Navigation – Plan du site

AccueilNuméros22Hizkuntzalaritza klinikoko lehen ...

Hizkuntzalaritza klinikoko lehen jardunaldia: nora eta nola

Marie Pourquié, Lore Erriondo, Iker Villanueva, Amaia Munarriz, Nekane Garlpasoro, Joana Itcaina, Maritxu Goyhenetche, Iñaki Bidegain Alberdi, Maria Jose Ezeizabarrena Segurola, Naiara Ozamiz et Urtzi Etxeberria

Entrées d’index

Thèmes :

linguistique
Haut de page

Notes de l’auteur

Eskerrak eman nahi genizkieke Hizkuntzalaritza Klinikoko 1. Jardunaldia posible egin duten pertsona eta erakunde guztiei. Lehenik eta behin, nola ez, eskerrak Udako Euskal Unibertsitatea-ri, beraien programan jardunaldi hauek sartzea onartu izanagatik, eta eskainiriko laguntza guztiagatik. Eskerrik asko baita ere Université de Pau et des Pays de l'Adour (UPPA)-ko Etudes Européennes et International (2EI) kolegioari eta Aturriko Kanpuseko (Campus de la Nive) arduradunei, jardunaldiak ospatzeko gela utzi izanagatik. This research has received financial support from the ANR (ANR-17-CE27-11), the ANR-DFG (ANR-18-FRAL-0006, UV2), the Spanish MINECO (FFI2017-82547-P; PGC2018-096380-B-100).

Texte intégral

1. Aintzin solasa (Marie Pourquié eta Urtzi Etxeberria)

1Hizkuntzalaritza Klinikoko lehen jardunaldia (HK1) Baionan iragan zen 2020ko Irailaren 4ean, Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitateko Errobiko kanpusean. Jardunaldi horren lehen edizioa IKER ikerketa guneak, hots hizkuntzalaritzan eta euskal ikasketetan berezitua den ikerketa guneak antolatzea biziki aproposa agertu zen hizkuntza nahasmenduen azterketa hizkuntzalaritza alorrari lotzen baita eta jardunaldi horren funtsa hizkuntza nahasmenduak euskaraz edota euskaldunengan aztergai nagusitzat hartzea baitzen.

2Hizkuntzalaritza orokorrean euskarari buruzko lan ainitz atera eta ateratzen badira ere, hizkuntzalaritza klinikoa euskaraz ez da batere garatu. Beraz, jardunaldi honen helburua euskaldunengan aztertzen diren hizkuntza nahasmenduei buruzko lan eta proiektuen aurkezpen bat egitea zen, modu dibulgatiboan, elkarren lanen berri hartzeko, saretzeko eta hizkuntzalaritza klinikoa euskaraz garatzeko. Hamarkada berri bat hasten denez, azken finean, jardunaldiaren helburua zen orain arte dakigunaren berri hartzea eta ematea, eta abiapundu honetan oinarrituz, denok elgarrekin, ikerle, klinikari, irakasle eta ikasle, … hizkuntzalari, mediku, psikologo, ortofonista, logopeda, ergoterapeuta, eta abar… nora eta nola joan gaitezken, ausnartzea eta gogoetatzea.

3Lehen edizio honek panorama anitza eskaini zigun, ikuspegi ezberdinak eta ikerketa eta lan praktika ezberdinak aipatu ziren. Lan hauek amankomunean izan zutena eta dutena euskaldunekin edota euskaldunentzat aritzea izan zen. Orotarat hamaika hizlarik parte hartu zuten: lehen hiru aurkezpenak afasiaren azterketaren inguruan izan ziren : Lore Erriondo (pedagogian ikertzaile-irakaslea, UPV/EHUn), Amaia Munarriz (hizkuntzalaritzan ikertzaile-irakaslea, UPV/EHUn), eta Iker Villanueva (Osakidetzako medikua). Ondoko hiru aurkezpenak hiru arlo ezberdinetako klinikariek eman zituzten : Nekane Garlpasoro (neuropsikologoa, BCBLn), Joana Itcaina (ortofonista, Lapurdin) eta Maritxu Goyhenetche (ergoterapeuta, Lapurdin). Ondotik, bi aurkezpen eman ziren hizkuntzaren garapen (a)tipikoaz : Iñaki Bidegain Alberdi (neurologo jubilatua, irakaslea Mondragon unibertsitatean) eta Maria-Jose Ezeizabarrena (hizkuntzalaritzan ikertzaile-irakaslea, UPV/EHUn). Azkenik, Naiara Ozamiz (psikologian ikertzaile-irakaslea, UPV/EHUn) tresna neuropsikologikoak euskarara egokitzeko beharraz eta Marie Pourquié (hizkuntzalaritzan ikertzailea, CNRS-IKER), hizkuntzaren nahasmenduak euskaraz eta euskaldunengan aztertzearen ezinbestekotasunaz mintzatu ziren.

4Ondoko orrialdeek heien ekarpena laburbiltzen dute. Topaketa aberasgarria izan zen gaur egun Euskal Herrian edo euskaldunengan egiten ari diren ikerketa-lanen berri hartzeko. Jardunaldiaren aurkezpenen bilduma hau baliagarri izan dakioke hizkuntza nahasmenduez interesatzen den edozoini, izan ikerle, klinikari, irakasle ala ikasle. Artikuluaren bukaeran agertzen diren erreferentzi bibliografikoek irakurlea gaia sakontzera gidatzea dute helburu.

2. Elebidunentzako Afasia Testaren motibapenaz, erabileraz eta bilakaeraz. (Lore Erriondo)

5Afasiko Elebidunen Hizkuntz Trebetasunen Azterketa tesian, afasiak jotako subjektu elebidunen (euskara/gaztelera) hizkuntza trebetasunak aztertu nituen. Honen gaineko ikerketari 1982an eman nion hasiera eta 1993an defendatu nuen tesia. Lehenengo aldia izan zen mota honetako azterketa -euskara/gaztelera elebiduntasuna- egin zena. Orduan jabetu nintzen bete-betean hizkuntzak duen garrantzia gure izanean, gure adierazpenean, gure barne antolaketan, gure izaera sozialean. Orduan jabetu nintzen bere galera edo kalteak dakarren elkar-komunikazioaren baitako eragozpena, traba, isolamendua, ezintasuna, zuloa, oinaze gorra...

6Pozgarria da ikustea beste batzuk jarraitu dutela afasiaren azterketan urratutako bidea, jakintza alor ugaritatik eta ekarpenak egiten jarraitzen dutela, jardunaldi honetan ikusteko parada izan dugunez.

7Tesiaren gaia izan den ikerketa hau, mundu mailako beste proiektu zabalago batean egon da kokatuta, Canadako Montrealeko McGill Unibertsitateko Michel Paradis irakasleak -tesiaren zuzendaria- koordinatuta. Aipatu proiektu honek, elebidunen afasia aztertzea zuen helburu, eta honetarako, BAT (Bilingual Aphasia Test) sortu zuten Henry Hécaen eta Michel Paradis-ek elkarlanean eta guk egokitu euskarara, EAT (Elebidunentzako Afasia Testa) eraikiz. Gure betebeharra nazioarteko proiektu honetan, elebidun/eleaniztunen afasia aztertzeko neurketa tresna euskarara egokitzea zen batetik eta euskara/gazteleradunen afasia aztertzea bestetik. Dagoeneko, euskara barne, 70 hizkuntza baina gehiagotara egokitu da froga hau. Bera erabili genuen gure 59 subjektu afasiko elebidunengan hizkuntza/k aztertzeko.

8Gure azterketako subjektuak elebidunak ziren guztiak; hau da, euskara eta gazteleraren jabe ziren. Jatorrizko hizkuntza euskara zuten ia denek, baina gazteleraz izan ziren alfabetatuak, garai hartan ez zegoelako aukerarik euskaraz eskolaratzeko.

9Burututako azterketei dagokienean, espreski EAT frogaren erantzunen azterketa estatistikoetarako Montrealen (Canada) sortutako Mac BAT berezko aplikazio informatikoa erabili genuen bai eta SPSSX azterketa estatistikoetarako programa bilduma ere.Ondorio nagusiak aipatzearren, adinari dagokionean, antzeman genuen gazteenak zirela orokorrean berreskuraketa onena agertzen zutenak, garunaren malgutasuna eta ber-ikaskuntza direla bide.

10Lateralizazioaren gaiari helduta, guk aztertutako subjektuetan antzeman genuen elebidunengan, elebakarren modu eta neurri berean agertzen zirela kaltetuak haien hizkuntza guztiak; eta beraz, bi hizkuntzak nagusiki ezkerraldean lateralizaturik daudela ondorioztatu genuen; eta ez autore batzuk aipatzen zuten moduan, hizkuntza bakoitza modu desberdinean zegoela kokatuta eta islatuta garunean.

11Hizkuntzen berreskurapena dela eta, kasu batzuetan, jatorrizko hizkuntza berreskuratu izan zela behatu genuen eta gehienetan, subjektuak gehien erabiltzen zuena (bera ez zenean) baina azpimarragarria iruditu zitzaigun ohartzea zenbait kasutan, berreskuraketa terapian erabilitako hizkuntza zela afasikoek lehenik eta zenbaitetan bakarrik berreskuratzen zutena eta hizkuntza hori, ez zuen subjektuak hautatzen baizik eta berreskuraketa-terapia erakundeak; hau da, ordura arte behintzat, gazteleraz. Gaztelera izan da sistematikoki berreskuraketa terapia burutu den kasuetan erabili den hizkuntza bakarra. Honek, hainbat kasu larritu egin zituen gure iritzian, gehienen inguru komunikatibo hurbila euskara zelako, euskaraz komunikatzen zirelako nagusiki beren bizimodu arruntean, eta gaixotasunaz gainera zailtasun erantsia ekarri zielako beren hizkuntza nagusian berreskuraketa aukerarik ez izatea.

12Bai orduan eta bai egun, oraindik ere, euskaraz tresnak, baliabideak, terapiak eta bitartekoak eskaintzeko premia eta garrantzia azpimarratzen jarraitu behar dugu, gezurra dirudien arren, oraindik bermatuta dagoen zerbait ez delako.

3. Afasiaren ebaluazioa eta tratamendua euskal elebidunetan: Inkesta baten emaitza (Iker Villanueva Sanchez)

13Afasia burmuineko lesio baten ondorioz (adb. iktusa) hitz egiteko ahalmenaren galera da, eta komunikazio arazo handia eragiten du (Laskibar & Erriondo, 2012). Elebidunetan, hizkuntza-arazoak ez dira beti gaixoaren hizkuntza guztietan agertzen, eta ageri direnean ere larritasuna ez da beti maila berekoa izaten, beraz ezinbestekoa da pazienteak hitz egiten dituen hizkuntza ezberdinak aztertzea (Erriondo, 1993; Munarriz, 2018). Euskal Herriko biztanleen %28.4a elebiduna da (Eusko Jaurlaritza, 2016). Halere, gutxi dira afasia euskaraz aztertzeko tresnak, eta ez dakigu egun klinikariek hizkuntzaren ebaluazioa nola burutzen duten. Egoera hori ezagutzea beharrezkoa da, batetik, profesionalen beharrak identifikatu eta etorkizunera begirako estrategiak zehazteko; eta, bestetik, bidean den CAT tresnaren euskal estandarizazioak (Pourquié & Munarriz Ibarrola, 2018, Fyndanis et al, 2017) zein funtzio bete lezakeen hobeki jakiteko. 2019ko martxoan buruturiko zeharkako azterketa baten berri ematen da hemen (Villanueva, Ozamiz, & Pourquié, 2019; Villanueva, Ozamiz, Munarriz, & Pourquié 2021).

14Helburu nagusia Euskal Herrian afasiaren ebaluazioa eta tratamendua euskararen eremuan nola egiten den aztertzea (zein hizkuntzatan eta zein tresnaren bidez) izan da. Horrez gain, harreman klinikoan hizkuntzari ematen zaion garrantzia aztertu nahi izan da; eta afasia euskaraz aztertzeko tresna estandarizatu gehiagoren beharraren inguruan hausnartu.

15Partehartzaileak Euskal Herrian afasiadun pertsonekin lanean diharduten arlo ezberdinetako 77 profesionalak ziren. Materialari dagokionez, 15 galderaz osatutako galdetegia garatu zen hiru hizkuntzatan (euskara, gaztelania eta frantsesa). Prozeduraz online galdetegi anonimoaren hedapena elkargo profesionalen laguntzaren bitartez egin zen. 2019ko otsailaren 26tik martxoaren 29ra zabalik egon zen. Emaitzen azterketa estatistikoa STATA programa informatikoaren bidez burutu zen eta alderaketak egiteko Pearson-en χ2 estatistikoa erabili zen.

16Galdetegi honekin jasotako erantzunen azterketaren emaitza nagusiak hauek dira: askotariko arlo profesionaletako kideek parte hartu zuten inkestan: logopeda/ortofonistak, neurologoak, psikologo/neuropsikologoak, psikiatrak, orientatzaileak, hizkuntzalariak, familia medikuak eta pedagogoak. Erantzun zuten gehienak (% 57) logopeda/ortofonistak ziren eta % 70ek bazekien euskaraz. Gehiengo handi batek (% 75ek) afasia aztertzeko tresnak erabiltzen zituen, logopedek beste arlo batzuetako profesionalek baino gehiago. Boston testa gehien ezagutzen eta erabiltzen zen testa, lurraldeka ezberdintasunak ikusi baziren ere, batez ere Hego Euskal Herriaren eta Iparraldearen artean. Profesionalen gehiengoak pazientearen hizkuntza ohituren eta preferentzien inguruan galdetzen zuen (% 86k eta % 66k hurrenez hurren), batez ere langile euskaldunek. Parte hartzaileen > % 62k era elebidunean artatzen zituen paziente euskaldunak. Halere, kasuen > % 90ean euskarazko ebaluazio hori era kualitatibo / informal baten burutzen zen, edo norberak garatutako edo itzulitako testak erabilita; euskarara egokitutako tresnak profesionalen % 7k baino ez zituen erabiltzen. Profesionalen % 23k baino ez zituen euskal afasiologia arloko lanak ezagutzen eta gehiengo handi batek (% 98.5ek) afasia aztertzeko euskarazko tresna gehiagoren beharra adierazi zuen.

17Ondorioz, paziente euskaldunak ele bitan (euskaraz eta erdaraz) ebaluatzen direnean, ebaluazioaren kalitatea ez dago bermatua; izan ere, ebaluazio hori norbere itzulpenen edo ebaluazio informalaren bidez egiten da. Hala, profesionalek afasia euskaraz aztertzeko test estandarizatu gehiagoren beharra ikusten dute, eta CAT testa euskarara egokitzea interesgarri izan daitekeela uste dute. Gaiaren inguruko ikerketa gehiago behar da, lan honetan emandako ondorioen ebidentzia sendoagoa izateko.

4. Afasiaren ebaluazioa eta esku-hartzea ingurune eleaniztunetan:CAT testaren euskal egokitzapenaren aurkezpena. (Amaia Munarriz)

18Afasia duten hiztunen ebaluazioa egiteko testak edo ebaluazio-tresna estandarizatuak erabili ohi dira, hiztun horien gaitasunen eta ezintasunen argazki fidagarria lortzeko, hots, lesioari dagozkion hizkuntza-arazoak eta arazo kognitiboak jokabide tipikotik bereizteko (Ivanova & Hallowell, 2013). Ebaluazioak pazientearen egoera zer-nolakoa den aztertzeko aukera ematen du, eta horretan oinarrituta, hein handi batean, esku-hartzeari begira erabakiak hartu ahal dira (Howard, Swinburn, & Porter, 2010).

19Ingurune eleaniztunetan, gainera, aintzat hartzekoa da hiztun elebidunengan hizkuntza guztiak ebaluatzea guztiz beharrezkoa dela, urradurak ez baitie hizkuntza guztiei berdin eragiten, eta berreskuratzea ere bi hizkuntzetan modu eta maila ezberdinean gerta baitaiteke (Paradis, 2004; Verreyt, De Letter, Hemelsoet, Santens, & Duyck, 2013), batik bat tipologikoki distantzia handia duten hizkuntzen kasuan (Ansaldo, Marcotte, Scherer, & Raboyeau, 2008; Faroqi-Shah, Frymark, Mullen, & Wang, 2010; Goral, Rosas, Conner, Maul, & Obler, 2012). Dena dela, maiztasunari dagokionez, ohikoena da bai nahasmendua bai berreskuratzea paraleloa izatea; hots, hizkuntza biak antzera kaltetzea, eta ondoren, bietan maila bertsuan berreskuratzea.

20Berriki, Kuzminak eta (2019) afasiadun elebidunen inguruko kasu-azterketen berrikusketa aurkeztu dute nahasmendua mota batekoa edo bestekoa izateko eragiten duten faktore nagusiak identifikatzeko asmoz. Oro har, bilketa lan horrek erakutsi du 2. hizkuntzaren (H2) jabekuntza-adina erabakigarria dela; lehen hizkuntzan (H1) eta bigarrenean antzeko nahasmendua agertzen dute H2a goiz bereganatu dutenek (< 7 urte) eta, aldiz, H2an H1ean baino arazo gehiago agertzen dute elebidun berantiarrek (> 7 urte). Horrez gain, agerian gelditu da lesioaren aurreko gaitasun‐mailak eta hizkuntza-erabilerak ere eragina dutela.

21Hizkuntza berreskuratzeaz ari garela ere, hizkuntzak ez dira beti maila eta modu berean berreskuratzen. Honako aldagai hauek eragin handikoak dira hizkuntzen berreskuratze motan (Abutalebi, Rosa, Tettamanti, Green, & Cappa, 2009; Faroqi-Shah et al., 2010): esku-hartzean erabilitako hizkuntza, erabiltzeko beharra/erabilgarritasuna eta ingurunean duen nagusitasuna (bi horiek funtsean erabilerarekin erabat lotuta), lesioaren aurreko gaitasuna, alderdi afektibo eta emozionalak (motibazioa, etab.) eta hizkuntzaren egiturazko (des)berdintasunak. Hain zuzen, azken horrek erabakigarria dirudi hizkuntza batean berreskuratutako bestera (ez) orokortzeko (Conner et al., 2018; Faroqi-Shah et al., 2010; Goral, Levy, & Kastl, 2010). Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da elebidunengan ebaluazioa eta esku-hartzea hizkuntza guztietan egitea, batetik, ebaluatzen ez den hizkuntzaren kalteak oharkabean ez pasatzeko, eta, bestetik, esku-hartzearen onurak ez direlako beti orokortzen, are gehiago egiturari dagokionez oso bestelakoak diren hizkuntzen kasuan.

22Euskal afasiaren azterketara etorrita, euskal afasiadunen azterketak ekarpen garrantzitsuak egin ditzake afasia elebidunaren ikerketan bai euskaldun guztiak elebidun direlako, bai euskara hizkuntza ez-indoeuroparra delako eta tipologikoki gaztelania edo frantsesa ez bezalakoa delako. Orain dela gutxi arte, apenas zegoen euskal afasiari buruzko ikerlanik, azkenaldian ugaritu badira ere (Adrover-Roig et al., 2011; Arantzeta et al., 2017; Arantzeta Perez, 2017; Erriondo, 1993; Laka & Erriondo, 2001; Munarriz, 2015; Munarriz, Ezeizabarrena, & Gutierrez-Mangado, 2016; Pourquié, 2011, 2013).

23Ikerketa horiek funtsezkoak dira arlo klinikorako ere, gaixotasun honen intzidentzia-tasak aintzat hartuta. Donostiako Ospitaleko datuen arabera, urtero 1200 iktus inguru antzematen dira Gipuzkoan (Muñoz Lopetegi, 2018), eta 1000 inguru Nafarroan (2020ko daturik ezean, ikus 2019ko prensa oharra1), eta horien % 30 inguruk eragiten du afasia. Euskal Herrian 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 28,4 euskalduna izanda (Eusko Jaurlaritza, 2016), tartean euskaldun ugari egotea aurreikus daiteke, horren inguruko datu zehatzik ez bada ere.

24Alabaina, berriki Villanuevak eta (2021) egiaztatu dutenez, arlo klinikoan afasiadunekin diharduten profesional gehienek (% 79) afasiaren ebaluazioa erdaraz soilik egiten dute eta euskarazko ebaluazioa egiten dutenen % 83k norbere itzulpena edo ebaluazio informala izaten du oinarri, test estandarizatuen faltagatik. Horrek ondorio kaltegarriak ditu bai paziente eta senideentzat eta baita ebaluazio eta hizkuntzaren tratamenduarentzat ere, ebaluazioaren kalitatea ez baitago bermatua. Horregatik guztiagatik, ez dago zalantzarik afasiadunak artatzeko eta ikerketarako premiazkoa dela euskarazko ezaugarriak aintzat hartzen dituen tresna estandarizatu bat izatea (Munarriz & Pourquié, 2017; Villanueva et al. 2021), eta hain zuzen, behar horri aterabide bat emateko asmoz ekin genion Marie Pourquiék eta biok ingelesez diseinatu zen Comprehensive Aphasia Test (CAT) tresna (Swinburn, Porter, & Howard, 2005) euskarara egokitzeari. Collaboration of aphasia Trialists Europako diziplinarteko ikerketa-sarearen barruan burutzen ari garen egitasmo horren baitan CAT testa 26 hizkuntzatara garatzeko bidean dago. Tresna bera hainbat hizkuntzatara egokitzeak aukera emango du hizkuntzen arteko alderaketa errazteko (baita elebidunen kasuan ere) eta afasiaren ikerketa eta esku-hartzean laguntzeko.

252015ean heldu genion CATaren euskal bertsioa prestatzeari, eta hasiera-hasieratik erabaki genuen Euskal Herri osorako baliagarria izango zen egokitzapena izatea. Egokitzapena egiteak eskatzen du itzulpenean ez bezala, azpitestetako materialak (irudiak, hitzak, esaldiak) euskararen ezaugarriak kontuan izanda (ber)diseinatzea eta egokitzea, eta hala jardun dugu hizkuntzaren azpitest gehienetan (19/21). Hau da hizkuntzaren ezaugarri linguistiko eta aldagai psikolinguistikoez gain (maiztasuna, hitzen luzera, irudikagarritasuna, etab.), Euskal Herriko ezaugarri kultural eta soziolinguistikoak ere aintzat hartu ditugu (Munarriz & Pourquié, 2017; Pourquié & Munarriz-Ibarrola, 2018), besteak beste, aldaera geografiko desberdinak, euskararen estatus desberdina ofizialtasunari eta normalizazioari dagokionez, euskararen ezagutza eta (kale-)erabilera heterogeneoa, eta euskara estandarraren ezagutza eta erabileran dauden aldeak etab. Egokitzapen prozesuan zehar hainbat erronkei egin behar izan diegu aurre. Esate batera, zenbait aldagai psikolinguistiko guk geuk lortu behar izan ditugu, horretarako euskaldunen datuak bilduz eta aztertuz (Munarriz & Pourquié, 2017), beste hizkuntza batzuetako ikertzaileekin lankidetzan (Fyndanis et al., 2017; Rofes et al., 2018). Bestalde, irudiak baliatu beharreko azpitestak egokitzea erronka izugarria izan da, kontuan izanda gure xedea dela Euskal Herriko euskalki gehienetako hiztunentzat (antzeko) baliagarritasunekoak eta ezagunak izan daitezkeen hitzak izatea.

26Egokitzapenari ekin genionetik hainbat urrats eman ditugu, eta une honetan, irudiak dituzten azpitestetan adostasuna lortu ez duten itemak berregokitzeko prozesuan gaude. Aurrera begira, epe laburrean heldu osasuntsuekin pilotatzea dugu jomugan, eta epe luzexeagoan xedea da afasiadun euskaldunen datuak biltzea estandarizatzeko. Horretarako, osasun-arloko profesionalen aholkularitza eta lankidetza funtsezkoa izango zaigu.

27Laburbilduz, euskal CATa arlo klinikoan dagoen ebaluazio tresna estandarizatuaren beharrari erantzuteko ezinbestekoa izango da, eta aukera emango du afasiadun eleaniztunentzat gomendatu bezala, euskaldunak euskaraz (ere) ebaluatzeko, eta baita esku-hartzea bideratzeko ere. Horregatik guztiagatik, Euskal Herri osoko gaixo afasiadunentzat, osasun-arloko askotariko profesionalentzat (neuropsikologo, logopeda, etab.) eta ikertzaileentzat ekarpen baliagarria izango delakoan gaude.

5. Neure Clinicaren aurkezpena eta bertan aztertzen diren sindromeak (Nekane Galparsoro Izaguirre)

28Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL2) nazioarteko diziplinarteko ikerketa zentro bat da, kognizioa, garuna eta hizkuntza aztertzeko, Ikerbasquek, Innobasquek, EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean sortua. Gure ikerketa-jardueraren berariazko helburua hizkuntzaren jabekuntzan, ulermenean eta ekoizpenean inplikatutako mekanismo neurokognitiboak argitzea da, elebitasuna eta eleaniztasuna bereziki nabarmenduz. Ikerketa-lerroak hauek dira:

  • Hizkuntzaren garapena bizitzan zehar

  • Hizkuntzaren pertzepzioa, produkzioa eta nahasmenduak

  • Irakurketa eta dislexia

  • Eleaniztasuna

  • Neurodegenerazioa, burmuineko kaltea eta errehabilitazioa

  • Hizkuntza ete beste sistema kognitibo batzuk

  • Neurozientzia kognitiboko sistema metodo aurreratuak

29Hasieratik, BCBLk irmoki sinetsi du ikerkuntzan teknologia transferitzeak duen funtsezko eginkizunean, helburu jakinekin eta orientazio argi batekin: etorkizunean pertsonen bizi-kalitatea eta hezkuntza hobetuko duten produktuak eta zerbitzuak eskaini ahal izatea. Gure zentroko ikerketen ondorioz sortzen diren produktu edo zerbitzuez gain, BCBLk bi transferentzia-ekimen ditu gaur egun: NeureClinic3 eta NeureSoft4.

30NeureSoft euskaraz zein gaztelaniaz hizkuntzaren ebaluaketarako tresnak garatzen dituen BCBL zentroko saila da. Neuresoft-en helburua ahozko eta idatzizko hizkuntzaren nahasmenduen ebaluaketa erraztu dezaketen tresnak sortzea da. Horretarako, ondorengo ebaluaketa multzoak sortzen ari gara:

  • NeureHitz: Ahozko hizkuntzaren ebaluaketa euskaraz

  • NeureLeng: Ahozko hizkuntzaren ebaluaketa gaztelaniaz

  • NeureLec: Irakurketa-idazketaren ebaluaketa gaztelaniaz

  • NeureHizki: Irakurketa-idazketaren ebaluaketa euskaraz

31Ebaluaketa multzo bakoitza hainbat atazez osatua dago. Ahozko hizkuntzaren ebaluaketa multzoek hizkuntzaren ulermen eta adierazpenean parte hartzen duten prozesu psikolinguistikoen inguruko informazioa jasoko dute: fonetika, lexikoa, morfosintaxia eta semantika. Irakurketa-idazketaren azterketarako ebaluaketa multzoek ahalmen hauen inguruko informazioa bilduko dute.

32Neure Clinic BCBLtik eratorritako ezagutzen berri emateko ekimena da, ebaluazio eta diagnostiko zerbitzuen bidez zentroaren garapen zientifikoak gizarteratzeko helburu duena. Horretarako, hizkuntzaren alorrean ebaluazio neuropsikologiko eta logopediko sakonak eskaintzen ditu, ahozko hizkuntzaren garapenaren nahasteak eta dislexia aztertzen ditu, BCBLko ikerlari-taldearen azken aurrerakuntzak prozesuaren barne egonik.

33Ahozko hizkuntzaren garapenaren nahasteak hainbat izen izan ditu denboran zehar, gaur egun ingelesez “Developmental Language Disorder” izena emateko akordiora iritsi da 57 adituz osatutako taldea (Bishop et al., 2017). Euskaraz “Adierazpen Hizkuntzaren Arazo Espezifikoa” bezala ezagutzen da eta hizkuntzaren jabetzean eman daitekeen nahasteari egiten dio erreferentzia. Zailtasuna lehen momentuetan agertzen bada ere, haurtzaro eta nerabezarora luzatzen da, heldutasunean ere ondorioak nabarmenduz. Nahaste hau ez da gabezi intelektual, neurologiko, sentsorial edo emozionalen ondorio, ezta garapen nahaste orokorrarena ere (Aguado et al., 2015). Ingalaterran eginiko ikerketa batek, %7,58ean ezartzen du bere prebalentzia (Norbury et al., 2016).

34Dislexia berriz, ikasteko zailtasun espezifiko bat da, jatorri neurobiologikoa duena. Hitzak zehatz edota arin antzemateko zailtasunak eta letreiaketa eta deskodetzeko gaitasun eskasa ditu ezaugarri. Zailtasun horiek hizkuntzaren osagai fonologikoan dagoen gabezi baten ondorio izan ohi dira, eta gabezi hori, askotan, trebetasun kognitiboekin eta ikasgelan modu eraginkorrean irakastearekin alderatuta ustekabekoa izaten da. Bigarren mailako ondorioak irakurketaren ulermenean arazoak eta irakurketa-esperientzia murriztua izatea izan daitezke, eta horrek hiztegiaren garapena eta aurretiko ezagutza eragotzi dezake (IDA, 2002). %7ko prebalentzia ezartzen dute Estatu Batuetan (Peterson eta Pennington, 2015).

35Neure Clinic zerbitzuan diagnosia historia klinikoan eta ebaluazio neuropsikologiko zein logopedikoan oinarriturik gauzatzen dugu. Ebaluaziorako, test estandarizatuak eta zerbitzu honetarako espreski sortutako protokoloak erabiltzen ditugu, euskaraz zein gaztelaniaz, NEUREko profesionalen esperientzia klinikoan eta BCBLko ikerlarien eskutik jasotako ezagutza zientifikoetan oinarriturik daudenak. Euskaraz azterketak egiteko tresnak oso urriak dira. Ahozko hizkuntza euskaraz aztertzeko, MacArthur-Bates (García et al., 2008) froga dugu, 50 hilabeterarteko haurren hizkuntzaren garapena jarraitzeko erabilia dena. Irakurketa gaitasuna euskaraz aztertzeko berriz, PROLEC-euskara (Cuetos et al., 2000) eta ECL (Muniozguren & Goicoechea, 1998), irakurriaren ulermenaren ebaluaketa frogak ditugu. Gure testuinguru elebiduna kontuan izanda, non jatorrizko hizkuntza euskara den maiz edo bestelakoa izan da ere, gehiengoak euskara nagusi duen hezkuntza eredua hautatzen duen, beharrezkoak ditugu euskaraz azterketak modu fidagarrian egiteko tresnak. Gauzak horrela, Neure Clinic zerbitzuan azterketak egiterako garaian kasu bakoitzaren profila aztertuta (adina, zailtasun mota, hizkuntza bakoitzaren pisua, eskolaratzearen ezaugarriak), ebaluaketan erabiliko diren tresnak hautatu eta nola erabiliko diren erabakitzen da. Erantzunen analisia frogen mugak, hizkuntzak izan dezakeen eragina eta eginiko egokitzapenak kontuan izanda egiten dira, beti ere kualitatiboki jasotako informazioari eta profesionalen esperientziari garrantzia emanez.

36Hizkuntzari, ahozkoa zein idatzizkoari, eragiten dien nahasteen prebalentziak kontuan izanda, gurean ere, euskara jatorrizko hizkuntza izanda, zailtasunak dituzten haurren kopuru esanguratsua espero dezakegu. Horregatik, eta hauei era egokian lagundu ahal izateko, euskaraz eta euskararen berezitasunak kontuan hartzen dituen tresnak sortzeko talde ezberdinen lana eta elkarlana bultzatzea ezinbestekoa da.

6. Ortofonista euskaldunak eta eleaniztasuna: gaurko egoera eta proiektuak (Joana Itzaina)

37Hitzaldi honetan lanean euskara erabiltzen duten ortofonistek euskarazko eleaniztasunari begira dugun lan moldea eta lan molde horri lotuak diren erronkak dira aipagai. Ikerketa lana izan gabe, bizipen klinikoaren deskribapena baizik ez da.

  • 5 Fédération nationale des orthophonistes, Livret professionnel de l’orthophoniste 2020, https://www. (...)

38Ortofonista gisa lan egiteko, Frantziar Estatuan lortu “Certificat de Capacité d’Orthophoniste” delako baten tituludun edo Europan formatua izan eta Frantziar Estatuan lan egiteko baimenaren jabe izan behar da. 2013tik goiti, Frantziar Estatuan ikasketak Master gradora igoak izan dira. 1974tik ortofonia saioak Sekuritate Sozialak ordaintzen ditu. Hiru lan eremu orokor ditugu: 1) idatzizko edo ahozko adierazpen arazoen berreziketa; 2) “O.R.L.” (“oto-rhino-laryngologiste”) delako mailako patologien berreziketa; 3) patologia neurologikoen berreziketa5.

39Pazientea etortzen denean, kaltetutako arloko gaitasunen ebaluaketa egiten dugu, “bilana” deitzen duguna. Horren ondotik, edo terapia martxan ematen dugu bilanean argira eman kalteen berreziketaren burutzeko edo kalterik ezean, ez diogu segidarik ematen hastapeneko bilanari. Terapia saioak iragan eta, berritze bilana egin eta emaitzen arabera, terapia bere horretan uztea edo berriz ere segitzea erabakitzen dugu, pazientea eta familiarekin adostuta eta medikua jakinaren gainean jarririk. Prozesu osoa legeztatua da eta Sekuritate Sozialak finkatu arauak segituz egiten da.

40Ipar Euskal Herriko eremuan, EOE (Euskal Ortofonisten Elkartea) sortu zen 2019. urtean, HIPIE (Hizkuntza Patologien Ikerketa Euskaraz eta Eleaniztunetan) taldearen dinamikaren harira. Hamar bat ortofonista biltzen ditu, Marie Pourquié eta Marijo Ezeizabarrena ikerleen parte hartzearekin. Hilabetean behin biltzen den taldea da eta garai honetako lan ildo nagusia 4 eta 8 urte arteko haurren euskarazko mailaren neurtzeko tresna baten sortzea da.

41Frantziar estatuan ortofonistei ikasketetan eta formakuntza jarraikian proposatu gaietan eleaniztasunaren gaia guttitan agertzen da, nahiz eta badirudien azken urteetan doi bat gehiago aipatua den. Oraindik ere elebitasuna oztopoa izan daitekeen zalantzari erantzun beharra azkarra da ikusiz guraso eta ortofonistendako eskuragarri den materiala nola osatua den6. Alabaina, beste herrialdetatik etorri informazio webguneetan, Kanadatik ala Estatu Batuetatik adibidez, atzeman daiteke informazio zehatzagoa. Besteak beste, berreziketa ze hizkuntzatan eraman behar den eta zoin parametro diren jokoan sartzen erabaki hori hartzeko garaian7.

42Hain zuzen ere, ortofonista euskaldunek terapian ikusten dituzten paziente euskaldunak, goiz ala berant, eleanitzak bihurtzen dira. Erran daiteke beraz, paziente euskaldun baten segipenak, besteak beste paziente eleanitzaren segipenaren galdera berak dakarzkiela berekin. Perfil ezberdinak aurki daitezke ikusten ditugun paziente euskaldunen artean. Batetik, haurren artean: haur euskaldun elebakarrak, gutti gora behera 5/6 urteak arte hala egonen direnak; beste talde batean sartzen dira sortzez elebidunak direnak; aparte ere famili frantses elebakarreko haurrak ikastolan ala gela elebidunetako murgiltze sisteman eskolatuak direnak; azken talde batean aurki daitezke etxean euskaraz ari bainan eskolan osoki frantsesez eskolatuak direnak. Alabaina, kasuistika hemen azaldua baino zabalagoa da (Kail, 2015) eta denetarik aurki daiteke, bi hizkuntza baino gehiagorekin handitzen diren haurrekin hasita. Bestetik, helduen artean: gaurko egunean talde homogenoagoa da, jakinez 70-80 urte inguruko helduak ditugula errezibitzen nagusiki eta horiek sortzez euskaldunak izanki frantsesa eskolan eta etxetik kanpo ikasia dutela. Haien kasuan, faktore erabakigarriagoa iruditzen zaigu beren bizian zehar izan duten euskararen erabilpena, eta ez hainbeste hizkuntzaren historia (Bardyn et Martin, 2012).

43Gure laneko hizkuntza erabilpenen deskribatzeko garaian, garrantzitsua da hastapeneko ebaluaketa, hau da bilana, eta terapia bera bereiztea, ez direlako parametro berak kontuan hartzen erabiliko den hizkuntzaren hautatzeko tenorean. Bilanari dagokionean, batetik, gure jarrera orokorra da pertsonak gehienik menperatzen duen hizkuntza hautatzea. Hizkuntza patologia baldin bada, pertsonaren hizkuntza guziak dira kaltetuak izanen, nahiz eta ezberdinki (Kohnert, 2010). Ebaluaketa guttienik menperatzen duen hizkuntzan egiten bazaio, arriskua hartzen da hizkuntzari izan esposizio eskasak eragin gabeziak zinezko hizkuntza patologia batek eragin litzakeen kalteekin nahastea. Lehena ez da gure berreziketaren jomuga izaten ahal, bigarrena haatik bai, bete betean (Volpin et al., 2020).

44Euskarazko ebaluaketa hautatzen badugu, material balidatu eskasean gertatzen gara eta Frantsesezko testen itzulpenen mugak begi bistakoak dira. EOErekin eraikitzen ari garen tresnaren nondik norakoa hortik dator. Elebitasun orekatu baten kasuan, bilana bi hizkuntzetan egin daiteke, erran nahi baita bi bilana egiten direla, hizkuntza bakotxean bat. Bestalde, froga bat berean baimendu dezakegu pazienteari hizkuntza ezberdinetan erantzutea, adibidez afasiadun eleanitz bati izendatze froga bat administratzen badiogu. Kasu horretan, emaitzen analisia zailtzen du hizkuntza ezberdinen erabilpenak bainan premiazkoa izan daiteke terapia prestatzeko garaian, beste hizkuntza baten erabilpena beste motako laguntzen (semantiko, fonologiko etab.) maila bereko laguntza izan daitekela onartua baita gaur (Hameau, 2013).

45Terapiarako hizkuntza hautatzeko garaian, beste parametro batzuk sartzen dira jokoan, besteak beste parametro afektiboak. Pazientearekin eta familiarekin adosturik erabakitzen da ondorioz terapiarako hizkuntza. Izan daiteke terapia elebakarra, baina posible da ere terapia iragan arau edo tarteka aldatzea hastapen batean hartu zen erabakia. Hala nola, euskaraz hasi ahozko hizkuntzaren berreziketa frantsesezko irakurketaren lantzera eraman daiteke. Baliteke ere gramatikako pundu zehatzak hizkuntza batean bereziki landu nahi izatea, transferitzerik ezin bada gertatu. Hala nola, frantsesez genero gramatikalaren markak lantzean adibidez, izan ahozkoan ala idatzian ala euskaraz adizkien lantzeko. Gerta daiteke ere berreziketa hastapenetik bi hizkuntzetan bi pertsona ezberdinekin martxan ematea. Ortofonista euskaldunek erronka andana dugu gure beha. Batetik, guri dagokigu paziente euskaldunen ebaluatzeko tresna balidatuen sortzea, ikerketarekin zubi gehiago sortuz. Terapia mailan, hizkuntza hautuetan praktikatzen dugun malgutasuna asumitu eta aldarrikatu behar dugu, esperientzia klinikoan eta ikerketak eman emaitzetan oinarrituz. Lanerako materiala sortu eta partekatzea ere dagokigu. Bestalde, prebentzioan publiko zabalarekin partekatu behar dugu gure esperientzia eta ezagutzak eleaniztasunaren arloan, batez ere ideia faltsuen (haur elebidunak berantago mintzatzea normala dela adibidez edo ortofonista ikusten duen haur batek eskolan hizkuntza bakarrean ikasi behar duela sistematikoki) kontra borrokatzeko. Azkenik, klasifikazio internazionaletako terminologia euskaraz landu behar dugu.

7. Ama hizkuntzaren erabileraren eragina Alzheimer dementziaz hunkitua den pertsonaren akonpainamenduan (Maritxu Goyheneche)

46Alzheimer dementziaren (AD) garapenarekin, hizkuntza arazoak agertzen dira. Melissa Barkat-Defradas eta kideek (1) esplikatzen dute arazoak lehenik hitz ekoizpenean agertzen direla eta ulermena eta idatzia berantago kaltetzen direla.

47Dementziaren garapenean 3 multzo ezberdintzen dira : 1. Hitz falta, 2. Semantika bereizketa, 3. Diskurtsoaren pobretzea. ADak komunikazio arazoak ekarriko ditu, eta horrek, pertsona zailtasun egoera baten aurrean emanen du bere eguneroko behar sozial edota emozionalen adierazteko. Komunikatzeko arazo horiek, pazientearen nahiak edo beharrak ezin ulertuz, haserrealdia eta frustrazio handi bat sortuko dute. Melissa Barkat-Defradas eta kideek (1) azpimarratzen dute, elebidunak diren gizarteetan, solaskideak elebidunak izateak komunikazio modifikazioen eragina ttipitzen ahal lukeela. Ikerketa honen galdera nagusia ondokoa da: zein izango litzateke ama hizkuntzaren erabileraren eragina AD duen pertsonaren akonpainamenduan?

48Ikerketa, Luro fundazioan, Izpuran (Lapurdin) egina izan da pertsona elebidun kopuru handi bat biltzen duelako, bai artatzaileetan, bai pazienteetan ere; eta gehiengo batek ama hizkuntza euskara duelako. Ingurumen eleanitz hori oso egokia zen elebidunak (euskara/frantsesa) eta AD duen pertsonaren akonpainamendua ikertzeko. Ikerketa 2 zatitan egina izan da:

  • lehen zatian AD duten lau pertsona eguneroko egoeretan aztertuak izan dira. Hala nola, terapeutak, goizeko garbitze momentua bi tarte ezberdinetan egin ditu, bat euskaraz eta bestea frantsesez. Artatze momentu horiek “Volitional Questionnaire” delakoarekin ebaluatuak izan dira (2). Behaketa eta ebaluazio horren helburuak hauek ziren: aktibitate denboran euskararen erabilerak motibazioan eta parte hartzean eraginik ba ote duen ikustea.

  • bigarren zatian, galdeketa kualitatibo bat egina izan da, zahar etxeko profesionalekin, elkarrizketa erdi estrukturatu baten bidez. Helburua, AD duten pertsonengan, profesionalen esperientzia subjektiboen bidez, euskararen erabilerak motibazioan, parte hartzean edo portaeran eraginik ba ote duen ikustea zen.

49Ondoko irudiak eguneroko egoeren emaitzak erakusten ditu:

Eguneroko egoeren emaitzak (motibazioa, eta parte hartzea ebaluatzen dutenak)

Eguneroko egoeren emaitzak (motibazioa, eta parte hartzea ebaluatzen dutenak)

Profesionalen esperientziaren arabera, ama hizkuntzaren erabilpenak AD duen pertsonarengan eragina du (i) motibazioan, (ii) parte hartzean, eta (iii) pertsonaren portaeran.

50Eguneroko aktibitate bat egiterakoan, ama hizkuntzak pertsonaren parte hartzean eta motibazioan inpaktu bat du. Profesionalek azpimarratu dute ama hizkuntzaren erabilpenak eragin positibo bat duela AD duen pertsonaren parte hartzean, motibazioan eta portaeran. Pertsona bakoitzaren arabera akonpainamendua egokitzen dutela erakusten dute. Ama hizkuntzak pertsonaren mintzamena laguntzeaz gain sentimendu eta emozioen ulermenean ere laguntzen duela ikusi daiteke. Pertsona konfiantza handiagoan dela eta horri esker artak errazkiago onartuko dituela sentitzen dute. Gainera, haien portaera egokituz eta euskara erabiliz, ohartu dira AD duen pertsonak aktibitate proposamenari harrera hobea egiten diola, eta aktibitatea adierazgarriagoa izanen dela. Oro har, ikerketa honen emaitzek ama hizkuntzaren erabilerak artaren kalitatea zinez laguntzen duela baieztatzen dute.

8. Mensaiaren definizioa, hizkuntzaren garapena. AA kasua. Aurkezpena iruditan. (Iñaki Bidegain Alberdi)8

  • 8 Kasu hau komunikazioaren garapena eta hizkuntza-nahasmenduak gaiari buruz formakuntza emateko eredu (...)

51Kasu honetan, komunikazioaren garapenaren jarraipen bat egin da, komunikazio-egiturak kontuan hartuz. Kasua irudien analisiaren bidez aurkeztuko da. Analisi-unitateetan ikusten denez, atzerapena hautematen da hizkuntza moderatuaren garapenean, baita gabeziak ere artikulazio-garapenean eta hizkuntza-adierazpidean.

52Arazoa garbi ikusten da mutikoa adin bereko (hiru urte) beste neskato batekin hizketan ageri den irudietan: neskatoak halako konplexutasun batez hitz egiten du, eta dena ulertzen zaio; mutikoaren hizketan, aldiz, ez dago konplexutasunik, eta ez zaio ezer ulertzen. Dena den, mutikoaren jokaerak erakusten du ulertzen duela neskatoak esaten diona eta ekintzen bidez definitzen duela esan nahi duena.

53Horren harira, haurraren lehen hilabetetik irudi bidez aztertu dugu haren garapen orokorra, eta, hizkuntza-adierazpidea eta artikulazioaren definizioa alde batera utzita, komunikazio-egituraren garapena normala izan da.

54Geroagoko garapenaren irudien azterketen bidez, garapen osoaren jarraipena egin dugu, eta, lau urteetatik aurrera, arrakasta hautematen da garapenean.

55Haurraren amaierako garapenean, babeserako proiektua aztertuko dugu, testuinguruko hizkuntza eta etorkizun hurbileko artikulazioaren definizioa behin betiko zertu arte. Bestalde, kontuan hartuko dugu aurrerago irakurtzen eta idazten ikasiko duela eta bere hizkuntza adierazkorraren konplexutasuna eta argitasuna hobetuko dituela.

56Aintzat hartuko dugu erritmo egokian eta ozenki irakurtzea lagungarria izan daitekeela artikulazio-zailtasunak gainditzeko orduan. Hatzaz lagunduta irakurtzeak ere laguntzen du irakurketaren erritmoa definitzen eta adierazpidearen konplexutasunari eta esanahiari erreparatzen, eta, ondorioz, irakurketa funtzionala eta ulermen bidezkoa hobetu, eta etorkizunean hizkuntza akademikoa funtzionalki erabiltzea ekarriko du.

57Kasu honen jarraipena oso garrantzitsua iruditzen zaigu ikasitakoa gordetzeko, eta bi alderdi garrantzitsu azpimarratuko ditugu hori hobeki ulertzeko:

581) Batetik, irakasleak mutikoarekin izan duen bizipena eta nola hurbildu den harengana lehen eskola-egunetik, hiru urte zituenetik. Haurra gelako gazteenetarikoa da; ez du ahozko hizkuntzarik erabiltzen, eta, irakasleak azaltzen duenez, aa baliatzen du ahoz adierazteko tresna ia bakar gisa
Hurbilpen global hori curriculum-egokitzapen bat da, eta badu jokabidearen egokitzapen erlazional progresiboaren kutsua ere. Mutikoak eskolako lanetan ikaskideekin bizi dituen egoerak ordenatzen ditu, eta gero eta gehiago behatzea eta parte hartzea sustatzen; badirudi eskolako betebeharrak ulertzen eta onartzen dituela.
Hala, ikusten dugu garapenari laguntzeko pedagogia natural kontziente bat erabiltzen duela irakasleak, norabide definitu batekin, mutikoaren aurrerapena eta egokitzapena oinarri hartuta. Alegia, askotan erabiltzen dudan esaldi bat erreal bihurtzen du: lehen etapetako hizkuntzaren eta komunikazioaren garapenean, haurra da helduak garapenari laguntzeko daukan tresnarik onena, gidarik onena, eta bere baliabideekin planteatzen duena egokitu, behatu, eta ulertu behar du, azkenean hizkuntza bera egokitzeko.
Horrek garapenaren edozein alderditarako balio du, baita eskola-esparruko jokabidearen egokitzapen erlazionalerako ere, hots, ikaskideekiko harremanetarako, hori ere komunikatzeko modu bat baita.

592) Bestetik, ama hor egoteak garrantzia du, mutikoaren garapenarekin izandako esperientzia eta bizipenak azaldu baititu, hots, nola lortu duen hizkuntzaren garapenean aurrera egitea.

9. KGNZ: Haur euskaldun txikien (balizko) hizkuntza-atzerapena antzemateko tresna (Maria José Ezeizabarrena Segurola)

60Hizkuntza-garapen tipikoa edo arrunta duten haur guztiek ez dute hitz egiteko trebetasuna garai eta abiada berean garatzen: batzuk urtebeterako hasiak dira hitzen batzuk esaten (ulertu, zein ez) eta beste haur batzuk, berriz, ez dute hitzik esaten harik eta ulertzen dituzten hitz-pila handi samarreko biltegia osatu bitartean. Halere, hizkuntza bakoitzean erreferentziatzat hartzen dira adin jakin batzuetako gutxi gora-beherako hiztegi neurriak. Adibidez, erdara askotan, bi urteko haur gehienek 50 hitz baino gehiago esaten dituzte, baina neurri horiek haur elebakarren ekoizpenetan oinarritzen dira, askotan, eta ezin dira erreferentziatzat hartu haur elebidunen garapena neurtzeko; edo ez, behintzat, bere horretan hartu, elebidun guztien garapena neurtzeko, bereziki, neurtu nahi den hizkuntza entzun eta erabiltzeko aukera gutxiago duten haurren kasuan. Euskaldunok ez dugu oso urrutira joan beharrik hizkuntza bikote bereko elebidunen artean dagoen egoera-aniztasuna ikusteko. Haur euskaldun batzuek euskara dute hizkuntza nagusia etxean eta inguruan, baina beste askok erdaraz aritzeko aukerak euskara erabiltzekoak baino ugariagoak dituzte inguruan, eta, astiroago ikasten dute euskaraz hitz egiten, ingurune euskalduna duten adin bereko lagunek baino. Eta askotan zaila gertatzen da antzematen hizkuntza atzerago garatzen ari duten haur euskaldunen arazoa, haur horien hizkuntza-atzerapen orokorraren ondorioa den ala euskara erabiltzeko aukera gutxi izanaren ondoriozkoa.Tresnak behar ditugu haur euskaldunen garapen normala neurtzeko, baina tresna horiek kontuan izan behar dute neurgai duten populazioaren izaera.

61Komunikazio-Garapena Neurtzeko Zerrenda (KGNZ) haur euskaldunen komunikatzeko baliabideak neurtzeko galdetegi estandarizatu bat da, ingelesez Communication Development Inventory (CDI) edo MacArthur-Bates Testa bezala ezaguna den tresnaren euskarazko bertsioa. CDI tresna (Fenson et al., 1993; 2007) hiru adintarteko haurren hiztegi eta gramatika ezagutzaren berri jasotzeko diseinatutako galdetegi-sorta da, eta ehundik gora hizkuntzatara dago egokituta jada. Ingelesezko CDIkoek bezala, euskarazko KGNZ galdetegi sortek aukera ematen dute, 0-4 urte bitarteko haur euskaldunen hiztegia eta gramatikaren ezagutza adinaren arabera nola hazten den ikusteko, eta baita hizkuntza-garapena neurtzeko erabili ohi diren pertzentilak kalkulatzeko ere. Hala, KGNZ-1 galdetegian 8-15 hilabete bitarteko haurrek komunikatzeko erabiltzen dituzten keinuei buruz eta ulertzen eta esaten dakizkiten hitzei buruz galdetzen zaie gurasoei. KGNZ-2n, berriz, 16-30 hilabete bitarteko haurrek esaten dakizkiten hitz, gramatika-marka, eta esaldien konplexutasunari buruz. Bi galdetegi horiek luzeak dira, 400dik gora item baitituzte hiztegiaren atalean bakarrik (Barreña et al. 2008) baina badira bertsio laburragoak ere, 100 hitz inguruko hiztegi zerrendadunak (Garcia et al. 2011). Azkena, KGNZ-3 tresna, laburra da eta 30-48 hilabete bitarteko haurren hiztegia eta gramatika neurtzen ditu, nagusiki (Garcia et al. 2014).

62Testu labur honetan KGNZren ezaugarri nabarmenenak aurkeztu ondoren, tresnak 8-30 hilabete bitarteko haur euskaldunen hiztegia eta esaldien konplexutasunaren garapenaz ezagutzera eman diguna azalduko dugu (Barreña et al. 2008; Garcia et al. 2021). Izan ere, tresna honek aukera ematen baitu: a) hizkuntza garapen normala deskribatzeko; b) garapen linguistikoan balizko atzerapena duten haurrak antzemateko (diagnosia); eta c) hiztegian eta esaldien luzeran eragiten duten zenbait faktoreren eragina ikusteko.

63Galdetegiak, haur txikiak dituzten Euskal Herri osoko gurasoei helarazi zaizkie, lagunen, haurtzaindegien eta haur eskolen bitartez. Euskara hutsean daude, eta euskalkien arteko desberdintasuna kontuan hartzen dute, neurri batean bederen. Galdetegi luzeak betetzeak 25-50 minutu hartzen ditu asko hitz egiten duten haurren kasuan (gutxiago, haur txikienen kasuan), eta laburrek, berriz, minutu batzuk.

64KGNZ-1 eta KGNZ-2 galdetegi luzeekin jasotako 8-30 hilabete bitarteko 1400 haur euskaldunen datuek (gehienak gipuzkoar eta bizkaitarrak) aldakortasun handia dagoela erakutsi dute, lehen emaitza bezala. Aldakortasuna, adintarteen artean eta baita adin bereko haurren artean ere. Hala, 12 hilabeteko haur euskaldunek 60tik gora hitz ulertzen dituzte batez beste (% 80k <10 - 162 hitz bitartean>), oraindik hitz gutxi esaten dituzten adin horretan: batez beste hitz pare bat (<0 - 7 hitz bitartean>). Urtebeteko tartean bihalakotu egiten da haurrek esaten dakizkiten hitzen kopurua. Hala, 24 hilabeterekin, batez beste 120tik gora hitz desberdin esaten dituzte (% 80k 56 – 404 bitartean hitz), eta haur batzuk hitzak josi eta esaldiak osatzen hasita badaude ere, gehienen esaldiak laburrak dira (luzeenak, 1-5 hitz bitartekoak). 30 hilabeteko haur euskaldun gehienek 150etik gora hitz dakizkite esaten jada (<150 – 568 hitz>), baina askoren esaldiak ez dira oso luzeak oraindik (luzeenak, 1-8 hitzekoak).

65Bigarren emaitza pertzentilak dira, adin tarte bakoitzeko garapen normala eta balizko hizkuntza-atzerapena susmatzeko erreferentziatzat hartu ohi diren neurriak (P5, P10…). Hala, adibidez, 24 hilabeteko haurren artean hiztegi txikiena dutenen haurren %10ekoen neurria 56 edo hitz gutxiagokoa denez (P10: 56), adin horrekin 56 baino hitz gutxiago esaten dakizkiten haurren kasuan komenigarria izan daiteke hurrengo hilabeteetan ere testa pasatzea. Hurrengo hilabeteetan ere pertzentil baxuenetan jarraituz geroz eskuhartzea komeni izan daiteke.

66Hirugarren emaitza euskararen presentziak eta sexuak haurren hizkuntza garapenean duten eragina izan da. KGNZ-1eko hiztegiaren ulermen mailan alderik aurkitu ez bada ere 15 hilabeteak bitartean, aldeak esanguratsuak izaten hasten dira KGNZ-2ko emaitzetan, 26 hilabetetik aurrera, etxean inguru euskalduna (euskara inguruko hizkuntzaren %60tik gora) eta ez horren euskalduna (euskara < %61) duten haurrek esaten dituzten hitz eta gramatika-marken kopuruetan. Bestalde, sexuaren eragina ez da argia 15 hilabete bitarteko hiztegiaren ulermenean eta 30 hilabete bitarteko ekoizpenean, bai ordea 24 hilabete bitarteko haurren keinu eta ekintzetan: mota batzuetako keinu-ekintzak gehiago egiten baitituzte neskek eta beste mota batzuetakoak, berriz, mutilek (Garcia et al. 2021).

67Beraz, lau urte bitarteko haur euskaldunek komunikatzeko erabiltzen dituzten keinu, hiztegi eta gramatika baliabideak neurtzeko diren KGNZ (1, 2, 3) tresnek aukera ematen dute garapen tipikoaren erreferentzia diren pertzentilak ezartzeko eta baita garapenean eragina duten hainbat faktore ikertzeko ere: adina, sexua eta ingurune soziolinguistikoa, besteak beste.

10. Sintomatologia psikiatrikoaren ebaluazioa paziente psikotiko elebidunengan: berrikuspen sistematikoa eta meta-analisia. (Naiara Ozamiz-Etxebarria; ko-autoreak: Leire Erkoreka, Onintze Ruiz eta Javier Ballesteros)

68Psikopatologiaren ebaluazioan, baldintza psikiatrikoak diagnostikatzeko markatzaile biologikorik ez izateak, hizkuntza tresna garrantzitsuena bihurtzen du. Gainera, munduko biztanleriaren erdia baino gehiago elebiduna edo eleaniztuna denez (Grosjean, 1982) azterketa psikiatrikoa egiteko orduan aukeratutako hizkuntzak duen eragina, gai garrantzitsua da.

69Hizkuntzan ematen diren desorekak, psikosiaren ezaugarri nagusietako bat dira. Frogatu egin da eskizofrenia, hizkuntza-pertzepzioan eta prozesamenduan inplikatutako garuneko eskualdeetan dagoen ez-ohiko egitura eta funtzionamenduarekin erlazionatuta dagoela (Paradis, 2008). Hizkuntza-disfuntzio premorbidoak eskizofreniaren diagnostikoekin lotu dira populazio kohorteen ikerketetan (Grosjean, 1982). Nahiz eta paziente horien profil neuropsikologikoek gabeziak erakusten dituzten hainbat arlo kognitibotan, badirudi hizkuntzaren prozesamenduan eta hitzezko memorian eragin berezia dutela (IOM, 2018). Testuinguru elebidun gehienetan lingua franca erabili ohi da. Honek esan nahi du, populazio jakin batean gehien erabiltzen den hizkuntza erabiltzea, pazientearen jatorri linguistikoa kontuan hartu gabe. Honek suposatzen du paziente elebidunek berdin adieraziko dituztela sintomak ama-hizkuntzan/lehen hizkuntzan (H1) eta eskuratutako hizkuntzan/bigarren hizkuntzan (H2). Baina paziente psikiatrikoen kasuan baieztapen hori defendatzea zaila da. Ondorioz, gure helburua literaturaren berrikuspen sistematikoa eta meta-analisia egitea izan zen, psikosia duten paziente elebidunengan H1ean vs. H2an adierazitako psikopatologiaren larritasunean alderik dagoen zehazteko.

70Metodologiari dagokionez, azterketa konparatibo aleatorioak eta ez-aleatorioak sartzea planifikatu zen, taldeen arteko edo taldeen barruko diseinu batekin. Bilaketa bibliogafikoak PsycINFO, Medline eta Ovid-ekin, egin ziren eta ez ziren hizkuntza, data, dokumentu mota edo argitalpen egoeraren mugarik erabiltzen ikerketak bilatzeko. Hautagarritasun-irizpideak betetzen zituzten ikerketak identifikatzeko, bi autoreek (L.E., N.O.) modu independentean aztertu zituzten tituluak eta laburpenak eta edozein desadostasun hirugarren autore batekin (J.B.) eztabaidatu zen.

71Aukeratutako ikerketen narrazio-sintesia egin, eta, datuek aukera ematen bazuten, ikerketa indibidualen efektuaren estimazioa, batez-beste metanalitiko ponderatu batean konbinatu zen. Bataz-bestekoen diferentzia (MD) efektuaren tamaina gisa erabili zen emaitzak metrika berdinean aurkeztean; bestela, bataz-bestekoen diferentzia estandarizatua (SMD) erabili zen. Interpretazio osagarri gisa, common language effect size (CLES) ere erabili zen. Hizkuntza arruntaren efektuaren tamainak, (CLES) talde bateko ausazko behaketa bat, beste talde bateko ausazko behaketa bat baino handiagoa izateko probabilitatea adierazten du. Efektu finkoen eredu bat erabili zen efektu-tamainak konbinatzeko, ikerketen ponderazioa lagin-tamaina desberdinekin mantentzeko (Rice, Higgins & Lumley, 2018). Hala ere, ausazko efektuen eredu bat ere erabili zen bi ereduen arteko desadostasunen garrantzia eta izaera zehazteko. Ebidentziaren kalitate orokorra aurkeztu zen Grading of Recommendations Assessment, Development and Evaluation (GRADE) (Schünemann et al. 2013) ikuspegiaren arabera. Azkenik, analisi guztiak R sistemarekin egin ziren (Schwarzer, G. 2007, Viechtbauer, W 2010). Bilaketa bibliografikoa egin ondoren, lau ikerketa sartu ziren meta-analisian (Marcos, L.R, Urcuyo L. & Kesselman, M. 2017; Brown & Weisman de Mamani, 2017; Milun et al. 1980; Malgady & Constantino, 1998). Bi ikerketek within-groups diseinua zuten (Marcos, L.R, Urcuyo L. & Kesselman, M. 2017; Milun et al. 1980) eta beste bi ikerketek between-groups diseinu bat (Brown, C.A.& Weisman de Mamani, 2017 ; Malgady, R.G.& Costantino, G. 1998).

72Marcos et al. (1973) artikuluan erakutsi zuten H2an, (ingelesa) egiten ziren elkarrizketetan pazienteek sintomatologia gehiago erakusten zutela. Baina, Milun et al. (1980), Malgady & Constantinok (1998) eta Brown & Weisman de Mamanik (2017) frogatu zuten, sintoma psikotikoen puntuazioa handiagoa zela pazienteak haien H1ean (ingelesa, afrikaera edo gaztelania) elkarrizketatuak izaten zirenean. Lau ikerketa kontuan izanik eta 283 paziente oinarritzat hartuta, ebidentzia agertu zen sintoma psikotikoak larriagoak zirela elkarrizketak H1ean (ingelesa, afrikaera edo gaztelania) egiten zirenean, H2an (ingelesa, afrikaera edo gaztelania) baino. Efektu finkoen ereduaren estimazioa txikia eta ertaina izan zen (SMD=0.44; 95% CI=0.19, 0.69; P value=0.0006). Hala ere, ikerketen arteko heterogeneotasuna oso handia zen (Q-test=28.76, P value<0.0001; I2=89.6%). Ondorioz, ausazko efektuen ereduaren estimazioa, ausaz baino haragoko dagoen ikerketen heterogeneotasuna azaltzen duena, txikia eta ez-esanguratsua zen (SMD=0.12; 95% CI=-0.80, 1-03; P value=0.80).

73Gure meta-analisiko lau azterlanez gain, beste ikerketa batzuek paziente elebidunen sintoma psikiatrikoen larritasuna ere aztertu zuten, eta horien emaitzek gure aurkikuntzak babesten zituzten. Del Castillok (1970) H1ean (gaztelera), H2an (ingelesa) baino sintomatologia psikotiko larriagoa ikusi zuen. Gonzalezek (1978) etsaitasun handiagoa deskribatu zuen H1ean, H2rekin alderatuta. Price eta Cuellarrek (1981) ere sintoma psikotiko larriagoak deskribatu zituzten H1ean (gaztelera). Southwood et al. (2009) ezaugarri psikotiko gehiago deskribatu zituzten, H1n (afrikaera) H2rekin (ingelesa) alderatuta. Azkenik, desberdintasunak ere antzeman ziren paziente elebidunak diagnostikatzerako orduan, izan ere, balorazioa pazientearen H1ean (turkiera edo alemana) egiten ez zenean, nahasmendu psikotikoen diagnostiko okerreko arrisku espezifikoa zegoen (Haasen et al.2000).

74Aurkikuntza horien oinarria garuneko hainbat zirkuituren emaitza izan daiteke. Badirudi bi hizkuntzen arteko superposizio neuronalaren maila H2ko gaitasun-mailaren eta eskuratze-adinaren araberakoa dela (Berken, Grako & Klein, 2017). Aldibereko elebidunetan eta goi-mailako elebidunetan, burmuinaren aktibazioa antzekoa da bi hizkuntzen prozesamenduan, batez ere frontotenporal, tenporoparietal eta okzipital zonaldeetan [Costa & Sebastián-Gallés, 2014]. Hala ere, gaitasun txikia/moderatua duten pertsona elebidunengan, H2aren prozesamenduak, H1 baino eremu txikiagoak eta haien artean urrunago dauden zonaldeak erabiltzen ditu, eta gainera eskuineko hemisferioak parte-hartze handiagoa du (Sebastian, Laird & Kiran, 2011).

75Amaitzeko, gure ikerketak testuinguru elebidunetan paziente psikotikoekin elkarrizketa klinikoak egitean larritasunaren ebaluazioari buruzko ebidentzia konparatiboa laburbiltzen du. Ondorio orokorra da H1ean pazienteak elkarrizketatzeak, H2ren ordez, sintoma psikiatrikoen ebaluazioa hobetu dezakeela. Ondorioz, elkarrizketan aukeratutako hizkuntzak eragina izan lezake diagnostiko eta tratamendu-planetan. Azkenik, ausazko diseinu gehiago sustatu behar dira, H1 eta H2 sintomatologiaren larritasuna antzeko populazio psikiatrikoetan estandarizatutako neurriekin alderatzeko.

11. Euskaraz hizkuntza arazoak aztertzearen ezinbestekotasunaz ikerketa eta arlo klinikoaren ikuspegitik (Marie Pourquié)

76David Crystalen liburuan (Cystal, 1981) hizkuntzalaritza klinikoaren definizio moduan ondokoa eskaintzen da: hizkuntzalaritza aplikatzea kasu klinikoetan aurkitzen diren komunikazio arazoen azterketari. Hizkuntzalaritzan oinarritzen den arlo zientifiko bat izateaz gain, praktika klinikoa ere bada. Euskal hizkuntzalaritzak tradizio luze bat badu ere (Bonaparte, 1869), hizkuntzalaritza klinikoa ez da garatu euskaraz eta guti deskribatuak eta aztertuak izan dira hizkuntza nahasmenduen euskarazko manifestaldiak. Datu eskasarekin loturik, diagnosi tresna eskas handia ere bada euskaldunengan hizkuntza arazoak aztertzeko (Villanueba eta al. 2021; Pourquié, 2019; Pourquié eta Munarriz, 2018).

77Jakinik munduan zehar euskaldunen kopurua ttipia dela eta gainera euskaldun guziek beste hizkuntza bat dakitela (frantsesa edo gaztelera, gehienetan), eta hizkuntza horietan hizkuntzalaritza klinikoa gehiago garatu dela eta tresna fidagarriak existitzen direla egin daiteken galdera hau da: zertarako balio ote du euskaldunengan hizkuntza nahasmenduak aztertzea? Ez dea aski beren beste hizkuntza horretan, aztertzea, hots erdaraz? Hemen aurkezten ditugu euskaldunengan euskaraz hizkuntza nahasmenduak aztertzearen aldeko argumentu batzuk.

78Euskaldun guti daude baina haien kopurua emendatzen da.

79Paul Broca frantses neurologoa, afasiari buruz egin dituen lanentzat ospe handikoa bada ere (Broca, 1861), gutiagok dakite euskarari buruzko ikerketa lanak egin zituela (Broca, 1875). Eta 19. mendean, bere ikerketen arabera, euskara desagertuko zela iragartzen zuen Brocak (gure itzulpena) : « (…) belaunaldi kopuru ttipi batean, gure euskaldun guziek frantsesa jakinen dute, eta beste belaunaldi batzuen buru, haien arbasoen hizkuntza ahantziko dute. » 1875ean argitaratua izanik eta belaunaldi bat 25 urteko garaia dela kontuan harturik, duela sei belaunaldiko iragarpenak ziren. Alta 2016ko inkesta soziolinguistikoaren arabera euskaldunen kopurua emandatzen da eta hazkunde gehiena nabarmentzen da gazteen artean : 1991an 16-24 urtekoek euskaldunen %22,5 errepresentatzen zuten eta 2016an, % 55,4. Emaitza horiek ez dute Brocaren iragarpena egiaztatzen : 21.mendean, euskaldunek ez dute haien arbasoen hizkuntza ahantzi. Euskal hizkuntza bizirik dago.

80Beste hizkuntza bat jakin arren, euskaldunek euskarazko eskuhartzea eskatzen dute. Eta horretarako tresna fidagarriak euskaraz sortu behar dira.

  • 9 Pourquié, M., (2019, txostena). Projet d’études sur la création d’une école d’orthophonie en Pays b (...)

81Arlo klinikoari begira, 2019an eginiko inkesta batean9 parte hartu zuten 300 bat ortofonista-logopeda profesionalen artean 19k euskaraz bete zuten. Haien artean %78k (15/19) erantzun zuten haien pazienteen erdia baino gehiago elebiduna zela eta %15k (3/19) erantzun zuten haien paziente guziak elebidun zirela. Gainera galdegin zitzaielarik erabiltzen duten materiala pertsona elebidun/eleaniztunak ebaluatzeko eta tratatzeko egokia denez, %80ak erantzun zuen ezetz. Hau da alde batetik, Euskal Herrian lanean ari diren ortofonista/logopedek paziente euskaldunak ikusten dituzte baina paziente euskaldunak ebaluatzeko eta tratatzeko tresna egokien eskasa salatzen dute. Egoera horrek ondorio ezezkorrak ditu bai osasun arloan bai eta ikerketan : ebaluaketa murriztua izanik, daturik ez da biltzen eta daturik gabe ikerketarik ez da garatzen (Pourquié eta Munarriz, 2018). Gainera, beste hizkuntzetan eskuragarri diren tresnek ez dute euskararen ezaugarri gramatikal guzien azterketa ahalbidetzen : adb. objektuarekiko komunztadura ; kasu markak; hitzen hurrenkera. Horregatik, tresna horien itzulpen hutsa alferrik da. Hizkuntza nahasmenduak aztertzeko tresnak euskaraz sortu behar dira, hau da hizkuntzalari adituen lankidetzarekin, euskal gramatikaren ezaugarriak eta euskal gizartearen alderdi soziolinguistikoa kontuan hartuz (ikus artikulu honetako 7.partea).

82Ikerketa elikatzeko datu paregabeak eskaintzen ditu euskararen azterketak

83Hizkuntza arazoak euskaldunengan euskaraz aztertu eta tratatu behar direla aldarrikatzea subjektiboa eta argumentu herrikoi bat dela pentsa daiteke. Alta ikerketa zientifikoaren ikuspegitik guziz objektiboa da. Izan ere, gaur egungo nazioarteko ikerketek, izan hizkuntzalaritza klinikoan edo neurozientzia kognitiboetan orokorkiago, hizkuntzen arteko konparaketa gehiago bai eta ikertzen diren hizkuntzen aniztasun zabalagoaren beharra azpimarratzen dute. Arrazoina ulergarria da : giza hizkuntzaz –eta bere urraduraz- dugun jakintza ezin dugu definitu munduko bost bat hizkuntzen gainean bakarrik (Beveridge & Bak, 2011). Isolatua izanik eta bere ezaugarri linguistiko eta soziolinguistikoei esker, euskararen aztertzea balio handikoa agertzen da eleaniztasunaz guziz bizirik diren eztabaidetan sartzeko bai eta teoriaren unibertsaltasuna egiaztatzeko erabiltzen den datu-basea aberasteko. Ikerketek erakusten dutenez, hizkuntza arazoak hizkuntza ezberdinetan eta gaixoen ama hizkuntz(et)an aztertzea ezinbestekoa agertzen da :

  • hizkuntzak tipologikoki ezberdinak direlako eta ondorioz, hizkuntza arazoen manifestaldiak hizkuntzaz hizkuntza alda daitezkelako (adb. Menn and Obler, 1990; Pourquié, 2013 ; Leonard, 2014; Arantzeta 2017)

  • hizkuntza noiz, non eta nola ikasia den eragiten duelako hizkuntzaren antolaketa burmuinean eta ondorio ezberdinak direlako beraz burmuineko lesioen ondotik (adb. Hope, 2015)

  • hizkuntza bat tratatzeak ez baitu bortxaz bigarren hizkuntzaren berreskuratzea eragiten (adb. Goral et al. 2010, Munarriz 2015, eta ikus artikulu honetako 7.partea)

  • gaixoaren ama hizkuntza aztertzeak gaixoari erosotasuna ekartzen diolako eta bere ongi-izatean eragina duelako eta ebaluaketaren fidagarritasuna bermatzen baitu (ikus Goyeheneche, artikulu honetako 5.partean)

84Lan honetan erakutsi nahi izan dugu euskal hizkuntza bizirik dela eta datozen belaunaldietan oraino euskaldunak izango direla datu soziolinguistikoek iragartzen dutenez. Orain arte, hizkuntza nahasmenduak euskaldunengan ez dira aski aztertu. Hala ere, hizkuntza arazoen euskarazko manifestaldiak biltzea eta aztertzeak Euskal ikasketetan zilo bat betetzeaz gain, ikerketa konparatzailea garatzeko ezinbestekoa agertzen da. Bestalde, osasungoaren ikuspuntutik Euskal Herriko klinikarien eguneroko lana hobetzeko eta haien ingurune soziolinguistikoari egokitzeko ere premiazkoa agertzen da hizkuntza nahasmenduak euskaldunengan euskaraz aztertzea eta artatzea ahalbidetzea. Gaixoaren hizkuntza(k) kontuan hartzeak klinikari eta gaixoaren arteko harremanak kualitatiboki hobetzen baititu: gaixotasunean berean baikorki eraginez, bai eta albo-ondorioetan.

85Artikulu honek erakusteko helburua duenez, azken urteetan, hainbat proiektu jarri dira martxan eta hauekin batera, hemendik urte batzuetara hizkuntzalaritza klinikoko eta neurozientzia kognitiboetako ikerketak emendatuko direla aurreikus daiteke. Euskal herrian, ikerguneak eta osasun zentroak badaude, gehiago saretzea oraindik falta zaigu eta bereziki tresnak euskaraz sortzea edota euskarara egokitzea. Azkenik, ikerketa teorikoa eta pratika klinikoaren arteko zubia ere sendotzekoa da.

11. Ondorio orokorrak

86Hizkuntzalaritza Klinikoaren Lehen Jardunaldia erabat aberasgarria izan da, ikuspegi ezberdinetatik hizkuntza nahasmenduen inguruan lan egiten duten ikerle zein klinikariek aztertzen duten gaiaren, erabiltzen dituzten tekniken, eta salatzen dituzten hutsune eta beharren berri hartzeko.

87Oro har, aurkezpen bilduma honetatik atera dezakegun ondorio nagusia hizkuntzaren nahasmenduek euskal gizartea bere osotasunean ukitzen dutela da: adinekoengan, Alzheimer eta afasia eritasunen kasuetan, adibidez ; heldu eta gazteengan, arazo psikotikoen kasuan, esaterako ; haurrengan, garapen atipikoaren kasuan, adibidez. Pertsona hauek profesional euskaldunengana jotzen dute eskuhartzea euskaraz jasotzeko eta profesionalek euskaraz artatzen dituzte gaixoak. Hala eta guziz ere gaur egun, euskarara eta Euskal herriko eleaniztasunera egokituriko, estandarizaturiko, eta modu sistematikoan erabiltzen den tresnarik ez dago. Aldi berean, jakina da hainbat proiektu bidean daudela, eta epe labur-ertain batean tresna hauek eskuragarri izango ditugula begibistakoa da. Honetaz gain, euskal ikasketetan existitzen zen zuloa betetzen ari dela ikus daiteke, izan ere, Hizkuntzalaritza klinikoan eta neurozientzia kognitiboetan euskarazko datuak barneratzeko gaitasuna izango dugu laster. Ondorioz, Hizkuntzalaritza Klinikiko lehen jardunaldi hau bide berriak urratzeko gai izan dela esan genezake, eta euskal ikerketarako eta euskal gizartearentzako baliagarri izan dela esateko moduan gaude. Zalantzarik ez da beraz, “Hizkuntzalaritza Klinikoaren” jardunaldi gehiago antolatzea behar-beharrezkotzat jotzen dugu, eta horretan lanean jarraituko dugu, lehen urratsak eman dituen gure sarea emendatzeko.

Haut de page

Bibliographie

Elebidunentzako Afasia Testaren motibapenaz, erabileraz eta bilakaeraz. (Lore Erriondo)

Erriondo Corostola, Miren Lore; Jose Luis Alvarez Enparantza; Iñaki Bidegain (1989) Bilingual Aphasia Test (Basque version)/Elebidunentzako Afasia Testa. Lea. New Jersey

Erriondo Corostola, Miren Lore; Iñaki Bidegain (1989) Bilingual Aphasia Test. Part C. Euskara-gaztelania elebitasuna. Bilingual Aphasia Test. Part C. Euskara-gaztelania elebitasuna

Erriondo Corostola, Miren Lore (1991) Bilingual Aphasia Test. Part C. Euskara-frantsesera elebitasuna. Lea. New Jersey.

Erriondo Corostola, Miren Lore (1991) Bilingual Aphasia Test. Part C. Euskara-ingelesera elebitasuna. Lea. New Jersey.

Erriondo Korostola, M.Lore (1993). Afasiko Elebidunen Hizkuntz Trebetasunen Azterketa. EHUko Argitalpen Zerbitzua. Bilbo.

Laka Mugarza, Miren Itziar; Erriondo Corostola, Miren Lore (2001) Aphasia manifestations in Basque. Journal of Neurolinguistics 14, 2-4, 133-157

Afasiaren ebaluazioa eta tratamendua euskal elebidunetan: Inkesta baten emaitza. (Iker Villanueva Sanchez)

Laskibar N, Erriondo L. Afasia: Elebitasuna eta Terapia. HIZNET [Internet]. 2012. [aipatua 2019ko martxoaren 18a]. Eskuragarri hemen: https://hiznet.asmoz.org/wp-content/uploads/2018/10/AFASIA.pdf

Erriondo L. Afasiko elebidunen hizkuntz trebetasunen azterketa. Bilbo: UPV/EHU; 1993.

Munarriz Ibarrola A. Hizkuntza burmuin elebidunean; zer erakusten du gaztelania-euskara elebidun afasiko baten kasu-azterketak? Ekaia. 2018; 34: 191-208.

Eusko Jaurlaritza. VI. Inkesta Soziolinguistikoa. Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Iparraldea. Donostia: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa; 2016 [Kontsulta 2019-02-01]. Eskuragarri hemen: http://www.euskara.euskadi.eus/contenidos/informacion/argitalpenak/eu_6092/adjuntos/VI_INK_SOZLG_EAE_Aurkezpen_publikoa_20161014.pdf

Pourquié M, Munarriz-Ibarrola A. Afasia euskaraz aztertzeko tresna berria bidean: CAT testaren euskal egokitzapenaren gakoak eta estandarizaziorako urratsak. Osagaiz Osas-Zientzien Aldizkaria [Internet]. 2018ko abenduaren 23a [aipatua 2019ko martxoaren 11a]; 2(2). Eskuragarri hemen: http://www.osagaiz.eus/article/view/149

Fyndanis V, Lind M, Varlokosta S, Kambanaros M, Soroli E, Ceder K, et al. Cross-linguistic adaptations of The Comprehensive Aphasia Test : Challenges and solutions. Clinical Linguistics and Phonetics. 2017ko irailaren 2a; 31(7–9):697–710

Villanueva Sanchez I, Ozamiz Echevarria N, Pourquie Bidegain M., 2019 Afasiaren ebaluazioa eta tratamendua euskal elebidunetan: Euskal Herriko egungo egoeraren azterketa. UPV/EHU: Gradu Amaierako Lana. Argitaratu gabea.

Villanueva-Sánchez, I, Ozamiz-Etxebarria, N, Munarriz-Ibarrola, A, Pourquié-Bidegain, M. (2021). Afasiaren ebaluazioa eta tratamendua euskaldunengan: Euskal Herriko egungo egoeraren azterketa. Gaceta Médica de Bilbao, Volume 118(2): 81-90.

Afasiaren ebaluazioa eta esku-hartzea ingurune eleaniztunetan:CAT testaren euskal egokitzapenaren aurkezpena. (Amaia Munarriz)

Abutalebi, J., Rosa, P. A. D., Tettamanti, M., Green, D. W., & Cappa, S. F. (2009). Bilingual aphasia and language control: A follow-up fMRI and intrinsic connectivity study. Brain and Language, 109(2-3), 141-156.

Adrover-Roig, D., Galparsoro-Izagirre, N., Marcotte, K., Ferré, P., Wilson, M. A., & Ansaldo, A. I. (2011). Impaired L1 and executive control after left basal ganglia damage in a bilingual Basque-Spanish person with aphasia. Clinical Linguistics and Phonetics, 25(6-7), 480-498.

Ansaldo, A. I., Marcotte, K., Scherer, L., & Raboyeau, G. (2008). Language therapy and bilingual aphasia: Clinical implications of psycholinguistic and neuroimaging research. Journal of Neurolinguistics, 21(6), 539-557. doi:https://doi.org/10.1016/j.jneuroling.2008.02.001

Arantzeta, M., Bastiaanse, R., Burchert, F., Wieling, M., Martinez-Zabaleta, M., & Laka, I. (2017). Eye-tracking the effect of word order in sentence comprehension in aphasia: evidence from Basque, a free word order ergative language. Language, Cognition and Neuroscience, 32(10), 1320-1343. doi:10.1080/23273798.2017.1344715

Arantzeta Perez, M. (2017). Sentence comprehension in monolingual and bilingual aphasia: Evidence from behavioral and eye-tracking methods. University of Groningen, Groningen.

Conner, P. S., Goral, M., Anema, I., Borodkin, K., Haendler, Y., Knoph, M., . . . Moeyaert, M. (2018). The role of language proficiency and linguistic distance in cross-linguistic treatment effects in aphasia. Clinical Linguistics & Phonetics, 32(8), 739-757. doi:10.1080/02699206.2018.1435723

Erriondo, L. (1993). Afasiko elebidunen hizkuntz trebetasunen azterketa. Bilbo: UPV/EHU.

Eusko Jaurlaritza. (2016). VI. Inkesta Soziolinguistikoa. Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Iparraldea. Donostia: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskararen erakunde publikoa.

Faroqi-Shah, Y., Frymark, T., Mullen, R., & Wang, B. (2010). Effect of treatment for bilingual individuals with aphasia: a systematic review of the evidence. Journal of Neurolinguistics, 23, 319-341.

Fyndanis, V., Lind, M., Varlokosta, S., Kambanaros, M., Soroli, E., Ceder, K., . . . Howard, D. (2017). Cross-linguistic adaptations of The Comprehensive Aphasia Test: Challenges and solutions. Clinical Linguistics & Phonetics, 31(7-9), 697-710. doi:10.1080/02699206.2017.1310299

Goral, M., Levy, E. S., & Kastl, R. (2010). Cross-language treatment generalisation: A case of trilingual aphasia. Aphasiology, 24(2), 170-187.

Goral, M., Rosas, J., Conner, P. S., Maul, K. K., & Obler, L. K. (2012). Effects of language proficiency and language of the environment on aphasia therapy in a multilingual. Journal of Neurolinguistics, 25, 538-551.

Howard, D., Swinburn, K., & Porter, G. (2010). Putting the CAT out: What the Comprehensive Aphasia Test has to offer. Aphasiology, 24(1), 56-74.

Ivanova, M. V., & Hallowell, B. (2013). A tutorial on aphasia test development in any language: Key substantive and psychometric considerations. Aphasiology, 27(8), 891-920. doi:10.1080/02687038.2013.805728

Kuzmina, E., Goral, M., Norvik, M., & Weeks, B. S. (2019). What Influences Language Impairment in Bilingual Aphasia? A Meta-Analytic Review. Frontiers in Psychology, 10(445). doi:10.3389/fpsyg.2019.00445

Laka, I., & Erriondo, L. (2001). Aphasia manifestations in Basque. Journal of Neurolinguistics, 14, 133-157.

Munarriz, A. (2015). Hizkuntzen antolaketa burmuin elebidunean: gaztelania-euskara elebidun afasiko baten kasu-azterketa: UPV/EHU.

Munarriz, A., Ezeizabarrena, M.-J., & Gutierrez-Mangado, M. J. (2016). Differential and selective morpho-syntactic impairment in Spanish-Basque bilingual aphasia. Bilingualism, Language and Cognition, 19(04), 810-833. doi:10.1017/S136672891400042X

Munarriz, A., & Pourquié, M. (2017). CAT: afasia aztertzeko tresnaren euskal egokitzapena. In I. Alegria, A. Latatu, M. J. Ormaetxebarria, & P. Salaberri (Eds.), II. IkerGazte. Nazioarteko Ikerketa Euskaraz: Giza zientziak eta artea (pp. 80-87). Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea.

Muñoz Lopetegi, A. (2018). Iktusa eta afasia. Donostia Ospitala.

Paradis, M. (2004). A neurolinguistic theory of bilingualism. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins.

Pourquié, M. (2011). Approche neuropsycholinguistique du traitement des verbes dans l'aphasie agrammatique. Etude translinguistique de cas: basque et français. Université Toulouse II-Le Mirail, Toulouse.

Pourquié, M. (2013). Verb processing in Basque and French agrammatic aphasia: A "post-lexical access" deficit. Aphasiology, 27(12), 1472-1510.

Pourquié, M., & Munarriz-Ibarrola, A. (2018). Afasia euskaraz aztertzeko tresna berria bidean: CAT testaren euskal egokitzapenaren gakoak eta estandarizaziorako urratsak. Osagaiz, 2(2), 13-24.

Rofes, A., Zakariás, L., Ceder, K., Lind, M., Johansson, M. B., de Aguiar, V., . . . Howard, D. (2018). Imageability ratings across languages. Behavior Research Methods, 50(3), 1187-1197. doi:10.3758/s13428-017-0936-0

Swinburn, K., Porter, G., & Howard, D. (2005). The Comprehensive Aphasia Test. Hove: Psychology Press.

Verreyt, N., De Letter, M., Hemelsoet, D., Santens, P., & Duyck, W. (2013). Cognate-effects and executive control in a patient with differential bilingual aphasia. Applied Neuropsychology, 20(3), 221-230. doi:10.1080/09084282.2012.753074

Villanueva-Sánchez, I., Ozamiz-Etxebarria, N., Munarriz-Ibarrola, A., & Pourquié Bidegain, M. (2021). Afasiaren ebaluazioa eta tratamendua euskaldunengan: Euskal Herriko egungo egoeraren azterketa. Gaceta Médica de Bilbao, 118(2), 8-90.

NeureClinicaren aurkezpena eta bertan aztertzen diren sindromeak. (Nekane Galparsoro Izaguirre)

Aguado, G., Coloma, C. J., Martínez, A. B., Mendoza, E., Montes, A., Navarro, R., & Serra, M. (2015). Documento de consenso elaborado por el comité de expertos en TEL sobre el diagnóstico del trastorno. Revista de Logopedia, Foniatría y Audiología, 35(4), 147-149. https://doi.org/10.1016/j.rlfa.2015.06.004.

Barreña, A., Agirrebeitia, A. B., Unibertsitatea, U. E., & Udako Euskal Unibertsitatea. (2008). MacArthur-Bates komunikazio garapena neurtzeko zerrenda. Udako Euskal Unibertsitatea.

Cruz, M. V., & de la Cruz, M. V. (2005). ECL, irakurriaren ulermenaren ebaluaketa. TEA.

Bishop, D. V. M., Snowling, M. J., Thompson, P. A., & Greenhalgh, T. (2017). Phase 2 of CATALISE: a multinational and multidisciplinary Delphi consensus study of problems with language development: Terminology. Journal of Child Psychology and Psychiatry, 58(10), 1068-1080. https://doi.org/10.1111/jcpp.12721

Cuetos, F., Rodríguez, B. & Ruano, E. (2000). PROLEC-euskera: lehen hezkuntzako haurren irakurtzeko prozesuen ebaluazioa [PROLEC-euskera: evaluación de los procesos lectores de los niños de educación primaria] (E. Goikoetxea, S. Muniozguren & B. Calero, Adapt.). Madrid, España: TEA.

García, I., Arratibel, N., Barreña, A., & Ezeizabarrena, M. J. (2008). Adaptación de los inventarios MacArthur-Bates al euskara: desarrollo comunicativo entre los 8 y 30 meses. Infancia y Aprendizaje, 31(4), 411–424. https://doi.org/10.1174/021037008786140940

IDA Editorial Contributors. (2017, 28 septiembre). Definition Consensus Project. International Dyslexia Association. https://dyslexiaida.org/definition-consensus-project/

Muniozguren, S., & Goicoechea, E. (1998). Irakurriaren Ulermena Ebaluaketa 1 eta 2 maila. Tea ediciones S.A.

Norbury, C. F., Gooch, D., Wray, C., Baird, G., Charman, T., Simonoff, E., Vamvakas, G., & Pickles, A. (2016). The impact of nonverbal ability on prevalence and clinical presentation of language disorder: evidence from a population study. Journal of Child Psychology and Psychiatry, 57(11), 1247-1257. https://doi.org/10.1111/jcpp.12573

Peterson, R. L., & Pennington, B. F. (2015). Developmental Dyslexia. Annual Review of Clinical Psychology, 11, 283-307. https://doi.org/10.1146/annurev-clinpsy-032814-112842

Vega, F. C., Díez, B. R., & Ruano, E. (2000). PROLEC-euskara. TEA.

Ortofonista euskaldunak eta eleaniztasuna: gaurko egoera eta proiektuak. (Joana Itzaina)

Bardyn, N. et C. Martin (2012) « Variables prédictives de la récupération chez 5 patients aphasiques bilingues tardifs » in P. Gatignol, S. Topouzkhanian, Bilinguisme et biculture : nouveaux défis ?, Paris : Ortho-Edition, p. 256-262

Hameau, S. (2013) « La prise en charge orthophonique du patient aphasique bilingue/multilingue : données récentes », Rééducation orthophonique Vol 51, n°253, p.81-97.

Kail, M. (2015) L’acquisition de plusieurs langues, Paris, Presses Universitaires de France, coll. Que sais-je

Kohnert, K. (2010) « Bilingual children with primary language impairment: Issues, evidence and implications for clinical actions », Journal of Communication Disorders 43, 456–473.

Volpin L., G. de Weck, S. Rezzonico (2020), « Enfants bilingues et prise en charge logopédique : panorama des pratiques déclarées », Glossa, n°129, p. 16-31.

Ama hizkuntzaren erabileraren eragina Alzheimer dementziaz hunkitua den pertsonaren akonpainamenduan. (Maritxu Goyheneche)

Barkat-Defradas M, Sophie M, Rico-Duarte L, Brouillet D. Les troubles du langage dans la maladie d’Alzheimer. In: 27° journée d’études sur la Parole [Internet]. Avignon, France; 2008. p. actes électroniques non numérotés. Available from: https://hal.archives-ouvertes.fr/hal-00321233

Jen-Suh Chern, Gary Kielhofner, Carmen, Gloria de las Heras, Livia C. Magalhaes. The Volitional Questionnaire: Psychometric Development and Practical Use [Internet]. [cited 2018 Mar 7]. Available from: https://pdfs.semanticscholar.org/61d4/57480bcc77d6180031673aefadded25648a7.pdf

KGNZ: Haur euskaldun txikien (balizko) hizkuntza-atzerapena antzemateko tresna. (Maria José Ezeizabarrena Segurola)

Barreña, A., García, I., Ezeizabarrena, M. J., Almgren, M., Arratibel, N., Olano, I.,; Colina, A. (2008). MacArthur-Bates komunikazio garapena neurtzeko zerrenda.

Euskarara egokitua. Erabiltzaileentzako gida eta eskuliburu teknikoa. Bilbao: UEU.

Fenson, L., Dale, P. S., Reznick, J. S., Thal, D., Bates, E., Hartung, J.P., Pethick, S.; Reilly, J. S. (1993). The MacArthur Communicative Development Inventories: User’s Guide and Technical Manual. Baltimore: Paul H. Brookes Publishing Company.

Fenson, L., Dale, P. S., Reznick, J. S., Thal, D., Bates, E., Hartung, J. P., Pethick, S.; Reilly, J. S. (2007). The MacArthur Communicative Development Inventories: User ́s Guide and Technical Manual. Baltimore: Paul H. Brookes Publishing Company.

García, I., Barreña, A., Almgren, M., Arratibel, N., Barnes, J., Ezeizabarrena, M. J. (2011). MacArthur-Bates Communicatives Development Inventories tresnaren bertsio laburren egokitzapena euskarara: Komunikazio Garapena Neurtzeko Zerrendaren bertsio laburrak. Uztaro, 79, 49-73.

García, I., Barreña, A., Ezeizabarrena, M. J., Almgren, M., Arratibel, N., Barnes, J. (2014). Haur euskaldunen komunikazio-garapena neurtzen 30-50 hilabete bitartean: MacArthur-Bates CDI-III tresnaren euskal bertsioa. Uztaro, 88, 33-72.

García, I, Ezeizabarrena, M. J., Murciano, A. (2021). Gestos y palabras antes de los 2 años: efecto de la edad y el género. Revista de Investigación en Logopedia, 11(2), 1-13. http://hdl.handle.net/10810/51992

Sintomatologia psikiatrikoaren ebaluazioa paziente psikotiko elebidunengan: berrikuspen sistematikoa eta meta-analisia. (Naiara Ozamiz-Etxebarria; ko-autoreak: Leire Erkoreka, Onintze Ruiz eta Javier Ballesteros)

Berken, J.A.; Gracco, V.L.; Klein, D.; Early bilingualism, language attainment, and brain development. Neuropsychologia 2017, 98, 220-227, doi: 10.1016/j.neuropsychologia.2016.08.031.

Brown, C.A.; Weisman de Mamani, A. A comparison of psychiatric symptom severity in individuals assessed in their mother tongue versus an acquired language: a two-sample study of individuals with schizophrenia and a normative population. Prof. Psychol.: Res. Pract. 2017, 48, 1-10, doi: 10.1037/pro0000125.

Costa, A.; Sebastián-Gallés, N. How does the bilingual experience sculpt the brain? Nat. Rev. Neurosci. 2014, 15, 336-345, doi: 10.1038/nrn3709.

Del Castillo, J.C. The influence of language upon symptomatology in foreign-born patients. Am. J. Psychiatry 1970, 127, 242-244, doi: 10.1176/ajp.127.2.242.

González, J. Language factors affecting treatment of bilingual schizophrenics. Psychiatr. Ann. 1978, 8, 68-70, doi: 10.3928/0048-5713-19780701-08.

Grosjean F. Life with two languages: an introduction to bilingualism. Harvard Univ. Press: Cambridge, MA, USA, 1982.

Haasen, C.; Yagdiran, O.; Mass, R.; Krausz, M. Potential for misdiagnosis among Turkish migrants with psychotic disorders a clinical controlled study in Germany. Acta Psychiatr. Scand. 2000b, 101, 125-129, doi: 10.1034/j.1600-0447.2000.90065.x.

IOM. World Migration Report. 2018. International Organization for Migration: Geneva, Switzerland, 2017.

Malgady, R.G.; Costantino, G. Symptom severity in bilingual hispanics as a function of clinician ethnicity and language of interview. Psychol. Assess. 1998, 10, 120-127, doi: 10.1037/1040-3590.10.2.120.

Marcos, L.R.; Alpert, M.; Urcuyo, L.; Kesselman, M. The Effect of Interview Language on the Evaluation of Psychopathology in Spanish-American Schizophrenic Patients. Am. J. Psychiatry 1973, 130, 549-553, doi: 10.1176/ajp.130.5.549.

Milun, M.; Daneel, M.H.; Smart, D.; Beumont, P.J. Language medium and schizophrenic thought disorder. S. Afr. Med. J., 1980, 57, 996-997.

Paradis, M. Bilingualism and neuropsychiatric disorders. J. Neurolinguistics 2008, 21, 199-230, doi: 10.1016/j.jneuroling.2007.09.002.

Price, C.S.; Cuellar, I. Effects of Language and Related Variables on the Expression of Psychopathology in Mexican American Psychiatric Patients. Hispanic J. Behav. Sci. 1981, 3, 145-160, doi: 10.1177/073998638100300203.

R Core Team. R: A language and environment for statistical computing. Available online: https://www.R-project.org/. (accessed on 6 December 2019).

Rice K.; Higgins J.P.T.; Lumley T. A re-evaluation of fixed effect(s) meta-analysis. J. R. Statist. Soc. A. 2018, 181, 205-227, doi: 10.1111/rssa.12275.

Schünemann, H.; Brozek, J.; Guyatt, G.; Oxman, A. GRADE Handbook for Grading Quality of Evidence and Strength of Recommendations. Available online: https://gdt.gradepro.org/app/handbook/handbook.html. (accessed on 9 December 2019).

Schwarzer, G. Meta: An R package for meta-analysis. R News 2007, 7, 40-45.

Sebastian, R.; Laird, A.R.; Kiran, S. Meta-analysis of the neural representation of first language and second language. Appl. Psycholinguist. 2011, 32, 799-819, doi: 10.1017/S0142716411000075.

Southwood, F.; Schoeman, R.; Emsley, R. Bilingualism and psychosis: a linguistic analysis of a patient with differential symptom severity across languages. Southern Afr. Linguist. Appl. Lang. Stud. 2009, 27, 163-171, doi: 10.2989/SALALS.2009.27.2.4.867.

Viechtbauer, W. Conducting meta-analyses in R with the metafor package. J. Stat. Softw. 2010, 36, 1-48, doi: 10.18637/jss.v036.i03.

Euskaraz hizkuntza arazoak aztertzearen ezinbestekotasunaz ikerketa eta arlo klinikoaren ikuspegitik. (Marie Pourquié)

Arantzeta, M., Bastiaanse, R., Burchert, F., Wieling, M., Martinez-Zabaleta, M., & Laka, I. (2017). Eye-tracking the effect of word order in sentence comprehension in aphasia: Evidence from Basque, a free word order ergative language. Language, Cognition and Neuroscience, 32, 1320-1343.

Beveridge, M. & Bak, T., 2011. The languages of aphasia research: Bias and diversity. Aphasiology, 2512, 1451-1468.

Broca, Paul (1875). Sur l'origine et la répartition de la langue basque : Basques français et Basques espagnols. Paris : Ernest Leroux Editeur

Crystal, David (1981). Clinical Linguistics. Vienna & New York: Springer.

Goral, M., Levy, E. S., and Kastl, R. (2010). Cross-language treatment generalization: A case of trilingual aphasia. Aphasiology 24, 170–187.

Hope TM, Parker Jones ', Grogan A, Crinion J, Rae J, Ruffle L, Leff AP, Seghier ML, Price CJ, Green DW. Comparing language outcomes in monolingual and bilingual stroke patients. Brain. 2015, 138(4):1070-83.

Munarriz, A. (2015). Hizkuntzen antolaketa burmuin elebidunean: gaztelania-euskara elebidun afasiko baten kasu-azterketa: UPV/EHU.

Pourquié M. (2019) fLEX: Flexioa eta LEXikoa aztertzeko test eleanitza (5-10 urteko hamar haur euskaldunen emaitzen azterketa). EKAIA Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzi eta Teknologi Aldizkaria.

Pourquié, M., & Munarriz Ibarrola, A. (2018). Afasia euskaraz aztertzeko tresna berria bidean: CAT testaren euskal egokitzapenaren gakoak eta estandarizaziorako urratsak. Osagaiz, 2(2), 13-24.

Pourquié, M. (2013). Verb processing in Basque and French agrammatic aphasia: A "post-lexical access" deficit. Aphasiology, 27(12), 1472-1510.

Villanueva-Sánchez, I, Ozamiz-Etxebarria, N, Munarriz-Ibarrola, A, Pourquié-Bidegain, M. (2021). Afasiaren ebaluazioa eta tratamendua euskaldunengan: Euskal Herriko egungo egoeraren azterketa. Gaceta Médica de Bilbao, Volume 118(2): 81-90.

Haut de page

Notes

1 https://www.navarra.es/es/noticias/2019/10/28/el-ictus-es-la-primera-causa-de-mortalidad-en-mujeres-y-la-segunda-en-hombres-en-navarra.

2 https://www.bcbl.eu/eu

3 https://www.bcbl.eu/es/investigacion/knowledge-tech-transfer/neureclinic

4 https://www.bcbl.eu/es/investigacion/transferencia-conocimiento-tecnologia/neuresoft

5 Fédération nationale des orthophonistes, Livret professionnel de l’orthophoniste 2020, https://www.fno.fr/, 20/09/03an konsultatua. Code de la santé publique LOI n°2016-41 du 26 janvier 2016 – art. 126. https://www.legifrance.gouv.fr, 20/09/03an konsultatua; Décret n°2002-721 du 2 mai 2002 relatif aux actes professionnels et à l'exercice de la profession d'orthophoniste https://www.legifrance.gouv.fr, 20/09/03an konsultatua.

6 Allo ortho, https://www.allo-ortho.com/, 20/09/03an konsultatua ; Fédération nationale des orthophonistes, Guide d’information pour la prise en charge orthophonique d’enfants bilingues, https://www.fno.fr/, 20/09/03an konsultatua.

7 French Speech Therapy, “Orthophonie et bilinguisme”, https://www.frenchspeechtherapy.com/orthophonie-et-bilinguisme, 20/09/03an konsultatua.

8 Kasu hau komunikazioaren garapena eta hizkuntza-nahasmenduak gaiari buruz formakuntza emateko eredu gisa aurkeztu da zenbait saiotan, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza-Zientzien Fakultateko “Entzumena eta mintzamena” aipamenaren barruan.

9 Pourquié, M., (2019, txostena). Projet d’études sur la création d’une école d’orthophonie en Pays basque spécialisée sur le plurilinguisme et associée à un programme de recherche. Euskal Hirigune Elkargoa, IKER.

Haut de page

Table des illustrations

Titre Eguneroko egoeren emaitzak (motibazioa, eta parte hartzea ebaluatzen dutenak)
Légende Profesionalen esperientziaren arabera, ama hizkuntzaren erabilpenak AD duen pertsonarengan eragina du (i) motibazioan, (ii) parte hartzean, eta (iii) pertsonaren portaeran.
URL http://journals.openedition.org/lapurdum/docannexe/image/3989/img-1.png
Fichier image/png, 42k
Haut de page

Pour citer cet article

Référence électronique

Marie Pourquié, Lore Erriondo, Iker Villanueva, Amaia Munarriz, Nekane Garlpasoro, Joana Itcaina, Maritxu Goyhenetche, Iñaki Bidegain Alberdi, Maria Jose Ezeizabarrena Segurola, Naiara Ozamiz et Urtzi Etxeberria, « Hizkuntzalaritza klinikoko lehen jardunaldia: nora eta nola »Lapurdum [En ligne], 22 | 2021, mis en ligne le 01 septembre 2021, consulté le 04 mars 2024. URL : http://journals.openedition.org/lapurdum/3989 ; DOI : https://doi.org/10.4000/lapurdum.3989

Haut de page

Droits d’auteur

CC-BY-NC-ND-4.0

Le texte seul est utilisable sous licence CC BY-NC-ND 4.0. Les autres éléments (illustrations, fichiers annexes importés) sont « Tous droits réservés », sauf mention contraire.

Haut de page
Rechercher dans OpenEdition Search

Vous allez être redirigé vers OpenEdition Search