Skip to navigation – Site map

HomeNuméros9ArticlesD. J. Garat-en Lettre sur Bayonne...

Articles

D. J. Garat-en Lettre sur Bayonne et sur les Basques « Mercure de France » aldizkarian (1783-02-08)

Jean Casenave
p. 97-116

Index terms

Geographical index:

Bayonne

Chronological index:

18e siècle
Top of page

Full text

1Ilustrazioak edo Argiek Euskal Herrian ukan duten eragina ongi aztertua izan da Hegoaldeko eskualdearentzat bainan aise gutiago iparraldekoarentzat. Orain arte, eztabaida politiko eta juridikoen inguruan, garai hartan, agertu ziren idazlanak aipatuak izan dira batez ere : hala nola Sanadon-ek, Bela Zaldunaren esku-izkribuen gainean oinarriturik Iraultza aintzin idatzi zuen L'Essai sur la noblesse des Basques. Eugene eta Manex Goyhenetche historialariek, azken urte hauetan oraindik, Sanadon-ekin batean, Polverel-en idazlanen ekarpena ikertua dute. Tx. Peillen-ek eta Manex Goyhenetchek, Egiategi-ren idazlanak aipatu dituzte ere. Lan horietan, XVIII-garren mendeko ideiak altxatzen dituzte baita ere garaiko hiztegian « Filosofoak » deitua zen taldearen eragina nabari dela diote, bainan saiheska bezala. Horrek erran nahi ote du Europa guzian hedatzen ari ziren ideia berriek ez dutela eragin zuzenik ukan Euskal Herriari buruz egin izan diren lanetan ? Egia da mementoan dokumentoak falta zaizkigula horren aztertzeko. Halarik ere, gauza jakina da, hemendik jalgi zenbait gizonek parte hartu zutela Iraultza aintzineko eztabaida nagusietan. Denei Garat anaien ibilbidea heldu zaigu gogora, batez ere Iraultza denboran ukan zuten garrantziarengatik. Bizkitartean, gutiago aipatzen da jende horiek ordu arte egin zutena.

2Alta, Iraultzaren eragileak izan baino lehen, XVIII. mendeko jendeak izan dira bete betean, hots « Argien » garaikideak eta lekukoak. Orroit gaitezen Dominique, haurrideetarik lehena 1735-an sortua zela ; beraz, 54 urte bazituen Iraultza abiatu orduko eta Bordaleko plazan abokatu eta ideia berrien hedatzaile bezala ezagutua zen. Dominique Joseph, haren anaia famatuena, 1749-an sortua, 40 urte bazituen 1789-an eta hamaika urte iragan zituen Parisen, idazle eta entziklopedista ezagutuenen artean. Beraz, dudarik gabe beren bizi publikoaren parte handi bat ereman zuten Frantziako Argien garai dirdiratsuenean.

3Dominique-Joseph orduko « Letren Errepublika »-ren erdian bizi izan da Parisera heldu bezain laster, hots 1778-tik aintzina. Segurki, adinarengatik Entziklopedisten lehen belaunaldiarekin ez zuen harreman hesturik ukan bainan bigarren eta hirugarrenarekin bai, hala nola Morellet, Condorcet edo Suard-rekin. Beraz, ontsalaz, haren idazlanetan Argien eragin zuzena aurki daiteke. Eta hala da dudarik gabe ; Mercure de France orduko astekari famatuan argitaratu zituen artikuluetan, behin baino gehiagotan Filosofoen izenak, idazlanak eta ideiak aipatzen eta hedatzen ditu. 1783-an publikatu zuen Lettre sur Bayonne et sur les Basques deitzen den idazlanean ideia berrien eragina atxematen da Euskal Herriari buruz egina den gogoeta batean. Entziklopedia garaiak eskaini duen lekukotasun aberatsena bezala har daiteke testu hori, hortan filosofoen eragina ezagun baita hastetik buru.

4Idazki horrekin ez da hastapenean aipatuak (Sanadon, Polverel) izan diren ikuspegien ildotik ibiltzen ; izen eta erreferentzia berriak erabiltzen ditu nasaiki idazlan literario eta filosofiko baten plazaratzeko gogoarekin. Ahalaz, orduz geroz gutietsia izan den ekarpen hori nahi genuke argitara eman, batez ere Argien mirailan eskaintzen duen Euskaldunaren potretarengatik. Horrengatik, sartze gisa ematen dugun aurkezpen honen ondotik, jatorrizko testua emanen dugu.

1. Idazlanaren aurkezpena :

1.1. Argitalpena :

  • 1  Ikus : Robert Damton LAventure de l'Encyclopédie, 1979, [1982, frantses itzulpena].

5« La Lettre sur Bayonne et les Basques » Mercure de France astekarian argitaratua izan da otsailaren 8-an. Garaiko ohiduren arabera, zabaltzeko ziren berrien artean agerkari bakoitzak eremu bat erosten zuen. Panckouke argitaratzaileak, 1778-an erosia du Mercure de France astekaria eta harekin batean, « Belles Lettres » saileko berrien hedatzeko premia. Orroitarazi behar da Panckoucke-n argitaletxeak, Diderot et d'Alembert idazleek kudeatu zuten Entziklopedia famatuaren berrargitaratze eskubideak erosi zituela lehen argitalpena bukatu baino lehen, 1768-an hain zuzen1 eta Encyclopédie Méthodique delakoaren proiektoa ereman zuela aintzina Iraultza garaia arte. Preseski, Entziklopediaren berridazketa horren burutzeko, Garat bezalako filosofo eta idazle talde zabal bat muntatu zuen. Karia hortara, gazte horiek Entziklopedisten belaunaldi historikoaren partaide gehienak -Diderot, Rousseau, D'Alembert, Helvetius- ezagutu zituzten eta bigarren belaunaldikoekin lanean arizan ziren, hala nola Morellet, Suard, Condorcet, etb.

  • 2  Daniel Roche, Le Siècle des Lumières en Province, Paris, 1978.

6Beraz, 1778-tik goiti, Garat-ek artikuluak argitaratzen ditu Mercure de France agerkarian. Astekari horren irakurlegoaren parte handiena Frantzian aurkitzen zen dudarik gabe, batez ere hiri handietan, bainan Europa mailan zabaltzen zen ere, familia eta izen handien artera. Daniel Roche XVIII-garren mendeko mugimendu akademikoaren adituaren arabera2, « Le Mercure, c'est la presse des châteaux, des intendants et des parlementaires » (Mercure, jauregietako kazetagintza zen, administrari eta biltzar handietako ordezkariena.). Altxatzekoa da halarik ere hartzaile bat edo beste bazela Euskal Herrian.

  • 3  Michel Duhart, « Dominique-Joseph Garat (1749-1823) », Bulletin de la Société des Sciences, Lettre (...)

7Ikusiz zein zen astekariaren kokagunea orduko kulturaren eremuan, nabari da ideia berriei guziz idekia zen irakurlego jakintsun batentzat ari zela Garat bere idazlanetan. Bestaldetik, Michel Duhart-ek3 erakusten digunez, garaiko « Salon » edo biltoki aintzinatuetan ibiltzen zen, besteak beste Suard jaun-andere ospetsuek antolatzen eta kudeatzen zuten biltokian. Orduan, eguneroko gizarte harremanetan erabiltzen zituen solasaldiengatik, filosofoen taldeko partaide bezala - bigarren edo hirugarren mailakoa izanik ere- ikusi behar da hogeitabat orrialdeko idazki trinko hortan gostukoak eta ohizkoak zituen erreferentzia eta solasgaiak erabiltzen zituela. Hots, Argien mirailan idazten du Euskal Herriari buruzko artikulu hori, bere berea senditzen duen sor herria kanpoko jende argituei aurkezteko gogoarekin.

1.2. Idazlanaren gaia eta egitura :

  • 4 Guyenne : Erregimen zaharreko eremu zati bat, guti gora behera, oraiko Akitania.
  • 5  Memoire sur la Decadence du Commerce de Bayonne et de Saint-Jean-de-Luz, 1782.

8Artikulu hortan, Bordaleko Akademian izan den biltzar baten berri emaiten du. Biltzarraren egun hartan, Dupré de Saint-Maur, Guyenne4 eskualdeko buruzagiak, Baionako hiria eta Lapurdi probintziaren geroari buruz argitaratu zuen txostena5aipatu zuen bere solaskideen aintzinean. Ondotik, egun berean eta biltzar berean emanak izan ziren beste bi mintzaldi aipatzen ditu Garat-ek, lehena Quintilien Erroma zaharreko garaian izan zen hizlari famatuari buruz eta bigarrena Akitaniako Alienor-i buruz. Bi parte nagusi horien bilduma nasaien artean, Eskualdunei buruz, bere baitarik, aurkezpen luze eta trinkoa egiten du, Herri edo jendalde berezi eta ohargarri gisa aurkezten dituelarik.

9Lehen partean, Administalariaren ideiak eta arrazoinkatzeko bidea bere kondu berritz hartzen ditu. Zenbait urte geroago izan beharra zen Lapurdiko ordezkariaren mintza moldea erabiltzen du zati hortan Garatek, hots abokatuaren doinua. Bigarrenean, « Argien » garaiko filosofoarena erabiltzen du Euskal Herria aurkezteko xedearekin, eta hirugarrenean, historia egilearen egitekoa aipatzen du, bi hizlarien lanari buruz oharrak eginez. Hiru parteak lotzen ditu elgarri Euskal Herria gai nagusi edo orokor bezala hartuz.

1.3. Euskaldunaren potreta berritua :

10Garat baino lehen, hainbat aipaldi eta potreta egin zen Euskaldunen aurkezteko, Zahar Arotik XVIII-garren mendea arte. Aintzinekoei begira, Euskaldunen itxura aldatzen duela erran daiteke nahiz zenbait pundutan ildo beretik heldu den, hala nola nortasunaren gaian. Harek ere Euskaldunen berezitasuna azpimarratuz hasten du bere aurkezpena :

Dans ce pays, l'un des trois cantons qui forment la Biscaye Française, vit un Peuple qui, attache a la France par l'amour que des sujets doivent a leur Souverain, diffère d'ailleurs absolument des Français par son origine, sa langue, ses coutumes, ses mœurs et son caractère.

11Hortarik abiatuz, Euskaldunen ekarpenak, bi mailetan ikusten eta sailkatzen ditu : alde batetik lekuko gisa aurkezten ditu eta bestaldetik eredu gisa. Berezitasunen lerroan, aspaldikotasuna aintzinatua izan da Zahar Arotik hara. Beraz, Garat-en ustez, aspaldikoak izanik Euskaldunek lehengo aroen lekukotasuna ekartzen dute berekin :

... en observant le Basque dans ce petit nombre même de rapports que peut lui donner un état de société simple, on peut voir comment les Anciens d'y prenaient pour établir la vertu et le bonheur de l'homme social sur les sentimens et les besoins les plus naturels a l'homme.

12Lekuko paregabeak dira Euskaldunak, gizarte antolaketa mailan, Naturaren arabera bizi baitira, multzoan edo jendalde nasaian egonik ere. Bainan, lekuko dira ere euskarari esker Garat-en ustez, lehen aroetako hizkuntzen alde onak begiratu baititu euskal mintzairak mendeetan zehar :

Son origine touche a celle des Peuples qui commencent l'Histoire...

13Eta mugatua izanik ere Euskaldunen bilakaera historikoarengatik, den bezala denboran zituen aberastasunak atxiki ditu :

Elle est bornée, il est vrai dans les objets que peut connaître un Peuple qui n'est qu'agriculteur ; mais quelle féconde richesse d'idées et de sentimens elle a pu faire naître dans le petit nombre d'objets ou elle se renferme !

14Bainan, Garat-ek ez ditu Euskaldunak baitezpada iraganean gakatzen, lekukotasunarekin batean, eredu bat ekartzen baitute batez ere gizarte antolaketa mailan :

Chez ce Peuple étranger a tous les Arts et a toutes les Sciences, le sentiment des droits de l'homme est si profond et si développé, qu'il sait en tirer la connaissance de tous ses devoirs et de tous ses droits dans la société.

15Voltaire ideien kontra joanez (gizonak egiten dituen aintzinamenduen aurreratze ezin gelditua), « Lehen jendaldeen » antolaketa soziala eredugarria daitekeela « Argien garaiko » lege eta gizarte erreformatzaileentzat pentsatzen du Garat-k, batez ere libertatea eta jendeen arteko berdintasuna (Erregimen zaharrak finkatu zuen ordreen araberako antolaketaren kontra doana) baitituzte jarri ardatz nagusi gisa, Euskaldunen artean bezala :

Le Laboureur, fier de ce titre qu'on lui donne et qu'il prend dans toutes les occasions comme un titre d'honneur, s'assiet a la table du Gentilhomme, et s'y croit a sa place, et le Gentilhomme pense comme lui.

16Azkenean, Garat-ek aintzinatzen du « eredu edo molde zaharreko » jendalde horrek baduela etorkizun ederra ;

Il est facile de voir quel parti un Gouvernement éclairé peut tirer d'un Peuple chez lequel cette opinion, qui a fait la grandeur des Nations anciennes, a toute la force que les siècles donnent aux opinions.

2. Idazlanaren testu-ingurua :

17Euskal Herria ez zen asko aipatua orduko frantses agerkarietan. Halarik ere, kasu berezi batzu izan ziren, hala nola Mémoires de Trévoux Jesuiten aldizkarian baita ere D'Alembert eta Diderot-en Entziklopedian.

2.1. Euskal Herriaren irudia orduko frantses argitalpenetan :

  • 6  J.I. Tellechea Idigoras : « Larramendi en las Memoires de Treroux » in Symbolae Luduvico Mitxelena (...)

18Mémoires de Trévoux agerkarian artikulu luze eta guziz baikorra6 agertu zen Larramendi-ren hiztegiaren aipatzeko, 1748-an.

19Bestalde, Euskaldunen ezagutzeko beste iturri nagusia Entziklopedia izan da dudarik gabe orduko jende ikasientzat. Hainbat sartze aurki zitekeen Euskal Herriari buruz. Ondoko artikuluak badira obraren baitako sailkatze moduaren arabera emanak :

  • Géographie : Alava, Biscaye, Guipuscoa, Labourd, Navarre (La Basse, La Haute), Soule ; Bilbao, Bayonne, Vitoria, etar.

  • Histoire : Basques, Biscayens, Gascogne, Navarre, Vascones, etb.

  • Langue : Langue des Cantabres (« Gure aitaren » hastapena ekarria da adibide gisa, Leizarragaren liburutik hartua, erran nahi baita, Jaunari hika ari zaion bertsioan), etb.

20Artikulu gehienak, D.J. siñatuak dira, hots Jaucourt, Diderot-en lankideak eginak. Bigarren eskuko xehetasunak ematen dira, iturri zaharkituak gehienetan eta kontradizio zenbaitekin nahasteka, batez ere hizkuntzaren gainean. Beraz, erran daiteke, guti dokumentatua zen gai bat erabiltzen duela Garat-ek bere gutunean.

2.2. Argien hiztegia Dominique-Joseph Garat-en idazlanean :

21Euskal Herriaren aipatzeko, hurbiletik ezagutzen zituen konzeptoak erabiltzen ditu Garat-ek, Frantziako « Argien » aldeko filosofoek landu eta plazaratu zituztenak hain zuzen. Eragin horren lekukotasuna hiztegian berean aurki daiteke, orduko hitz gako nagusiak behin eta berritz heldu baitira, ondoko aipamenetan agertzen den bezala :

Bonheur (Zoriona) : Le Gouvernement qui seul possède les moyens de rendre a ces vastes Pays leur Bonheur et leurs Peuples, doit parfaitement être seconde par l'activité naturelle, le caractère et le génie de leurs habitants.

Intérêt général (Ororen aldeko jokaera) : L'intérêt général du Royaume est attache aussi au Port de Bayonne et aux Pays qui l'environnent.

Vertu (Onerateko joera) : Le Basque a de la bonté plutôt que des vertus.

Bonté naturelle (jitezko edo jatorrizko Ongintza) : Le Basque est bon mais de cette bonté naturelle qui ne préserve pas des fureurs des passions.

Nature, organisation sociale (Natura, Gizarte antolaketa) : Les lois étemelles de la Nature servent de garants aux lois sociales.

Homme, droits, devoirs, société (Gizakia, eskubideak, eginbideak, gizartea) : Chez ce peuple étranger a tous les Arts et a toutes les Sciences, le sentiment des droits de l'homme est si profond et si développé qu'il sait en tirer la connaissance de tous ses devoirs et de tous ses droits dans la société.

Raison, énergie, sentiments (Arrazoinamendua, kemena, sendimenak) : Au reste, je suis persuade que tout ce qu'il y a raison et d'étendue dans les idées de ce peuple, d'énergique, de fin dans ses sentimens, il le doit beaucoup a la langue qu'il parle.

22Euskaldunaren potreta « Argien » ispiluan egina dela hitzetarik agerian gelditzen da. Ideia horien bitartez gaia errotik berritzen zuen Garat-k eta erran daiteke alde hortarik adibide eta saio bakarra bezala gelditzen dela idazlan hori. Bainan guziz eraikia, egituratua eta trinkoa denez geroz, azterketa zehatza merezi du eta bestalde eginen dugu, gaurko aurkezpen orokorretik berex egitekoa baita.

2.3. Testu-artekotasuna :

  • 7  Michel Duhart-ek xehetasun guziak ematen ditu idatzi duen Garat-en hiografian irakurketa horiei hu (...)

23Garat-en artikulua ez da bakarrik garai baten lekukotasuna. Idazlan aberatsa da beste idazlan askorekin harremanetan eta solasean bezala baita. Testu-artekotasuna nabaria da orrialde horietan, batzutan argiki, erreferentziak agerian uzten dituelako, bestetan molde isil batez. Berak7 idatzi du behin baino gehiagotan irakurle handia eta jarraikia izan dela Bordalen ikasle zenean eta Parisen, Mercure de France agerkarian eta Panckouke argitaletxean liburu kritikari eta idazle gisa lanean ari zelarik. Ikasketen denboran Zahar aroko klasikoak landu ditu baita ere, frantses literaturaren maisuak, batez ere XVII-garren mendekoak. Bainan, Bordaleko ikastetxeetan, filosofoak ere irakurri ditu eta besteak beste Locke eta Bacon pentsalari anglesak. Idazle garaikideak ere gostukoak zituen denbora haietan eta haietarik zenbait miresten zituen, hala nola Rousseau, Parisera heldu eta, bisitatuko duena Rue Plâtriere berak kondatua duen bezala. Gazte denboran irakurri zituen beste frango ere elekatu ditu Pariseko « salon » edo bilgune famatuenetan : Diderot, Marmontel, Raynal, Morellet, etabar.

24Beraz, ez da harritzeko, garaiko obra eta idazle nagusi batzuekin « solasaldia » segitzen baldin badu bere gutunean. Testuan zehar, esplizituki ematen dituen erreferentziak ondoko hauek dira :

  • Autore klasikoak :
    Zahar arokoak : Aristote, Longin, Platon, Pline l'Ancien, Pline le Jeune, Quintilien, Sénèque, Suétone, Tacite.
    Modernoak : Montaigne.

  • « Argien » garaiko idazleak :
    Burlamaque, Hume, Montesquieu, Voltaire.

  • « Argien » garaiko idazlanak :
    Principes du droit naturel, Genève 1747 (Burlamaqui Jean-Jacques : Burlamaque deitzen du Garat-ek, garai hartan jende eta toki izen arrotzak frantsesten baitziren).

25Bainan, esplizituki bezainbat, molde isilean ekarrarazten ditu testura bere irakurketak, erran nahi duenaren indartzeko eta hori iturririk aipatu gabe, jende ikasien arteko solasaldian garai hartan egin zitekeen bezala, Mercure astekariaren idazle eta irakurleek guti gora behera liburu berdinak irakurtzen baitzituzten.

26Hala nola, erraiten duelarik, « Si des Voyageurs, qui savent observer et peindre des Peuples, ne nous avaient pas fait connaître les hommes qu'ils ont vus dans les vallées et les montagnes de la Suisse », pentsa daiteke Rousseau duela gogoan, Saussure edo Gesnner ez bada. Bainan, ikusiz geroz Euskal emaztearen aipatzeko erabiltzen duela erreferentzia hori, Suizako emazteekin konparaketa baten osatzeko gisa, erran daiteke, hain segur, « La lettre sur le Valais » deitzen den lehen parteko XIII-garren kapitulua duela aipagai, La Nouvelle Héloïse (1761) eleberrian aurkitzen dena.

Notre inquiète curiosité va chercher aux deux Pôles des peuplades de Sauvages pour y observer l'homme dans la simplicité des besoins et des mœurs de la Nature, et nous ne daignons pas jeter un regard sur un Peuple qui est à côté de nous, presque sous nos yeux, et qui nous offre l'homme tel qu'il était sous l'influence des institutions primitives, ou l'instinct de la Nature était l'unique législateur des Sociétés.

27Dudarik gabe, solas horiek harremanetan daude XVIII-garren mende guzian argitaratuak izan diren bidai liburuekin, Lahontan-en Dialogues de M. le baron de La Hontan et d'un sauvage dans l'Amérique (1703), Raynal abadearen Histoire des deux Indes (1770) arrakasta handiko liburuarekin, edo oraindik, Cook, Bougainville edo La Pérouse itsas gizonen aurkikuntza lekukotasunekin ; eta hori, gai berari buruz eginak izan ziren eleberri eta fikzioak aipatu gabe. Bainan, ikusiz zer doinu ezezkorra erabiltzen duen, pentsa daiteke, Diderot-en Supplément au voyage de Bougainville (1773) idazlan kritikoaren bideari jarraikitzen zaiola.

28Euskara eta hizkuntzaren gaia hunkitzen duelarik, berdin, ongi ezagutzen eta hurbiletik irakurri zituen Court de Gébelin (Le Monde primitif, 1773) eta Condillac dituela eredu gisa. Halaber, laboraria eta haren bizi moldea goraipatzen dituelarik, Entziklopedian aurkitzen diren artikulu nagusi batzu erabiltzen ditu, batez ere, « Bonheur », « Laboureur », « Peuple », deitzen direnak, ideia berdintsuak hedatzen baititu euskal nekazaria aipaterakoan.

29Garat irakurle bikaina izan da eta hortarik heldu da haren « gutunaren » aberastasuna eta Euskaldunaren potret trinkoaren garrantzia. Alde batetik, Sanadon eta Polverel-ek ez bezala, literatura eta filosofia garaikideen baitan (bainan « Argien » garaian biek bat egiten zuten hein handi batean) oinarritzen ditu bere oharrak, eta bestaldetik, guziz nabari da ez dituela bigarren eskuko erreferentziak erabiltzen, orduko euskal literaturan artetan gertatzen den bezala.

3. Idazlanaren ekarpena :

30Dudarik gabe, Garat-ek gaia berritzen du bere gutunean eta idazlanaren ekarpena neurtu nahi bada, bi alde nagusi berexi behar dira : alde batetik, gaia ikusgai bilaka arazten du Frantzia mailan eta Europako Letren Errepublikaren baitan ; bestaldetik, gaiari buruzko erreferentiak eta haren lantzeko sentsibilitatea berritzen eta aberasten ditu.

3.1. Euskaldunak eta Euskal Herria :

3.1.1Gaia osatu eta finkatu :

313.1.2. Gaia argi handira ekartzen du Mercure de France bezalako agerkari batean toki bat egiten diolarik eta, jakintsunen eta adituen ingurutik hara erakartzen du goi maileko irakurlego zabalago baten menera. Ospea biltzeaz gain, funtsezko informazio lana egiten du, Entziklopediak emana osatzen baitu, neurri handi batean, lehen aldikotz irakurlego hoin zabal batentzat, Euskal Herriaren berezitasunak lantzen eta erakusten baititu eta hori guzia lekukotasun segurren gainean oinarrituz -berea eta ezagutzen dituen adituena. Gutun hortan ez ditu Entziklopedian bezala bigarren eskuko jakitateak erabiltzen hizkuntzaren aipatzeko edo gizarte antolaketaren berezitasunen azaltzeko.

3.1.3. Gaia berritu :

32Hein handi batean ere, gaia berritzen du eta hori alde ezberdin batzuetarik. Konzeptuen aldetik lehenik edo hobe erranez konzeptu mota nahastekatzeagatik. Hain zuzen, idazlan berean eta, hori, lehen partean bereziki bainan besteetan ere, arazo ekonomikoak (modernitatea) eta eskualdearen garapena aipatzen ditu alde kulturalarekin batean (tradizioa, ondarea), Entziklopedistek ohi zuten bezala.

33Beste berritasun bat ere nabari da Euskal gaien lantzeko moldean. Garaiko idazle gehienek ez bezala ez du ordu arte erabiltzen zen mitologia batere baliatzen Euskaldunen berezitasunak azpimarratzeko ; Kantabreak, Japhet, hots, Euskaldunen aspaldikotasuna agerian uzteko erakartzen ziren argumentoak alde batera utzirik, XVIII-garren mendean agertu ziren hizkuntzen teoriak eta lehengo jendaldeen aurkezteko erabiliak ziren ideiak hartzen ditu bere gain, Euskaldunen kasuari egokitzeko gisan. Condillac-en ikasle eta jarraikitzailea izanki, haren arrazoinen bidetik ibiltzen da hizkuntzaren problematikan eta Buffon, Court de Gebelin eta Diderot-enak erabiltzen ditu « salbaien » gaian. Beraz, parekatze lan hortan, konparagai berriak sar arazten ditu, Diderot-en Tahiti eta eskualde urruneko salbaiak edo Rousseau-ren Suiza, besteak beste. Alde hortarik ere, aberaste handia da. Gaiaren ordu arteko mugak zabaltzen baldin baditu ditu geografia mailan, filosofiaren aldetik ere uste baino haratago erematen ditu, lehen gizarteak eta giza eskubideen ikus moldeak lantzen dituelarik batez ere.

3.2. Sentsibilitate berria :

34Ideia berriez gain, beste aldaketa da nabaritzen da Garat-en ikuspegian. Iraultza aintzin literatura eta arteen bitartez Europa guzian hedatzen ari den sentsibilitate berria sar arazten du lehen aldirako Euskal gaietan.

3.2.1. Eskualdeetako jendaldeak eta herri kultura :

35Literatura mailan, Richardson, Rousseau eta Goethe-en idazlanetan aurkitzen da izpiritu hori eta adibide gisa, eman daiteke jadanik aipatua dugun La Nouvelle Heloise eleberria. Garat-ek ere, idatz-molde guziz baikor bat erabiltzen du Baserriko biziaren erakusteko eta Euskal laborarien ohidurak eta lanak aipatzeko unean. Bainan, nekazarien alderako joera literario berri hori ez zen pastoralen (artzain eleberriak) moduko eleberri batzuen osagai bat bakarrik. Mugimendua hedatuago eta konplexuagoa izan zen, Nicolas Restif de la Bretonne-n La vie de mon pere-ren (1779) arrakastak frogatu zuen bezala. Mende klasikotik hara (XVII-garrena) gizarte maileko ezagupen eskasez « ikusten » ez ziren edo gaitzetsiak izan ziren jende xeheak eta herri kulturak literatur gai bilakatu ziren XVIII-garren mende ondarretik aintzina, XIX-garren mende guzian. Eskualdeetan bizi diren jendaldeak fikzio gai ohoragarriak izan dira zenbait urte berantago G. Sand-entzat. Jende xehe horien ohidurak, kantuak eta sorkuntza lanak bilduak izan ziren eta imitazioak izan zituzten Erromantikoen garaian, hala nola Keltiarren inguruan obratu ziren ikerketak eta liburugintza nasaia.

3.2.2. Aurre-Erromantikoen gaiak :

  • 8  Germaine de Staël, De la Littérature, 1800.
  • 9  Volney, Ruines ou Méditations sur les remlutions des Empires, 1791.
  • 10  Chateaubriand, Atala, 1801 ; Le Génie du Christianisme, 1802.

36Sentsibilitate berriak, frantses iraultzaren ondotik, aurre-erromantiko deituak diren gaiak erakarri ditu, harri eta harresi zahar erorien modarekin batean, Germaine de Stael8, Volney9 eta, geroxago Chateaubriand10-en obretara. Iraganaren nostalgia eta galtzearen arrangura ageri dira jadanik Garat-en gutunean Euskal jendaldearen desagertzeari buruz ari delarik pentsaketa :

Celle des Basques diminue sensiblement tous les jours pour des causes dont il n'est pas possible d'arreter l'influence ; (...) elle se perd, le pays se depeuple et si l'on ne se hate d'y porter des secours, ce qu'il en restera ne servira plus qu'a faire voir quelle race d'hommes on a perdue.

4. Idazlanaren mugak eta eskasak :

37Garrantzi handikoa izanik ere, idazlan horrek mugak eta eskasak baditu, ondotik ikusiko dugun bezala.

4.1. Garat-en kontradizioak :

38Kontradizioak ba dira testu guzian, iragana den urrezko aro « zoriontsu » baten lekukoak bezala nahi baititu aurkeztu Euskaldunak :

En observant le Basque dans ce petit nombre meme de rapports que peut lui donner un etat de societe tres simple, on peut voir comment les Anciens s'y prenaient pour etablir la vertu et le bonheur de l'homme social sur les sentiments et les besoins les plus naturels a l'homme ; il conserve encore, dans son caractere et dans sa vie les traits frappants de cette bonte, de cette grandeur, de cette felicite originelle que nous regardons comme un roman de philosophie ou comme une contradiction qui s'est embellie, en s'enfonçant dans les regrets des premiers âges.

39Beraz, iraganari lotua den bizi molde xume eta tradizionala izan behar dute Euskaldunek ezin bestean. Modernitatetik kanpo geratzen dira nahi ala ez. Garat bide hortarik doa gehitzen duelarik « ... peuple etranger a tous les Arts et toutes les Sciences... ». Ondoko mendean loratuz joanen den mitologia berri batean sar arazten ditu bere jendakiak eta herrikideak. Eta orduan, « izpiritu soil eta inuxent » horien artean agertu diren artistak eta idazleak -Quintilien eta Garat bera barne- zer bilakatzen dira ? Badirudi euskaldungoa, arte eta jakitate kultoen gostua kontra jarriak direla... alta berak dio bere buruaz Euskaldun gisa mintzo dela eta hori goi maileko aldizkari batean.

40Gainera, bilakaera gabeko egoera etengabe horrek beste ondorio bat erakartzen du : Euskaldun eta « urrezko aroaren » lekuko egotekotan, Euskaldunek behar dute beti hein berean egon, aldatu gabe, gisa bateko gizarte eta zibilizazio antolaketa ezin hobea moldatu baitute. Beraz, hori aintzinatuz, « Argiek » hain gora ezartzen zituzten balore pedagogikoak, hezkuntza eta ikaskuntza batez ere, funtsik gabekoak ager daitezke Euskaldunen kasuan, beste lehengo jendaldeentzat (salbaientzat) bezala : ez dute zer ikas, ez baitute zer alda. Ondorioz, haien modernitatearen pentsatzeko bidea berak trabatzen dio bere buruari eta, iragana eta tradizioaren sailetara igortzen ditu ezin bestez.

4.2. Eredu berriaren mugak :

41Gorago erakutsi dugun bezala ez da dudarik « eredu berri » bat aurkeztu duela Euskaldunen aipatzeko. Bainan, Euskal Herria ezagutzen duen nor nahik ikus zezakeen egoera konplexuagoa zela. Xehetasunetan sartu gabe, erran dezagun bakarrik beste Euskaldun eredu batzu ikusgarri zirela adituarentzat.

42Hala nola :

  • Euskaldun ikasiarena, Etxeberri Sarakoak eta Larramendik molde ezin hobean irudikatzen zutena, gramatika eta hiztegien bitartez euskara, latina eta erdara parekatzen eta uztartzen baitzituzten, euskal gazteriari kultura klasikoaren bidea ideki nahiz.

  • Axular, Kardaberaz eta Daguerre bezalako idazle eta eraikitzaileek aurkeztu zuten Euskaldun katolikoa ere hor zuen eta hurbiletik ezagutzen zuen, lehen ikasketak Larresoroko Seminario eraiki berrian egin baitzituen. Begien bistako eredu horri buruz ere ez du hitzik erraten.

43Eta osa genezake ereduen zerrenda hori, Sanadon eta Polverel-ek orduko Euskal instituzioentzat, lehengo gizarte antolaketaren gainean oinarrituz, eskubidearen bidetik finkatzen ari ziren eredu hura ere esku menean zuen. Bizkitartean, bere idazlanean, ez du eskubidean oinarritzen den eredu hori kontutan hartzen, ongi ezagutzen duelarik. Tesia horien jakinean da, Lapurdiko Biltzarraren aholkularia baita eta haren ordezkari izanen baita zenbait urte berantago Pariseko gobernuarekilako harremanen kudeatzeko eta Lapurtarren interesen zaintzeko. Bainan, Mercure-reko gutunean, ez ditu argudio horiek batere baliatzen.

44Bukatzeko, aipa dezagun, haurtzarotik aintzina ezagutu duen herri kultura (kantu, bertsu, tobera-mustra eta beste sorkuntza lanak eta ikusgarriak) ; herri eredu hortan beste kulturen eragina ageri da adituarentzat eta argi da Euskal bizi moldea ez dela inguruko kulturetarik hain ezberdina. Ageri da ere Euskaldunak ez direla, mendez mende, lehen bezala egon, hots ez direla « Lehengo gizarteen » lekuko garbi edo ez nahasiak » bezala hartzen ahal.

Bururapena :

45Lettre sur Bayonne et sur les Basques deitu idazlana « Argien mirailan » egina dela ez da dudarik. Ikusi ditugun arrazoin askorengatik erran daiteke, idazlan ideologiko bat -zentzu hoberenean-, ideia berrien arabera moldatzen baitu Euskaldunen aurkezpena Garatek. « Argien eragin zuzena » dakarren idazlana dela gehi dezakegu eta, alde hortarik, pentsa daiteke adibide hoberenetarik bat dela (non ez den lekukotasun bakarra ?).

46Bainan ez da ahantzi behar, kontestu berezi batean egina dela. Garai hartako goi mailako astekari kultural batean argitaratua da eta saio literario bezala pentsatua da ere. Berdin, baldintza hortarik heldu zaio zehaztasun zientifiko eskasa, « objektibitate » falta. Zeren eta, begien bistakoa da « mitologizatze » edo eraiketa mitologiko une berri batean sar arazten dituela Euskal gaiak, « Argien » garaiko antropologia eta filosofiaren ildotik abiatuz. XIX-garren mendean jarraikitzaileak eta ondorioak izan ditu « eredu » berri horrek, Baionako liburutegian aurki daitekeen eskuz egina den kopia eragin horren frogatzat hartzen ahal dugularik. Hein batean, Xaho bezalako autore bat bide hortarik abiatzen da zenbait urte berantago ; haren idazlanek « eragin » horren ezaugarriak erakartzen dituzte, bainan, gai hori lantzekoa da oraindik. Agian, Xaho-ri buruz bidean diren ikerketa batzuek xehetasun eta argitasunak emanen dituzte ondoko hilabeetan.

Top of page

Bibliography

— Chateaubriand : Atala, 1801 ; Le Génie du Christianisme, 1802.

— Diderot, Denis : Supplément au voyage de Bougainville.

— Mercier, Louis-Sebastien : Tableau de Paris (1781).

— Restif de La Bretonne, Nicolas : La vie de mon père (1779).

— Rousseau Jean-Jacques : La Nouvelle Héloïse (1761), Les Confessions (1782).

— Staël, Germaine de : De la Littérature, 1800.

— Volney : Ruines ou Méditations sur les révolutions des Empires, 1791.

— Chartier, Roger : Les origines culturelles de la Révolution française, 1990, Ed. du Seuil.

— Darnton, Robert) : L'aventure de l'Encyclopédie, 1982 (frantses itzulpenena), Ed. Perrin.

— Bohème littéraire et révolution, 1983, Ed. Gallimard.

— Gens de Lettres, Gens du Livre, 1992, Ed. Odile Jacob.

— Duhart, Michel : Dominique-Joseph Garat (1749-1823), Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne, 1992-1993.

— Minski, Alexander : Lepréromantisme, 1998, Ed. Armand Colin.

— Roche, Daniel : Le Siècle des Lumières en Province, 1978. Ed. E.H.E.S.S.-CNRS.

— Tellechea Idigoras, J.I. : « Larramendi en las Mémoires de Trévoux » in Symbolae Luduvico Mitxelena septuagenario oblatae, Vitoria, 1985.

Top of page

Notes

1  Ikus : Robert Damton LAventure de l'Encyclopédie, 1979, [1982, frantses itzulpena].

2  Daniel Roche, Le Siècle des Lumières en Province, Paris, 1978.

3  Michel Duhart, « Dominique-Joseph Garat (1749-1823) », Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne, 1992-1993.

4 Guyenne : Erregimen zaharreko eremu zati bat, guti gora behera, oraiko Akitania.

5  Memoire sur la Decadence du Commerce de Bayonne et de Saint-Jean-de-Luz, 1782.

6  J.I. Tellechea Idigoras : « Larramendi en las Memoires de Treroux » in Symbolae Luduvico Mitxelena septuagenario oblatae, Vitoria, 1985.

7  Michel Duhart-ek xehetasun guziak ematen ditu idatzi duen Garat-en hiografian irakurketa horiei huruz.

8  Germaine de Staël, De la Littérature, 1800.

9  Volney, Ruines ou Méditations sur les remlutions des Empires, 1791.

10  Chateaubriand, Atala, 1801 ; Le Génie du Christianisme, 1802.

Top of page

References

Bibliographical reference

Jean Casenave, “D. J. Garat-en Lettre sur Bayonne et sur les Basques « Mercure de France » aldizkarian (1783-02-08)”Lapurdum, 9 | 2004, 97-116.

Electronic reference

Jean Casenave, “D. J. Garat-en Lettre sur Bayonne et sur les Basques « Mercure de France » aldizkarian (1783-02-08)”Lapurdum [Online], 9 | 2004, Online since 01 March 2009, connection on 29 March 2024. URL: http://journals.openedition.org/lapurdum/814; DOI: https://doi.org/10.4000/lapurdum.814

Top of page

About the author

Jean Casenave

Université Michel de Montaigne Bordeaux 3, Iker UMR 5478 CNRS
jean.casenave@u-bordeaux3.fr

By this author

Top of page

Copyright

CC-BY-NC-ND-4.0

The text only may be used under licence CC BY-NC-ND 4.0. All other elements (illustrations, imported files) are “All rights reserved”, unless otherwise stated.

Top of page
Search OpenEdition Search

You will be redirected to OpenEdition Search