Navigation – Plan du site

AccueilNuméros9ArticlesSalvat Monho olerkariaren metrika

Articles

Salvat Monho olerkariaren metrika

Jean Haritschelhar
p. 135-147

Entrées d’index

Chronologie :

18e siècle
Haut de page

Texte intégral

1Duela hogeita hamar urte baino gehiago Ikas batasuneko zuzendaritzak erabaki zuen argitaratzea Piarres Lafitte euskaltzainak egina zuen liburua Salvat Monho (1749-1821) olerkariaren kantuak biltzen zituela osoki esku-idazki bati esker. 1972an agertu zen liburua Poèmes basques de Salvat Monho (1749-1821), presentes, transcrits, traduits et annotes par Pierre Lafitte de l'Académie Basque, Editions Ikas, Musée Basque, rue Marengo, 64-Bayonne, 1972.

2Orotarat, 51 kantu dira, 16 profanoak eta 35 elizako kantikak. Gutitan, euskal literaturan, aurkitzen dira hainbeste kantu idazle bakar batek eginak eta obra oso horretaz baliatuko naiz Salvat Monho olerkariaren metrikaren aztertzeko.

3Salvat Monho Izturitzen sortu zen 1749an eta gazte zelarik umezurtz gelditu zen, zortzi urte zituela bakarrik. Asma daiteke aski gazte sartu zela Larresoroko seminario berrian, berrikitan eraikia baitzuen Daguerre apezak. Dakiguna da apeztua izan zela 1774ean, hogeita bost urte zituela.

4XVIII. mendeko apez horietarik da Salvat Monho, gizon ikasia, latina eta frantsesa jakinki behar den bezala, bi hizkuntza horiek baliatuak baitziren bereziki orduko erakaskuntzan.

5Bada Frantzian hezkuntzari buruz kezka haundi bat. Fénelon artzapezpikuak idazten du Traite de l'éducation des filles, beraz nesken irakaskuntzarako gidaliburua, eta geroxago, izendatu zutelarik Luis XIV.-ren bilobaren erakasle, harentzat idatzi zuen Les aventures de Télémaque. XVIII. mendearen bigarren zatian Jean-Jacques Rousseau-k idazten du L'Emile, eleberri pedagogikoa (1762), nahiz ez zituen azaltzen zituen ideiak aplikatu bere haurrei. Argien mendean gaudelarik ikus daiteke kezka berbera agertzen dela Euskal Herrian, lekuko dela Sarako Etxeberriren liburua : Escual Herri eta Escualdun guztiei escuarazco batsapenac latin icasteco eta, apezen hobeki moldatzeko, Larresoroko seminarioaren idekitzea.

6Gizon ikasia zela Salvat Monho, ez da dudarik ; Bacchus-i eskaintzen dio kantu bat oso alegera, zinez ostatuko kantua, arnoaren gozoa goraipatzen duena, tristuraren kasatzeko erremedio ona :

Dugun edan berriz ere ; beti dut aditzea,
Bien ondotik on dela hirugarren kolpea ;
Oraino triste badire gure bibotz barrenak
Alegeratuko ditu menturaz laugarrenak.

7« Poeten errenkurak Apolonen kontra » deritzan kantuan adiarazten du gaizki bizi direla olerkariak :

Parnasean dabiltzanen sabelak eta moltsak
Airez hantzen ez badire, ardura dire hutsak.

8eta hortakotz agertzen ditu bere kezkak. Bi etsenplu horiekin ikus daiteke nor zen Salvat Monho.

9Azkaingo menetei ihardesten dielarik hiru gizon sakratu dituztelakotz koplatu, bera barne, argi eta garbi erakusten du haren kontra agertu diren jorraldiak eta gezurrak, haien artean « sobera dakiela », « ederki mintzo dela ».

Orai ere non nahi
Monhoren omenari
Azkaindarren gezur tzarrek
Ez hango andren biltzarrek
Ez diote garabik
Egin bidegaberik

Sobera dakiela
Ederki mintzo dela !
Zeren berek ez dakiten
Askotan zer derasaten
Diote iratxaki
Eta pleinlan ezarri

10Apez ikasia beraz, Salvat Monho-k bi aurpegi agertzen ditu. Kantikak idatziz erakusten du eliza gizon zintzoa dela, doktrina behar den bezala azalduz, bainan denbora berean ezagutu du frantses iraultza, haren kontra jokatu da zin egileen aurka, sortuz kantu garratzak noiztenka, umorez beteak askotan. Zinez XVIII. mendeko olerkari bat da, bere garaian murgildua, kantua baliatuz bere ideien barreiatzeko, kantuak baitzuen, bereziki Frantzian, eragin haundi bat.

Ohidurari jarraikiz

11Ohidura zahar bat badago Euskal Herrian, bertsulariena bereziki, kantuak sortzen direla aire ezagun zahar bat segituz. Ez dute besterik aitortzen kantu-egileek derasatelarik :

Ahaire zahar huntan bi bertset berririk.
(Arengaraiko primaren khantorea)

12Mendiague batek ere idazten du :

Airea zahar eta kantorea berri
Sujetak ere dire anhitz xarmagarri.

13« Arbasoak » deritzan olerkian hauxe dio Elizanburu Saratar koplari famatuak :

Mila bat zortzi ehun eta lauetan hogoiean
Bertsu berri hauk eman dire aire zahar batean.

14Ohidura zaharrari jarraiki zaio Salvat Monho zazpi kantutan, bereziki kantu profanoetan sei direlarik. Horiek dira :

- Chanson bachique (4 bertsu),
- Urruñako Jaun erretorari
(15 bertsu),
- Carat eta Iturbiderentzat
(12 bertsu),
- Ihardestea
(8 bertsu),
- Garat-ek Erregeri hiltzeko arrasta irakurtu ondoan (bertsu bakarrekoa),
- Poeten errenkurak Apolon-en kontra
(8 bertsu).

15Kantu horietan lau neurtitzeko bertsua baliatzen du, neurtitz bakoitzak 15 silaba dauzkala, bi zatitan emana 8+7, eten batekin zortzigarren silabaren ondotik.

16Aspaldian ezagutuak dira bai bertsuak eta bai neurtitzak euskal literaturan Etxeparerekin hasi-eta, segitzen dutela XVII. mendean Etxeberri Ziburukoak, Harismendi-k, Hirigoity-k, Argainaratz-ek.

17Egia da ere 8+7 neurtitzak hatzematen ditugula Hegoaldeko kantu zahar batean :

Mila urte igarota ura bere bidean ;
Gipuzkoarrak sartu dira Gazteluko etxean,
Nafarrokin batu dira Beotibarren pelean.

18Etxepareren neurtitzez Oihenart-ek zion ez zirela holakorik aurkitzen beste literaturetan : « Ce sont tous de Vers de quinze syllabes, dont nous ne trouveron spoint dexemple parmy les ouvrages des poètes françois, Italiens et Espaignols (ches lesauels Les plus longs Vers sont les alexandrins féminins contenant treize syllabes) et parmy les Latins Encore moins (Gure Herria, 1967, 227-228 or.) ».

19Hamahiru silabako neurtitza aurki daiteke ere Salvat Monho-ren « Erregeren otoitza » deritzan kantuan lau neurtitzeko bertsuetan, etena delarik zazpigarren silabaren ondotik (7+6).

20Lau neurtitzeko bertsuari buruz bi ohar :

211. Gehienik Monho-k erabiltzen duen bertsua da lauko ertaina (8 + 7), sei aldiz, eta aldi bat bakarrik lauko ttipia (7+6). Ez du sekulan erabiltzen lauko nagusia (10+8), hain erabilia izanen delarik XIX. eta XX. mendeetan.

222. Ez du bertsularien ohidura segitzen errima berbera erabiliz lau neurtitzetan. Frantses modura doa bi errima parekatuak (a a b b) baliatuz, salbu « Ihardestea » deitzen den azken bertsuan :

Idalgotan sartu gabe direla sinetsiak
Gure osebak direla edo gure kusiak,
Deputatu egin tugun Garat anaia biak
Ardiesten badituzte gure galde guziak.

23Hori da salbuespen bakarra.

24Ez da lehena hola jokatzen dena. Bada, XVII. mendetik hasiz, holako ohidura Iparraldeko euskal idazleetan, hain zuzen, jadanik aipatu ditudan olerkariek finkatua, Etxeberri Ziburukoak, Harismendi-k, Hirigoity-k. Horretan datza ene ustez bertsolaritzaren eta olerkigintzaren diferentziarik nabarmenena, olerkariek frantses metrika dutela eredutzat hartzen. Argi dago bi ohidura desberdin aurkitzen direla : alde batetik neurtitz luzearen erabilera izan dadien (8 + 7)-koa edo (7+6)-koa, bainan errima parekatuekin eta ez errima bakarra baliatuz.

Sorkuntza berria

25Kantua kantu, aireak edo doñuak manatzen du. Aspaldiko ohidura da « Airezahar batean bertsu berriak » paratzea eta ez du besterik egin Salvat Monho-k, ez baitu, dakidanez, aire berririk sortu. Askotan, bainan ez beti, aitortzen du berak zein aire baliatu duen kantu baten emaiteko. Hain zuzen, interesgarria da jakitea zein diren, beraz, nola sortu den kantua.

26Hamazazpi kantu eginak dira frantses aire bat baliatuz, bainan orotara hamar airetan :

1 De tout un peu (lau aldiz),
2 Ah ! vous dirai-je maman,
3 Dans cette étable (hiru aldiz),
4 La marche du régiment du Perche (bi aldiz),
5 Il faut attendre avec patience,
6 Je viens à vous Seigneur. instruisez-moi,
7 Foudres, éclairs, trompette et tonnerre (bi aldiz),
8. Avec les jeux dans le village,
9. Tout n'est que vanité,
10. Vive Jésus, vive sa croix.

27Latin kantuetarik bi aire :

- Lauda Sion,
- Te Deum laudamus.

28Aire euskalduna baliatuz egin ditu hamar kantu zortzi aire direla bakarrik :

1. Beltzuntzeren koplen airean (bi aldiz),
2. Atzar gaiten atzar lotarik,
3. Amodiorik baduzula ez ziautazu iduri,
4. Lauda zagun misterio handia,
5. Joan zaut loa, joan zautjana (bi aldiz),
6. Pelegrinen airean,
7. Dezagun kanta gogotik,
8. Zerutik jautsi ziren bitima garbia.

29Aire horietan dudatan ezartzen ditut bi aire bederen : « Beltzuntzeren koplen aire » delakoa, kopla horiek beste aire batean eginak izan daitezkeelakotz eta « Atzar gaiten atzar lotarik » eguberriko kantu ezaguna, Etxeberri Ziburukoarena, oraindik kantatzen dena (9 + 8) duen egituraren gatik. Hirugarren bat izan daiteke « Pelegrinen airea », hau ere (9-4-9-4-8-5-8-7) duen egituraren gatik, aspaldian ezagutuak baitira frantses pelegrinen kantuak, hala nola Troyes hiriko bilduman. Adibidez :

Quand nous fûmes à Saint Dominique
Hélas ! mon Dieu !
Nous entrâmes dedans l'église
Pour prier Dieu ;
Le miracle du pèlerin
Par notre adresse
Avons ouï le coq chanter
Dont nous fûmes bien aise.

30Orotara 29 kantu dira aire ezagutu batean kantatzen direnak, 20 direlarik aire horiek. Gelditzen dira 22 kantu aire ez ezagutu batekin kantatuak, haien artean lauko ertaineko sei kantuak, aire euskaldun batean asma daiteken bezala eta lauko ttipikoa.

31Halere nabaria da frantses doñuen eragina eta horrek ondorioak baditu kantuen egituran. Azter ditzagun bertsu bakoitzean nola uztartzen diren neurtitzak.

1. Hiru neurtitzeko bertsua

32 « Lauda Sion » deitzen den kantuan agertzen da bertsu hau : 18 bertsu dira 8-8-7 egiturarekin laukoa agertzen dela 8-8-8-7 lau bertsutan eta bostekoa 8-8-8-8-7 azken bi bertsuetan. Egia erran Salvat Monho-k segitzen du latinezko kantua, bai hitzetan eta bai metrikan. Alabainan parekatzen dira bertsuak lehen 18etan a a b c c b d d e f f e eredua segituz.

Sion, Salbatzaile ona,
Gidari eta artzaina,
Lauda zazu kobletan

Ez gupidets ein abala
Zeren ezin aski lauda
Baidaiteke sekulan.

33Laukoa hasten da « Fracto demum sacramento » latinez, « Ostia hautsirik ere » euskaraz a a b b ereduarekin.

Ostia hautsirik ere,
Ez dudan egon batere
Hanbat dela zatittoan
Nola baida osoan.

34Azken bi bertsuak hasten dira « Bone pastor panis vere » hitzekin, « Jesus artzain Jesus ogi » euskaraz a a b b a egiturarekin.

Guzizzuhur, boteretsu,
Zuk hemen hazten gaitutzu :
Hor ere, mahain berean
Zure sainduen artean
Otoi plaza gaitzazu

2. Lau neurtitzeko bertsuak

35Jadanik ikusia dugu lauko ohikoa, errima bakarrekilakoa. Beste mota batzu agertzen dira Monho-ren olerkietan. « Eskandala » deritzana, Mentaberri apez zinegilearen kontra egina da bederatzi eta zortzi silabako neurtitzekin (9-8-9-8) errima gurutzatuekin (a b a b). Lehenbiziko bertsua errepikatzen da eta bosgarren bertsuraino errepikatzen da eta gero beti « Eskandala izigarria »-rekin hasiz, aldatuz badoa, errepika gisa gelditzen delarik, egitura bera atxikiz (9-8-9-8) eta (a b a b). Airea : « Atzar gaiten atzar lotarik » ongi hautatua da Bardozeko jendeen atzarrazteko, ikus dezaten zer diren apez zinegileak Mentaberry eta Tisso.


Orai artean Bardoztarrek
Lege bat zuten segitzen.
Bainan orai Jainkotiarrek
Bertzela dute pentsatzen.

Errepika
Eskandala izigarria
Dugu Bardozen ikusi ;
Mentaberrik dauku berria
Partitu eta nabasi.

36« Jaunaren hitzaz » deritzana beste gisara egina da. Egitura (8-9-8-9) errima gurutzatuekin (a b a b). Errepika bat dauka, zortzi silabako bi neurtitzeko errima parekatuekin (c-c).

Laster eigun predikura ;
Jauna da han mintzo zaikuna
Eta haren gantzudura
Bihotzak hunkitzen tuena.

Errepika
Laster eigun predikura,
Graziaren ur-burura.

37Errepikaduna ere « Ifernuaz eta hango penaz » neurtitzak direlarik zortzi eta zazpi silabakoak (8-7-8-7) errima gurutzatuekin (a b a b) errepikak eskaintzen dituelarik bi neurtitz errima berarekin, sei eta zazpi silabadunak (6-7) eta (c - c).

Kreatura damnatua,
Hire penak zer diren,
Zer den hire infemua
Zenbat dukan sofritzen.

Errepika
Erraguk, erraguk
Argitu nahi gaituk

38Bi kantutan hautatuko ditu beste neurtitz batzu, hamaika eta hamar silabakoak, aldizkatuz neurtitzak : « Purgatorioaz » delakoan (11-10-11-10) beti errima gurutzatuekin (a b a b).

O arima Jainkoaz onetsia,
Orroit hadi hadela leku bat
Hemen arras Jaunaren justizia
Satifatu ez duenarentzat.

39« Predikua hasterakoan » aldiz (10-11-10-11) atxikiz errima gurutzatuak (a b a b).

Otoi, Jauna zuk argi gaitzazu,
Zuk bakarrik zure lege saindua
Progotxoski irakasten duzu
Bihotzetan ezartzen finkatua.

40Beste bi kantuk egitura berezi bat daukate. « Azken jujamenduak » eta « Te Deum laudamus » deritzanak eginak dira baliatuz hiru neurtitz ezberdinak (11-10-11-8) errimak gurutzatzen direlarik (a b a b)

Aditzen da tronpeta lazgarria
Etorri da jaunaren eguna
Egun triste, egun lotsagarria
Eta egun handiena
(Azken jujamendua)

Egun, Jauna, gure bozkarioak
Galdetzen tu leku guzietan
Kanta diten zure laudorioak
Himno eta kantiketan.
(Te Deum laudamus)

41Beste mota bat eskaintzen du Salvat Monho-k « Jondoni Joani Batistaren laudoriotan » deitzen den kantuan nahasten dituelarik hamaika silabako neurtitzak bostekoarekin (11-11-11-5) errima gurutzatuak baliatuz.

Mundu galdu hau erreparatzeko,
Kristo lurrerat etorri zaizkigu.
Egun Batista ongi laudatzeko
Garbi gaitzazu.

3. Bost neurtitzeko bertsua

42Kantu batetan bakarrik agertzen da bost neurtitzeko bertsua. « Ave Maria » delakoan nahasten ditu hamaika eta hamabi silabako neurtitzak bertsua bukatzen delarik sei silabako neurtitz batekin aurreko neurtitzaren bigarren zatia errepikatuz (11-11-12-12-6), bainan kantu honetan errima parekatuak eskaintzen ditu (a a b b b). Adibidez :

Bete zaitu Jaunak bere graziaz,
Zurekin da izaitez, zuhurtziaz,
Emazten artean benedikatua
Zare, eta jesus zuk eman fruitua
Zuk eman fruitua.

4. Sei neurtitzeko bertsuak

43Lau aldiz baliatzen du sei neurtitzeko bertsua. « Azkaingo menetei » eskaintzen dien kantuan zazpi eta zortzi silabako neurtitzak agertzen dira (7-7-8-8-7-7) eta ikusiz nola lerrokatzen diren errima parekatuez ornituak dira, beraz (a a b b c c).

Hirur gizon sakratu
Ahal tuzte koplatu
Zenbait meneta ausartek
Edo debot hipokritek
Uztailaren bieko
Birjina ararteko.

44« Bekatorearen zortea » azaltzen duelarik lau neurtitz mota baliatzen ditu : zortzi, bost, lau eta zazpi silabakoak (8-5-8-4-8-7) errima parekatua lehen bi neurtitzetan, gurutzatua beste lauetan (a a a b a b).

O zein den zorte tristea,
Bekatorea,
O zein den zorte tristea
Pentsa-zak maiz
Bekatuan bizitzea
Salbatu nahi bahaiz.

45Beste biek « Dohatsu egiazkoak » eta « Jainkoaren presentziaz » egitura bera daukate zortzi eta bederatzi silabako neurtitzen (8-9-8-9-8-8) errima gurutzatu eta parekatuez eginak (a b a b c c).

Munduak aberatsenak
Dagoka direla dohatsu ;
Ordean bertzela Jaunak
Mendian erakatsi dauku
lzpirituz pobre dena
Erran du dohatsu dela
(Dohatsu egiazkoak)

Abrahami Jaunak herak
Abisu hau eman zioen,
Ein zitzan bere obrak
Perfet izan nahi bazuen
Haren obedientzian
Eta haren presentzian.
(Jainkoaren presentziaz)

5. Zazpi neurtitzeko bertsuak

46Orotara zortzi kantu oso desberdinak doñuaren arabera eginak baitira. Hiru multzotan bil daitezke.

47a) « Erromako gortetik » eta « Mentaberriren posesionetan sartzearen okasionea » eginak dira « Beltzuntzeren koplen » airean eta beraz egitura berbera daukate 7-7-6-7-7-6-6 aldizkatzen direlarik zazpi eta sei silabako neurtitzak errimak parekatuekin a ab c c b b.

Erromako gortetik,
Aita Saindua ganik
Jin dire berriak
Pontifo berrientzat,
Apez zin egilentzat,
Bihotz hautsgarriak
Eta latzgarriak.
(Erromako gortetik)

Cure eliza hartu
Eta handik kasatu
Gaitu Mentaberrik,
Etsaiek zitadela
Hartzen duten bezala,
Tropak ezarririk
Alde orotarik.
(Mentaberriren posesionetan...)

48b) Lau kantu, biga profanoak « Bardozen glub » eta « Distrikerat » eta biga elizakoak « Usaiako aktak » eta « 0 Betleem » oraindik kantatua den eguberriko kantua, horiek guziak frantses aire bat « De tout un peu » segituz. Bainan ez dute egitura berbera ukanen. Iraultza denborakoak, lehenbiziko biak, berdinak dira lau, bederatzi eta zortziko neurtitzak nahasiz. (4-9-4-8-9-9-4) bertsu bakoitzean lau silabako neurtitza errepikatzen dela hiru aldiz errimak kurioski banatuz. a b a a b b a, errima besarkatuak agertzen direlarik azken lau neurtitzetan.

Bardozen glub !
Bakearen gostuz badere
Bardozen glub
Egin nahi dute batzuk !
Zer ari diren balakite,
Egin nahi ote lukete
Bardozen glub ?
(Bardozen giub)

Distrikerat !
Lehen gizonak joan badire
Distrikerat
Apezen akusatzerat,
Zenbait dontzeila izan ere
Bardozetik joan omen dire
Distrikerat.
(Distrikerat)

49Egitura bera dauka « O Bet/eem »-ek neurtitzetan eta errimetan, berezitasun batzu aurki daitezkelarik « Usaiako aktak » kantuaren errimetan. Alabainan lehenbiziko bertsuan aurkitzen dugu a b a b c c a, bigarrenean aldiz a b a a b b a, bertze hiru kantuetan bezala.

O Betleem,
Ala egun zure gloriak
O Betleem 
Ongi baitu distiatzen !
Zu ganik heldu den argiak
Betetzen tu bazter guziak
O Betleem !
(O Betleem)

Sinesten dut
Elizak dagozkan egiak
Sinesten dut
Hala direla guziak.
Neronek ikusirik baino
Hark erranik segurkiago.
Sinesten dut.

Jauna baitan
Eman dut ene fidantzia
Jauna baitan,
Haren miserikordian
Ediren uste dut bizia
Eta salbatzeko grazia
Jauna baitan
(Usaiako aktak)

50c) Azken multzoan daude elizako bi kantu « Justuaren fidantzia umilla » eta « Birjina sainduaren kantika », biak kantatzen direla « Joan zaut loa, joan zaut jana »-ren airean. Egitura bera beraz zortzi eta zazpi silabako neurtitzekin (8-7-8-7-8-8-7) errimak direlarik (a b a b c c b).

Berant zaitut ezagutu
O Jesus dibinoa ;
Berantegi dut senditu
Zure amodioa ;
Zure karitateari
Berant diot ihardetsi.
Hau da ondikoa !
(Justuaren fidantzia umilla)

Ez dezaket sekretuan
Iduk ene gozoa :
Erantzun bedi munduan
Ene bozkarioa.
Mundu guziak behar du
Ene baitan adoratu
Jainko egiazkoa.
(Birjina sainduaren kantika)

6. Zortzi neurtitzeko bertsuak (zortzikoak)

51Zortziko hauetan neurtitz bakoitzak dauka bere errima, beraz egiazko zortzikoa da eta ez Hegoaldean deitzen dena.

52Orotara 11 kantu dira, denek errimetan eskaintzen dituztela egitura berbera erran nahi baita errima gurutzatuak (a b a b c d c d). Egia da bertsu batzutan, bainan gutitan agertzen dela beste egitura bat (a b a b a b a b).

53Zortzi eta zazpi silabako neurtitzez eginak dira haien artean zortzi kantu (8-7-8-7-8-7-8-7), bat profanoa : « San Kasteteneko andregaiak Filipineko oilarrari » eta beste zazpiak elizakoak : « Apostoluen sinbola edo Credoa », « Bertute teologalak », « Bertute moralak », « Relisionaren bertuteaz », « Gizonaren azken finak », « Denboraren balioa » eta « Umilitatea ».

I. Oilar kruel, oilar bortiz
O oilar fanfarruna !
Gure oiloak bi aldiz
Alargundu tuana,
Goregi kantatzen baduk
Ereman bitoria,
Promes dauat, galduko duk
Laster hire bizia !
(San Kasteteneko andregaiak...)

II. Sinesten dut jainko Aita
Guziz boteretsuan :
Guzien egilea da Lurrean bai zeruan.
Ikusten diren guziak
Berak ditu kreatu
Eta ezin ikusiak
Izaiteaz dohatu (bis)
(Apostoluen sinbola edo Credoa)

III. Munduko jakintsunak
Eta haren argiak
Maiz tronpatzen tu gizonak
Lilluratzen begiak.
Bainan fedea gidari
Hartzen duen guziak
Ikusten ditu segurki
Jakin behar egiak.
(Bertute teologalak)

IV. Fedeaz giristinoa
Dohatu duenean,
Ezarri dio koroa
Jaunak buru gainean.
Bainan beti orroit bedi
Nausi bat baduela
Bizi ez bada zuzenki
Punituko duena.
(Bertute moralak)

V. Gure kreatzaileari
Adorazionea
Haren handiatasunari
Zor zaion ohorea
Bihurtzerat erakartzen
Gaituen bertutea,
Bertute hortan zerratzen
Da relisionea
(Relisionaren bertuteaz)

VI. Herioak mundu huntan
Ez du nihor gupida :
Monarken palaziotan
Etxoletan bezala
Sartzen da berdin ausartki
Eta haren kolpeak
Badaramatza sotilki
Zahar eta gazteak.
(Gizonaren azken finak

VII. Denboraren balioa
Ez daiteke estima.
Zerua da prezioa
Ixtant bakotxarena.
Hartaz ongi baliatuz
Heltzen dire zerurat,
Hura gaizki enplegatuz
Betikotz infernurat
(Denboraren balioa)

VIII. O umilitate saindu,
Bertuten zimendua
Saindutasunak zu zaitu
Betiko sustengua.
Zenbatenaz apalago
Bai datza ezarria
Hanbatenaz bortitzag
Da zimendu berria.
(Umilitatea)

54Argi dago (8+7) neurtitz luzea zatitzen dela bi neurtitzetan, bakoitza errimadun izanez. Sendi daiteke zein maite zuen Salvat Monho-k 8 eta 7 silabako erritmoa edo luzea edo zatitua.

55« Zerurako hats-gorapenak » deitua « Pelegrinen airean » sortua da. Jadanik aipatua dut frantses doñuak azaltzen nituelarik. Egitura : (9-4-9-4-8-5-8-7).

Zeruan da ene herria .
Beher huntan
Biderant bat naiz etorria
Egun hautan. Munduko distiadurak
Ez nau xoratzen,
Zorionaren itxurak
Ez deus ditut kondatzen.

56Gelditzen dira « Hirur izen sainduan : Jesus, Maria, Josepen inbokazioneaz » (7-6-7-6-7-6-7-6) lauko ttipia zortzi neurtitzetan jarriz eta « Baketiarren eta mendekarien artean ihardukia », hau egituratzen dela (9-8-9-8-9-8-9-8). Dakigularik azken honek airea daukala « Avec les jeux dans le village », argi eta garbi dago frantses kantua zortzi silabakoa dela aldizkatuz errima femeninoak eta errima maskulinoak, edo gazteleraz llano/agudo. Hola sortu dira gure (7+6), (8+7) et (9+8).

Jesus, Mana, Josep,
Beti behar tugu
Beneratu kristauek
Eta maiz aipatu.
Mihiz eta bihotzez
Aipatuz ardura,
Izen horien bidez
Heltzeko zerura.
(Hirur izen sainduen...)

Gaizki aditurik legea,
Juduek uste bazuten
Adixkideen maitatzea
Zela xoilki manatzen,
Lege-emaile dibinoa
Garbiki da esplikatu :
Egiazko amodioa
Etsai berentzat manatu.
(Baketiarren eta mendekariaren...)

7. Bederatzi neurtitzeko bertsuak

57Bederatzi kantuk osatzen dute sail hau. « Madama Beltzunzeri » eskainitako kantuak egitura berezia dauka nahasiz bederatzi, zortzi eta lau silabako neurtitzak : (9-8-9-8-4-4-9-8-8) errimak banatuz (ababccbdd) ereduan, nahasiz errima gurutzatuak eta errima parekatuak. Holakorik ez da hanitz ikusten euskal literaturan.

Eskual herrien edergailu
Parisetik etorria,
Zer inkontru gaixtoz daukuzu
Doluan utzi herria ?
Zer bihotz min !
Zu Ernanin !
Mineta oroz onetsia,
Jin zite gure herrirat
Guzien kontsolatzerat.

58« Dans cette etable » doñuarekin hiru kantu dauzkagu, bat profanoa « Nafar goxoan », beste biak elizakoak « Justuen bozkarioak » eta « Aingerue » (5-6-5-6-6-6-7-6-5) egiturarekin bertsu bakoitzean eta hori hiru kantuetan lehen eta bederatzigarren neurtitzak berdinak direla, bukaerak errepikatzen duela hasiera. Errimak gurutzatuak lehenik, parekatuak gero eta azkena lehen bezalakoa (ababccdda).

Nafar goxoan
Trenpatuz bixkotxak
Hartu ondoan
Altxaturik hozak
Erragun bertsuta
Kurruxa, plan, plan, plan
Gure xangrin guziak
Diren ehortziak
Nafar goxoan.
(Nafar goxoan)

Hain da eztia
Jaunaren legea,
Barne guzia
Uzten du betea
Esperantza one
Kontsolazionez
Ene gustu handia
Han dut ezarria
Hain da eztia.
(Justuen bozkorioak)

Aingeru tropak
Zituen kreatu
Jaungoiko onak
Eta destinatu
Gure gidatzeko
Eta beiratzeko
Zerurako bidean
Etsaien artean
Aingeru tropak.
(Aingeruez)

59Azken multzo batean sar daitezke bost kantu, « Orroitzapenak », airea « Sur la marche du regiment du Perche », kantu profanoa eta bertzeak elizakoak, « Bekatu mortala », « Bekatu benial », « Bekatu kapitalak » eta « Sakramenduak », denak egitura berekoak : (9-8-9-8-8-8-8-8-7), kantu profanoan errimak banatzen direla (a b a b a c c c a), elizakoetan aldiz (a b a b a c c c b), azken errima bakarrik aldatzen dela.

I. Mundu hunen hastapenetik
Gure egunetaraino
Kain infamearen ganik
Ez dajautsi Pinet baino
Munstro itsusiagorik,
Robespierre eta jourdan
Gizonen etsaiez landan
Ez Erantzian, ez Europan
Hainfama gauxtoagorik.
(Orroitzapenak)

II. Bekatua, mustro lazgarri
Gure arimen etsaia,
Hire ondotik duk etorri
Herioaren premia !
Hik duk mundurat ekarri
Arimen etsimendua
Izurriaren kotsua,
Aire bain korronpitua.
Gaitz guzien ibaia !
(Bekatu mortala)

III. Jainkoa maite duenari
Hutsik xumenak min dio,
Aitetan den boberenari
Damu egiten baitio,
Erori den bezain sarri
Altxatzerat du egiten,
Nigar karatsak ixurtzen
Penitentzian bilatzen
Zenbait erremedio.
(Bekatu beniala)

IV Orroit hadi urgullutsua
Ixtil puxka bat haizela
Lizunkeriaz orhatua
Hil bezain sarri ustela.
Bizian adimendua
Ilunbez duk estalia,
Eta hi haizen guzia
Ez deusetarik hasia,
Amets baten itzala !
(Bekatu kapitalak)

V Soldadoaren lantzak dautzu
Jesus, sahetsa ideki :
Zauri sakratu horrek ditu
Gure minak sendarazi.
Zauri hortan zaizko sortu
Sakramenduen grazia,
Biziaren iturria,
Zorionaren bahia
Gizonen arrazari
(Sakramenduak)

8. Hamar neurtitzeko bertsuak

60Bi kantu, biak elizakoak. « Jaunaren otoitza » deitzen da lehena, zortzi, zazpi eta sei silabako neurtizez egina : (8-8-8-8-7-7-6-6-6-6) gero eta ttipiagoak direla neurtitzak simetria zainduz : 4-2-4 ; bai neurtitzetan eta bai errimetan (ababccdede) gurutzatuak lehenik, parekatuak gero eta gurutzatuak azkenik.

Zeruan zure egoitza
Egiten duzun Jainkoa,
Egin daukuzu emaitza
Ezin estimatuzkoa :
Zure haurtzat gaitutzu
Garen guziak hartu
Eta irakatsi
Erran dezagula
Non nahi goraki
Aita zaitugula

61Bigarren kantua oso bitxia da biltzen baititu lau, bost, sei, zazpi eta zortzi silabako neurtitzak honela antolaturik (6-7-7-8-6-4-5-4-5-8). « Munduko gauzen ez deustasuna »-ren adiarazteko hautatu du frantses aire bat « Tout n'est que vanite » gaiari doakoan errimak banatzen direla (a a b b c b c b d d), bi aldiz parekatuak gero gurutzatuak eta azkenik parekatuak.

Munduko gauzetan
Hz hunen agintzetan
Ez du nihork aurkitzen
Zorion faltsorik baizen.
Beti da gezurti
Ateratzen.
Halere beti
Hdireiten
Ditu gizonak
Hidatu nahi zaizkonak.

62Argi eta garbi dago errima hanitz behar zituela Salvat Monho-k laukoetan ere bat baino gehiago baliatzen baitzuen. Eta ikusi dugun bezala are gehiago seitik hamarrera doazen kantuetan. Halere ez dirudi errima arraroen bila joan dela.

63Lafitte-k jujatu du olerkaria :

64« Cependant Monho est loin des complications de certains versiflcateurs scrupuleux ; il ne recherche pas la rime riche, il ne craint pas les hiatus, il ne pratique systématiquement ni l'élision ni la synérèse. II use, selon les besoins, de formes contractes et de formes complètes. »

65Errimari dagokionez eta Lafitte-k aipatzen dituen bertze gaietan berdin, Salvat Monho jokatzen da bertsulariak bezala.

661) Anitzetan aski zaio asonantzia, bokal batekin bakarrik, hala nola ibili/hasi, dabiltza/tringilka, duela/inporta eta abar... dakielarik ere bokalaren ondotik datorren kontsonantea balio gabekoa dela eta beraz u asonantziarekin doaz glub/batzuk eta e asonantziarekin Josep/kristauek.

672) Ontzat hartzen du bertsulariek bezala kontsonanteen arteko kidetasuna.

- leherkarietan



- dardarkarietanr
- sudurkarietan


- txistukariekin

k/t
k/g
t/d

r/r
m/n

n/m
z/s

naiteke/naute
barrokilongi
sortu/du
exatu/hastandu
berri/aintzindari
amalbirjina
ama/garbiena
ona/arima
geroz/glorios
galarazi/irakatsi

68Aise erabiltzen ditu errima gramatikalak bai aditzekin ikusi/nabasi, segitzen/pentsatzen, utziko/ahantziko, limatu/hedatu, bai atzizkiekin oilaskotaraino/elizaraino, Bardoztarrek/Jainkotiarrek, zintzurrak/bazterrak, bidean/aldean, aintzinetik/katiximatik eta bertze..., bainan ahal hori emaiten dio hizkuntzak.

69Orotara, Monho kantu egilearen baitan datza bi ohidura. Lehena, aspalditik datorrena bertsulariena, lauko neurtitz luzedunak baliatuz bereziki lauko ertaina (8+7), eta lauko ttipia (7+6), bainan denbora berean XVII. mendeko olerkarien metrikari jarraikitzen zaio, errima parekatuak erabiliz.

70Bigarrena da elizako kantuekin hasi zen bezala, atzerrietako, bereziki Frantziatik jinikako aireak hartuz moldatzen direla kantu berriak erabiltzen direlarik errima parekatuak, gurutzatuak edo besarkatuak. Monho-ri esker badakigu zein diren doñu horiek, bi bederen kantu latinetarik hartuak, gehienak, dirudienez, frantses kantutegietarik. Horretan neurt daiteke frantsesaren eragina, bereziki XVIII. mendean. Badakigu hasia zela XVII.-ean, bainan eragin gehiago ukanen du Ilustrazio garaian eta iraultza denboran, Salvat Monho lekuko.

Haut de page

Pour citer cet article

Référence papier

Jean Haritschelhar, « Salvat Monho olerkariaren metrika »Lapurdum, 9 | 2004, 135-147.

Référence électronique

Jean Haritschelhar, « Salvat Monho olerkariaren metrika »Lapurdum [En ligne], 9 | 2004, mis en ligne le 01 mars 2009, consulté le 09 octobre 2024. URL : http://journals.openedition.org/lapurdum/829 ; DOI : https://doi.org/10.4000/lapurdum.829

Haut de page

Auteur

Jean Haritschelhar

Michel de Montaigne Bordeaux 3 Unibertsitatea, IKER 5478 CNRS
Euskaltzainburua
baionaordez@euskaltzaindia.net

Articles du même auteur

Haut de page

Droits d’auteur

CC-BY-NC-ND-4.0

Le texte seul est utilisable sous licence CC BY-NC-ND 4.0. Les autres éléments (illustrations, fichiers annexes importés) sont « Tous droits réservés », sauf mention contraire.

Haut de page
Rechercher dans OpenEdition Search

Vous allez être redirigé vers OpenEdition Search