten (Eremuaren) gaineko buru bat islatu. Honelako leku izenei, Islatu ezinezko Ardatz Zatiak (ing. Non projective Axial Parts) deritze:
(26)
|
a. *Mendi(aren) goian dago.
|
|
b. *Mendi(aren) behean dago. (Etxepare, 2013: 52)
|
64Hauen aldean, gain eta pe izen erlazionalak erabili behar direla dio:
(27)
|
a. Mendi-(aren) gainean dago.
|
|
b. Mendi-(aren) pean dago. (Etxepare, 2013: 52)
|
65Ikus daitekeenez, goi eta behe bezalako leku izenek ez dute onartzen espazio irekiak adierazten dituen DSrik. Hortaz, kokapena adierazten duten arren, ezin daitezke Eremuari zuzenean loturik egon. Esaterako, galde-erantzunezko egoeratan erabil daitezke:
(28)
|
A: Aitorrek pioletak mendian utzi ditu.
|
|
B: Goian? (Etxepare, 2013: 52)
|
- 14 Lan honetan ez ditut berariaz aztertzen lekuzko adposizio bizidunak eta bidea irekita geratzen da a (...)
66Adposizio egitura bizidunei14 ere, erreparatzen die Etxeparek (2013). Bere ekarpena laburbilduz, adposizio egitura bizidunetan, adlatibozko -ra morfemak ez ditu Leku burua eta Helburu burua lexikoki gauzatzen. Aitzitik, bi morfema ageri dira, -n morfemak Leku burua lexikalizatzen du, eta -a morfemak Helburu burua:
(29)
|
a. kale-ra b. zu-ga-n-a
|
|
kale-adl zu-erg-lok-adl (Etxepare, 2013: 72)
|
67Dirudienez, Eremu bizidunek kasua behar dute, adposizio buruen gauzapen lexikoa berrantolatuz. Ablatibozko egitura bizidunetan ere egoera bertsua aurkitzen dugu, -n morfemak Leku burua lexikalizatzen du eta -tik morfemak berriz, Helburu eta Jatorri buruak (Etxepare, 2013: 72).
68Berro (2015) ez da berariaz adposizioen inguruko ikerlan bat, kokapen aditzak baititu aztergai. Hala ere, baliagarria da adposizio kategoriako buru sintaktikoen arteko hierarkia harremanak ulertzeko. Berrok adierazten duenez, -tu atzizkia bide emankorra da aditz jakin batzuen partizipioa osatzeko, adibidez, dantza-tu, apur-tu. Horrez gain, badira -tu morfema, adposizio adlatibozko sintagmari atxikiz eratzen diren zenbait aditz, esaterako, itsasora-tu, kanpora-tu bezalakoak. Hauei kokapen aditzak deritze. Bere hipotesiaren arabera, -tu atzizkiak osagarritzat hartzen duen adposizio sintagma, HelburuS bakarrik izan daiteke (Berro, 2015: 137–138).
69Euskaraz, aditz kategoria hedatzeko bide emankorra da kokapen aditzak erabiltzea, izan ere, -tu atzizkia adlatiboz (-ra, (-e)tara, -engana) osaturiko sintagma ugariri gehitu dakieke, (30)ko adibideetan ikus daitekeenez.
(30)
|
a. aberriratu b. argitaratu c. ahalbide(ra)tu
|
|
d. eskuratu e. etxeratu f. gaineratu (Berro, 2015: 139).
|
70Dirudienez, kokapen aditzek oso barne egitura gardena dute. Aditz hauetan ere Irudia eta Eremua bereizten dira. Irudia, adposizioaren subjektua eta mugi daitekeen entitatea da. Bestetik, Eremua, Irudiaren kokapen edo mugimendua zehazteko erabiltzen den bigarren entitatea da. Ikusten denez, 2.2. atalean aztertu ditudan kontzeptuak baliatzen ditu Berrok (2015) kokapen aditzak aztertzeko. Esate baterako, aberri-ra-tu aditzean, aberri litzateke adposizioaren Eremua. Honez gain, kokapen aditz batzuetan, auzi-pe-(ra)-tu, mahai-gain-era-tu aditzetan batik bat, beste osagai bat bereizten da Irudiaren eta Eremuaren artean, hots, -pe- eta -gain-. Osagai horiei, kokapen izen edo postposizio deitu izan zaie euskal tradizioan (de Rijk 2008; Hualde 2002) hala ere, Berrok Ardatz Zatiak labelpean sailkatzea hobesten du, Svenonius (2006) eta Etxepareren (2013) ildotik (Berro, 2015: 140).
71Ardatz Zatiak elementu erlazionalak dira, eta objektu jakin batekiko espazio harremanak adierazten dituzte. Hortaz, Ardatz Zatiak ageri diren kokapen aditzetan, adposizioaren Eremua DSaren eta Ardatz Zatiaren baturak osatzen dute. Adibidez, auziperatu aditzean, auzi baten menpean dagoen egoera bati egiten zaio erreferentzia, eta hori da, hain zuzen, Eremua (Berro, 2015: 140).
72Berrok, Hale eta Kayserren (1993) lanean izenetatik eratorritako shelve moduko aditzak azaltzeko analisia hartzen du aintzat. Analisi honen arabera, izenetatik eratorritako kokapen aditzek, oinarrian preposizio sintagma bat dute, eta preposizio sintagma hori aditz batek hartzen du osagarritzat. Hala ere, aditz eta preposizio buruak, buru hutsak dira, eta preposizioaren osagarria, Eremua, da lexikoki gauzatzen den osagai bakarra.
73Hipotesi honen arabera, shelve Pra inkorporatzen da lehendabizi eta aditzera ondoren, buruz buruko inkorporazioaren bidez, Kategoria Hutsaren Hatsarrearekin (Chomsky 1981) bat eginez. Kasu honetan, shelve aditzaren eduki fonologikoa aditzean bertan sortzen da, erroak hautapen tasun aberatsak baititu, osagarri gunean PS bat zilegiztatuz (Berro, 2015: 141–142).
74Ildo honetatik, euskaraz, kokapen aditzak, mota zehatz bateko adposizio sintagma baten gainean eraikitzen direla proposatu zen. Gerora, Etxepare eta Oihartzabalek (2012), -ra adlatiboak bi buru sintaktiko lexikalizatzen zituela defendatu zuten, hau da, Bidea eta Lekua. Izan ere, aurreratu bezalako kokapen aditzak, jarri eta adposizio inesiboko sintagma baten bidez parafrasea daitezke (32):
(32)
|
a. Irakasleak neskak aurreratu ditu.
|
|
b. Irakasleak neskak aurrean jarri ditu. (Berro, 2015: 142)
|
75Adibide hauetan ikus daitekeenez, inesiboko sintagmak Leku burua lexikalizatzen du, Bide burua berriz, jarri aditzaren bidez azaleratzen da (Berro, 2015: 142).
76Ardatz Zatiak dituzten kokapen aditzen kasuan, Svenoniusen (2006) ildotik, lau osagai bereizten dira: Eremua, Ardatz Zatia, Lekua eta Bidea. Adibidez, mahaigaineratu (33) aditzean, Lekua eta Bidea adlatiboaren bidez azaleratzen dira, mahai Eremua genuke eta gain Ardatz Zatia (Berro, 2015: 143).
77Jarraian, ezinezko kokapen aditzak zein diren aipatzen du, eta BideS izenaren ordez, HelburuS erabiltzea hobesten du, Pantchevaren (2011) BideSren deskonposaketa proposamena aintzat hartuz. Hau izango da, hain zuzen, egitura sintaktikorako baliatuko dudan analisia. Egileak zehazten duenez, kokapen aditzak ezin daitezke LekuS soilen gainean eraiki eta hau lexikalizazioa arautzen duen hatsarre batekin loturik egon daitekeela aipatzen du, Erabateko Lexikalizazioa (ing. Exhaustive Lexicalization) hatsarrearekin. Hatsarre honen arabera, sintaxi egitura adabegi guztiak eduki lexikoaren bidez identifikatu behar dira (Ramchand, 2008). Euskarazko adposizo inesiboak Leku burua baino ez du azaleratzen eta hortaz, inesiboaren gainean eraturiko kokapen aditza ez da gramatikala izango, ez baitu Bide burua lexikalizatzen (Berro, 2015: 144).
(34)
|
a. *etxe-an-tu baina etxe-ra-tu.
|
|
b. *ohe-an-tu baina ohe-ra-tu. (Berro, 2015: 144).
|
78Salbuespen gisa, -pe- Ardatz Zatidun kokapen aditzak aipa daitezke. Hauetan adposizio adlatiborik ageri ez bada ere, auzipetu, egitura gramatikala da, auziperatu den bezala. Berrok (2015) bi azalpen ematen ditu. Lehenengo aukera, -pe- morfemak hiru buruak azaleratzea litzateke, Ardatz Zatia, Lekua eta Bidea. Bigarren aukeran, -pe- morfemak Ardatz Zatia eta Lekua lexikalizatzen ditu, -tu atzizkiak egituraren zati dinamikoa, Bidea, lexikalizatuz; ama-tu ‘ama bilakatu’ bezalako aditz eratorrietan bezalatsu (Berro, 2015: 145).
79Bestetik, Bide buruaren ordez, zehatzagoa den Helburua erabiltzea proposatzen du. Izan ere, HelburuS da kokapen aditzen oinarrian dagoen adposizio sintagmaren gutxieneko eta gehieneko egitura-oskola. Hortaz, kokapen aditzak ezin daitezke ablatiboaren (JatorriS) (35a,b) eta hurbiltze adlatiboaren (EskalaS) (35c,d) gainean eraiki (Berro, 2015: 146).
(35)
|
a. *etxe-tik-tu b. *etxe-rantz-tu
|
|
c. *ohe-tik-tu d. *ohe-rantz-tu (Berro, 2015: 146).
|
80Honen atzean, Helburu-Jatorri Asimetria (ing. Goal-Source Asymmetry) dago. Honen arabera, munduko hizkuntzetan, Helburua eta Jatorria ez dira modu simetrikoan adierazten; predikatu batzuetan Jatorria azaleratzeko, Helburua ere azaleratu beharra dago (Levin, 1993: 177). Pantchevaren (2011) Bide Sintagmaren deskonposaketa, ideia honetan oinarritzen da. Bere ustez, Jatorriak Helburuak baino konplexuagoak dira, bere analisiaren arabera, Jatorriak Helburuen gainean eratzen baitira (Berro, 2015: 147).
81Berrok (2015), Etxeparerekin (2013) bat eginez, euskarazko -tik ablatiboak Jatorri burua lexikalizatzen duela adierazten du. Ondorioz, ablatiboak hiru tasun ditu, [Jatorria], [Helburua] eta [Lekua], adlatiboa baino konplexuagoa da. Hortaz, *etxe-tik-tu gisako kokapen aditzak ez-gramatikalak dira (35a).
82Modu berean, hurbiltze adlatiboa, Eskala buruak Helburua hautatzen duenean sortzen da. Hurbiltze adlatiboa -rantz, adlatibo soila -ra, baino konplexuagoa da, eta hortaz, ezin ditzake kokapen aditzak eratu (Berro, 2015: 147–148). Berrok (2015) Eskala burua Bide Sintagmaren deskonposaketan oinarrituz azaltzeko lehen saioa egiten du (36) zuhaitzean. Nire analisian, Berrok (2015) egiten duen Eskala buruaren azterketa berretsi eta gainerako leku adposizioekin batera aurkezten dut – ikus 4.2. atala –.
83Ondorio gisa, -tu atzizkiak adposizio adlatiboa baino ez hautatzeko argudioak ematen ditu, Gertakarien dekonposizio hipotesiak (Ramchand 2004) eta Adposizioen dekonposizio hipotesiak (Svenonius 2006; Pantcheva 2011) egitura bera dutela argudiatuz (37):
84Hortaz, euskarazko adposizio adlatiboa, bi buru bikoterekin lotu daiteke lexikalizazio prozesuan: Helburu eta Leku buruekin batetik, eta Prozesua eta Emaitza buruekin bestetik. Zilegi da -ra atzizkiak bi buru-bikoteak lexikalizatzea, bi buru-bikoteak parekoak baitira, bai egitura aldetik, eta baita topologikoki ere (Berro, 2015: 152).
85Laburbilduz, euskaraz, oinarrizko hiru adposizioak hierarkikoki egituratzen diren buru sintaktikoen bidez lexikalizatzen dira: Lekua > Helburua > Jatorria edo inesiboa > adlatiboa > ablatiboa. Gainera, adposizio hauetan ez da determinatzailerik ageri (Etxepare 2013). Bestetik, kokapen aditzak eratzeko, adposizio jakin bat erabil daiteke soilik, hots, adlatiboa (Berro 2015). Honez gain, Berrok aipatzen duenez, Eskala buruak Helburu burua hautatzen du, eta honek euskarazko hurbiltze adlatiboa gauzatzea ahalbidetuko luke, baina egitura hauek ere, ezinezkoak dira kokapen aditzetan.
86Atal honetan, euskarazko leku adposizioen analisi hierarkiko bat aurkeztea dut helburu. Horretarako, Svenonius (2004), Pantcheva (2011), Etxepare (2013) eta Berroren (2015) proposamen teorikoak baliatuko ditut, eta bereziki, Pantchevaren (2011) Bide Sintagmaren deskonposaketa izango dut oinarri.
87Lehenik eta behin, 4.1. atalean, Pantchevaren analisian oinarrituz euskarazko bi leku adposizio, muga adlatiboa eta hurbiltze adlatiboa, aztertzeko proposamen bat egingo dut, muga adlatiboa eta hurbiltze adlatiboa alegia. Horretarako, Berroren (2015) EskalaS analisia berretsi eta osatzen dut. Bestetik, Pantchevaren hipotesia oinarri hartuz, euskaraz ablatiboaren eta prosekutiboaren arteko bereizketa historikoa azaltzeko iradokizun bat egingo dut (4.2. atala). Jarraian, adposizioen eta ardatz zatien bilakabide diakronikoa izango dut hizpide, baita beste zenbait zehaztapen ere (4.3. atala). Azkenik, Pantchevaren analisia hedatzeko bideak zein izan daitezkeen erakutsiko dut, aldaera dialektalen eta leku adposizio bizidunen ildotik (4.4. atala).
88Euskal leku adposizioak buru sintaktikotan nola deskonposatzen diren azaltzeko, Pantcheva (2011) eta Etxepare (2013) lanetan egiten diren proposamen teorikoetatik abiatuko naiz. Pantchevak (2011) proposatzen duen ereduan, Bide Sintagma bost buru sintaktikotan bereizten da: Lekua < Helburua < Jatorria < Bidea < Eskala. Euskaraz, Etxepareri (2013) jarraituz, oinarrizko hiru adposizioen gauzapen lexikoa adieraz daiteke gutxienez. Beraz, honelako hizkuntza buru-azken baterako, hau da proposatzen dudan egitura sintaktikoa (38):
89Honako (38) zuhaitzak buru sintaktikoen hierarkia irudikatzea du helburu. Kasu honetan, aukera guztiak irudikatu dira. Lehendabizi, adposizioen osagarria den izen edo DSa (genitiboa ageri denean) legoke. Jarraian Ardatz Zatia kokatzen da. Bi hauek perpauseko Eremua osatzen dute, erreferentzia puntua alegia. Azkenik, hiru adposizioen buru sintaktikoak ditugu, hots, Lekua, Helburua eta Jatorria. Honekin batera, kontuan hartzekoa da zuhaitzean lexikoki gauzatzen den goreneko buru sintaktikoak, aurreko buru sintaktikoen tasunak hartzen dituela. Esaterako, Jatorri burua, -tik, lexikalizatzen denean, [Leku], [Helburu] eta [Jatorri] tasunak adierazten ditu. Zuhaitza behar bezala interpretatzeko aintzat hartu behar da buru sintaktiko guztiak ez direla ezinbestean gauzatu behar. Esate baterako, etxean Adposizio Sintagman, Ardatz Zatiaren buruari dagokion kokagunea hutsik legoke, eta hortaz, aski litzateke DSaren gainean LekuS irudikatzea.
90Atal honetan, hurbiltze adlatiboa, -rantz, eta muga adlatiboa, -raino, ditut aztergai. Horretarako, bi leku adposizio hauek Pantchevaren (2011) analisi hierarkikoaren arabera aztertzeko proposamen osatuago bat egingo dut. Pantcheva (2011) eta Berroren (2015) ildotik, lehenari Eskala Sintagma (EskalaS) iritziko diot eta bigarrenari Muga sintagma (MugaS).
91Aipatzekoa da Pantchevak Bide Sintagmaren deskonposaketan bereizten dituen buru sintaktikoez gain, EskalaS eta MugaS ere baliatzen dituela. Egile honek adierazten duenez, “The heads Scale and Bound can come on top of any other Path head” (Pantcheva, 2011: xviii). Hau da, Eskala eta Muga buru sintaktikoak, edozein Bide bururen gainean isla daitezke. Euskaraz, vepsieraz gertatzen den bezala –ikus 2.4.2. atala–, -ra adlatiboak, -ino muga morfemarekin bat egitean sortzen da MugaS, hau da, Muga buruak Helburu burua hautatzen duenean. MugaS Ardatz Zatiekin ere bateragarria da (39):
92Bestalde, Berrok (2015) aztertu bezala, EskalaS noranzkotasuna adierazteko erabiltzen da, eta -ra adlatiboak, -(a)ntz noranzko morfemarekin bat egitean sortzen da, hau da, Eskala buruak Helburu burua hautatzen duenean. Honek ohiko adlatiboaz bestelako adiera duen adposizio bat sortzen du, -rantz hurbiltze adlatiboa alegia. Berroren (2015) analisia oinarri hartuz, hurbiltze adlatiboa Ardatz Zatiekin bateragarria dela erakusten dut ondorengo zuhaitzean (40):
93Ikusten denez, Panchevaren analisiak, Etxeparek erakutsi bezala, oinarrizko hiru leku adposizioak azaltzen ditu, hots, lokatiboa (inesiboa); bidea (adlatiboa) eta iturburua (ablatiboa), baina hemen erakutsi dudanez, Panchevaren analisiak arreta gutxi edo batere jaso ez duten beste bi adposizio ere azal ditzake: batetik hurbiltze adlatiboa, nire azterbidean EskalaS bat osatuko lukeena eta bestetik muga adlatiboa MugaS gisa interpretatzen dudana.
94Azkenik, Svenoniusek (2004) dioenez, adposizioek kategoria funtzionala osatzen dute hizkuntza askotan. Euskaraz, adposizio hauek funtzionalak diren arren, hainbat zehaztapen egin behar dira euren izaerari dagokionez. Adposizioek, osagarri duten Eremuaren ezaugarriak aurresuposatzen dituzte. Izan ere, Eremua, perpauseko espazio harremanak adierazteko gai izan behar da. Esate baterako, -raino muga adposizioak hautatzen duen Eremuak ‘irisgarria’ izan behar du, mendiraino adibidez; honen aldean, beroraino eta haizeraino semantikoki ezohikoak lirateke.
95Azken atalean, euskaraz gaur egun bizirik dauden bi adposizioren azterbide berria proposatu dut. Atal honetan, berriz, leku adposizioen analisi diakroniko bat iradokitzen dut. Pantchevaren (2011) analisian oinarrituz deskonposa daitezkeen buru sintaktikoen kopurua, hizkuntzak espazio harremanak adierazteko dituen ñabarduren araberakoa dela dirudi. Esaterako, 2.4.1. atalean aipatu dudan bezala, gaur egungo euskarak ez du Bide/Zehar buru sintaktikoan lexikalizatzeko moduko adposiziorik. Hala ere, Euskara Arkaikotik eta Euskara Modernora bitarteko mendebaldeko lekukotasunetan, ablatiboa ‘nondik’ (-(r)ik, -rean, -reanik sg./ -tarik, -tarean, -tareanik pl. eta mgg.) eta prosekutiboa ‘non zehar’ (-ti sg./ -tati pl. eta mgg.) bereizi bide ziren. Hori dela eta, iruditzen zait Panchevaren analisia balia daitezkeela euskaraz gaur egun bizirik dauden adposizioetarako ez ezik, lehenagoko garaietan ere egon diren adposizioetarako ere.
96Ikus daitekeenez, zuhaitzean gris koloreaz adierazi dut euskarazko prosekutiboaren kokapena. Prosekutiboa da buru sintaktikoen hierarkiaren gailurrean dagoen adposizioa. Hortaz, prosekutiboa litzateke euskal leku adposizio konplexuena, [Leku], [Helburu], [Jatorri] eta [Bide/Zehar] tasunak adierazten baititu. Espero denaren aurka, sintaktikoki konplexuagoa den (-ti) prosekutiboa, morfologikoki ez da (-rean) ablatiboa baino konplexuagoa. Lakarrak (2011) dioenez, -re genitibo zaharraren eta -an inesiboaren baturatik -rean ablatiboa sortu zen, Mendebaldeko Euskara Zaharraren ondotik, -ti orokorrak prosekutibo balioa hartuz (Lakarra, 2011: 195).
97Lan osoan zehar, (euskal) adposizioez hitz egin dut, hau baita azken urteotan, gaiaz arduratu diren egileek euskal gramatikan (Etxepare 2013; Berro 2015) eta nazioartekoan (Talmy 2000; Svenonius 2004; Pantcheva 2011) hobetsi duten deitura. Gainera, hizkuntza bakoitzaren ezaugarri tipologikoak gorabehera, (OA hizkuntza edo AO hizkuntza ote den), preposizio, adposizio eta bestelakoak deitura bakar batean biltzeko aukera ematen du. Bestetik, postposizio aske edo kokapen izen deritzen hitzei, Ardatz Zati deitu diet, Svenonius (2007), Etxepare (2013) eta Berroren (2015) ildotik. Jarraian, espazio harremanak adierazten dituzten bi kategoria hauen, hots, adposizioez eta Ardatz Zatien bilakabideaz gogoeta labur bat egin nahi nuke.
98Jatorriari dagokionez, adposizioek eta Ardatz Zatiek gramatikalizazio prozesuaren bi fase erakusten dituzte. Gramatikalizazio prozesuetan, item lexikoak, gramatikal bihurtzen dira, gorputz fonikoa ihartuz, eta item gramatikalak, are gramatikalago bihurtzen dira. Hortaz, egungo adposizioak kategoria funtzionalen artean sailkatzen diren arren, kategoria lexikoetako elementuen bilakabidearen emaitza dira.
99Adposizioek aditzak zituzten jatorrian, eta hauetan, bilakabidea nahiko aurreratuago dago, ez baitugu hasierako egoera begi hutsez hautematen. Esate baterako, -ti ablatibo/prosekutiboak eta -ti adjetibogileak, Aitzin Euskara Zaharreko *din “come” (eus. etorri) aditzean dute jatorria. Esate baterako, -di adjetibogilea bizirik dago oraindik geldi eta hordi bezalako adjektiboetan. Honez gain, -di multzokari gisa ere erabili da, animalia eta zuhaitzekin (Heine & Kuteva, 2002) zaldi, idi, ardi, zumardi. Jatorrizko *din aditzak bizirik dirau hizkera batzuetan, ‘etorri’ adierazteko jin baitarabilte hizkera batzuetan (Lakarra, 2016: 181).
- 15 Hizkuntza mixe-zokearrak, Mixe-Zoke familiako hizkuntzak dira, eta Ipar Amerikan mintzatzen dira, n (...)
- 16 Ngbandiera, Niger-Kongo familiako hizkuntza da, eta Kongoko Errepublika Demokratikoan hitz egiten d (...)
100Bestetik, Ardatz Zatiek izenak dituzte oinarrian, eta oraindik jatorrizko adiera hauteman daiteke. Honen adibide dugu gibel, kokapen izen hau ‘atzean’ adieran erabiltzen da. Honetan euskara ez doa bakarrik, izan ere, hizkuntza mixe-zokearretan15 pa?-t ‘gibel’ darabilte ‘azpian’ adierazteko eta ngbandieraz16 bɛ ‘gibel’ darabilte ‘erdian’ adierazteko (Heine & Kuteva, 2002: 198).
101Honaino helduta, gerora begirakoak adierazi beharrean nago. Izan ere, Pantchevaren (2011) Bide Sintagmaren deskonposaketa hipotesia baliagarria izan daiteke euskal adposizioen aldakortasun dialektala eta leku adposizioen inguruko beste zenbait galdera argitzeko ere. Esate baterako, egungo euskarak ez du ablatiboaren (JatorriS) eta prosekutiboaren (BideS/ZeharS) arteko bereizketa adposizio bidez adierazteko aukerarik. Horregatik, Jatorri S da euskarak eskura duen islapen gorena, (49)an adierazi bezala. Prosekutiboaren aldean, non zehar eta nondik barrena moduko adposizo + Ardatz Zati egitura konplexuak erabiltzen dira egungo euskaran. Kasu honetan, zehar eta barrena Ardatz Zatiak adposizio egituraren barruan ageri dira? Baietz esango nuke.
102Antzeko egoera aurkitzen dugu mendebaldean muga adlatiboa adierazten duen -ra arte egituran. Ezer baino lehen, -raino eta -ra artek duten banaketa zehaztu beharra dago. Oro har, -raino espazio harremanak adierazteko erabiltzen da; -ra arte berriz, denbora adierazteko: arratsalde(ra) arte. Hala ere, -raino denbora adierarekin ere erabiltzen da, gaurdaino eta egundaino; eta aipatu bezala, mendebaldean -ra arte da muga adlatiboa, Lezamara arte, etxera arte (EGLU-I, 1991: 267–268). Dirudienez, mendebaldean arte Ardatz Zatiak -ino morfema mugatzailearen balio bera hartu du. Hortaz, pentsatzekoa da Muga buru sintaktikoaren gauzapen lexikoa arte dela mendebaldean.
103Azkenik, esan beharra dago, lan honetan ez ditudala leku adposizio bizidunak berariaz aztertu. Etxeparek (2013) proposatzen duenez, zu-ga-n-a bezalako egituretan, Leku eta Helburu buruak lexikalizatzen dituen morfema bat egon beharrean, bi daude, Leku burua lexikalizatzeaz arduratzen den n- morfema eta Helburu burua lexikalizatzen duen -a morfema. Beraz, ikerbidea irekia legoke leku adposizio bizidunak Pantchevaren (2011) analisian oinarrituz aztertzeko.
104Lan honetan zehar, euskal gramatikan zein nazioartekoan adposizioak sailkatzeko egin diren proposamenen bilakabidea izan dut aztergai. Leku adposizioen egitura sintaktikoari dagokionez, euskaraz ere, adposizioen gauzapen lexikoa hierarkia zehatz bati jarraituz osatzen dela erakutsi dut. Hortaz, Pantchevak (2011) adposizioak buru sintaktiko ugaritan deskonposatzeko egiten duen proposamena, euskararako baliagarri dela deritzat. Izan ere, deskonposa daitezkeen buru sintaktikoen kopurua, hizkuntzak espazio harremanak adierazteko dituen ñabarduren araberakoa da.
105Buru sintaktikoen hierarkia horretan, adposizioek izen edo DS bat hartzen dute osagarritzat, hots, perpauseko Eremua, erreferentzia puntu egonkorra. Etxeparek (2013) aipatu bezala, oinarrizko hiru adposizio bereiz daitezke antolaketa hierarkikoan; inesiboa (Lekua) > adlatiboa (Helburua) > ablatiboa (Jatorria). Zenbaitetan, espazio harremana adierazten duten izen batzuek, hots Ardatz Zatiek, Leku buruaren eta izenaren arteko buru sintaktiko bat betetzen dute. Kasu hauetan, izenak eta Ardatz Zatiak osatzen dute perpauseko Eremua.
106Bestetik, MugaS eta EskalaS edozein Bide bururen gainean isla daitezkeenez, Pantchevaren (2011) analisia euskarazko beste bi leku adposizio bizigaberekin bateragarria dela proposatu dut, muga adlatiboarekin eta hurbiltze adlatiboarekin. Kasu hauetan, -ino morfemak Muga burua, eta -(a)ntz morfemak Eskala burua lexikalizatzen dituzte. Ondoren Muga eta Eskala buruek Helburu burua hautatzen dute.
107Honez gain, euskarazko ablatiboaren eta prosekutiboaren arteko oposaketa historikoa ere, Pantchevaren (2011) analisiarekin bateragarria dela ondorioztatzen dut. Izan ere, -ti morfemak Pantchevaren Bide burua lexikalizatuko luke, eta nik Zehar buru deritzat honi.
108Azkenik, ikusi dudanez, hipotesi honek euskarazko aldakortasun dialektala azaltzeko ere balio duela, mendebaldeko -ra arte egiturak, muga adlatiboaren balio bera baitu. Euskalki honetan, arte Ardatz Zatiak -ino muga morfemaren balioa hartzen du.