Navigation – Plan du site

AccueilNuméros9ArticlesJoanes Etxeberri Sarakoa, sendagi...

Articles

Joanes Etxeberri Sarakoa, sendagilea eta letra-gizona

Gidor Bilbao Telletxea
p. 67-82

Texte intégral

Zein mendetakoak gara ?

  • 1 BFF2002-03132 ikerketa-proiektuari esker egin ahal izan da lan hau. Esker ona agertu behar diot Jos (...)

1Joanes Etxeberri Sarakoa 1668 inguruan jaio zen Saran, eta 1696an Okzitaniako Tolosako Unibertsitateko ikaslea zen, lizentziatu-doktore ikasketetan baitziharduen. Mende-hondarrean egin zituen, beraz, bere ikasketak1. Bestalde, guk ezagutzen dugun Etxeberriren lan nagusiari 1712ko data ezarri zion berak azalean, baina badakigu ordurako lau hizkuntzatako hiztegia moldatzen hasia zela. Azkenik, 1718koa da bera bizi zela argitaraturiko lan bakarra. Baina badakigu 1727an oraindik bere lanarentzat argitarabidearen bila zebilela Lapurdiko Biltzarraren aurrean. Eta 1749an hil zen. Hamazazpigarren mendeko gizona zen, ala hamazortzigarrenekoa ? Galdera ez da gutariko inorentzat arrotza ; izan ere, gu noizkoak gara ? Noizkoa gure jakintza ? Hogeigarren mendekoa ? Hogeita batgarrenekoa ?

2Ondoko lerroetan erakutsi nahi dugu zubiko gizona izan zela Joanes Etxeberri Sarakoa. XVIII. mendean sortua eta ondua da, zalantzarik gabe, bere lana, baina XVII. mendeko ikasketetan eta lanetan oinarritua. Joanes Etxeberri sendagilea erdi eta erdi bizi izan zen XVII. eta XVIII. mendeetan, baina Sarako Etxeberri letra-gizonak soilik XVII. mendeko baliabideak erabili zituen.

3Zubiko gizona izan zen, orobat, Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren artean. Erresumen arteko mugaren bi aldeetan bizi izan zen, eta badirudi mendeen artekoa bezain irazkorra izan zela beretzat Espainiaren eta Frantziaren arteko muga.

Joanes Etxeberri sendagilea

4Julio Urkixoren lan itzelari esker ezagutzen ditugu Etxeberriren bizitzako gorabehcrarik gehienak (Urquijo 1907 : XI-XXXIX). Hark irakatsi dizkigu Etxeberriren bizitzako data eta leku garrantzizkoenak.

  • 2  Urquijoren 1907ko edizioko orrialdeak aipatuaz emango ditugu erreferentziak, eta ez eskuizkibuaren (...)

5I668aren inguruan jaio zen. Onartu izan da Saran jaio zela, hori frogatzeko dokumenturik ez den arren, besteak beste berak ere badioelako Axular erretore izan zen elizan bataiatua dela2 :

6Harc bere demboran manajatu eta bere gomendioan iduqui çuen bathajo-harrian errecibitua baitut ene bathajoco ur saindua (Urquijo 1907 : 63).

7Ez dakigu lehenengo ikasketak non egin zituen. Berak aitortzen du jesuitekin ikasi zuela (Urquijo 1907 : 39-40), baina ez dakigu non izan zen. Litekeena da, Urkixok uste zuen bezala, Pauen ikasia izatea, hango ikastetxea baitzen orduan Saratik hurbilekoena, eta aski garrantzi handikoa. 1991an arreta berezia eskaini genion datu horri (Bilbao 1991 : 755, 765), eta geroztik ere egunean baino egunean garrantzitsuagoa iruditu zaigu bere lana ulertzeko, are Etxeberriren irakurketak ere baldintzatu zituela uste baitugu. Baina ez dugu aurkitu zein ikastetxetan izan zen frogatzen duen dokumenturik (ikus Bilbao 1997 : 26-27).

8Zorte hobea izan genuen gure bilaketa-lanean medikuntza-ikasketetako datuekin. Bilbao 1997-n argitaratu genituen bi dokumentu, zalantzarik gabe erakusten dutenak Joanes Etxeberri Sarakoak Okzitaniako Tolosako Unibertsitatean egin zituela medikuntzako ikasketak. Unibertsitate hartako batxilerren erroldaren arabera, 1694ko azaroaren lehenean izendatu zuten medikuntzan batxiler, eta unibertsitate berean eginak zituen liberalium artium magister izateko ikasketak. Gainera, Isturitzeko adiskide ikaskide baten lekuko gisa sinatzen duen l696ko agiri baten arabera, urte hartako abuztuaren 29an oraindik Tolosan zegoen ikasten, medikuntza-ikasketetako hirugarren gradua, lizentzia eta doktoratua, eskuratu nahian (biak aldiberean erdiesten bait ziren garaitsu hartan).

9Orduan ez genion arreta eman, baina orain uste dugu ez dela kontu hutsala l696ko dokumentu horren azpian juan d'Etcheberry agertzea sinadura gisa, Juan (eta ez Joannes edo Jean) izenarekin. Ba al du zerikusirik mugen irazkortasunarekin ? Saran bataiatu zutela sinetsiko diogu Etxeberriri berari, baina etxearen izena Lekuberri izateak (Urquijo 1913), eta etxe-izen hori Sarako etxe zaharren artean ez izateak pentsaraz lezake agian familia ez zela jatorriz Sarakoa (eta are Juan izena etxeko izena zela, familiaren sorterritik ekarria).

10Hortik aurrerako ibilbidea ere ez zen laburra izan. Hurbiletik jarraitu zion Urkixok Etxeberriren arrastoari : 1713an Saran bizi zen, baina Berako sendagilea zen. 17l6an ere oraindik Berako sendagilea zen, eta gainera han bertan bizi zen. 1722an Hondarribira aldatu zen, hango sendagile izateko. Lau urte baino ez zuen iraun hor ere, eta 1726tik aurrera Azkoitian izan zen lanean. Hor hil zen 1749an.

11Interesgarria da data eta toki horiek bere lanei buruz aipatu ditugunekin gurutzatzea. 1712an, gramatika-lanari ezarri zion datan eta hiztegia moldatzen hasia zela dakigunean, ezin dugu ziurtatu non eta zertan ari zen. Baina hurrengo urtean Saran bizi zen, eta Beran zuen lana. 1718an, Lau-urdiri gomendiozco carta edo guthuna Baionako Roquemaurel inprentan argitaratu zuenean, Beran bizi zen. 1727an, bere lana argitaratu ahal izateko Lapurdiko Biltzarrari dirua aurreratzeko eskatu zionean, Azkoitiako sendagilea zen eta han bizi zen.

12Mugaz gaindiko ibilbide honetan, esanguratsuak dira hark ematen dituen Euskal Herriko « presunaja ohoratu eta ospe handitacoen » zerrendak. Bi lekutan ematen ditu, eta bietan geratu dira zerrendak zabalik. aurrerago osatzeko asmoarekin. Eta bietan geratu dira orriaren zuriuneak, orrialde osoak, bete gabe. Gainera, argi ikusten da bigarren idaztaldi batean idatziak direla hor agertzen diren izenak. Lehenengoan, euskara noblea dela erakusteko, euskaldunak orohar eta banan-banan ohoratuak direla frogatu behar du (Urquijo 1907 : 33) :

13... ahalaz entsejatuco naiz bat bedera bere adineco edo mendeco herroncaren eredura icendatcera :

D. Antonio Oquendo Almirante Generala,eta bere seme D. Miguel Oquendo Generala,eta halaber hunen seme D. Miguel Carlos Oquendo Sanmiliango Marquesa,eta hauquien bertce aitcineco hainitz.

14

15Hemendic consideratuco duçu nolacoac içan ciren lehenagoco escualdun ohoratu hec. Ordea hequien ondocoec ere eztute hequinganiccaco ethorquiaz ukhatu, ez hequien ohorea eta loria bathere guibelatu. Ceren egungo egunean ere causitcen baitira hambat presunaja handi, batçuec escualdun fin eta natural garbiac, eta bertceac escualdunen leinu ohorezcotic eta arraça garbitic ethorquia dutenac, hala batçuec nola bertceac bere merecimenduen bidez baitaude ohorez, errespetuz eta ontasunez gaindi eguinac, hala nola baitira :

Lardizabal ippizpicua
D. Juan de Idiquez
D. Thomas de Ydiaquez
D……………Armendariz
D. Francisco de Emparan
Los Gerenas
Escalona
D. Gabriel de Zuloaga

16

17« Cientcietacotçat gai onac » direla euskaldunak erakutsi nahi du bigarren zerrendan (Urquijo 1907 : 37) :

Arroçoinamendu hunen eredura, ecin erran diteque, beraz, escualduna burugogor eta har-aira gaitcetacoa dela, baina bai gai ona eta escoletacotçat behar beçalacoa. Eguia hau exempluz hala eracutsi içatu dute Escual Herritic herri arrotcetarat ilkhi diren bakotchetaric hainitcec, hala nola :
D. Navarro Baztan Aspilcoeta semeac,
Aita Eliçalde, Jesusen Compainiaco Jesuistac, eta halaber Etchelarco semeac,
Aita Geronimo Echenique, Urdaçubico conventucoac, eta Erratçuco semea.

18Deigarria iruditzen zaigu aukeraturiko izen guzti-guztiak Hego Euskal Herrikoak izatea, gipuzkoarrak eta nafarrak. Data eta tokien gurutzaketara itzuliez gero, pentsa genezake Hego Euskal Herrian bizi zen garaian idatziak direla zerrendak (gogoratu, gainera, bigarren idaztaldikoak direla), baina ezin dugu ahaztu 1727an Lapurdiko Biltzarrari eskatu ziola diru-laguntza. Agian hegoaldeko erakunderen bati ere aurkeztu zion proiektua, edo aurkezteko asmoa zuen ?

19Erantzunik ez dugun arren, jokabide horren argitan (liburuan dagoen testuinguruan egonda, Etxeberrik berak beste ideia baten zerbitzuan erabili arren), beste zentzu bat ere hartzen du orain hona ekarriko dugun zatiak (Urquijo 1907 : 34-35), eta badirudi Sarako sendagileak ere bat egiten duela Felipe Va Espainiako errege koroatu zutenean (1700ean) erabili ohi zen « il n'y a plus de Pyrenees » harekin :

Eta hala, guisa hunetan, frogantça clara da Tubal escualduna munduco bi khoroaric handienetara igan dela, ecen gauça jaquina da, ceren munduan asco habarrots eguin baitu, Luis gure erregue handiac erreguina handi harenganic ethorquia baduela, eta handican deitcen dela Ludovicus XMl, Deigratia Francorum et Navarrae rex, « Franciaco eta Naffarroaco erregue ». Ceren Henrri laurgarrena andre haren illobasoa baitcen, eta Henrrirena Luis, gure erregue handia. Manera berean, Philippe Quinto, Luis handiaren illobasoa eta Espainiaco erregue dena, da leinu eta ethorqui bereticcacoa. Halaco guisaz non baiterraquet Noec Japhet bere semeari eman cioen benedicino profeciazco hura hemen complitu dela. [...] Profecia hau complitu da ossoqui, noiz eta ere Tubal escualduna bi erregue handi eta Eliçaco seme fidel eta leyal hauquien majestateari juntatu baitçaje. Hargatic, beraz, egun arroçoin du Iruñeac handirozqui loriatceco, ceren den munduco bi monarkha handienen ama, bai halaber Espainiaco eta Franciaco erresumen artean erreguina beçala.

Sarako Etxeberri letra-gizona

20XVII. eta XVIII. mendeetan beste hizkuntza batzuek ere ekindako bidetik, hiru osagaiz biribildutako proiektua da Etxeberri Sarakoarena : saiakera-lanak, gramatika-lana eta lexikografia-lana. Euskal Herrian ere ez zen bakarra izan proiektua hirukoitza abiarazten (Larramendi da arrakasta handiena erdietsi zuena).

  • 3  Ez dakigu eskuizkribu hori noiz eta nola iritsi zen Zarauzko frantzizkotarren komentura. Aztarna b (...)

21Saiakera-lanetan bi izenburu aipatu behar dira. Lehena, bi zutabetan idatzia, euskaraz eta latinez, ez zuen Sarakoak argitaratuta ikusi, ez baitzuen argia ikusi 1907n Urkixok euskarazko zutabea argitara eman arte ; Laburdiri escuararen hatsapenac izena erabiliko dugu, Urkixok emandakoa onartuz. Latinezko zutabea luzaro izan da lo Zarauzko Eskuizkribuan (horrela deitu ohi zaio Etxeberriren lanen eskuizkribu bakarrari)3, eta orain ari gara haren edizioa paratzen, euskarazkoaren edizio osatuarekin batera. Ez dugu hemen edukiaren azterketarik eskainiko, baina, aski argigarriak direnez, atalen izenburuak bilduko ditugu, lehenengoak Zarauzko Eskuizkribuko 449-450. orrialdeetan dagoen Liburu bunetan daudecin gaucen araldea edo herronca delakotik hartuta (atalak eta azpiatalak bereizi gabe), eta gero, aurkibide hori etenda geratzen den ataletarako, testutik bertatik hartuta (zehaztasun gutxiagorekin) :

  • 4  Honainoko atalak gakluta daude, Zarauzko Eskuizkribua 23. orrialdean hasten baita, baina proiektua (...)
  • 5 Hemen amaitzen da Etxeberrik eginiko araldea.

Escuararen ethorquia.
Ea badentz escuara.
Cer dentz escuara.
Icenaren definicinoa.
Cer dentz icena.
Ethymoloia cer dentz.
Escuararen ethimologia escu-tic, eta escua cein gauça miragarria den.
Escualdunaren eta Escual-Herriaren icenac bertce hitzcuntcetan ere misteriotsuac.
Cantabria icen hau nondic heldu den.
Gauçaren definicinoa.
Escuara hitzcuntça çaharra, çuhurra, antçatsua edo artificiotsua, garbia, noblea eta
bertce hitzcuntcetaric ethorquiric gabecoa da.Escuara çaharra da.l'holdeco demborainocoan etcen hitzcuntça bat baicic.Hitzcuntça hebreoac Heber-ganic du bere ethorquia eta deicinoa.
Iaphet, Noeren seme benedicinozcoa.Tubal cen Iapheten bortzgarren semea eta Noeren illobassoa.Cein partetaric Tuhal sarthu cen Espainiarat eta non eguin çuen bere lehenbicicoegoitça.Tubalen hitzcuntça, ala escuara centz, ala bertce hitzcuntçaric.
Escuara çuhurra da4.
Escuararen çuhurtciaren frogac.
Escuarazco icenen declinacinoaz.
Eta baldin icen choiletan bada misteriotsu, ezta oraino gutiago verboetan ere.
Badu bertce manera izpiritutsu bat, bertce hitzcuntcec eztutena, ceina baita verboari
generoaren eratchequitcea.
Escuara garbia da.
Hitzcuntçac demborarequin çahartcen dira.
Ehun eta berrogoy eta hamar urtheren ingurunean escuarac eztu gambiaduraric hartu.
Godoen icenac etciren declinatcen, ez eta ere gaztelaniazcoac, italianozcoac eta
francesescoac.
Godoec verbo latinezcoen conjugacinoac seguitu cituzten cembait partetan, bainan ez
guztietan, eta bereciqui verbo pairuzcoaren edo passivoaren presentean eta preterito
imperfetoan5.
Escuara noblea da.
Escuara bertce hitzcuncetaric ethorquiric gabecoa da.
Hirurgarren galdea : cembat guisetaracoa dentz escuara, eta escualdunen mintçaira
diferenta nondic heldu denz.
Escuara guztietan bat da.
Laurgarren galdea : certaco dentz escuara.
P. Axular, Saraco errotora, escuarazco autoretaric hautuena eta famatuena.
Saraco escuara Escual Herri guztian estimu eta ospe handitacoa da.
Escualdun escuararen arbujatçailleac, berac dira arbujagarriac.
Escual Herrico gazteriari.
Iracurtçailleari.

  • 6 Fidel Altuna lankkleak eman zigun ale onenaren berri. Oso-osorik dago, eta Loiolako Santutegiko Bib (...)

22Azkenengo bi atalek lotura handia dute, generoari dagokionean, bigarren saiakera-lanarekin. 1718ko argitalpena da Lau-urdiri gomendiozco carta edo guthuna, Etxeberrik berak moldiztegira eraman ahal izan zuen bakarra. Vinsonek bi ale aipatzen zituen : bat Maurice Harrietena eta bestea Loiolako Santutegikoa. Urkixok bakarra aurkitu zuen, eta guk geuk ere unicum gisa aipatu izan dugu orain Baionako Udal Bibliotekan den alea, lehenago Harrietena, eta gero Lafitterena izandakoa. Gaur beste bi ale ere ezagutzen ditugu, biak Loiolako Santutegiko Bibliotekakoak6. Goitik behera aztertu ditugu arretaz hiru aleak, eta zalantzarik gabe baiezta genezake edizio bereko ale berdin-berdinak direla hiruak.

23Gramatika-lana ere Zarauzko Eskuizkribuari esker ezagutzen dugu, eta Urkixok argitaratu zuen (zutabe bikoitzean idatziriko azalpenetako latinezkoa kenduta). Latin-gramatikaren lehen atala da Escual-Herriari eta escualdun guztiei escuarazco hatsapenac latbin ikbasteco izenarekin eskaintzen zaiguna ; rudimenta edo batsapenak dira, funtsean guk orain morfologia esaten dioguna ; izenburuan bertan dioen bezala « lehenbiciric icenen declinacinoez eta verboen conjugacinoez, azquenean icenari eta verboari dagotzten gauçac ». Liburu honek harrera ona izanez gero, aurrerago latin-sintaxia « eta bertce gaineraco Grammaticari dagozcan gauçac » (Urquijo 1907 : 323) idazteko asmoa zuen Etxeberrik, Gomendiozco carta-n zioenaren arabera.

24Azkenik, berriro ere Gomendiozco carta-ri esker, badakigu Hiztegi Laukoitza (euskara-latina-frantsesa-gaztelania) moldatzen hasi zela Etxeberri Sarakoa 1712a baino lehen, gramatika idazten hasi baino lehen, hain zuzen : « hasi nintcen escuaraz, latinez, francesez eta espainolez hitztegui baten moldatcen » (Urquijo 1907 : 323). Badakigu, orobat, Larramendik erabili ahal izan zuela egun pare batez, 1733an edo, bere hiztegi hirukoitzaren hitzaurrean aitortzen baitu zorra (Larramendi 1745 : xxxvi). Zoritxarrez ez da hiztegi horren alerik ezagutzen.

Sbarbi-Urkixo Eskuizkribua XIX. mendekoa da

  • 7  Orain Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean dagoen Bibliotekako Julio Urquijo Bildumako ms. 2940 (...)

25Luzaroan sinetsi nahi izan da José María Sbarbi Osuna liburuzaleak Urkixori saldu zion hiztegi laukoitza, Sbarbi-Urkixo Eskuizkribua izenarekin ezagutzen dena7, Sarako Etxeberrik idatzia zela. Baina berriro ere arrazoia eman behar zaio Urkixori ; 1907n zalantzak zituen egiletasunaz, baina 1934an aurreratu zuen eskuizkribu hura XIX. mendekoa izan zitekeela, eta ez XVIII.ekoa, ordura arte pentsatzen zen moduan.

26Gero ere, gehienbat beste hautazkorik ez zelako, Etxeberriren egiletasuna aipatu da behin eta berriro, aringarri gehiago edo gutxiagorekin. Joseba Lakarra iritsi zen urrunen, nik dakidala, Sbarbi-Urkixok Larramendiren hiztegi hirukoitzeko hitzak ez ezik, are Eranskinekoak ere hartu zituela frogatu zuenean (1992 : 296-299). Horrela erakutsi zuen Sbarbi-Urkixo ez zela idatzi 1745a baino lehen, eta beraz ezin zela Larramendik erabilitako Etxeberriren eskuizkribua izan.

27Hemen azalduko dugunarekin beste 81 urte atzeratuko dugu post quem data, 1826ra arte, alegia, eta horrekin are urrunago geratuko da Etxeberriren susmagarritasuna. Honekin ez da baztertzen, jakina, Sbarbi-Urkixo Etxeberriren hiztegi laukoitzaren zordun izatea, baina badirudi ezinbestekoa dela XIX. mendean bilatzea egilea edo egokitzailea.

281826ko data defendatzeko, ez dugu hemen eskainiko Sbarbi-Urkixoren iturrien azterketa sakonik, aski baita, Mitxelenak nahi zuen moduan, hiztegigileen arteko zorren kontua argitzea : zalantzarik gabe Sbarbi-Urkixo Lécluseren zordun da.

  • 8  Lakarra 1987 eta Lakarra & Urgell 1988 erabili ditugu guk.

291826an eman zuen argitara Fleury Lecluse irakasleak Manuel de la langue basaue liburua8. Liburuaren bigarren zatian, bi hiztegitxo datoz, euskara-frantsesa lehena eta frantsesa-euskara bigarrena. Sbarbi-Urkixoko hitzak modu sistematikoan Orotariko Euskal Hiztegi-ko aipuekin erkatzean ohartu ginen kopuru susmagarria zela Lecluserenekin bat egiten zuena ; are susmagarriagoa, Lecluseren hiztegitxoen tamainu txikia ikusita. Zalantza gutxi zegoen : bien arteko erlazioa argitu behar zen, eta zein zeinen zordun zen erabaki.

30Kronologia estandarrak pentsaraz zezakeen Lecluse Sbarbi-Urkixoren zordun egitea izan zitekeela lehenengo aukera, baina eskuizkribua eta euskara-frantsesa hiztegitxoa arretaz aztertuz gero laster ikusten da, zalantzarik gabe, Sbarbi-Urkixo hiztegi laukoitza idatzi duenak Lecluseren hitz-zerrendako hitzak erantsi dizkiola bereari ; lekukorik nabarmenena Sbarbi-Urkixoko 199. orrialdekoa da, baina eskuizkribu guztiko lerroarteetan daude tartekatuta Lecluserenetik harturiko hitzak, Lecluseren hurrenkera alfabetikoa eta berea uztartzeko ahaleginak eginda. Hots, Sbarbi-Urkixo idatzi edo kopiatu duen eskuak (ez dago zalantzarik esku bera dela), hiztegia amaitu ondoren, Lecluseren gramatikako hiztegitxoak ezagutu ditu, eta euskara-frantsesa aldaera erabili du berean ez ziren hitzak hartu eta eskuartean zuen lana osatzeko, lerroarteetan tartekatuaz hitz berriak, gehienetan (ez beti) latinezko eta gaztelaniazko ordaina gehituta.

  • 9  Aurreko sarreraren ondoan (eta ez azpian) dago eskuizkribuan.

31Ikus dezagun orain adibide garbi bat, Sbarbi-Urkixon kha- hasierari dagokiona, lerroarteko eransketak nola gauzatu diren ikusteko. Sbarbi-Urkixok lerroartean tartekaturikoa Ietrakera etzanez emango dugu, eta hasierako testua letrakera zuzenez9

32Egin ditzagun kontuak. Lagin honetan 23 hitz zituen Léciusek euskara-frantsesa hiztegian. Horietatik 6 (kbarra, kbasatcea, kbaratsa, kbarracatcea, kbarrontatcea kbarrua) baziren Sbarbi-Urkixoren testu nagusian, esanahi berarekin (kbarracatcea-ren kasuan sinonimo bat hartu dio Lécluseri, eta bere ordainei erantsi : ràcler.- limer). Sei horiei zazpigarren bat erants dakieke (kbarastasuna), berean aldaera bat izan arren (kharraxtasuna), eratorriari dagokion izen soilaren ondoan (kbaratxa) erantsi baitu Lécluserenetik harturikoa ; baina ez du ikusi hiru hizkuntzetako ordaina erantsi beharra, bazegoelako horretarako kbarraxtasuna sarrera ; frantsesekoa kopiatu beharrean, ordea, latinezkoa soilik idatzi du.

33Beste 5 sarrera (kbadrila, kbarrafa, kbarrakbazatia, kbarreyatcea, kbasaca) ez ditu bere hiztegirako hartu nahi izan. Lehenengoaren kasuan, agian, bazeukalako cadrilla ; eta, berdin, kbarreyatcea-ren kasuan, agidanez, bazeukateko garrayatcea. Gainerakoetan ez dakigu zergatik.

34Lécluseren euskara-frantsesa hiztegitik, azkenik, 11 hitz hartu ditu oso-osorik, frantsesezko esanahiarekin ; erdiak, beraz. Ahal izan duenean, hurrenkera alfabetikoan bakoitzari zegokion lekuan sartu ditu, baina lekurik ez zeukanean (erdiekin gertatu zaio hori), ez zaio axola izan beste tarte batean sartzea (ikus kbantian, kbaparra, kbarastea, kbarremaitea, kbarrontatcea. kbarrua). Lagin honetako hitzen kasuan, beti gehitu du latinezko eta gaztelaniazko ordaina, baina badira hutsunea laga eta ordainaren zain geratu direnak (ikus baldosa :................................carreau, Fr., gero latinezkoa eta gaztelaniazkoa idazteko hutsunea utzita). Lécluseren oharrak ere kopiatzen ditu ; adibidez, s.v. baguila, Tolosako irakaslearenetik hartu du bisc. oharra.

  • 10  Tximeletak dantzan hasten dira sabelean Orotariko Euskal Hiztegian ikusten dugunean XIX. mendearen (...)

35Lagin honetan, hitz bakar bat dago Sbarbi-Urkixok lerroartean idatzi duena eta ez dena Lécluserengandik hartua : kbardaitua : fleau pour battre le bled, Fr. Berriro ere ca- hasieretan bilatuez gero, han dago cardaitua : fleau pour battre le bled, Fr. Beraz, agian handik ekarri du. Hitz zuzena, jakina, cardailua edo kbardailua litzateke10, eta zerbait gogorarazten digu -t- / -l- nahasketak (ikus baita kbarrakbazatia, ziurrenik pro kbarrakbazalia), hain zuzen Lakarrak eta Urgellek (1988 : 104) Lécluseren ezaugarrien artean aipatu zutela -t- / -l- nahasketa. Lécluseren hiztegi argitaragabe ezezagunean pentsatzera garamatza horrek (ikus Lakarra & Urgell 1988 : 109-114), baina badirudi ez dela irtenbidea hortik bilatu behar, ziur baiezta baitaiteke Escuararen gorputza / Lexicon Cantabricum deitu behar zen hiztegi hirukoitzaren iragarkian argitaraturiko hitz zerrendak behintzat ez zituela erabili Sbarbi-Urkixoren egileak edo kopiagileak. letra hartuta, adibidez, Lécluseren hiztegi-iragarkiko 100 hitzetatik 19 baino ez ditu Sbarbi-Urkixok, eta denak dira beste iturri batzuetatik ere azaltzeko modukoak.

36Ikus dezagun orain Sbarbi-Urkixoko 199. orrialdekoa. Ustez amaitu da hiztegi laukoitza, zu- hasiera duten sarrerak amaitu direnean. Baina ya- eta ye- hasierakoak hasten dira orduan. Lehenengo hogeita bost sarrerak baino ez ditut erkatuko, eta euskarazko forma baino ez dut bilduko, ordainen jokabidea lerroartekoekin azaldu dugun bera baita :

37Ondorioa ezin argiagoa da. Hogeita bost sarreratatik hogeita lau Lécluseren hiztegitik kopiatuak dira. Bakarra dago Léclusek hildu ez duena (yaroa), eta bera lerroartean dago, beranduago erantsita (beraz 1826a baino geroago erantsita). Soilik bi sarrera utzi ditu hartu gabe (ya ez du emaiten, yaincoquindarra), ez dakigu zergatik. Eta hitzak eta esanahiak hartzean egin dituen aldaketak hutsalak dira gehienetan : ya- > yia-, yaquintasuna > yaquitasuna. Bakar bat izan liteke interesgarria (yaramana > yiarama), kopiatzailearen akatsa salatzen baitu.

38Hortaz, uste dugu frogatuta geratu dela Sbarbi-Urkixo eskuizkribuan 1826an argitaraturiko lan bateko hitzak modu sistematikoan sartu direnez, urte hori dela eskuizkribuaren post quem data. Ez dugu frogatu, jakina, eskuizkribuak ez duela erlaziorik Joanes Etxeberri Sarakoak moldaturiko hiztegi laukoitzarekin, baina, zalantzarik gabe, ezin izan zen Sarako mirikuaren eskua izan eskuizkribu hori idatzi zuena. Bi arazo berri ditugu orain : lehena, berriro ere hutsetik hastea Etxeberriren hiztegi laukoitzaren bila, eta bigarrena, XIX. mendean bilatzea Sbarbi-Urkixoren neurriko lana egin zezakeen euskalaria. Edonola ere, oraindik ez dira erabat argitu Sbarbi-Urkixoren zor guztiak, eta uste dugu XIX. mendera fokatzean hartzekodun gehiago agertuko direla, orain arte atzenduta izan direnak.

Eztut jeusic neure baitharic ekharri, ez eta ere autoretan causitcen ezten gauçaric isquiribatu

39Aurkeztu dugu Joanes Etxeberri Sarakoa, sendagilea eta letra-gizona. Azaldu dugu gaingiroki bere bizitzaz eta bere lanez dakiguna. Eta nahita errepikatu dugu, behin eta berriz, lanbidearen eta ezagun egin duen jardunaren arteko bikoiztasuna, uste baitugu funtsezkoa dela bere lana ulertzeko eta azterbideak lorratzeko. Etxeberri Sarakoa sendagilea da, eta gizakiak sendatzea da bere jardun nagusia. Ikasketa-garaia izan da jakintza-gune eta biblioteka handietatik hurbil bizi izan den sasoi bakarra : lehenengo ikasketetan ez dakigu non, baina badakigu jesuitekin izan zela ; gero, medikuntza-ikasketetan, Okzitaniako Tolosan. Geroztik bizi izan den herrietan, mugatua izan bide zuen jakintza berrietarako bidea.

40Zer irakurri zuen Sarako mirikuak ? Galdera horri erantzuteko biderik zuzenena berak bere liburuttoan aipatzen dituen autoreak aztertzea da. Hori baino gehiago ere egin daiteke (aipatu gabeak bilatu, inguruko jakintza-guneak aztertu...), baina hemen dugun leku mugatuan lehenengo bide zuzen horri baino ez diogu ekingo ; gainera ez dugu azterketa osoa hemen eskainiko, aipu, obra eta autore hautatuen iruzkina baino, aztarnarik deigarrienak agerian jartzeko.

41Azterbide hori, berez, interesgarria izan daiteke ; baina are interesgarriagoa bihurtzen da Etxeberrik berak, Iracurtçaileari atalean, idazten duenaren argitan (Urquijo 1907 : 111) :

Horra, beraz, iracurtçaillea, ikhusi tutçu orai cer diren escuara, escualdunac eta Escual-Herria. Ustez eztut jeusic neure baitharic ekharri, ez eta ere autoretan causitcen ezten gauçaric isquiribatu : « nihil dictum, quod non sit dictum prius ». Nic eguin dudan gauça da, Lirinensec dioenaren eredura, « eadem tamen, quae didicisti, ita doce, ut dicas nove, non dicas nova » (Lirinens. Opusculo advers. baereses), lehen autorec erran tuzten gaucei plegadura berri baten emaitea, edo hor-hemen vanaturic ceudecinac elkhargana biltcea eta escuarara gambiatcea, bide hunetaz escualdunec bertce hitzcuntcetaco istorioetaco itçalaren azpian dauntçan gauçac jaquin detçaten amoreacgatic.

42Ez dugu uste soilik baliabide erretoriko moduan (apaltasuna agertzearren) ulertu behar direnik hitz horiek. Aitzitik uste dugu, neurri handi batean behintzat, bene-benetan ari dela.

  • 11  Horrek ez du esan nahi, jakina, Etxeberrik lehenengo edizioa erabili duenik. Badakigu, adibidez, O (...)

43Jakina, Aro Berriko autoreak dira, gehienbat, zentzua ematen diotenak « lehen autorec erran tuzten gaucei plegadura berri baten emaitea, edo hor-hemen vanaturic ceudecinac elkhargana biltcea eta escuarara gambiatcea » esaldiari. Gure kontuen arabera, multzo horretako 25 autoretatik hamabi XVI. mendekoak dira (aipaturiko lanaren lehen edizioari begiratuez gero),11 bederatzi XVII. mendeko lehenengo erdikoak dira, eta soilik lau XVII. mendearen bigarren aldekoak, eta, espero zitekeen bezala, garau bat ere ez XVIII. mendekoa. XVIII. mendean bizi den gizonak, beraz, XVI. eta XVII. mendeetako jakintzari ematen dio plegadura berria.

  • 12  Urkixoren edizioan desitxuratuta geratu dira izenak (Oudin eskuizkribuan > Ondin Urkixorenean, eta (...)

44Horien artean bereziki aipagarriak iruditzen zaizkit bi jesuita, beren lanek Jesusen Konpainiaren eskoletan izan duten hedakuntzagatik : Bartolome Bravo eta Pedro de Salas. Biak aipatzen ditu Etxeberrik, Cesar Oudin eta Bernardo Jose Aldrete gure artean ezagunagoekin batera, ç grafiaren erabileraz diharduenean (Urquijo 1907 : 146)12. Bartolome Bravoren (1550-1607) eskuliburuak eta hiztegiak erabili ziren hain zuzen, XVII. mendetik XlX.era arte ehundaka argitaraldi kaleratuz, jesuiten eskola askotan latina ikasteko, Despauterioren gramatikaren bertsio egokitu gisa. Pedro Salasen (1584-1664) Thesaurns Hispanolatinus ere (Bravoren hiztegien zordun eta oinordekoa) berrogeitamar bider baino gehiago berrargitaratu zen hiru mende horietan. Azaleko antzekotasunen arabera, badirudi emankorra izan litekeela horien lanak Etxeberrirenarekin erkatzea.

Aipuaren aipamena, eta aipatu gabea

45Aipuen artean denetakoak dira, Aro Berriko idazleez gain : Bibliako aipamenak, Patrologiako idazleen aipamenak, idazle klasikoen aipamenak...

46Bibliatik harturiko aipamenetan ziur ari da ; are gehiago, badirudi asko eta asko buruz egindako aipamenak direla, eta bigarren aldi batean goitik behera berrikusi dituela guztiak, jatorrizko testua eskuan hartuta. Horregatik dute askok eta askok gainetik edo lerroartean egindako zuzenketaren bat. Jatorriaren aipamen zehatza ere lerroartean dago askotan, hain zuzen bigarren idaztaldi batean erantsia den seinale.

47Patrologiako idazleen aipuak ere zehatzak izan ohi dira, eta, gehienetan, ez da zaila izaten erreferentzia zuzena aurkitzea. Normalean autorearen izena ematen du, eta lanaren izenburu laburtua. Jakina, nahasmenerako bideekin ere adi izan behar da. Esaterako, Gienako Prosperoren de vita contemplati. liburua aipatzen du (Urquijo 1907 : 6) hortik aipua hartu duelakoan, baina Akitaniako Prospero sainduak ez zuen izen horretako libururik idatzi, luzaroan (batik bat Erdi Aroan) horrela zela uste bazen ere ; izan ere, Juliano Pomerio da De vita contemplativa liburuaren egilea, eta haren liburukoa da aipua. Nondik hartu du Etxeberrik ? Kasurik onenean, Elizako Gurasoen lanen bilduma bat erabiliko zuela pentsatu behar dugu, eta, zorionez, behin (Urquijo 1907 : 86) aipatzen du bildumaren izena izan daitekeen laburdura : Biblioth. Veter. Patr, hots Biblioteca Veterum Patrum. Oraingoz ezin dugu ziurtatu zein edizioz ari den, baina edozelan ere Migneren lan erraldoiaren aitzindarietako bat da ; horrela deitzen da, adibidez, 1624an Fronton du Duc-ec argitaraturiko edizioa. Bilduma horrek 12 liburuki ditu. Herri txiki bateko sendagileak etxean izan zezakeela pentsatu behar al dugu ?

48Kasu batzuetan behintzat, badakigu zein izan den aipuak ugaritzeko bidea : liburu batetik beste baten aipua hartzea. Horrela da, esaterako, ustez artxiboetako bilaketa-lanaren ondorioak aurkezten dituen aldi bakanetako batean. Osorik bilduko dut hemen aipua, polita baita Etxeberrik egin duena ikustea (Urquijo 1907 : 78) :

Arasioc, celarican Laburdico ippizpicu, bederatci ehun eta laurhogoygarreneco urthearen ingurunean, eguin çuen declaracino bat, ceinetan declaratcen baitçuen noraraino hedatcen cen haren Ippizpicutasuneco eremua, çucena eta autoritatea. Eta da guisa hunetan :
« In nomine Domini Nostri Jesu Christi. Amen. Ego, Arsius, indignus et humilis Laburdensis episcopus, volo tradere notitiae successoribus et posteris, ea qua nostro Episcopatui, scilicet Sanctae Mariae Laburdensi, subiacent loca, etc. » (e Chartario Capituli Bajonensis, circa annum Christi 980).
Jesu Christo Gure Jaunaren icenean. Halabiz. Nic, Arsio, Laburdico ippizpicu merecigabeac eta humilac, nahi dut jaquin deçaten gure ondocoec, cein herri diren Laburdico Andre Dena Mariaco Ippizpicutasunaren azpicoac, etc. (Hau da Bajonaco Capituluaren archivotic edo paperteguitic, bederatci ehun eta laurhogoygarren urthearen ingurunecoa).

49Oihenarten aurka ari da Etxeberri atal osoan, Lau-urdi / Lapurdi / Laburdiren etimologia argitzen. Oihenartek, Notitia-ko III. liburuko IV kapituluan, kontuari garrantzi handirik eman gabe, esan du lapur hitzarekin duela zerikusia Lapurdi izenak, baina benetan erakutsi nahi duena da zein diren Vascitania izeneko lurraldearen mugak. Testuinguru horretan erabili du Arasioren dokumentua, oso-osorik transkribatuta (Oihenart 1656 : 404-405). Sarako sendagileak aipua bere helburuetarako hartu du, eta hain zuzen ustez Oihenarten argudioaren aurka balio duen lekukotasun zahar gisa erabili du, orrialde oso bateko dokumentutik lehenengo lau lerroak hartuta.

50Are Juan de Marianaren kasuan ere, liburuttoaren orrialde osoak haren aipuaren aurka idatziak izan arren, esango nuke Etxeberrik ez duela haren libururik irakurri. Izan ere Marianaren lau lerro dira behin eta berriro aipatzen dituenak, eta lerro horiek Oihenarten liburutik hartuak dira (Oihenart 1656 : 37-38).

51Berdin, ziurrenik, Scaligeroren kasuan. Bi lekutan erabili du aipu bera (Urquijo 1907 : 13 eta 49), Tractatus de linguis Europaeorum izenarekin aipatuta, hain justu Oihenartek (Oihenart 1656 : 36) darabilen izenarekin, izen ohikoena Diatriba de Europaeorum linguis izan arren. Beste batzuetan hain zehatz adierazten dituen liburuki, orrialde eta abarrez ere ez da gogoratzen, Oihenartek ere ez baitakar halakorik.

52Susmo hutsalekin ari garela pentsa lezake baten batek, baina kontua da zalantzarik gabe dakigula jokabide hori ohikoa zela Etxeberriren lanean. Beste kasu bat ekarriko dugu hona, oraingoan autore klasiko batena. Tazitoren aipu lauso bat biltzen du Etxeberrik euskarazko zutabean (Urquijo 1907 : 28) :

Lekhuko da Tacito, erromarrec anglesen, alemanen eta hequien capitain generalaren contra içan çuten guerla hartan, vitoria etsajetarat erortcera cihoana, escualdun tropelac estrosadaren min-minean ethorriric, erromarrac garaitiar eraguin cituztela.

53Baina latinezko zutabean zehatzagoa da jatorriaren aipamena, liburua eta kapitulua zehazten baititu (Zarauzko Eskuizkribua, fol. 73) :

Testis enim est Tacitus (lib. 4 Histor, cap. 7) in eo bello quod Vitelliani contra Britanos et Germanos eorumque ducem Civilem sustinuere, inclinantem iam in hostes victoriam, Vasconum cohortes fervente proelio accitas, Romanis asseruisse.

54Arazoa da Tazitoren Historiae liburuaren IV, 7 atalean ez dela halakorik aipatzen (bai ordea IV, 33 atalean). Etxeberriren errakuntza bat ? Ez, Oihenartengandik kopiaturiko akatsa. Gainera oraingoan beste jokamolde bat ere agerian geratu da : ez du kopiatu soilik aipua, Oihenarten hitzak eurak baino, oso-osoan. Goian bildu ditugun hiru lerroak hitzez hitz Oihenarten I, VIII ataletik (Oihenart 1656 : 28) hartuak dira, eta gero euskarara « ganbiatuak ». Zati honetan, beraz, latinezkoa da jatorrizko testua, eta euskarazkoa haren itzulpena.

55Zati luzeagoekin ere aurkitu dugu Etxeberri horrela jokatzen. Orreagako borrokaren kontakizuna (Zarauzko Eskuizkribua, fol. 73 hh. ; euskaraz Urquijo 1907 : 29 hh), adibidez, ia osorik hartu du latinez Oihenarten Notitia-ko I, LX kapitulutik, eta gero handik euskarara itzuli. Pasartearen hasiera baino ez dugu hemen bilduko, aski baita Etxeberriren jokabidea ikusteko :

56Oihenart

57Hic interim nolim omitti, ea quae inter ipsos et Caroli magni exercitum, citra Pyrenaeum contigere ; insignem scilicet illam et toto orbe decantatam stragem, quam is exercitus ad Roncavallim, anno Christi 778 passus est. Vascones libertatem quam illibatam sub Romanis conservarant contra Suevos, Gothos et Sarracenos intrepide defenderant, magna ex parte sub Carolo amisere. Hic enim dum Hispaniam ab Ibnabala Regulo Sarraceno sollicitatus cum valido exercitu contenderet, per Vasconum et Navarrorum terras iter faciens, utrumque populum suo subesse Imperio et ditioni coegit, et tributo imposito vectigalem fecit, Pompelonem etiam oppidum caput gentis, dirutis moenibus, per speciem defectionis praecavendae, in vici formam redegit, testibus Eginhardo et aliis illius seculi historicis, qui res a Carolo gestas literis mandarunt ...

58Etxeberri Sarakoa

59Judico iam interesse ea quae inter Vascones et Caroli Magni exercitum, in Pyrineis contigere ; insignem scilicet illam decantatam stragem, quam is exercitus ad Roncavallim, anno Christi septingentesimo septuagesimo octavo passus est. Vascones libertatem quam illibatam sub Romanis conservaverunt contra Suevos, Gothos et Sarracenos intrepide defenderant, magna ex parte sub Carolo Magno amisere. Hic enim dum Hispaniam ab Ibnabala Regulo Sarraceno sollicitatus cum valido exercitu contenderet, per Vasconum et Navarrorum terras iter faciens, utrumque populum suo subesse Imperio et ditioni cogere, et tributo imposito vectigalem facere nitens, Pompelonem etiam oppidum caput gentis, dirutis moenibus, per speciem defectionis praecavendae, ad vici formam redegit, testibus Eginhardo et aliis illius seculi historicis, qui res a Carolo gestas literas mandarunt...

60Letrakera beltzez nabarmendu ditugu aldaketak, horien hutsaltasuna erakusteko hain zuzen. Gainera, testua ulergarriago egiteko guk hemen puntuazioa aldatu dugun arren, Oihenartenetik zintzo-zintzo kopiatuta daude komak eta zeinu gehienak ere (adibidez iniuria). Etxeberriren lehenengo bertsioan, halere, Oihenarten izena ez zen inondik agertzen atal honen egiletasuna aitortzeko ; gero, bigarren idaztadi batean, lerroartean erantsi du nolabaiteko aitormena (Urquijo 1907 : 29) : « Oihenartoc dioen beçala ».

Florilegium, loci communes, pofyanthea, entziklopedia, hiztegi... eta abar

61Ikusi dugu akats bat kopiatze-lanaren salatzaile izan daitekeela eta Etxeberriren jokabidea agerian jartzeko baliagarri izan daitekeela. Beste akats batek beste jokamolde baten aztarnetara zuzenduko gaitu. Ugari dira idazle klasikoen aipu zuzenak : Zizeron, Horazio, Ovidio, Martzial, Seneka, Plinio Gaztea, Kintiliano, Suetonio, Apuleio... baita Virgilio ere, behin. Baina bada Virgilioren izenean emandako bat latindarraren lanetan aurkitzen ez dena (Urquijo 1907 : 21) :

Halacoac bertceren gaucen laudatcen hari direla. Beharbada, ustez ecen Virgilioren
erranaren eredura :
Qui viret in foliis venit a radicibus humor
et patris in natos abeunt cum semine mores.

62Norena da aipua ? XV-XVI. mendeko idazle batena. Nondik dator nahastea ? Idazlearen izenetik. Sarako Etxeberrik ez zeukan aurrean Virgilioren liburua, ez eta bi bertsolerro horien egloga-liburua ere, testuingurutik kanpo bilduriko bi bertsolerroak baino, besteren batek aipatuta (gorago azaldu dugun jokabideaz ariko bagina), edo, ziurrago (beste jokamolde baten arabera), aipu-bildumaren batean. Bi bertsolerroen azpian Mantuanus bide zegoen idatzita, aipuaren autore gisa ; eta Sarako mirikuak beste mantuanorik ezagutu ez, Mantuan jaiotako Virgilio baino. Ez zuen ezagutzen, jakina, Giovanni Battista Spagnoli karmeldarra, Mantuan jaio eta hil zelako (1447-1516) Baptista Mantuanus izenarekin ere ezagutzen zena.

63Ez dakigu Etxeberrik aurrean zuen aipu-bilduma zein motatakoa zen, baina halakoren bat erabiltzean ere ez zen bere garaiko beste idazle, hizlari eta artisten ohituretatik asko urruntzen. Izan ere ezagunak dira, XVI-XVIII. mendeetako idazleek, informazioa eta apaingarriak biltzeko eta bilatzeko, betiere erudizio-agertzearen zerbitzutan, erabili ohi zituzten baliabideak. Lehena, norberaren kartapazio edo bildumak (codex excerptorius), irakurritakoan aurkituriko pasarte interesgarriak kopiatzeko. Horren adibide dira, nolabait, Zarauzko Eskuizkribuko 446-448 orrialdeak (Urquijo 1907 : 293-295). Bigarrena, inprenta bidez hedaturiko florilegium, loci communes, polyanthea, entziklopedia, hiztegi... eta abarrak. Etxeberrik berak entziklopediak eta hiztegiak baino ez ditu aipatzen : Louis Moreriren Le grand dictionnaire historique, ou melange curieux de l'histoire sacree et profane (lehenengo edizioa l671koa da), Jvigne Broissiniereren Dictionnaire theologique, historique, poetique, cosmographique, et chronologique (lehenengo edizioa l644koa da), eta zehaztasun gehiagorik gabeko Dictionnaire Royalle bat ; edo, bestelako izenarekin ibili arren, funtsean oraingo entziklopedien aitzindari izan daitekeen erreferentzia-lana : Theatrum vitae humanae, oraindik ez dakigu zein bertsiotan (Zwinger-ena, Beyerlinck-ena, Boissard-ena...). Baina aipatzeko moduek eta aipaturiko akatsek pentsarazten dute erreferentzia-lan gehiago ere erabili bide zituela.

64Azken bi adibide aurkeztuko ditugu (ustez biak jatorri berekoak), erakusteko edozelan ere ez dela beti erraza izaten aipuaren jatorria aurkitzea, Etxeberrik itxura batean datu guztiak eman arren. Hona lehenengo aipua (Urquijo 1907 : 46) :

65Hunen arroçoina Geronimo Sainduac emaiten du :

« Difficile est, et arduum, ut quae in alia lingua bene dicta sunt, eumdem decorem in translatione conservent ; perdunt gratiam, pleraque si quasi invita et recusantia violentiu.s transferantur. » (Tom. 2, Epistol. 101, De optimo genere interpretandi).

Gaitz da hitzcuntça batean ederqui erraniccaco gaucec, bertce batera gambiatcen direnean, iduc eta conserva deçaten edertasun bera ; galtcen dute bere garacia, ceren bortchaz beçala baithoaci.

66Patrologian Hieronymus Stridolensis autorearen gutunetan (Epistolae) gaurko antolaketan (eta ez da atzo goizekoa) 101.a bilatuez gero, ikusiko dugu ez daukala inolako zerikusirik gai honekin. Izan ere ez da Jeronimoren gutuna ere, Augustin Sainduak Jeronimori idatzia baino, eta ez da ari itzulpenaz.

6757. gutuna da, hain zuzen, itzulpenaz diharduena : de optimo genere interpretandi. Gutun horretan Pamakio adiskideari idazten dio, Rufinoren salaketei erantzunez, bildumako 51. gutuna txarto itzuli zuela leporatu baitzion hark. Jeronimoren tesia ezaguna da : itzulpen-lanean ez da hitzez hitz aldatu behar hizkuntza batetik bestera, esanahiari eta zentzuari osoan begiratuta baino. Horretarako, autore klasikoak erabiltzen ditu autoritate gisa.

68Arazoa da Etxeberriren aipuetan ez dugula Jeronimoren testua osorik aurkitzen. Aipuaren jatorria, zati bati dagokionean, Pamakiori zuzenduriko gutunean dago (Epistola 57, 5), zalantzarik gabe, nahiz eta aldiberean Jeronimok berak beste lan batean idatzitakoaren aipua izan. Hona hemen testu biak alderatuta (letrakera beltzean eman ditugu bat datozen zatiak) :

69Jeronimo, Ep. 57, 5

70tali inter caetera usus sum Praefatione : « Difficile est alienas lineas insequentem, non alicubi excidere : et arduum, ut quae in alia lingua bene dicta sunt, eumdem decorem in translatione conservent... ».

71Etxeberri Sarakoaren aipua

72Difficile est, et arduum, ut quae in alia lingua bene dicta sunt, eumdem decorem in translatione conservent ; perdunt gratiam, pleraque si quasi invita et recusantia violentius transferantur.

73Bigarren zatia (perdunt gratiam...) ez dago Jeronimorenean. Baina ez da Etxeberriren asmakizuna. Ikus dezagun Aulo Geliok Noctes Aticcae liburuan (9, 9, 1-3) grekozko testuak latinera itzultzeaz dioena :

Quando ex poematis Graecis vertendae imitandaeque sunt insignes sententiae, non semper aiunt enitendum, ut omnia omnino verba in eum, in quem dicta sunt, modum vertamus. Perdunt enim gratiam pleraque, si quasi invita et recusantia violentius transferantur. Scite ergo et considerate Vergilius, cum aut Homeri aut Hesiodi aut Apollonii aut Parthenii aut Callimachi aut Theocriti aut quorundam aliorum locos effingeret, partem reliquit, alia expressit.

74Hor dago, hitzez hitz, Etxeberirrenaren bigarren zatia. Ideia hori Jeronimorena ere bada (ikus, adibidez, orobat Ep. 57, 5 atalean : « linguae gratiam in interpretatione mutari »), baina hitzak Aulo Geliorenak dira.

75Etxeberrik emandako bigarren aipuaren jatorria azaltzea are zailagoa da. Hona hemen aipua bera (fol. 134-135) :

Non, arroçoin bera dela causa, erranen baitu Geronimo Sainduac ere :
« Versionem omnem in qua originalis textus exprimitur sensus, esse optimam, esto aliis verbis exprimatur. Nec verbo reddere curabit fidus interpres (ait ille) sed sententias et sensus transferre studebit. » (D. Hyeronym., Tom. 2, De optimo genere interpretandi, Epistol. 101, cap. 2).
Eztira bethi escritura sainduco eta dotoren erranac hitcez hitz hitzcuntça batetic bertcera itçuli behar ; hitz diferentequin badere, sentsu onaren causitcera entsejatu behar da, eta hurache date interpretacino edo gambiadura ona.

76Etxeberrik ematen dituen jatorriaren datuak beste aipuaren berdin-berdinak izan arren (Jeronimoren 101. gutuna, De optimo genere interpretancdi) Jeronimorenean hitzez hitz aurkitu dugun zati bakarra berez Horaziorenetik hartua da, Jeronimok berak ondo aitortzen duen moduan (« ait ille ») : « nec verbo verbum curabis reddere fidus interpres » (Ars poetica, 133-134). Gainerakoa ez dugu aurkitu, hitzez hitz, beste inon. Bai ordea hitz horien atzean dagoen ideia, Jeronimoren gutun honetako tesi nagusia baita, izan ere (Ep. 57, 6) :

Antonium, te petente, transposui, ut nihil desit ex sensu, cum aliquid desit ex verbis. Alii syllabas aucupentur et litteras, tu quaere sententias.

77Dena batera aurkizen dugu, beraz, Jeronimoren kapelapean : Jeronimoren hitzak (« difficile est... »), Jeronimoren ideiak (« sententias et sensus transferre »), Jeronimok aipaturiko klasikoak (Horazio), eta inondik ere Jeronimok aipatu gabeak (Aulo Gelio). Oraingoz ez dakigu zein den hibridazioaren egilea, Etxeberri bera, ala Etxeberriren iturri izan daitekeen bildumaren bat, baina badirudi ez litzatekeela alferreko lana izango bigarrenaren bila aritzea.

Haut de page

Bibliographie

— Bilbao, G., 1991, « Larramendiren garaikide bat : zenbait xehetasun Joanes Etxeberri Sarakoaz », ASJU XXV-3, 751-768.

— Bilbao, G., 1997, « Joanes Etxeberri Sarakoa Okzitaniako Tolosan ikasle », Uztaro 23, 25-30.

— Etxeberri, J., 1712 = Urquijo, 1907, Obras vascongadas del doctor labortano

Joannes dEtcheberri (1712) con una introducción y notas por, Paris. Gero facsimilean : idem, LGEV 1967. Ikus beste reprint bat : Lan osoa, Biarritz 1998.

— Lakarra, J. A., 1987, « Lécluse-ren euskal gramatika. Euskalaritzaren Historiarako Lanabesak I », ASJU XXI-3, 813-916.

— Lakarra, J. A., 1992, « Larramendiren aurreko hiztegigintzaren historiaz : aztergai eta gogoeta », in Manel Larramendi. Hirugarren mendeurrena. 1690-1990, 279-312.

— Lakarra, J. A. & Urgell, ., 1988, « Lécluse-ren hiztegia. Euskalaritzaren Historiarako Lanabesak II », ASJUXXll-l, 99-211.

— Larramendi, M., 1745, Diccionario trilingüe del castellano, bascuence y latin, Donostia.

— Oihenart, A., 1656, Notitia utriusque Vasconiae, Paris (= idem, Eusko Legebiltzarra, Vitoria-Gasteiz, 1992).

— Urquijo, J., 1907, cf. Etxeberri 1712.

— Urquijo, J., 1913, « Una deuda de Joannes d'Etcheberri », RIEV Vll, 57-59.

— Urquijo, J., 1934, « Vascofilos ingleses (continuación) », RLEV XXV, 605 hh.

Haut de page

Notes

1 BFF2002-03132 ikerketa-proiektuari esker egin ahal izan da lan hau. Esker ona agertu behar diot Joseba Lakarra irakasleari, bere egungo ikergai nagusia zenbait mende lehenagokoa izan arren arretaz entzun eta aztertu dituelako orain ere XVII. eta XVIII. mendeetako kontuak.

2  Urquijoren 1907ko edizioko orrialdeak aipatuaz emango ditugu erreferentziak, eta ez eskuizkibuaren arabera, aipua konpultsatu edo bere testuinguruan ikusi nahi duenaren lana erraztearren.

3  Ez dakigu eskuizkribu hori noiz eta nola iritsi zen Zarauzko frantzizkotarren komentura. Aztarna bakarra 452. orrialdean dago : « El dia 19 de Octubre de 1803 se le regalo al señor Astarloa la presente obra por el señor don ». Argitu gabe geratzen da oparia egin zuena zein izan zen. Zirriborro bat dago ondoren, orrialde zurian, baina ez dirudi errubrika denik. Hurrengo orrialdeko zifrak ere ziurrenik urte horretako data bati dagozkio, maiatzaren 14ari hain zuzen (« 14-05-03 »), eta zerikusia dute eskuizkribuaren bizitzarekin, baina guk ez dakigu esanahia argitzen. Errazena da deitura hori lotzea Pedro Astarloa frantzizkotarrarekin (Pedro José Patricio de Astarloa e Iturri, 1751-1821), Urteco domeca gustijetaraco verbaldi icasbidecuac-en egilearekin, bai baitakigu haren beste eskuizkribu batzuk ere Zarauzko komentuan izan direla. Bestalde, ezin da aipatu gabe utzi hain zuzen 1803an argitaratu zuela haren anaia Pablo Pedro Astarloak, Madrilen, bere Apología de la lengua bascongada ospetsua, eta agian norbaitek (eskuizkribuaren aurreko jabeak) pentsatu zuela interesgarria izan zitekeela Etxeberriren obrattoaren edukia apologiaren idazlearentzat edo anaiarentzat.

4  Honainoko atalak gakluta daude, Zarauzko Eskuizkribua 23. orrialdean hasten baita, baina proiektua osotasunean aurkezteko balio digute izenburuek.

5 Hemen amaitzen da Etxeberrik eginiko araldea.

6 Fidel Altuna lankkleak eman zigun ale onenaren berri. Oso-osorik dago, eta Loiolako Santutegiko Bibliotekako 1065, 2 - 31 signatura dauka. Beste dokumentu batzuekin batera dago, baina ez dirudi karpetako lau dokumentuen artean loturarik dagoenik. Ale horren bila joan, eta, ezustean, beste bat ere aurkitu dugu Loiolako Santutegiko Bibliotekako katalogoan. Ertzak moztuta dauzka, eta liburuki faktizioa osatzen du (1065, 2 - 43-2 signaturakoa), beste liburutxo eta separata batzuekin batera. Horietako bat behintzat, Duvoisinek 1866an argitaraturiko Etude sur la déclinaison basque, Jose Ignazio Arana (1838-1896) jesuitarena izana da, egileak hari oparitua baita, eskuz idatziriko eskaintzan ikusten denez. Ziurrenik Aranarenak izango ziren guztiak ere, Etxeberriren Gomendiozco carta barne.

7  Orain Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean dagoen Bibliotekako Julio Urquijo Bildumako ms. 2940 eskuizkribua.

8  Lakarra 1987 eta Lakarra & Urgell 1988 erabili ditugu guk.

9  Aurreko sarreraren ondoan (eta ez azpian) dago eskuizkribuan.

10  Tximeletak dantzan hasten dira sabelean Orotariko Euskal Hiztegian ikusten dugunean XIX. mendearen bukaerako Maurice Harrieten (1814-1904) hiztegian aurkitu dutela kbardailu forma, etafleau a baltre lefrontmenl definizioa duela, edo XIX. mendearen bukaerako hiztegi horren bidez baino ez zela ezagutzen aalgaizuna forma, edo acbita, 'arina' esanahiarekin, eta horiek ere lerroartean gehituta daudela Sbarbik Urkixori saldu zion eskuizkribuan.

11  Horrek ez du esan nahi, jakina, Etxeberrik lehenengo edizioa erabili duenik. Badakigu, adibidez, Oihenarten Notitia-ren bigarren edizioa erabili zuela, 1656koa, eta ez 1638koa. Adierazgarria da baita Joannes Aurelius Augurellusen (1456-1524) kasua ere. Aipaturiko lana (Chrysopceia carmine conscripta) 1515ekoa da, baina Etxeberrik zehaztu du kimikako eta alkimiako lanen bilduma bat erabili duela, Theatrum chemicum, l613an hasi eta l651ra bitartean sei liburuki handitan argitaratua.

12  Urkixoren edizioan desitxuratuta geratu dira izenak (Oudin eskuizkribuan > Ondin Urkixorenean, eta salas izen arrunt gisa aurkeztuta), baina ez dago zalantzarik egile horiez ari dela. Dena den, ezin da aipatu gabe utzi testu nagusiari albo batean beranduago erantsitako oharra dela ç-ri buruzko hau.

Haut de page

Pour citer cet article

Référence papier

Gidor Bilbao Telletxea, « Joanes Etxeberri Sarakoa, sendagilea eta letra-gizona »Lapurdum, 9 | 2004, 67-82.

Référence électronique

Gidor Bilbao Telletxea, « Joanes Etxeberri Sarakoa, sendagilea eta letra-gizona »Lapurdum [En ligne], 9 | 2004, mis en ligne le 01 mars 2009, consulté le 16 avril 2024. URL : http://journals.openedition.org/lapurdum/805 ; DOI : https://doi.org/10.4000/lapurdum.805

Haut de page

Droits d’auteur

CC-BY-NC-ND-4.0

Le texte seul est utilisable sous licence CC BY-NC-ND 4.0. Les autres éléments (illustrations, fichiers annexes importés) sont « Tous droits réservés », sauf mention contraire.

Haut de page
Rechercher dans OpenEdition Search

Vous allez être redirigé vers OpenEdition Search